Musika

Xabier Gantzarain

2015.05.29

Xabier Gantzarain

Azaletik (XII): Orein baten oraina

ANARI_ZAP

‘Zure aurrekari penalak’ (Anari, 2015). Azalaren egilea: Savanna Estudioa

Kondairak dioenez, Oskar Kokoschka artistak, ikasleek ordura arte egindako marrazki kaxkarrak ikusita, modeloarengana joan eta zorabioa antzezteko eskatu zion. Brastakoan jausi zenean, hurbildu, pultsua hartu, eta ikasle asaldatuei baietz egin zien buruaz: “hilda dago”. Handik gutxira altxatu zen modeloa, eta hasierako posera itzuli. “Marraztu ezazue orain, –esan zuen Kokoschkak–, bizirik dagoela jakinda, eta ez hilda!”.

Tximista batek zeharkatu eta bizirik geratu den orein bat da azalekoa.

Akordatzen zara Jagten filmeko azken eszenarekin? Orein harexen begirada du. Bide ertzeko seinaleetatik salto egin orduko botatzen dute gizonek tiroz.

Argazki batek puskaz zailagoa duena lortzen du marrazkiak: “Azalean agertzen den emakume hori ez da ni, nahiz eta, ni bera banaizen”, esan du Anarik. Emakume bat da azalekoa, bere adin, bere kolore, bere ile, bere ezaugarri errepika ezinekin, munduan bakarra, eta hala ere, emakume asko da, emakume guztiak. Baina ez sinboloa delako, ez delako baizik. Ez delako konbentzio bat. Ez delako ideia baten irudikatzea, irudi hutsa baizik: marra fin oker batzuk, koloreak, irudi bat.

Entzumenetik adimenera dagoen bide bera dago ikusmenetik irudimenera.

Akordatzen zara Jagten filmeko azken eszenarekin? Orein hura ez zen ideia baten irudikatzea, orein baten irudia bai, baina batez ere oreina bera zen. Orein baten oraina.

Marraztu ezazu orain, bizirik dagoela jakinda, eta ez hilda.

Akordatzen zara Jagten filmeko azken eszenarekin? Orein hura ez zen ideia baten irudikatzea, orein baten irudia bai, baina batez ere oreina bera zen. Orein baten oraina.

Marraztu ezazu zeure burua, ispiluan begiratu gabe, kanpotik ikusiko bazina bezala. Ez esan ezinezkoa denik, ez zara ikusten ametsetan kanpotik? Marra fin oker horien dardarak zure bizi osoko bihotzikarak jaso behar ditu, iragan abisaletako gorputzaren memoria, zeure errautsen epeltasuna. Batetik bestera zeharkatu zaituen tximista hori harrapatu behar duzu, eta bizirik geratu, berriz ere.

Irudimenak ez du barkatzen, esan zuen norbaitek.

Marraztu ezazu orain zeure burua, bide ertzeko seinale batean, zeure bizitzatik salto egitera ausartzen ez zarela. Eta gero salto egin.

ETIKETAK:AnariazaletikBidehutsDiskoakSavanna Estudioa