The Beatles taldeak bere 11. diskoaren azalera eraman zuenetik, inoizko zebra biderik ospetsuena da Londresko Abbey Road-ekoa, eta zer esanik ez izen bereko grabaketa estudioa. The Beatles ez ezik, pop-rock munduko izar eta talde ezagun asko ere pasatu da handik: Pink Floyd, Oasis, Stevie Wonder… Baita Gorka Urbizu ere. Berri Txarrak taldeko abeslari, gitarra jotzaile eta gidaria izan ondoren, bakarlari gisa urratu du bidea. Hasiera bat diskoarekin abiatu zuen bere aro berria 2024an, Bakan (I) EPa heldu zen urtarrilean, eta hari segida emango dion bigarren EPrako pistak grabatu ditu orain Abbey Road estudioan. Londrestik iritsi berritan eta artean hango “lainoak” inguratuta eman dio elkarrizketa BERRIAri.
Zer-nolako esperientzia izan da Abbey Roadekoa?
Zaila egiten zait hitzez adieraztea han sentitutakoa. Musikaren historia aldatu zuen epizentroan grabatzeko aukera izan dugu, eta hori ikaragarria da. Musika maite dugunontzat gailur moduko bat da. Gainera, bigarren estudioan izan gara, magia gertatu zen aretoan hain justu. Han sartzea sekulako inpaktua izan da niretzat, 60ko hamarkadan zegoen bezala baitago barrendik: lurra, panelak, paretak… dena da ordukoa, ezer ez da aldatu. Denbora makina batean bidaiatu izan bagenu bezala, musikaren sabelean barneratu gara gehien maite duguna egitera eta sortzera.
Hain ikusgarria al da hango tresneria?
Hasieran, harremanetan hasi ginenean eta, toki historikoa iruditzen zitzaigun. Gizateriaren ondare izendatuta dago, eta museoa ere bada. Ertz guztietatik ustiatzen dute, jende asko joaten da hara paretetan margotzera, zebra bidean argazkiak egitera, The Beatlesi gorazarre egitera. Abbey Road oso turistikoa da, eta beldurra ere banuen, ez ote zen plastikozko zerbait izango. Baina ezta inondik ere: goi mailako estudio bat da, eta ikaragarria da han duten mikrofonia. Material zaharra dute, baina oso zaindua. Bada mikrofono modelo bat, esaterako; munduan hiru ale baino ez daude halakoak, eta horietako bat izan dugu eskuetan.
“Abbey Road oso turistikoa da, eta beldurra ere banuen, ez ote zen plastikozko zerbait izango. Baina ezta inondik ere: goi mailako estudio bat da, eta ikaragarria da han duten mikrofonia”
Izen handiko estudioetan grabatutakoa zara lehenagotik ere.
Bai. [Steve] Albinirekin egon gara Chicagoko Electrical Audion, baita Los Angelesko estudio garrantzitsuetan ere [AEB], baina hau beste maila batekoa izan da. Topikoa izan liteke, baina bibrazio hori hor dago, eta oso fisikoa izan da. Sartu eta berehala, negar batean hasi nintzen, eta ez naiz sentimenduak erraz ateratzekoa, ez behintzat horrela.
Gaur egunean oso egonaldi kondentsatuak egiten dira estudioetan. Zer grabatu duzue bi egunetan?
Bi kantu grabatu ditugu. Iaz Hasiera bat plazaratu nuen, baina disko oso bat egitea asko kostatzen da, eta aurten esperimentutan nabil: EP sail bat egin nahi dut. Urtarrilean Bakan (I) atera nuen, bi abestiko EPa: Herri Txiki eta Etorkizuna ginenean. Orain grabatu dugunak Bakan (II) EPa osatuko du.
Patxadaz ibiltzeko larri samar ibili gara, baina estudioa garestia da, eta guk ez dugu multinazionalik atzean. Autoprodukzioa izanik, ez da gutxi hara iristeko baldintzak lortu izana. Bueltatzerik balego, bihar bertan bueltatuko nintzateke Abbey Roadera.
“Guk ez dugu multinazionalik atzean. Autoprodukzioa izanik, ez da gutxi hara iristeko baldintzak lortu izana. Bueltatzerik balego, bihar bertan bueltatuko nintzateke Abbey Roadera”
Aurreko diskoa Lleidan [Herrialde Katalanak] grabatu zenuten. Koherentziagatik joan omen zineten hara. Zer lortu nahi izan duzu Londresko estudioan? Zer soinu lortu nahi zenuen?
Estiloa dela eta, beti gabiltza borrokan, eta azkenean ez du horrenbesteko garrantzirik ere. Saiatzen gara ahalik eta kantu borobilena lortzen, baina egia da estudioaren baliabideak ere aprobetxatu nahi izan ditugula. Hasiera bat-ek oso soinu berezia dauka: lehorra, gordina, inongo artifiziorik gabekoa. Oraingo honetan laxatu egin dugu hori, eta aretoak duen espazioa ere aprobetxatu nahi izan dugu. Soinua ez da hain idorra izango, batez ere bateriena. Paul McCartneyk erabilitako pianoa ere han dago, eta erabili dugu: jolas egin dugu horrekin: Ob-La-Di Ob-La-Da moduko bat sartuko dugu pianoan. Askatu egin gara pixka bat.
Abesti solteak grabatzea eta disko bat grabatzea ez dira gauza bera. Zer eman dizu EPak grabatzeko joera berri honek?
Ez nago ohituta abesti solteak grabatzera. Alde batetik, ardura moduko bat ematen dizu horrek, egindakoak zure momentu hori laburbildu behar duelako, baina azkenean bi kantu dira, eta ez du esan nahi ildo horretatik joko duzunik gero. Baina askatasuna ere ematen du estilistikoki. Disko osoa egindakoan, kantuen arteko koherentzia eta haien arteko lotura ere kontuan hartzen dituzu. Abestiak elkarren ondoan doaz, osotasun batean oinarrituta sortzen dituzu, eta puntuz puntu lotzen dira, denbora-pasetako ariketetan bezala. Baina hau beste zerbait da: kantu solteak dira, ez dute loturarik.
Esana duzu magia estudioan sortu nahi zenuela, entseguetan sortu beharrean. Magia horren bila egin duzue jolas?
Egia da estudioan sortzeko grinaz nabilela aro berri honetan. Berri Txarrak-en, oso lotuta eramaten genituen gauzak. Asko entseatzen genuen, eta estudiora zerbait solidoa eramaten genuen; hala ere, ez oso itxia, mentalitate irekia behar baita estudioan. Kontrolatu ezin dituzun gauzei eta bertan suertatzen direnei heldu behar diezu, hortik zerbait berria sortzeko. Baina tartea txikia zen beti. Orain oso bestela ari naiz, eta Jordi Matas ekoizleak ere badu horretan ikustekorik. Aurrez gehiegi landu gabekoak gustatzen zaizkio hari, magia estudioan atera dadin. Halaxe izan zen Lleidan, eta halaxe izan da honetan ere, ez baikeneukan denbora tarte handirik. Egia da kantuak ez ditugula horrenbeste ixten eta momentuan bertan hartzen ditugula erabaki asko. Tipo zalantzatia naiz, eta oso gogorra egiten da hori, baina tentsio horretan bizi gara, eta ezjakintasun horrek ere sorpresa ederrak ematen ditu. Hari horretan gabiltza, alanbre horretan zintzilik, eta batzuetan bertigoa ematen du, baina espero ez dituzun gauzak sortzen dira. Horixe da musikak duen gauzarik politenetako bat.
Gurea oso proposamen organikoa da. Gure estiloa eta gauzak egiteko modua ez daude boladan, baina guk horrela egiten dugu, eta zintan grabatu dugu berriz ere, molde zaharrean. Azkenean, hiru tipo gara gela batean musika jotzen. Hori besterik ez, eta, era berean, hori dena. Gure dohainak ikusiko dira zintan, baita gure gabeziak ere, eta betiko gelditzen dira. Horrek badu zerbait bizia.
“Azkenean, hiru tipo gara gela batean musika jotzen. Hori besterik ez, eta, era berean, hori dena. Gure dohainak ikusiko dira zintan, baita gure gabeziak ere, eta betiko gelditzen dira. Horrek badu zerbait bizia”
Urte eta erdi joan da bakarkako lehen diskoa atera zenuenetik, eta jo eta su ibili zara geroztik. Nola hartzen dituzu gauza horiek?
Gure paradoxetako bat da hori: publikoaren menpe zaude, baina ezin duzu propio harentzat idatzi. Bakoitzak bere jakin-min musikaletik idazten du, garai horretako bere kezkak, pozak, penak paratzen ditu, eta, gero, egindakoa entzuteko inor baldin badago bestaldean, orduan biribiltzen da kantua. Nik badut pribilegio hori, jarraitzaile nahiko fidelak ditut, eta egin dudana entzuteko prest egoten dira.
Eta hori ikusita, ez kexatzeko esaten diot neure buruari, neure buruaz aspertzen naizenean edo nekea etortzen zaidanean. Munduko ogibiderik ederrena daukat eta.
Berri Txarrak taldetik nentorren, sona handiko talde batetik. Eta 2019ko biran, esate baterako, 25.000 lagun biltzea zu entzutearren; hori izugarria da. Baina gauza horiek gerora asimilatzen dituzu. Ferminen kontzertua ikusi, eta “hau guk ere egin dugu” pentsatzen duzu harrituta.
Eta aldendu egin zinen horretatik.
Eman nituen lau urte halako lugorri batean, kontzerturik eta elkarrizketarik eman gabe. Orain beste toki batetik heltzen diot musikari, eta galdera ikur erraldoi bat sortu zen: nola hartuko ote zuen jendeak. Musikak hartu duen joera kontsumista azkar honetan oso presaka doa dena, eta ematen du ahaztu egingo zaituztela hor ez bazaude.
Nire proposamena oso gordina da, oso bestelakoa. Gauzak sosegutik egin nahi nituen, eta ez nuen inondik inora espero jendeak hala erantzungo zuenik. Oso pozik nago. Disfrutatzen ari naiz, baita biran ere. Oso giro ederra lortu dugu gure artean, denek maite dute proiektua, eta gauza oso berezia egiten ari garela sentitzen dut. Ematen du badagoela zurrunbilotik ihesi dabilen jendea, musika soseguz entzun nahi duena, beste aldarte batean.
“Oso giro ederra lortu dugu gure artean, denek maite dute proiektua, eta gauza oso berezia egiten ari garela sentitzen dut. Ematen du badagoela zurrunbilotik ihesi dabilen jendea, musika soseguz entzun nahi duena, beste aldarte batean”
Hasiera bat mugarri izan dela esan izan duzu.
Artisauak gara, eta urteak daramatzagu kantuak zizelkatzen. Proiektuak edo estiloak badu garrantzirik, baina berdin du azkenean. Gure musika bizirik dago; haziz, aldatuz eta deformatuz doa. Hasiera bat bada mugarri bat, baina aurretik egindakoa egin gabe ez nintzatekeen gauza izango disko hori egiteko; nire ibilbide osoa izan da beharrezkoa hona iristeko. 14 urte nituela osatu nuen lehendabiziko taldea, eta hemen nago oraindik, oholtza gainean, eta oraindik ere beldur hori dut, zirrara hori, ilusio hori; horrek jarraitzen duen bitartean, aurrera egingo dugu. Sortzen dudana jakin-min artistiko batetik sortzen dut, pultsio artistiko batetik, eta oso eskertuta nago, pribilegio ikaragarria da artista izanik bizirik sentitzea, eta beste nonbaitetik ekiteko gauza naizela konturatzea. Berri Txarrak-ena hortik zetorren: nekea, neure buruaz aspertzea, higadura, eta, azkenean, uztea.
Ogibide guztietan gertatzen da.
Azkenean normala ere bada, baina horretarako ditugu erremintak: beste gauza batzuk probatzeko. Alde horretatik, ez dago Abbey Roaden egin duguna baino gasolina hoberik; ez dugu inoiz ahaztuko han grabatu izana.
Bi abestien izenburuak jakin litezke?
Prozesua bukatu gabe dago. Han grabatutako pistak nahastu behar ditugu orain.
“Kolaborazio batzuek hitzarmenezko ezkontzen antza dute, erregeek lurraldeak konkistatzeko egiten zuten gisako zerbait dira. Iruditzen zait estrategikoak direla artistikoak baino gehiago”
Kolaboraziorik izango da?
Kolaborazioen gaindosi bat daukagu, eta horrek aspertu egiten nau. Kolaborazio batzuek hitzarmenezko ezkontzen antza dute, erregeek lurraldeak konkistatzeko egiten zuten gisako zerbait dira. Iruditzen zait estrategikoak direla artistikoak baino gehiago. Gehiegizkoa iruditzen zait, batez ere belaunaldi berrietan, igartzen baita ez dagoela ez miresmenik eta ez ezer. Zilegi da, baina musika kuantifikatu daitekeenetik, estrategia hutsa baino ez da.