Elkarrizketa

Garbiñe Ubeda

2024.04.22

Garbiñe Ubeda

“Atzera begirakoa ez da nostalgia, nire oraina aldarrikatzen du”

Elkarrizketa: Fermin Muguruza

2013az geroztik ez du kontzertu handirik eskaini Fermin Muguruza-k (Irun, Gipuzkoa, 1963), ez behintzat bere bandarekin, han-hemenka eginiko kolaborazioak eta parte hartzeak ugariak izanagatik ere. Haren sormenerako lehen habia du musika; eszenatokia mundu, eta oholtza toki natural. Anaia Iñigo beti gogoan, 40 urte luzeko ibilbidea eta ondarea aldarrikatzera dator, harro.

Fermin Muguruza, Irungo Meaka auzoan. JON URBE / FOKU

Fermin Muguruza, Irungo Meaka auzoan. JON URBE / FOKU

Fermin Muguruza, Irungo Meaka auzoan. JON URBE / FOKU
Hasieran, uztailaren 7an zinen abenduaren 20ko kontzertuaren berri ematekoa. Ordea, zure urtebetetze egunera aurreratu duzu azkenerako. Nolatan?

Azken hilabeteetan latzak gertatu direlako. Denetan latzena Valentzian gertatutakoa izan da; institutu bateko zuzendaria eta zuzendaritza batzordeko beste bost irakasle epaitegira eraman dituzte deklaratzera, zer eta nire omenez egindako horma irudi artistiko bat zintzilikatzeagatik. Nik ez dut inolako salaketarik ez kausarik, baina nire bizitza artistikoaren eta nire irudiaren aurkako erasoa etengabea da. Terrorismoa goraipatzea leporatzen diete, eta urtebete eta hiru urte arteko kartzela zigorra ezar dakieke. Oraindik ez da epairik atera, baina batzuek esan dute zenbat eta luzeago jo, orduan eta okerragoa izan litekeela. Libratuko balira, udaleko errejidorea inputatuko luketela ere entzun dut; institutua publikoa izaki, horma irudia jartzeko baimena emateagatik. Helarazi didate oso gaizki pasatzen ari direla, eta, kargurik gabe aterako balira ere, okerra egina dago, zuzendari izateko curriculum garbi-garbia behar izaten delako, eta postu horretan jarraitzea galaraziko lieketelako. Elkartasun osoa erakutsi nien sareetan. Kultura gehiagorekin erantzungo geniela esan nien.

“Nik ez dut inolako salaketarik, ez kausarik, baina nire bizitza artistikoaren eta nire irudiaren aurkako erasoa etengabea da”.

Eta, gero, Itziar Ituñoren aurka hasi ziren berriz.

Une honetan gehien miresten dudan pertsona da Itziar Ituño. Sekulako egurra eman zioten presoen aldeko manifestazioan parte hartzeagatik, eta, halere, sari bat jasotzera joan, saria niri eskaini, eta Sarri, sarri kantatu, gainera. Hori irmotasuna! Hori bai eredugarria! Sekulako indarra eman zidan aurrera egiteko. Egun haietan Bidasoa aldean zebilen grabaketan, eta bisita egin zidan. Iskiña tabernara eraman nuen, Sarri, sarri grabatu genuen tokira, eta argazki bat atera genuen, esanez bezala: Hemen gaude, eta «kriston martxa dabil!».

“Ituño Sarri, sarri grabatu genuen tokira eraman nuen, eta argazki bat atera genuen, esanez bezala: Hemen gaude, eta ‘kriston martxa dabil!”.

Biharamunean, Poitiersen ginela, Athleticen mobidako bideoak igorri zizkidaten; Elektrotxarangaren kantuak, besteak beste. Eta, berriro ere, jo eta su La Razón. Orduantxe erabaki nuen apirilaren 20an iragarriko nuela nire ibilbide osoko kontzertua, ezin zela uztailaren 7ra arte itxaron. Mahukakoei ez nien aukera handirik eman, egia esan; erabakia hartuta zegoen. Alboan BERRIA eta Gara nahi nituela ere, erabakita. Negu Gorriak-en garaian Egin eta Egunkaria izan genituen moduan. Esan Ozenki diskoetxearen logoa ere sartu dut, omenaldi gisa, Galindok hondoratu egin nahi izan zuelako, baina ez zuelako lortu. Sekulako festa izango da.

Indartsu zaude gero.

Indartsu sentitzen naiz, baina orain. Goya sarietan egurra, gero Valentziakoa, Ituñori gertatutakoa, Palestinakoa… Handik Dam taldea ekarri nuen, eta elkarrekin pasatutako lau egunak oso gogorrak izan ziren, lehertuta baitzeuden. Palestinaren aldeko manifestaziora joan, eta, une batean pankarta hartu nuenean, “Aupa Fermin, ez etsi!” esaten zidan jendeak. Eta, hain zuzen, hori da gakoa, ezin da etsi.

Zer ageri zaizu atzera begiratzen duzunean?

Nirea jazarpen baten historia dela ikusten dut argi. Jada Kortatu garaian geratu zitzaigun garbi: Madrilgo kontzertuak bertan behera, eta Poliziarekin istiluak. 1984an eman genituen lehen kontzertuak, eta 1986an izan zen hori. Ondoren, Manolo Gilek egindako marrazki bat baztertu behar izan genuen, Espainiako erregea RanXeroxen antzean margotu zuelako. Negu Gorriak-en garai ia osoan Galindoren ezpata izan genuen lepoan. Haren ostean, ultraeskuindarrak izan ziren nire kontzertu batean lehergailu bat jarri nahian, 2001ean. Eskuetan zartatu zitzaien. Manu Chaorekin egindako biran, 2004an, hainbat kontzertu geratu ziren bertan behera. Hamabi urte eman nituen Madrilen ezin jo. Black is Beltza-rekin ere, antzekoa. Lehen filmaren harira, elkarrizketa bat egin zidaten TVE2 katean, eta biharamunean kazetariak barkamena eskatu behar izan zuen, PP oldartu zitzaiolako. Etengabea izan da, Hertzainak-en abesti hura buruan daramat beti: “Bakean utzi arte, [...] estatuari gerra”. Zer egin behar dudan? Kultura gehiagorekin erantzun.

“Hertzainak taldearen abesti hura buruan daramat beti: ‘Bakean utzi arte, estatuari gerra’. Zer egin behar dudan? Kultura gehiagorekin erantzun”.

Itziar Ituñorenaz harago, elkartasun handia jaso duzu?

Bai, horrek bete egiten zaitu, eta behar-beharrezkoa da. Neguan ez naiz sobera jabetu, etxetik gutxitan atera naizelako, eta ez nintzen gozo; higatze handia dakar horrek. Baina betiko elkartasuna hor dago, horixe erakutsi zidan Palestinaren aldeko manifestazioak.

Esan liteke zure ibilbide osoko lanaren emaitza mundu osoa hartzen duen sare zabala dela. Leiho asko ireki dituzu munduan; zer ageri da horietatik begiratuta?

Herrialde bakoitzean, edo herrialde bakoitzeko hiriburuan bederen, adiskide talde bat dudala esan dezaket, harro. Tokian tokiko jendeak sekulako aukera pribilegiatua ematen dizu, eta haiekin elkartzea oso garrantzitsua da, termometro moduko bat direlako, eta haien begietatik ikusten ahal duzulako herrialde bakoitzean zer gertatzen den.

Zer analisi egingo zenuke?

Azken urteotan ezkor aktiboa naizela esaten dut, baikorra behintzat ezin baita izan. Egoera larria dago toki guztietan, eta neoliberalismoa sustatzen dutenek gogotik defendatuko dituzte beren pribilegioak, indarkeria handiz beti. Horren aurka zer alternatiba plantea litekeen esatea oso zaila da utopikoak garenontzat.

Hamaika borrokatan engaiatu zara: Nikaragua, Palestina, Bidasoa, alardea… Dezepziorik?

Ezagutzen nautenek badakite nostalgiaren aurka mintzatu naizela beti. Orain, halako atzera begirako bat antolatu nahi izanda, beharbada nostalgiara joko dudala pentsatuko dute batzuek. Jakina, atzera begirakoak izan lezake horren kutsurik ere, baina atzera begirakoa ez da nostalgia: nire oraina aldarrikatzen du. Borroka askotan ibili naiz, antinuklearretatik hasita, ondo konbentzituta beti, baina nahiko marxista naiz horretan: zein da egoera? Bada, horixe analizatu behar da. Nondik gatozen ere kontuan hartzekoa da, jakina, baina errealitate zehatzari heldu behar zaio.

Milaka Bilaka plataformarekin gertatutakoak, esate baterako, oso zapore mingotsa utzi zidan. Indarkeria armatuarekin jarraitzerik ez zegoela esateko jarri genuen martxan. T4ko atentatua gertatu berri zen. Hor sartu nintzen, eta kantua egiteko konpromisoari heldu nion. Koldo Izagirrek idatzitako hitzei musika jarri behar nien, eta gogoan dut Zebda, Manu Chao eta Ojos de Brujo taldeei eskatu niela kolaborazioa; garai hartan, punta-puntakoak. Erabat sinetsita nengoen lortuko genuela, baina ez zen horrela gertatu, eta oso gaizki gelditu nintzen. Nolanahi dela ere, aldatu ezin izan direnak han gelditu dira, eta gauza ororekin ikasten da.

“Atzera begiratzen dudanean, nirea jazarpen baten historia dela ikusten dut argi eta garbi”.

Nikaraguakoak ere izan zuen irakaspenik zuretzat.

Egin irratian ari nintzen lanean, eta hauteskundeak Nikaraguan. Gerra bai ala gerra ez bozkatu behar zuten, eta horregatik galdu zuten sandinistek. Sekulako kolpea izan zen. Gerora konturatu ginen jendeak bakearen aldeko botoa eman zuela, ezin zutela horrela jarraitu. Gogoan dut EMK-LKIk sekulako kartel onak egiten zituela garai hartan. Nikaragua Sandinista zioen kartela prestatu zuten, eta, galdutakoan, beste kartel bat atera zuten: Y la creación de un mundo nuevo se detuvo por un instante –eta mundu berriaren sorrera gelditu egin zen une batez–. Zer-nolako mina zegoen hor. Adinean aurrera egin ahala, konturatzen zara istant horrek hamarkadak har ditzakeela.

Hainbat sari jaso dituzu. Zein dituzu kutunenak?

Denak dira eskertzekoak, baina bi aipatuko nituzke. Lehena, Bilboko konpartsek emandakoa, euskararen alde egindakoagatik. Euskal makila bat eman zidaten, eta ni erabat harro. Alabak adarra jotzen dit askotan, euskararen aurkako erasoren bat agertu eta marmarka hasten naizenean. “Aita, atera euskal makila!”, esaten dit. Bigarrena Bartzelonan bizi den kolektibo palestinarraren eskutik jaso nuen, eta horrek ere sekulako poza eman zidan. Benetan hauspotuta sentitu nintzen. Hildakoek ohartarazi egiten digutela dio Rosa Luxemburgen hilarriak, eta sari hauek halakoxeak dira niretzat: euskararen eta Palestinaren alde tinko lanean jarraitu behar dudala ohartarazten didate.

Amets asko bete dituzu: musika, irratia, zinema, komikia… Polifazetikoa zarela esatea gutxi esatea da. Baduzu zer edo zer atzean utzi duzunik? Pedagogia, beharbada?

Bai, gauza bitxia dago hor ere. Pedagogia ikasteari ekin nion, hezkuntza giltzarria iruditu izan zaidalako beti, eta mundua alda dezakeela sinetsita nengoelako. Laugarren kurtsoan, heziketa berezia lantzen ari ginela, bete-betean hasi ginen Kortaturekin, eta gainditu nuen ikasturte hori, baina bosgarrenari ezin izan nion heldu, eta hortxe utzi nuen. Egia esanda, zinezko pasioa diot gaiari. Iaz Alacant, Pontevedra, Poitiers, Okzitaniako Tolosa, Bogota eta Guadalajarako unibertsitateetan izan nintzen hitzaldiak ematen. Esperientzia ederra izan zen, entzuteko irrikaz etorri baitzen jendea. Bitxia da nola osatzen diren zirkuluak. Badut erronka berri bat, halere.

Zer erronka?

Jone Unanuak Jakoba Rekondoren liburua oparitu zidan abenduan, izenpetuta gainera: “Aupa Fermin, eutsi lurrari”. Mundu horrek erakarri egiten nau, baina ezjakin hutsa naiz, eremu txiki batean tomate landare bat jarri, eta nahiko lan dut. Lurra aldarrikatu eta defendatu beharraz ohartarazi nau horrek ere.

Eta sortzaile gisa?

Ez dakit, edozein momentuan atera daiteke zerbait berria. Gozatu handia hartzen dut Sahatsa Jauregi artistarekin, adibidez, erakusketak antolatzen laguntzen digunean. Baita beste gazte askorekin ere: Olaia Inziarte, Eider Rodriguez, Josevisky… Oso ongi inguratuta nago, eta horrek izugarri motibatzen nau.

(ID_13801904) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-04-19, Irun. Fermin Muguruza

Fermin Muguruza. JON URBE / FOKU

 

«Huntza taldearen agurrekoan lotu nituen denak: toki hura nahi nuen, eta antolatzaile haiek nahi nituen»

Anaiaren galerak ziurgabetasuna eta oholtzara igotzeko ezina eragin zizkion, baina erronka jo zion bere buruari, handira jo ere, eta harekin adosten hasitako kontzertuari heldu zion. Abenduaren 20an izango da, Bilboko Miribillan. Hamar lagunek osatuko dute banda.

Kanturik kantu ibilbide osoaren errepasoa eginez, aspaldiko asmoa gauzatuko duzu abenduaren 20an, Bilboko Miribillan. Azal iezaguzu.

Nire azken kontzertu handiak 2013an eman nituen. Geroztik hainbat gauza egin ditut, esate baterako, disko bat prestatu New Orleanseko jendearekin, edo antzokiz antzoki ibili Albert Plarekin eta Refreerekin, Gerra agerkaria dela eta. Iñigoren omenezko kontzertuan ere oholtzan izan nintzen, Kafe Antzokian. Abenduaren 20ko buelta horretan, 17an hain zuzen, 60 urte beteko lituzke. Haren egunean urtero elkartzen gara lagunak, eta iaz oso gauza ederra gertatu zen: Moskuko belaunaldi gazteek horma irudi bat egin zioten Iñigori, entsegu lokaletik gertu. Afari-merienda eginda heldu, eta hortxe eman ziguten sorpresa. Iñigoren abestiak ere jo zituzten. Bosgarren urteurrenerako omenaldi berezia antolatuko genuela esan genuen, eta hara.

Kontzertu handi honen asmoa 2019koa da?

Bai, 2020rako zerbait antolatzeko ideia nerabilen orduan. Hainbat talde ezagun itzuli ziren, eta niri ere etorri zitzaizkidan promotoreak. Eskaintza ekonomiko tentagarriak egin zizkidaten, nire bizitzako pasarte bat berriro oholtzara eraman nezan, baina nik ez nuen horretarako batere gogorik. Egitekotan, bizitza osoko errepertorioa egingo nukeela pentsatu nuen, nire ibilbide eta ondare osoari egingo niokeela errepasoa. Irailaren 5ean, ordea, Iñigo hil zen, eta dena bertan behera gelditu zen. Pandemia ere etorri zen, eta atzetik oso prozesu latza pairatu nuen: urruntze ikaragarri bat sentitu nuen, ez nintzen eszenatokietara igotzeko gai sentitzen.

“Oso prozesu latza pairatu nuen: urruntze ikaragarri bat sentitu nuen, eta ez nintzen eszenatokietara igotzeko gai sentitzen”.

Gogoan dut  La Mala etorri zela Moskura, Irungo festetan. Quien manda kantura heldu zenean, oholtzara igotzeko zioen hark, baina nik ezin. Unai gure semea DJ lanetan ari zen, gainera. Oso larria izan zen hura, non eta nire etxean ari zitzaidan gertatzen. Sekulako ahalegina egin behar izan nuen. Azkenerako igo nintzen, eta zoragarria izan zen. Babes itzela jaso nuen, eta erronka jo nion neure buruari, kontzertu bat behinik behin egin beharko nuela.

Urtebetetzeak jai giroan ospatu zalea zara.

Iaz, 60 urte bete nituela eta, sekulakoa antolatu genuen. Nire belaunaldiko jendea etorri zen, tartean Treku Kortatuko bateria, Ramon Agirre, Itziar Ituño eta beste hainbat aktore eta lagun. Gazteak ere baziren, esate baterako Olaia Inziarte, eta zoragarria izan zen. Harkaitz Canok idatzi egin zidan biharamunean, eta esan zidan belaunaldi gazteek belaunaldi zaharrei aurreskua dantzatu izan baliote bezalatsu izan zela. Des-kontrol taldeak nire hainbat abesti prestatu zituen, eta haiekin ere aritu nintzen.

Kontzertu handirik ez, baina gauza txiki mordoa, beraz.

Gelditu gabe aritu gara. Mexikon Cabrito Vudu taldearekin aritu nintzen, Black is Beltza aurkeztera joan nintzenean; Bogotan ere beste aritu nintzen, Zaballako kartzelara ere joan naiz… Egia esanda, banuen horren beharrik ere. Black is Beltza, Ainhoa egitea aski zaila izan da, Iñigori eskainia baita. Lan hori egiteak sekulako zama emozionala izan du niretzat, baina, aldi berean, Belodromoan estreinatu genuenean, berriro ere leherketa gertatu zen. Babes handia sentitu nuen, baina baita ziurgabetasun handia ere, eta ni ez naiz horrelakoa izan; lurrikara bat bezalakoa izan naiz, eta bat-batean… Gero, aurkezpenak, eta elkarrizketak mundu osoan, 300 zenbatu nituen! Eta paraleloki, Bidasoa dokumentala. Martxa ikaragarria eraman nuen urte amaierara arte.

Bolada bat patxadaz igaroko zenuela iragarri zenuen gero.

Hala da, betiere uztailaren 19ko data gogoan hartuta, egun horretan 40 urte beteko baitira Kortaturen lehen kontzertutik. Tartean Huntza taldearen agurra egokitu zen Miribillan. Ikustera joan, eta izugarri gustatu zitzaidan, bai kontzertua bera, bai antolaketa, bai eta aretoa ere. Huntzaren agurreko hartan lotu nituen denak: toki hura nahi nuen, eta antolatzaile haiek nahi nituen. Matxitxa ekarri zidaten gogora. Ez dut promotore handirik nahi izan inoiz.

ETIKETAK:40 urteelkarrizketaFermin MuguruzaGarbiñe Ubeda