Elkarrizketa

Jon Urzelai

2016.09.05

Jon Urzelai

“Euskaldun bakoitza izar bat da! Egin dizdira!”

Elkarrizketa: Broken Brothers Brass Band

Uda beroa ez ezik, mugitua ere izan da Broken Brothers Brass Band taldekoentzat. Iruñeko ertzak ongi ezagutzen dituztela bagenekien, baina ziur aski inork gutxik esango zukeen San Ferminetako egitarau ofizialean Foruen Plazako oholtza gainetik hiria nola ikusten den ezagutzera ere iritsiko zirenik. Gauzak aldatu dira, bai, baina Euskadi ez da libre eta tropikala eta “¡Maya, Maya, queremos playa!” aldarri hark ere ez du fruiturik eman oraindik, nahiz eta Arga ibaiak Atlantiko Beltz delako horretatik geroz eta gehiago edaten duela dirudien. Brass band nafarraren Ildoa landuz (Errabal) azken diskoak, bederen, asko du beltzetik eta binilo formatuan argitaratu berri dela probestu dugu Ion Celestino tronpeta jolearekin honetaz eta hartaz hitz egiteko.

Broken Brothers Brass Band

Euskal Herrian jazza joz sona handiegirik sortu duen talde askorik ez da izan, baina hemen gaude, Broken Brothers Brass Band taldeari egindako hamaikagarren elkarrizketaren aurrean. Nola azal daiteke?
Agian kazetariek erantzun beharreko galdera da… Ziur naiz jazz musikariak elkarrizketak erantzuteko prest direla oro har! Honats, adibidez, gure diskoa kaleratu duen Errabal zigiluak azkenaldian argitaratutako bi disko eder: Juan de Diegoren Uda labur hori eta Alberto Artetaren The Legacy. Baina oihartzun txiki hau lortu izanaren arrazoiez hausnartzekotan… musika bera aipatuko nuke, groove freskoak eta anitzak dira gureak. Lelo eta eslogan sorta polita ere bada, baina batez ere second line-ak garrantzi handia izan du, hala sentitzen dugu: ideiak ekarri eta konpartitu ditu taldekoa izan ez baina taldean dagoen indar kolektibo horrek, eta ahots hori ere islatua entzuten da diskoan. Kaleko giro hori da erantzuna, eta “gertatzen ari denaren” bizitasuna.

Zuen hirugarren argitalpena da Ildoa landuz eta New Orleans inguruko doinuez bustitako aurreko bi lanen ondoren, esan izan duzue ahots propioago bat lortu duzuela honakoan. Erraza al da genero ariketa bat egitetik harago joatea? Zuen soinuari dagokionez, nondik norakoak begiztatzen dituzue hurrengo pausoak?
Gu obsesionatzen gaituen egungo brass band bakoitzak ahots berezi samarra duela esango nuke; beraz, genero ariketa hori ez da erraza. Guk urteak eman ditugu bai talde horien bai New Orleanseko musika tradizioa ikasten; jakina, baita haientzat eragin handia duten funk, gospel, soul eta abarrak entzun, maitatu eta lantzen ere. Talde horiek oso gauza bizia dira kalearekin eta inguruarekin harreman estua dutelako. Gure pausoak hor ikusten ditut, gure inguruaz blaitzen jarraitu eta musika eta hitzetara ekartzen.

Zuena, musika alaia eta jai girokoa dela esango genuke oro har, baina badago hertsiki jazzeroagoa den doinurik ere, Miles Davisek ezagutarazitako doinuak tarteko. Zein roletan zaudete gusturago?
Askotan esaten den bezala, jazz is the teacher, funk is the preacher. Iruditzen zait jazza ez banu sakonki landu, nekez iritsiko nintzela disko honetarako idatzi ditudan gauza “jai girokoenak” idaztera. Ez ditut egiazki oso modu antagonikoan sentitzen, nahiz eta arrazoi duzun: second line batean ez dugu freedom jazz dance hori emango… Beti saiatzen gara horrelako piezaren bat sartzen diskoetan, maite dugun kantu bat gogora ekarri eta gure begiradatxoa emateko.

Entzun izan dizut diskoaren osagaietako bat zeitgeist-a dela, garaia bustitzen duen espiritua, nolabait esateko. Disko atenporal eta unibertsal bat sortu beharrean, zuek nahiago izan duzue Iruñerrian 2015ean argi eta garbi kokatutako lan bat argitaratu, unean unekoa eta tokian tokikoa. Zergatik?
Handinahikeria iruditzen zait disko atenporal eta unibertsala egiteko asmoa… eta barka bortizkeria, baina baita inozo samarra ere. Pentsatzen hasita, maite ditudan disko askok eta askok, edozein estilokoak direla ere, euren unea islatzen dute nola edo hala. Eta atenporal edo unibersaltasun hori kantuak onak izateak ematen du. Azkenean, ongi adierazitako zerbaitek traszenditu egiten ditu garaiak eta gizarteak, ezta?

Baina geure lana gure garaiari eta inguruari hitz egitea dela sinetsita nago: gakoen jakitun bazara irakurketa bat egingo duzu eta bestela beste bat. Orleans Berriko tronboi jole batek disko hau apreziatuko du gauza batzuengatik, Borrianako disko jartzaile batek beste batzuengatik eta Iruñeko euskaldun batek eta erdaldun batek ere era diferenteetan ulertuko dute, ezta?

“Musikak kalean, era horizontalean, komunitatearekin harremana estutu eta ehuntzeko balio duen lanabesa izan behar du”

Nafar askok hainbeste desiratutako aldaketa rocketik etorriko zela usteko zuen baina, Albert Einsteinek omen zioen moduan, emaitza desberdinak nahi izanez gero, zerbait desberdina egiten saiatu beharra dago. Arga ibaiaren ondoan brass band bat entzutea ez al da bere horretan aldaketaren seinale?
Tira, nafar askok denbora luzez uste zuten aldaketa PSNtik helduko zela, zer egingo diogu bada… kar kar kar! Uzten badidazue, beste behin esango dut: rockak aspaldiegi utzi zion hiri honi himnoak emateari. Bai, zantzu bat bederen bada… Halere, nik nahiko nukeen aldaketa auzo bakoitzeko jendeak bere plazaratzeko bidea topatzea litzateke, gauzatzen den moduan gauzatzen dela.

Kontua da sinetsita nagoela hori ez duela egingo neure gurasoen garaitik ez azalean eta ez mamian eboluziorik apenas izan duen punkak edota graziarik gabeko pseudo-two-tone-euSKA horrek. Bi aukera nagusi ikusten ditut: Atlantiko Beltzak dakarzkigun olatuetan igeri egin eta erabili edota pop-narzisista-dantzaezinaren morroi izan.

broken1

Ion Celestino, Broken Brothers Brass Bandeko tronpeta jole eta konpositorea.

Ildoa landuz diskoan hiru hizkuntza entzun ahal ditugu: euskara, gaztelania eta Senegalgo wolof-a. Aniztasuna gureganatu ezean jai daukagu, ala?
Egiazki ez da aurretik oso modu burutsuan landutako ezer. Bizi dugunaren ispilu edo ondorioa da: neuk abesten badut, naturalena euskara egiten zait, eta berdin Nerea Erbitiri. Cabezafuegok bere hitzak idatzi zituen eta kontatu nahi zuena gaztelaniaz eman behar zuela irudituko zitzaion. MC-ei dagokienean berdintsu. Ademásek bai gaztelaniaz bai euskaraz egiten du eta guk euskaraz egitea proposatu genion; Omzo MFek normalki woloferaz egiten du eta oro har Beat Salad Durangoko kolektiboak harremana du Senegalgo rap eszenarekin. Moisések (Raperos de Emaus) ere gaztelaniaz egiten du, Iruñean egun hiztun gehien dituen hizkuntzan.

Himno berrien beharra aldarrikatu bai, baina Nafarroako eskola zaharra ahaztu gabe, ezta? Diskoan zehar Cabezafuego, Balerdi Balerdi edota Tijuana in Blueren musika ere entzun daiteke, era batera edo bestera.
Noski! Lehen hitz egindako geure ahots horren bilaketan garrantzi handikoa da guretzat gure inguruan ezagunak diren leloak hartu eta esangura berria ematea. New Orleanseko brass band-ek asko erabiltzen duten ezaugarria da, eta jendea harrapatu eta identifikatzea du helburu. Nolabait esateko, gu ez gara haustura bat, bizirik den tradizio bat daramagu gurekin, eta berdin da gu baino helduagoa edo gazteagoa zaren, diogun hau zurea ere bada, ez da inorena, denona da. Assatta Shakurren poema hartan bezalaxe.

“Gu ez gara haustura bat, bizirik den tradizio bat daramagu gurekin, eta berdin da gu baino helduagoa edo gazteagoa zaren, diogun hau zurea ere bada”

Loop station-a eta rock bikoteak adierazle dituen garai atomizatu hauetan, zuek, 12 pertsonako talde batekin zatozte eta, gainera, diskoa grabatzeko prozesuan 30 pertsonatik gora hartu dute parte. Balentria hori nola da posible?
Bada batetik esango nuke, batez ere, nola edo hala disko hau eta garai hau bere sentitu duten lagun aunitzen eskuzabaltasunari esker egin dela. Baina bestetik, ezin ahantzi Barañaingo Nabetik hegan egiten duen Sustraian Records espaziountziari esker dela. Bertan egotea etxean egotea da guretzat. Hango grabazio lan egun bat beti da gauza oso berezia, giro aproposa sortzen maisuak dira, auzoko jendeak bisita egiten du; ez da toki aseptiko eta produktibo hutsa, leku bizi-bizia baizik.

Askok Tremé telesailarekin ezagutu genuen New Orleans hiriko musika. Bertan eta baita zuen jardunean ere komunitatearen garrantzia azpimarratzen da. Badirudi Iruñean badagoela halako energia utopiko bat, Katakrak, Lanabe, Iruñea NOLA? eta beste hainbat proposamen eta ekimenen baitan, komunitate horren zutabeak eraikitzen ari dena, ezta?
Neuk halaxe dakusat. Urte luze eta ilunak izan ziren Barcinarenak, baina gure aurreko diskoa atera zen garairako diozun energia hori mamitzen sentitu genuen askok. Rockaren ideologia itxi eta indibidualistaz harago, geure buruak beste era batera antolatzeko hainbat ahalegin nabari ziren “estoldetan”. Musikak kalean, era horizontalean, komunitatearekin harremana estutu eta ehuntzeko balio duen lanabesa izan behar du. Sustraian Records, Remigia Picó, Black Basajaun… geure mitoa garatzen ari gara!

Ba al du zentzurik kalerik gabeko Broken Brothers Brass Band batek? Hainbeste goraipatzen duzuen second line hori gabe ez dago iraultzarik?
Ez du zentzurik, hala da. Nahiz eta eszenatoki gainekoa ere gozatzen dugun (eta uda hau eszenatoki handietan ibiltzekoa izan da) kalea da gurea bezalako talde baten inguru naturala. Kalean, eta second line-an, ez dago goitik beherako harremanik, ikuslea/dantzaria nahi duelako dago bertan, ez du sarrerarik ordaindu; gu geure onena ematen saiatuko gara, baina festa denon artean egin beharrekoa da, ezin da ikusle hutsa izatera mugatu, badu zeresana…

broken2

Fermin Muguruzak ere argitaratu du New Orleans aldeko musikariekin osatutako disko bat. Zer du, bada, herrialde hark hain erakargarri egiten duena? Nola hasi zineten bertako musikaz interesatzen?
Askotan aipatzen da jazz musikaren sorlekutzat New Orleans, baina horretaz gain funka ere ez dago ulertzerik hura gabe (eta batez ere hango bateria jolerik gabe) eta, beraz, guregana heldu diren hip-hop, r&b eta abarren jatorrian, XX. mendetik hona sortutako edozein musikaren jatorrian New Orleansen gertatutako zeozer dagoela esaten ausartzen naiz!

Zirraragarriena halere, orain dator: hiria gentrifikaziorako eta turistentzako musika museo soil bat izan beharrean, behin eta berriz bere burua birsortzen ari da eta musikak komunitatean eta gizartean erro sakonak ditu. Bizitza ospatzeko erritual guztietan beharrezko elementua da, eta bizitza benetan latza da jende askorentzat bertan. Katrinaren ostean hau are gehiago indartu da gainera. Ni gurasoei esker hurbildu nintzen, etxean beti musika izan da eta haiek eraman ninduten Renato Valeruzekin ikastera. 12 urte inguru nituela Dixielangileak taldean ibiltzen nintzen New Orleanseko soinu tradizionalenetan murgilduta eta beranduago, 1999tik aurrera, Amama Luisa Brass Banden; hor jada tradizioa eta brass band renaissance garaiko errepertorioa lantzen genuen (Dirty Dozen, Rebirth…).

“Sakontasuna vs. dantzagarritasuna, izatekotan, gizon zurien arazo bat da, errespetagarritasuna kosta ahala kosta gorde behar dutenena: ez dagokigu guri”

Batzuetan badirudi musika dibertigarri eta dantzagarriak, serioak eta barnera begirakoak baina balio gutxiago duela, edo halako kondeszendentzia batekin begiratu izan zaio behintzat, nolabaiteko miresmen intelektualik mereziko ez balu bezala. Orain, aldiz, joerak kontrakoa dirudi, indie musikari kritika egin eta doinu herrikoien gorakada baitator (hor dago Indies, Hipsters y Gafapastas Víctor Lenoreren liburu arrakastatsua, Iruñean egindako Atlantiko Beltza jardunaldiak…). Zuek nola ikusten duzue afera?
Bihotzez, harrigarria egiten zait banaketa hori. Esan dudan bezala, musika beltzean murgilduta eman dut bizitza, haurra nintzenetik, eta hor ez da halako banaketarik. Ez ditut imajinatzen Archie Shepp edo Pharoah Sanders (sakoneko jazzaren adibideren bat ematearren) euren garaiko rhythm and blues abeslari bat sakontasun faltagatik kondeszendentziaz begiratzen.

Adibide gogoko bat dut gai hau ateratzen denerako: pentsatu Public Enemyn… Bai, Chuck D dago, baina Flavor Flav ere hortxe dago. Fela Kuti, Judy Mowatt, Matana Roberts, D’Angelo, M-ak, Errobi… Sakontasuna vs. dantzagarritasuna, izatekotan, gizon zurien arazo bat da, errespetagarritasuna kosta ahala kosta gorde behar dutenena: ez dagokigu guri.

Broken Brothers Brass Band osatzen duten piezek batera bakarrik funtzionatzen dute ala baduzue bakarkako edo taldeko beste proiekturik eskuartean?
Ez gara Beatlesak, brass band bat baizik! Gehientsuenak beste hamaika kontutan ibiltzen gara. Horretaz gain, BBBB ez gara gu bakarrik. Lorpen handienetakoa da gaur egun badela taldean jo dezakeen jende multzo edo sare zabal samar bat, eta hau da egitan New Orleanseko taldeekin dugun lotura estuena akaso. Beharraren edo aukeraren arabera taldea moldatzen da, bizkarrezur sendoa duelako.

Euskal Herrian gatzgabeak omen gara eta, gainera, ez omen dugu txortan egiten. Eta dantzan? Zuen kontzertuetan jendea mugitzen al da?
Jakina mugitzen dela! Free your mind and your ass will follow, esan zuen profetak. Eta ez soilik gureetan… Zoazte Nabeko jai batera edota Reimy maisuaren saio batera. Bilatu Mambo Fangokoak non ibiliko diren hurrengo egunetan, edo Charlie Mondadientes, The Titanians, Dodosound & Iseo eta beraien Mousehunterrak, Benation… Dantza nonahi!  Euskaldun bakoitza izar bat da! Egin dizdira!

BROKEN BROTHERS BRASS BAND-EN HURRENGO KONTZERTUAK

  • irailak 9: Elorrio
  • irailak 17: Haltsu
  • irailak 30: Iruñea
  • urriak 1: Bilboko La Haceria aretoa
ETIKETAK:Atlantiko BeltzaBroken Brothers Brass BandErrabal JazzErrobiFermin MuguruzaIon CelestinoM-ak