Elkarrizketa

Izkander Fernandez

2021.05.12

Izkander Fernandez

“Bizirik sentiarazten nauelako entzuten dut musika”

Elkarrizketa: Eneritz Furyak

Eneritz Furyaken azkenengo lana, Emadan, folkaren sustraietatik abiatzen da. Beraz, abiapuntu organikoa du. Eta lasaia. Trinkotasun atmosferikoa askotan gailentzen bada ere, tentsioetatik at geratzen den diskoa da. Biolentzia ez da agerikoa, bertan ez dagoelako. Etortzear dago. Eztanda, big bang-a, bizitzaren hasiera, iristear dago baina lasai, diskoak irauten duen bitartean, eztanda handiaren aurreko soinu banda den hau entzuten duzun bitartean, salbu egongo zara. Eroso. Siku. Gozo. Emadan ukitu sintetikoz apaindutako folk organikoaren ariketa bikaina da. Era kaotikoan lerrokatutako hamar lore espazio beltz baten gainean eta hamar kanta egurrezko agertoki ilun batean. Bertan, bakardadean, bakarrizketan bere gitarra eta bere ahotsa gainean dituela, Eneritz Furyak. Emadan diskoari bigarren bizitza bat emateko prest.

Eneritz Furyak 2021

Eneritz Furyak (Irun, Gipuzkoa, 1993).

Musika entzun duzu gaur?
Bidegurutzean [ETBko musika saioa] berriz ikusi dut. Atzo oso urduri nengoen ikusi nuenean eta ez nuen merezi duen arreta jarri xehetasunekin geratzeko. Ez dut uste beste ezer entzun dudanik. Gero pianora joan naiz. Musika klasikoarekin ibili naiz baina entzun baino gehiago jo egin dut.

Zer iruditzen zaizu ‘Bidegurutzean’?
Barrutik ezagutu dudanez oso zaila egiten zait epaitzea. Barrutik ikusita oso proposamen ausarta dela iruditzen zait xehetasun guztiak zaintzen saiatzen direlako. Gero, telebistan ikusi dudanean, ez dut jakin ikuslearen begi eta belarri birjinalekin ikusten. Lehenengo kapituluaren ostean nire zalantzak izan nituen baina kapituluak joan ahala, diskurtsoaren egituraketa hobetuz joan dela uste dut eta nahiz eta, esan dudan moduan, begi eta belarri birjinalekin saioa ikusteko aukerarik ez izan, ondo dagola iruditzen zait. Oso europarra ikusten dut. Ez da batere telebisiboa. Ez da norbait nahitanahiez entretenitzeko programa bat.

Zer da musika Eneritz Furyakentzat?
Zer galdera zaila. Nire bizimoduaren zati handi bat dela esango nuke. Nire bizitza deskribatzeko balio duen gauza bat. Jakin beharko nuke musika hitzaz hitz egiten dugunean zertaz ari garen. Disko bat entzuteaz eta sortutako emozioez edo musikaren atzean dagoen lan horretaz. Oso zaila da. Oso gai abstraktua da. Nire bizitza zeharkatzen duen zerbait dela esango nuke. Nire bizitza ez bada, behintzat nire bizitza zeharkatzen duena.

Nola sentitzen zara kazetariak bezalako gorputz arrotzak zure musika hitzez, metaforaz eta analogiaz deskribatzen saiatzen garenean?
Oso gauza arraroa da, niri ni eta musikaren artean bereiztea gustatzen baitzait. Gatazka baten moduan bizi dut, ni eta musikaren arteko bereizketa hori egin nahi dudalako eta ez da batere erraza. Oso konplikatua da, benetan, praktikan, bereizketa hori egitea. Nire musikari buruz beste norbaitek idatzitakoak irakurtzen ditudanean ni hori bereizten saiatzen naiz. Eraso baten aurrean aurkitzen naizenean, paso egitea aukeratzen baldin badut ere, azkenean beti pertsonalki eragiten dit. Baina badaude beste kasu batzuk non idatzitakoak nik gauzak ulertzeko daukadan modutik gertu dauden eta hitz horiekin konektatu nezakeela sentitzen dut. Deskribapen polita egiten dutelako eta barneko ni hori erditik kentzeko balio didalako, azkenean musikari buruz idazten ari baitira.

Musikariek eta zaleek (eta ondorioz, kazetariek) behar edo kezka berberek bultzatuta entzuten dugula musika uste duzu?
Ezetz esango nuke. Entzule mota ezberdinak daudelako eta entzule bezain beste egoera daudelako. Nire kasuan, adibidez, ez ditut diskoak berdin entzuten BADOKeko Dunbala podcasterako edo nire buruarentzat plazerrez edo terapia moduan entzuten baditut. Modu ezberdinetan bizitzen ditut egoera horiek. Entzule haina modu daudela musikara gerturatzeko eta gero entzule bakoitzak bere momentuak dituela eta egoera ezberdin asko daudela ulertu behar da. Ez delako berdina irratian musika entzuten duen norbaitek musikarengana egiten duen hurbilketa edo musikarekin oso interesatua dagoen jendearena. Musikan interesatuta dagoen jendeak gauza gehiago bilatuko ditu eta orokorrean era errazago batean jasoko ditu zailtzat saltzen dizkiguten proposamen horiek.

Zergatik entzuten du musika Eneritz Furyakek?
Ez nuke erantzuten jakingo… Bizirik sentiarazten nauelako entzuten dut musika. Eta ez da nahitanahiez bizirik zaudela gogoratzen dizulako baizik eta bizirik sentitzeko behar hori gogoratu gabe bizirik sentitzen zarelako. Oso elementu askatzailea da. Batzuetan denbora edo isiltasuna betetzeko erabiltzen dudan tresna da, nahiz eta isiltasuna ere maite dudan. Baina batez ere, musika bizitzaren pizgarri bat da. Opari txiki bat.

Musika zuretzat egiten duzu? Entzulegoa buruan izaten duzu? 
Ia inoiz ez dut entzulea gogoan izan. Baina era berean gezur txiki bat da, zeren eta nahiz eta abestiekin gehiegi ez pertsonalizatzen saiatzen naizen, abesti batzuetan beste pertsona batzuekin bizitako esperientziei buruz hitz egiten baitut. Eta gero agian pertsona horrek berari buruz hitz egiten nabilela pentsatuko du. Horregatik esaten dut gezur txiki bat dela, entzulearengan orokorrean ez dudalako pentsatzen baina bai pertsona konkretu batzuengan.

Inork entzungo ez duen musika egiteko kapaza izango zinateke?
Bai. Izan ditut kantak etxetik sekula atera ez direnak. Nire bizimodua goitik behera aldatu beharko nuke hori gertatuko balitz. Eta nire lehentasunak aldatu beharko nituzke. Baina hala ere, lehentasun guztiak aldatzen baditut ere, musika egiten jarraituko nuke. Batez ere ondo sentiarazten didan gauza bat delako.

Zer da abesti bat Eneritz Furyakentzat?
Momentu konkretu batean gertatzen den zerbait edo momentu konkretu batean sortzen den ispilu txiki bat. Badaude musikariak denbora luzea eskaintzen diotenak kantu bati, baina nire kasuan, kanta baten mamira heltzeko, egun bakar bat behar izaten dut, edo oso denbora tarte txiki bat.

“Momentu konkretu batean gertatzen den zerbait da abesti bat. Kanta baten mamira heltzeko, egun bakar bat behar izaten dut, edo oso denbora tarte txiki bat”

Kanta bat entzulearen eta sortzailearen arteko elkarrizketa baten abiapuntua izan beharko litzateke?
Sortzen eta argitaratzen baduzu, nahiz eta lehen entzulearengan ez dudala pentsatzen esan, egia da konpartitzeko gogo bat dagoela. Izaki sozialak gara eta musika bada ideia batzuk, sentsazio batzuk edo emozio batzuk konpartitzeko modu bat. Baina hala ere, zerbait sortu eta norberarekiko elkarrizketa hutsean geratzeko aukera ere badago.

Hitz hermetikoak dituen kanta batek transmisio artistikoa eten dezakeela uste duzu? 
Ezetz uste dut. Abstrakziorako ahalmen ikaragarria dugulako eta hori da, nire ustez, artearen gauza askatzaileenetako bat. Jende guztiak ez du pintura abstraktuarekin disfrutatzen baina hala ere, egia da pintura abstraktu batek, edo melodia primario batek, edo melodiarik gabeko zarata batzuk esan diezazuketela zerbait. Nik zerbait ulertu gabe gozatu edo zerbait sentitu dezakegula posible dela uste dut.

Hitzei dagokienez, ez al gara azkenaldian Euskal Herriko eszenan hitzaren funanbulista samarrak? 
Ez dut uste horrenbeste gertatzen denik, edo agian disko ezberdinak entzuten ditugu. Baina ez dakit, agian ez dut horretan erreparatu, agian ez didalako kalte egin, eta sakonago aztertu beharko nuen.

Buruz esango dut hau baina asteburuko goiz bat gogoratzen dut non Gorka Urbizuk Ibil Bedi taldearen Beltxarga beltza diskoari buruz txio bat bota zuen. Bertan, hiru edo lau hitz berri ikasi zituela esaten zuen. Horien artean, beltxarga bera.
Kezka ulertzen dut baina nik uste dut hor euskaldun bezala zeharkatzen gaituen beste gatazka bat dagoela. Euskalkiak nahiko bizirik ditugu eta estandarra euskalki horietatik elikatzen da. Nire inguruan beltxarga oso hitz arrunta da eta ulertzen dut hainbat kilometrotara arrunta ez izatea. Ez baita kilometroen kontu bat soilik, kilometroekin batera hainbat hizkera ezberdine gurutzatzen gaituzte.

Agian oso kezka pop bat da.
Zure kezka ulertzen dut. Emadan-ek popetik asko daukala esango nuke baina, orokorrean, elkarrizketetan disko zaila dela esaten didate. Eta niretzako sorpresa bat da, benetako disko zail bat entzungo balute ez dakit zer esango luketen. Nire irakurketa da nire musika ez dela besarkatua izango entzule pop edo herrikoiengandik. Beraz, kezka hori ez dago nire buruan edo ez dago behintzat sortzen dudan momentuan.

Zure kasuan, zerk bultzatzen du zer? Hitzek musikara eramaten zaituzte? Musikak hitzetara? 
Ez dago erabat argi. Normalean melodia sinple batetik hasten naiz eta gero gainetik idazten dut erdi inprobisatzen. Testu batetik abiatuta kanta bakar bat ere ez dudala egin esango nuke. Musika edo hitza baino, momentu jakin batean duzun emozioa edo giroa garrantzitsuagoak direla esango nuke. Gainera, nahiz eta idazteko gaitasun handiagoa izan, nire kasuan, hitza musikaren gatibuago da alderantziz baino.

“Disko bat ondoen ezagutzen duzu zuzenean defenditu duzunean. Ondorioz, diskoa grabatzeko unerik onena bira baten ondoren etorriko litzatekeela uste dut”

Diskoa argitaratu bezain pronto egindako elkarrizketen eta handik hiru edo lau hilabetera egindako elkarrizketen artean ezberdintasunak ikusten dituzu?
Zoritxarrez, diskoen iraungitze data gero eta murritzagoa da. Ondorioz, elkarrizketak hilabeteetan sakabanatzeko arrazoia hortik dator. Bestela diskoa argitaratzen duzu eta handik aste batera guztia pasatu dela ematen du. Eta bai, elkarrizketen artean ezberdintasunak egon daitezke baina nire kasuan, oso kaotikoa naizenez, argiegi ez daukat.

Baina elkarrizketaren ikuspegia ezberdina izan behar da, eta galderak ezberdinak. 
Nire buruan bada diskoarekiko kontu bat, eta agian elkarrizketekin lotura dauka. Musika munduan zaudenean, musikaren industriaren inguruan, disko bat grabatzera behartuta zaude eta ondoren prozesu batetik pasatu behar duzu. Nire ustez, disko bat ondoen ezagutzen duzu zuzenean defenditu duzunean. Ondorioz, diskoa grabatzeko unerik onena zuzenekoen edo bira baten ondoren etorriko litzatekeela uste dut. Orduan ondoen ezagutzen duzun momentua delako. Eta agian elkarrizketekin antzera gertatzen dela uste dut.

Ordena guztiz aldatu. Egingo zenuke?
Ez. Ordena ez nuen aldatuko. Baina logika hori ulertzen dut.

Saiatu. Polita izan daiteke. 
Kontua da arriskua beti berdinei hartzea tokatzen zaigula.

Nola ikusten duzu Emadan hiru hilabete igaro eta gero?
Pasadan urteko zati handi bat diskoan lanean igaro nuen. Bukatu nuenetik argitaratu zen arte denbora bat pasatu zen. Kaleratu eta gero, hilabete batez edo gustura entzuten jarraitu nuen. Handik gerora ez dut gehiago ukitu. Azkenean entseatzen jarraitzen dudalako, zuzenean jotzen, eta abar. Diskotik zuzenekoetarako ibilbide hori bete dudanez, orain beste begi batzuekin ikusten dut beste forma bat hartu duelako. Pertsonekin bezala gertatzen da. Pertsona bat ezagutzeko irrikitan zaude eta behin ezagututa misterioa galtzen du. Diskoekin antzera gertatzen zait. Beraz, misterioa galdu du baina arakatzeko pila bat dauka oraindik: nola egin zuzenean, nola moldatu, nola sentitzen zaren erosoago kantu batekin edo nola transmititu dezakezun mezu bat.

Oso gauza polit bat esan duzu. Diskoak beste forma bat hartu duela esan duzu. Zein da, orduan, Emadan-ek duen forma? Behintzat zuzenekoari begira.
Diskoa teknikoki konplikatua da. Musikari bezala ez naiz abilidade izugarria daukan musikaria. Beraz, gitarra jotzen dut, normal. Abestu egiten dut, normal. Eta gero pedal batzuen bidez sintetizadorea jotzen dut. Horrek nahiko adi egotea eskatzen dit. Hasierako kontzertuan nire burua kaiola baten barruan bezala sentitu nuen baina egia da kontzertuak aurrera joan ahala erosoago ibiltzen naizela eta momentu honetan, jadanik, musikak ez nau kontrolatzen. Orain diskoa benetakoagoa dela uste dut.

Eneritz Furyak zuzeneko tresneria

Gitarra eta ahotsaz gain, pedalekin jotako sintetizadorea erabiltzen du Eneritz Furyakek zuzenekoetan.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • Maiatzak 15:  Sanagustin kulturgunea (Azpeitia)
  • Maiatzak 16:  Tximista sagardotegia (Ordizia) —ATZERATUA IZAN DA—
  • Maiatzak 20: Torrea taberna (Leitza)
  • Ekainak 3: Iruñea
ETIKETAK:Eneritz FuryakFarmway RecordsIbil Bedi