Elkarrizketa

Jon Urzelai

2018.12.17

Jon Urzelai

“Diskoteketan dena ez zen festa eta festa gehiago bakarrik”

Elkarrizketa: Asier Balzategi 'Balza'

Euskal Herrian, nahi ala ez, denok gatoz gitarren mundutik. Asier Balzategi Balza-k (Bergara, Gipuzkoa) esana da, musika elektronikoari buruzko solasaldi batean. Nolanahi ere, bera aspaldi hasi zen gitarren mundu hori etorkizuneko musika deitu izan zaionarekin uztartzen eta bere saioetan behin baino gehiagotan ikusi izan dugu biniloak eskuan eta Poison Idea bezalako talderen baten kamiseta soinean, naturaltasun osoz. Ia bi hamarkada dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan musika jartzen hasi zenetik eta beste bi lagunekin batera Bergarako Txapa Irratian astero aurkezten du doinu hauei eskainitako Haus of Beats saioa, orain gutxi hiru urte bete dituena. Horrez gain, jada lau edizio izan dituen Bergarako Elektronika Topaketen antolatzaileetako bat ere bada.

Balza 2 (Jone Albeniz)_

Asier Balzategi ‘Balza’ disko jartzailea. (Jone Albeniz)

Bergarako Kartzela Zaharrean ezarri dugu hitzordua, hainbestetan ezjakintasunetik begiratu izan zaion mundu honi buruz ganoraz hitz egiteko asmoz. Elektronika bera zer den zedarritzea ezinezko bilakatu den garaiotan, doinu hauek gurean izandako bilakaerari buruz hitz egiteko ezinbesteko solaskidea baitugu Balza.

Duela hogei bat urte erosi omen zenituen zure lehen Technics platerak anaiarekin batera. Zerk bultzatu zintuen horretara?
Ba ez dakit ziur esaten. Ezer erosi aurretik Txapa irratian hip-hopari buruzko saio batean nenbilen eta agian horrek eragina izan zuen. Nik uste dut musika zaletasunak bultzatu ninduela horretara, besterik gabe. Musika elektronikoa gauza berria zen niretzat eta 20 urterekin irrika handiz hartu nuen. Gaztetasuna eta parrandarako eta gauza berriak ezagutzeko gogoa ere hor zeuden, noski. Ni beti lagunei zintak pasatzen aritzen zen horietako bat nintzen eta, azken finean, hor dago DJ baten esentzia. Musika besteei erakusteko grina, elkarbanatzekoa. Nik uste dut oinarria hori dela.

Nola oroitzen duzu garai hura, zer zen elektronika zuretzat?
Ni, berez, ez nintzen diskotekeroa garai hartan, noizean behin joaten nintzen arren. Elektronika dantzarako musikarekin lotzen nuen agian. Musika elektronikoa zen, bai, baina musika bat gehiago azken batean.

Urte haietako musika elektronikoa diskoteka handiekin eta Hemendik At! taldearekin soilik lotzen duenik bada inguruotan. Zenbateraino da erreala urte haiei buruzko kontakizun hori?
Berez hala zen. Elektronika diskoteketan entzuten zen. Herri batzuetako pub konkretu batzuetan ere bai, baina diskoteketan gehienbat. Hemendik At! beste musika bat zen niretzat, ez nuen zaku berean sartzen. Ni mundu honetan sartu nintzenean, entzuten hasi nintzena Detroiteko technoa eta antzekoak izan ziren, eta hemen inguruan halakorik agian ez zen asko entzuten. Bai, ordea, Txitxarroko bigarren aretoan, noizean behin. Musika diskotekeroa zen, hor bakarrik entzun zitekeelako, baina beste kutsu bat zuen. Halere, nire inguruan elektronika Txitxarro, Jazz-Berri eta antzekoetako pista handietan entzuten zenarekin lotzen zen eta ni ez nintzen gehiegi egoten leku horietan. Donostian Elektronikaldia egin zen garai hartan eta hor ere ikusi nuen elektronika egiteko modu ezberdinak bazeudela. Nik uste dut ordutik aurrera hasi zela, poliki-poliki, kontua zabaltzen.

Genero eta estilo konkretu batzuekin ere lotu ohi dira garai haiek, bumping, progressive eta halakoekin.
Bai. Egia esan, berez, orokorrean horrela izango zen. Adibidez, Txitxarroko areto nagusian hori zegoen baina ni ia sekula ez nintzen bertan izaten, goiko aretora joaten ginen beste soinu batzuk entzutera. Diskoteka handietako areto txikietan beste musika batzuk ere entzun ahal ziren. Minoritarioa izango zen baina baginen batzuk halakoetan egoten ginenak.

“Ni mundu honetan sartu nintzenean, Detroiteko technoa eta antzekoak entzuten hasi nintzen, eta hemen inguruan halakorik agian ez zen asko entzuten”

Fenomenoari harrokeriaz begiratu izan zitzaiola iruditzen al zaizu? Inoiz gutxietsia sentitu izan al zara?
Agian bai. Batzuetan ez zuzenean, baina komentarioren bat edo beste entzun behar izan dut zeharka. Min egiteko asmo handirik gabe egindakoak, dena dela. Hasiera hartan zenbait girotan gerta zitekeen, nik zer dakit, rock´n´roll kontzertu batean technoa jartzen duen DJ bat zinela esatean topatu ahal zenuen tontoren bat… baina ezer larririk ez.

Euskal kulturaren gainazalera musika elektronikoa iritsi berria dela dirudi baina beti egon da, ezta? 
Ni ez nintzen egon baina nik badaukat Donostiako Ku diskotekako sarrera bat gordeta, 1996koa dela uste dut. Juan Atkins, Derrick May eta Rolando egon ziren bertan! Pentsa, Detroiteko technoa entzun zitekeen Donostian. Nik uste Frantziatik zetozela eragin horiek, Frantziako promotoreek ekartzen zituztela halakoak Itzela eta antzekoetara. Beraiek indartu zuten kultura hori. Itzelan duela 15 urte inguru Boards of Canada edo Roots Manuva bezalakoak biltzen zituen jaialdi bat izan zen, aluzinatzekoa da kartel hori. Gero uste dut azkenean erdiak ez zirela etorri… Era berean, zenbait gaztetxetan elektronika molde ezberdinak landu izan dira eta asko eta asko hardcorea bezalako generoak entzutetik gatoz. Are gehiago, zenbait elektronika eta hardcore estilo oso lotuta egon ohi dira.

Agian dena pakete berean sartu dugu eta ez gara konturatu zenbaterainoko aniztasuna zegoen areto barruan. 
Bai, bai… Ez zegoen dena hain berezita, dena den. Leku berean egiten ziren denak, ez zen dena festa eta festa gehiago soilik. Beste zirkuituetan mugitzen zen jendeak ere, dela bumping edo dena delakoan, musikari ere bere garrantzia ematen ziola eta diola pentsatu nahi dut, halere.

Bazterreko musika izan da elektronika eremu askotan: homosexualena, beltzena… Hemen, aldiz, hedonismo hutsaren alderdia soilik iritsi da, segur aski, iritzi korronte nagusira. Zergatik uste duzu gertatu dela hori?
Bai, eta nik uste dut hala izan dela, gainera. Hemen, agian, borrokarekin lotu diren beste kanal batzuk egon dira eta musika hau gehiago lotu da eskapismo moduko batekin.

Zu DJ gisa aritzen zinen Arrasateko 360 eta Bergarako Ziripot eta Jam aretoetan. Zer nolako giroarekin egiten zenuen topo kabinatik begiak altxatzerakoan?
Festa giroa. Drogak, alkohola, mozkorrak… Bai, baina bueno, giro jatorra zen.

Askok esango luke giro hori, gainera, erdalduna zela. Estigma hori ere existitu izan da. 
(Pentsakor) Esan dezagun bi mobida ezberdin zeudela: elektronikarena eta bestea. Beste horretan jende erdalduna apenas sartu da eta elektronikarenean erdaldunak bazeuden, eta euskaldunak ere bai. Agian bai izan dela giro erdaldun bat baina horrexegatik, bietatik zegoelako. Euskaldunak gehiago egon gara gure ghetto-n. Agian oker nago, dena dela, orain arte ez dut gehiegi pentsatu horren inguruan. Hori bai, diodana diskoteren kasurako da baliagarria. Adibidez, Bergarako Ziripot tabernan denak euskaldunak ginen, hori seguru. Arrasateko 360 aretoan, beste hainbeste.

Zenbat aldiz azaldu behar izan duzu zer egiten duen DJ batek?
Askotan. Jendeak pentsatzen duena baina askoz ere sinpleagoa da, berez. Abestiak bata bestearen ondoren jartzea da azken batean, gaua girotzea. Gaur egungo teknologiek zerbait gehiago egitea ahalbidetzen dute, abestia nolabait moldatzea eta abar. Dena den, duela urte pilo batetik existitzen dira DJak. Nik gogoratzen dut hemen, Bergaran, 70. eta 80. hamarkadetako parranda leku garrantzitsua izan zen Tartufo aretoan DJaren kabina arropa gordetzeko gelaren ondoan zegoela. Ziur aski musika jartzen zebilena arropa gordetzen zuen pertsona bera zen. Auskalo!

Balza 3 (Irene Mariskal)

Balza: “Musika besteei erakusteko grina da DJaren esentzia”. (Irene Mariscal)

Oraindik ba al dago abesti eske etortzen zaizunik?
Bai, jende asko! Dantzatzeko zerbait jartzeko eskatzen didatenak ere badaude…

Zure saioetan zein estilo nagusitzen dira?
Egia esan, denetarik jartzea gustatzen zait. Giroaren, tokiaren, orduaren eta entzulegoaren araberakoa izaten da, baina musika elektronikoa eta, orokorrean, dantzara bideratua da jartzen dudana. Balearic estilotik —80 bpm-ko erritmo lasaia duena— technoraino. Techno oso gogor edo azkarra ez dut jartzen baina abanikoa zabala da.

Ba al dago genero horiek ekoizten dituenik Euskal Herrian?
Bai, bai. Adibiderik argiena El_Txef_A da, mundu osoan birak egiten aritzen dena. Baina geroz eta gehiago dira, geroz eta gazteagoak eta geroz eta gauza ezberdinagoak egiten ari dira gainera. Reykjavik 606 Donostian edo Piek eta DJ Kreator Nafarroan izango dira entzutetsuenetako beste batzuk. Aspalditik dago jendea horretan. Orain gutxi Cubo gasteiztarrak, adibidez, 1998 inguruan sortutako disko bat eskegi zuen sarean, downtempo, hip-hop instrumentala eta antzekoak jorratzen zituena eta benetan disko bikaina iruditu zitzaidan.

Hainbeste urteren ondoren sesio bat prestatzea errutina bilakatu da ala erronka bat izaten jarraitzen du?
Beti da erronka bat. Saio bakoitzerako prestatzen dudan maleta ezberdina da. Disko batzuk kendu eta beste batzuk sartzen ditut. Dena dela, ez dut abestien ordena zehatza aukeratzen. Asko jota lehen hiru abestiak pentsatzen ditut baina ahaztu ere egiten zaizkit azkenerako.

2004. urtean Kogollo Party Crew kolektiboa sortu zenuten. Nolatan?
Lehenagotik lagun kuadrilla bat osatzen genuen kideok eta musikarekiko zaletasun antzekoak genituen. Geure artean zerbait antolatu eta ongi pasatzeko asmotan sortu genuen. Hasiera-hasieran rave pare bat antolatu genituen gure kabuz eta gerora Jam aretoan antolatu genituen gure jaiak, hilean behin. Giro polita sortzen zen, oso familiarra. Euskal Herrian eguraldiak ez du laguntzen baina hemen ere rave-ak egiten dira, batez ere udan. More Jaia kolektiboak, adibidez, soinu ekipo berezi bat du horretarako prestatuta. Nahiz eta inoiz ez duen Europako beste zenbait tokitako dimentsiorik izan gurean, egon, badaude.

“Saio bat prestatzea beti da erronka bat. Aldi bakoitzean maleta ezberdina da, disko batzuk kendu eta beste batzuk sartzen ditut”

Eta 2013an Bergarako Elektronika Topaketak iritsi ziren. Lehenengo edizioan udalaren laguntzarekin eta 2016. urteaz geroztik gaztetxean. Nolakoa izan da urte hauetan herritarren harrera? Zein balorazio egiten duzue?
Oso ona. Gure asmoa herritarrei elektronika gustatu ahal zaiela erakustea zen: musika elektronikoa kontu oso zabala dela eta bere barnean zerbait aproposa topa dezakeela edonork. Lehenengo aldian udalaren laguntzaz egin genuen, karpa utzi ziguten… Baina norbaitek kexa bat helarazi zion ETBri. Lehen aldia zen karpa horretan ekitaldi bat egiten zena eta gainera musika elektronikoari lotua izan zen. Ondorioz, norbaitek kexa bideratu zion telebistari, bertan botilloi bat egingo zela esanez eta azkenean lehenago amaitu behar izan genuen. ETB2ko kazetariak izan genituen hemen egun osoan zehar bueltaka jendeari galdezka. Guk ezer egiterako horrela hasi ziren! Hala ere, giro oso polita sortu zen, Jam aretora inoiz joango ez zen jendea inguratu zen, baita umeak ere. Oso giro ona eta sanoa izan genuen, dena bikain atera zen.

Geroztik kasik instituzionalizatu zaretela esan genezake.
Burokrazia kontuek energia asko kendu ziguten lehen edizio horretan, eta azkenean, hiru urte pasata, gaztetxean gure txokoa aurkitu genuen. Eta oso ondo atera zen guztia. Gaztetxeko jendeak asko laguntzen gaitu, publiko asko inguratzen da… Ez daukagu kexarik. Pozgarria da beste nonbait topatuko ez zenukeen norbait bertan ondo pasatzen ikustea. Ez da kanpotik jende asko etortzen, bertakoak gara gehienbat baina onarpen zabala izan du herrian. Bergaran bai ez zaidala gertatzen norbait kantu eske etortzea.

Halako egitasmoak eta Mugako edo Dantz bezalako jaialdiak gero eta ohikoagoak ari dira bilakatzen gurean. Aldaketa bat ematen ari dela somatzen al duzu?
Bai, batez ere azken urteotan. Talde eta norbanako asko dago gauza interesgarri eta ezberdinak egiten. Gaur egun elektronikaren inguruan hitz egitea bera ere nahiko abstraktua bilakatu da. Denetik dago, gazte asko ere bai, egiten dutena gustatu ala ez erabat zilegiak diren proposamenekin. Jada ez gara elektronikako jendea, asko zabaldu da kontua

Musika elektronikoa lehenago onartzen ez zitzaion errespetagarritasun bat irabazten ari dela dirudi.
Bai, hori da. Rockean aritutako jendea elektronikarekin probatzen ari dela ikusten duzu, adibideak asko dira. Elektronika hitzaren esanahia ere zabaldu da urte hauetan guztietan.

Zuri noiz deitu izan dizute gehiago, lehen ala orain?
Orain. Azken urteak oso potenteak izan dira. Batzuetan neure burua atseden hartzera behartzen dut… Lehen ere asko mugitzen ginen baina guk antolatzen genituelako kontuak, orain gehiago deitzen naute.

Diskotekak hil dira eta agian klub gehiago dago egun.
Egia da, nik ez dakit non sartu den diskoteketan biltzen zen jende hori guztia. Harrigarria egiten zait.

Bide batez, zer moduz Haus of Beats saioarekin?
Oso ondo. Guk oso gustura egiten dugu eta jendeak entzuten duela esaten digu. Saioan badugu atal bat, Atzera Begira izenekoa, eta bertan musika zaharragoa jartzen dugu, 70-80-90. hamarkadetakoa. Konturatu gara elektronikaren inguruan gauza oso eder eta kuriosoak daudela garai horietan, techno eta abarretik harago gainera: new wave, post-punk…. Elektronika marjinala izan bada, imajinatu nola arituko ziren horiek.

Ezagutzen al duzue aurretik izan den elektronika saiorik?
(Pentsakor) Ba ez zait bururatzen. Anaia eta bioi Euskadi Gazteatik deitu gintuzten behin, hori bai…

Zer uste duzu ekarriko digula etorkizunak?
Punkiek zioten moduan, no future! (barreak). Batek daki, zaila da asmatzen. Aurrera egingo du kontuak, hori seguru.

ETIKETAK:BalzaDisko jartzaileaDJElektronikaHemendik At!