Elkarrizketa

Alex Uriarte

2020.11.24

Alex Uriarte

“Arimaren esentziari eusten saiatu gara disko berrian”

Elkarrizketa: Paule Bilbao (Arima)

Denbora basapiztia iheskorra da. Denbora broma makabroa da. Ez dago denbora esku artean kartzelaratzerik. Izkin egiten digu: denbora eta bere trikimailuak. Ez dago denbora behatz artean hartzerik. Uneoro aldatzen da: denbora eta bere gorabeherak. Nago denbora metamorfosi arraro bat dela, guztia xurgatzen eta irensten duen zulo beltz bat, eta zulo horren ispiluak, behin eta berriz, gure arimaren milaka formak ikusarazten dizkigula. Metamorfosi hori izan liteke, kasurako, etxe-aldaketa bat, talde berri baten sorrera edo Arima hirukoteak dakarren lehenengo lana (Metamorphosis, Bonberenea Ekintzak, 2019). Proiektu honen sortzaile Paule Bilbao (Muskiz, 2000) gonbidatu dugu euskal musikaren aterpe honetara, Gontzal Bilbao (Portugalete, 1966) eta Josu Gonzalez (Hernani, 1995) taldekideekin osatu duen egitasmo sonoro honen berri emateko.

Arima - Promo 1 edit

Gontzal Bilbao + Paule Bilbao + Josu Gonzalez = Arima.

Lehenengo eta behin, oraindik ezagutzen ez duenarentzat, zer da Arima?
Arima 2018. urtean jaiotako proiektua da eta nik betidanik barruan gotortuta eduki izan ditudan ideiak argitara emateko sortu zen. Hasieran nire abesti propioak konposatzeari ekin nion eta kanta horietatik sortu zen Arima.

Taldea hiru partaidez osatuta dago eta 2019an lehendabiziko lana kaleratu zenuten, lau kantaz osatutako EPa. Nola joan da diskoaren aurkezpena eta zer moduzkoak izan dira lehenengo sentsazioak?
Oso-oso onak, zinez. Nik, bereziki, ez nuen horrelako sentsaziorik espero: kontzertu pilo bat eman dugu eta Euskal Herrian zehar jotzen ibili gara; gehienetan, benetan ondo tratatu gaituzte eta oso bereziak izan dira. Oro har, izugarrizko sentipenak bizi izan ditugu.

Hurrengo galdera derrigorrezkoa da: nola daramazue pandemiaren kontua eta zein eragin izan du taldearen asmoetan?
Talde gehientsuenei gertatuko zitzaien legez, guri ere entseguen prozesua eten egin zigun. Dena dela, konfinamendua argi-ilunez josita egon zen niretzat, eta guztia ez zen negatiboa izan: etapa horretan nahiko inspiratuta ibili nintzen eta, hori dela eta, abestiak nire kontura sortzeko nahiz garatzeko aprobetxatu nuen etenaldi hura.

Metamorphosis grabatzeko Gipuzkoa aldera jo zenuten eta, gainera, izen potolodun pertsonek lagunduta, ezta?
Bai. Tolosako Bonbereneako estudioan egon ginen diskoa grabatzen. Karlos Osinaga Txap-ekin egin genuen lan, oso gustura. Aurten lan berri bat grabatu dugu bertan eta berriz ere Txap aukeratu dugu. Egia esan, Bonberenean etxean bezala sentitzen gara.

Suposatzen dut, bizi ditugun garaiotan, talde gazte batentzat oso zaila dela maila horretako jendearekin grabatzeko eta material berria ateratzeko aukerak lortzea. Halaxe al da?    
Bai, noski. Oso zaila izan da eta, behin aspektu horri helduta, nire gurasoei egindako guztia eskertu gura nieke. Haiek izan dira proiektu honen bultzatzaile nagusiak: lehenengo urratsak ematen lagundu zidaten eta hasierako sostengu ekonomikoa beraien patrikatik jarri zuten. Alde horretatik, egundoko laguntza izan dut, baina, bai, sasoi nahiko ilunak dira lan berriak kaleratzeko eta, batez ere, talde berri batekin. Garai zailak dira rock-and-rollarentzat.

Lan berria jaiotzeko bidean da. Zer konta daiteke horren inguruan? Badu izenbururik?
Bai, Biluztasunez jantzita deituko da eta, Metamorphosis-en antzera, lan laburra edo EPa izango da, baina bien artean hainbat alde izango delakoan nago.      

Metamorphosis-en, shoegaze edo post-rock estiloei dagozkien gitarra distortsionatuak, intentsitateen jolasa, mezu pesimistak zein ilunak, nolabaiteko giro etereo bat edo ia bi minutuko euskarazko spoken word bat aurki daitezke, besteak beste. Hurrengo lanak ildo beretik jarraituko du? Ba al duzue berrikuntzaren bat prest?
Arimaren esentzia hori mantentzen eta errespetatzen saiatu gara. Hori bai, uste dut nolabaiteko heldutasun bat nabarituko dela; nik hori modu pertsonalean sentitzen dut eta, horrenbestez, horrek bere isla izango du lan berri honen soinuaren garapenean edo letren sorkuntzan.

Sormen prozesuari dagokionez, lehen diskoko bidezidorretik egin duzue aurrera ala bestelako sorkuntza-sistemaren bat hautatu duzue bigarren lan honetarako?
Esperientzia lortu dudan heinean, lan egiteko sistema hobetu egin dudala esango nuke. Hori dela eta, abestiak landuagoak nahiz konplexuagoak dira. Beraz, hoberako eboluzionatu dudala uste dut.

Kolaborazio zaleak zarete eta horrek ere izango du isla hurrengo lanean, ezta?
Atsegin ditugu, bai. Metamorphosis-en, Txap-ek eta nire osaba Ibon Bilbao Topo-k hartu zuten parte eta bigarren lan honetan, ostera, Sara Zozayak kolaboratu du abesti batean. Kolaborazioen inguruan gustatzen zaiguna zera da, nahiz eta Arimaren esentzia mantendu, musikari kutsu ezberdin bat aportatzen diotela.

BILUZTASUNEZ JANTZITA PORTADA

‘Biluztasunez jantzita’ disko berriaren azala.

Letragintza aipatu duzularik, zuk idazten al dituzu Arimaren letra guztiak? Zeintzuk dira zure mintzagai edo inspirazio-iturri nagusiak?
Nik idazten ditut eta, inspirazio gisa, esate baterako, Nudozurdoren letrak baliatzen ditut; haien ukitu iluna izugarri maite dut. Bestalde, Slowdive taldearen mistika psikodeliko horretatik ere asko edaten dut. Halere, letra oso pertsonalak, intimoak eta introspektibo edo barnerakoiak idazten saiatzen naiz; hortaz, ez dute hainbesterainoko harremanik beste taldeekin. Oro har, nire bizitzako momentu jakin batzuetan sentitzen dudana abestietan islatzen dut eta, normalean, nahiko letra ilunak ateratzen dira.

Erreferenteetara joz gero, zeintzuk dira gehien eragin dizueten taldeak?
Gehienbat, shoegaze jorratzen duten taldeak aipatuko nituzke, guk lantzen dugun musika estilotik hurbilen sentitzen ditugulako, besteak beste, Slowdive edo My Bloody Valentine. Horiez gain, Touché Amoré edo Nudozurdo taldeek nigan izugarrizko eragina izan dute. Bestalde, badira nigan “klasikoak” diren taldeak, hala nola Nirvana, Pixies edo Sonic Youth. Halaber, azkenaldian musika berri ugari deskubritzen ari naiz baina esango nuke azken ezagutu ditudan egileek ez dutela horrenbesterainoko eraginik izan nik sortzen dudan sonoritatean.

Eta Arima taldeko Paule Bilbaoren erradiografia musikala osatzen jarraitzeko, aspaldion zer ari zara entzuten bereziki? Eta entzuten zabiltzan horrek zein eragin izan dezake Ariman, izatekotan?
Aspaldion dezente ari naiz murgiltzen screamo estiloetan: La Dispute bezalako taldeak entzuten ari naiz. Beste alde batetik, jendeak gomendatzen dizkidan taldeak ere entzuten ditut; horien artean, Phosphorescent edo The Weakerthans azpimarratuko nituzke. Biak ala biak ezagutzen ez nituen taldeak dira eta haien musikarekiko konexio handia sentitu dut. Aipatu ditudan talde edo autore horien letrak oso malenkoniatsuak eta pertsonalak dira, eta nolabaiteko kutsu intimista bat lortzen dute; beharbada, atmosfera intimo hori izango da gehien baloratzen diedana.

Joan gaitezen ariketatxo batekin: ondoren botako dizkizudan egileetako bakoitzetik, esan zerk deitzen dizun arreta, zer edaten duzun haiengandik edo, beste barik, lehenengo iradokitzen dizutena. Slowdive taldearekin hasiko gara.
Shoegaze estilora hurbiltzeko sarrera eman zidan erreferentziazko taldea izan zen eta, beraz, musika-estilo honi buruz mintzatzean beti presente dudan talde nagusienetako bat da.

Nudozurdo.
Talde honi gehien eskertzen diodana, agian, haien letragintza eta beraien musikaren bidez sortzen dituzten atmosfera ilunak eta ia-ia deprimenteak dira. Izugarri konektatzen dut beraiekin: zelanbaiteko tristezia alai bat transmititzen didate.

Touché Amoré.
Inspirazio iturri handi bat da niretzat; maite dut haien potentzia musikalarekin transmititzen duten indarra eta amorrua.

Anari Alberdi.
Anariren musikarekin ere egundoko konexioa sentitzen dut. Euskal Herriko erreferente garrantzitsuenetako bat dela esango nuke eta berak izan duen ibilbide musikala ere erreferentziazkotzat dut. Oro har, bere abesteko era eta musika sortzeko modua azpimarratuko nituzke eta, nola ez, bere letrak.

John K. Samson.
Oraintsu ezagutu dudan kantautoreetako bat da. Sentsazio oso bereziak sortu dizkit, tankera honetako musika ez dudalako larregi entzun izan. Bere abestiak, entzun bezain pronto, barru-barrura sartu zaizkit eta egile honekin ere konexio oso berezia sumatu dut.

Buelta gaitezen lirika kontuetara. Talde anglofonoetatik izugarri edaten duzu, baina Arimaren letrak euskarazkoak dira. Kontzienteki ala modu naturalean harturiko erabakia da hori?
Abestien letrak idazten hasi nintzenean, konturatu nintzen euskarak eskaintzen dituen baliabideak oso ondo zihoazela nik letren bidez transmititu gura nituenekin. Ez hori bakarrik: Euskal Herrian sortzen ari den talde berri batek euskaraz abestea oso garrantzizkoa delakoan nago, gure hizkuntzari bestelako estilo musikaletan ikusgarritasuna eta presentzia emate aldera. Izan ere, shoegaze estiloa ez da gehiegi landu euskaraz eta, alde horretatik, kantuak euskaraz abesteak erakusten du hori ere gure hizkuntzan egin daitekeela: konkista txiki bat da.

“Talde berri batek euskaraz abestea oso garrantzizkoa delakoan nago, gure hizkuntzari bestelako estilo musikaletan ikusgarritasuna eta presentzia emate aldera”

Arimak baditu zenbait aurrekari: Gontzal bateria jolea Ama Say eta Zein? taldeetan ibilitakoa da eta zu zeu Buenas tardes, Comandante izenekoan. Arimak musikalki ba al du loturarik talde horiekin ala guztiz bestelako proiektua da?
Buenas tardes, Comandante taldeak sekulako eragina izan zuen nigan, maila pertsonalean; estilo aldetik, ez genuen pareko musikarik jotzen, baina bazuen antzekotasunen bat edo beste Arimaren sonoritatearekin. Arima proiektu pertsonalagoa da eta bide desberdin batetik daramat. Ama Say eta Zein? taldeei dagokienez, biak ala biak asko entzun ditudan taldeak dira, baina ez dira Arimaren erreferente zuzenak izan.

Goazen memorian hain urrun geratzen zaizkigun kontzertuetara: Gernika-Lumoko Trinkete Antitxokoan edo Bilborock aretoan jo ostean, ba al duzue bereziki profanatu nahiko zenuketen tenplurik?
Bilboko Kafe Antzokia, adibidez, leku oso berezia izango litzateke kontzertu bat eskaintzeko. Bide batez, Trinketen eman genuen kontzertua guretzat oso polita izan zen: Lekuek Festibala bezalako jaialdi eder baten barnean jo genuen eta hain bakarra den areto horretan jo den azken kontzertua izan zen geurea, aurten ateak itxi ditu-eta.

Orainaldira itzuli eta etorkizunera beste salto bat eginez gero, zeintzuk dira etorkizun hurbil nahiz ertainera begira dituzuen jomugak?
Gure helburua, lehenik eta behin, bigarren EPa argitaratzea da. Bizpahiru single kaleratzeko asmoz gabiltza, baina, egia esan, oraindik ez dugu guztiz argi. Kontzertuei dagokienez, emanaldi bakarra baino ez dugu itxita, oraingoz [abenduaren 12an Gernikako Iparragirre Rock elkartean, Cecilia Payne taldearekin batera]. Ondoren irteten diren kontzertuak disko berri hau aurkezteko profitatu nahi genituzke.

Bukatzen joateko, seguru nago Arimarekin bat ez datorren tentazio musikal sekreturen bat izango duzula. Zein da Paule Bilbaok Spotifyko playlist sekretuan gordeta duen eta aitortu ezin dezakeen egile edo talde maite hori?
Azken hilabeteotan, Cráneo edo Cupido taldeak entzuten ibili naiz, esate baterako. Lehenengo talde horretatik “Bien Guay” eta bigarrenetik “Continúa” abestiak aitortuko nituzke nire guilty pleasures gisa.

Taldearekin loturiko zein egunkari izenburu sinatuko zenuke epe ertainera?
Arimatarrek euren bigarren diskoa Frantzia hegoaldean edo Ipar Euskal Herrian aurkeztuko dutela irakurtzeak izugarrizko ilusioa egingo lidake. Besteak beste, Bordele edo Miarritze bezalako tokietan zuzenekoak eskaini gura nituzke.

ETIKETAK:Ama SayAnariArimaJosu GonzalezPaule BilbaoZein