Elkarrizketa

Izkander Fernandez

2022.01.25

Izkander Fernandez

“Beti pizten da argi bat zuloan”

Elkarrizketa: Pasadena

Pasadena amets astun eta urrun batean hasten da. Beteko ez den gu eta gure kanta kutunen arteko solasaldi sekretu baten oihartzunean, hain zuzen. Gure garuna proiektorea balitz bezala, bobinak, artekak, engranajeak, lanparak eta kondentsadoreak martxan ipiniko ditu gure pentsamenduetan irudi ezberdinak pilatuz. Gure oroitzapenak betiko baldintzatuz. Horrela sortzen dira ulertezinak edo azaldu ezinak diren hainbat ideia eta kontzeptu. Gure barruan espazioa okupatuko ez balute bezala gordetzen ditugu noizbait esanahia gure begien aurrean proiektatuko delakoan, misterioari argia ipiniz. Horrela, testu hau idazten duenak farola baten argi goibela ikusten du: neguan, gauean, iluntasunean, banku bat argiztatzen duen farola bat. Bihotz apurtuen islada den argi triste eta ahula.

Zauriak miazkatzea beti emankorra suertatu izan denez, Jon Basagurenek eta Libe Garcia de Kortazarrek nostalgiaren min eztian babesteko soinu banda egokia idatzi dute argilunez zein irudi matez betetako disko batekin. Pasadenaren estreinaldi homonimoak americana klasikoaren isla mehe bat dauka, eremu sasigotiko eta tertziopelatu batera eramana, non minak eta deitoreak edertasun maila berriak lortzen dituzten. Pasadena gauaren, oroitzapenaren eta tristuraz itotako eztarrien soinua da. Eta hala eta guztiz ere, Pasadena hemen dago gu zoriontsu egiteko. Kontsolatzeko. Betiko maitasunaren besarkada bizi berritzailearekin besarkatzeko.

DSCF3440

Libe Garcia de Kortazar + Jon Basaguren = Pasadena.

Zergatik entzuten dut gaua edo gauaren soinu banda Pasadena entzuten dudan bakoitzean?
Ilunabarreko giro hori dago kantu askoren hitzetan ere, erritmoak eta tenpoak giro horretan koka daitezke, konposatzeko moduan ere ukitu ilunetara jotzen dugu.

Hitzetan ere, iluntasuna nabari da. Disko ezkorra da Pasadenaren debuta?
Garaiak ere eragina izango du segur aski. Ezkorra baino, hainbat bizipen eta egoeraren deskribapen bat da. Nahiko dramatizatuta eta paisaia post-apokaliptiko moduko batean girotua. Zerbait oso traumatikoa gertatu da kantu bakoitza hasi baino lehen, kanta guztiek erantzuten diote une latz edo garrantzitsu bati. Baina beti pizten da argi bat zuloan.

Dramatismoan azentua ipini duzuelakoan nago.
Lehenengo musika konposatzen dugu, eta azken unean hitzak sortu, eta kantuek eta doinuek ukitu hori dute. Estridentziarik gabe, baina gure ustetan badute soinu banda baten giroa. Gauzatu ez dugun ideietako bat izan zen kantuak bata bestearekin lotzea, disko kontzeptual moduko bat egitea. Ez dugu horrelakorik egin, baina giro hori badago.

Narratiba. Autobiografia. Literatura zuen laguna da musika egiterakoan?
Denak laguntzen du, edo edonon aurki daiteke ideia edo irudi eder bat. Jakina, literaturak, beste norbaiten bizipenek, filmek… asko laguntzen dute.

Nostalgia, denboraren joana… beharrezko erregaia al dira musika sortzeko?
Izan daiteke adin arriskutsu batera iritsi garela jada, eta urte batzuk utzi ditugula atzean. Gauza batzuk bizi izan ditugu jada, eta horri kantatzeko joera nabaritzen dugu.

Beharrezkoa ez bada, erabilgarria?
Batez ere barrenak askatzeko, lehen aipatu ditugun egoera traumatiko horiek purgatzeko, kantatzeko. Askotan gertatutako gauza txarrenak edo gogorrenak dira abesti bilakatzen ditugunak.

Zer diferentziak daude Izaki Gardenak eta Pasadenaren kanten artean?
Jendeak konparatzeko joera du, baina nahiago genuke buruan gure aurreko proiektuak eduki gabe aditzea hau. Guk oso desberdin ikusten ditugu gure “bakarkakoak” eta Pasadena. Libek bere kantak sortzen ditu Libe izenpean beste taldekideekin lantzeko. Jonek gauza bera egiten du Izaki Gardenak-ekin. Elkarri lagundu izan diogu, baina inoiz ez genuen zerbait hasieratik, zerotik elkarrekin sortu: bion artean pentsatutako kantuak, kontzeptuak, irudia… Horixe da Pasadena.

Otsailean hasiko zarete kontzertuak ematen. Oraingoz bi emanaldi iragarri dituzue, Ondarroan eta Gasteizen. Zuzenean zer aurkituko dugu?
Grabatzerako orduan lagun izan genituen Danilo Foronda eta Dani Arrizabalaga izango ditugu alboan, baina haiez gain kide gehiago ere behar ditugu albumeko soinua taula gainera eramateko. Ander Sevilla (Duluth) eta Aitor Garcia de Bikuña (Montauk) ere batu zaizkigu eta seiok buru-belarri ari gara lokalean.

“Jendeak konparatzeko joera du, baina nahiago genuke buruan gure aurreko proiektuak eduki gabe aditzea hau. Guk oso desberdin ikusten ditugu gure ‘bakarkakoak’ eta Pasadena”

Bikote zareten heinean, disko familiar baten aurrean egon gaitezkeela ematen du. Nola sortu dira Pasadenako kantak? Nondik?
Etxean sortua den disko bat da, horrek dakartzan alde on eta txar guztiekin. Aspalditik geneukan buruan elkarrekin zerbait egiteko ideia, lehen aipatu dugun bezala, hasieratik biona izango zen zerbait, eta aurten ikusi dugu momentua. Ez genuen inspiraziorik, gogorik ala indarrik geure beste proiektuentzat kantak sortzeko. Haietan ardura gehiena eta ekina pertsona bakarrarengan erortzen dira. Pasadenan ardurak eta eginahalak partekatzen ditugu, eta gainera ikusi genuen batera jartzen ginenean lanean, ideiak sortzen zirela. Hari horri tiratzea erabaki genuen. Hasieran azkar eta era naturalean zihoana gero gogorragoa suertatu zen, jada diskoari forma zehatz bat eman nahi izan genionean. Kantak nolabait ekoitzi egin ditugu etxean, dena oso xehe landuz.

Zein da Daniloren pisua diskoan eta nolakoa da harekin lan egitea?
Kanten hezurdura, erritmoa eta doinuak zehaztuta genituenean Danilori eta Daniri bidaltzen genizkien. Danilok baxu eta gitarra elektriko moldaketak bidatzen zizkigun, Danik bere bateria gehitzen zien abestiei (guk ordenagailuan sortutako erritmo kutreak ordezkatuz) eta hor beste dimentsio bat hartzen zuen musikak. Sekulako lana egin dute kantu hauen mesedetan. Danilok
disko honetan lan handia hartu du, gitarraz gain baxua ere konposatu baitu, baina guri batere lanik ez digu eman. Oso erraza izan da berarekin aritzea, eta kantuen bere lerroak bidaltzen zizkigunean eta entzuten genituenean beti irribarre bat jartzen zitzaigun.

Etxean, oxigenoz aparte, musika arnasten duzue?
Musikari esker ezagutu genuen elkar eta hari lotuta gaude duela urte askotatik. Momentuz behintzat oso harreman ederra dugu musikarekin, eta jarrai dezala.

Baina, entzundakoa baita? Musika asko entzuten duzuen musikariak zarete?
Jonek derrigor, Zidorrean musika irratsaioa egiteko (Euskadi Irratia). Dena den, betidanik entzun izan dugu biok musika asko, eta gustatzen zaigu gauza berrien haria ez galtzea, batez ere Euskal Herrian egiten ari dena ezagutzea…

Eta musika erosi? Biniloa etxean entzun… liturgia hori guztia?
Bai, izugarri gustatzen zaigu ahal denean eta lasaitasunez binilo bat hartu eta entzutea. Horregatik saiatzen gara azken aldian guk egin duguna ere biniloan editatzen.

→ Pasadenaren kontzertu agenda

ETIKETAK:Aitor Garcia de BikuñaAnder SevillaDani ArrizabalagaDanilo ForondaDuluthIzaki GardenakJon BasagurenLibeLibe Garcia de KortazarMontaukPasadena