2026.02.05
Bere ibilbidean zehar, Gartxot Unsain (Donostia, 1987) beti izan da, beste ezeren gainetik, ahots propioa duen kantu idazlea. Bere letrak (emozioz, irudi zehatzez eta zintzotasun ez oso arruntez gainezka) hor egon dira hasieratik, nahiz eta batzuetan ia kamuflatuta geratzen ziren inguratzen zituen soinu testuinguruaren eraginez: hardcorearen bortitzkeria eta oihuen artean, punteo argitsuen eta Madeleine-ren arkitektura musikalaren artean, edo geruza elektroniko eta sintetikoetan bilduta Ghau-n. Jantzi ezberdinak, hizkuntza ezberdinak, baina barne pultsio bera hitzei eusten.
Bizirik gaude-rekin, hitz horiek biluzik agertzen dira azkenean, lehen planoan, gitarra eta ahotsez ia bakarrik eutsita. Eta izen artistikoa ere soil: Gartxot. Kasu, kolaborazioak ere itzelak dira, Amorante-ren tronpeta edo Amaia Miranda-ren ukitu magikoarekin. Lehen aldiz bere izenpean argitaratu duen disko berria, hurbiltasunaren, hauskortasunaren eta egia apaindurarik gabe emozionatzearen aldeko apustua egiten duen bilaketa pertsonalerako eta depurazio artistikorako prozesu batetik sortu da. Biraketa bat baino gehiago, errebelazio bat da: betiko pultsu bera, baina iragazkirik gabe, testuen pisu emozionalak eta interpretazioak arnasa har dezaten eta beren argitasun guztiarekin jo dezaten utziz.
Bizirik gaude titulu errebindikatzailetik, baina lehen aldiz zure izenean, ibilbide luzea izan arren eta geldiune baten ostean. Zer dela eta?
Jardunean luze aritu izanagatik izango da akaso, aldaketaren bila baino, aldaketarako gose hori sentitzeko joera, beti erakarri izan nau gauza ezberdinak egiteak, jende ezberdinarekin, orain arte landu gabekoetan sakontzeak puzzleari pieza bat gehituko balio bezala.
Urte asko daramatzat bakarrik zein talde dinamiketan kantuak sortzen, baina hala sentitu dut orain, kantu hauek nire izenez kaleratu behar nituela, ziurrenik, orain arte landu gabeko gordintasun bat nabari nielako, azken bi-hiru urteotan izandako garapen pertsonala oso nire sentitu dudalako.
Sormen lana ogibidetzat nahi zuenaren dezepzio / asimilaziotik jaio dira sentimendu hauek, eta bizitzako une berezi batean harrapatu nau gainera, ingurua etorkizuna eraikitzen ari den horretan, orainean bizitzea hautu arriskutsu bat balitz bezala, eta askotan sentitu naiz zaharregi amets edo ilusio horren sugar txikia zaintzen.
Indarrez, barrura begira ibili naiz, ez nuke geldiune bezala izendatuko, beste mila saltsatan aritu naizelako, baina argi nuen sentimendu multzo berezi bat nuela, eta horiek maitasun handiz eta poliki landu behar nituela. Hala jaio dira kantuak, batzuk aurreko proiektuaren azken hondar gisa, eta beste asko prozesuan zehar, ezer behartu gabe, hilabeteak aurrea joan ahala.
Bidean bizirik sentitu naiz, tokatu zaidana lasaitasunez onartu eta inguru ederra dudala ospatuz. Hausnarketak merezi zuen, ondorio gisa, izenburu positibo eta eraikitzaile bat. Ez dut ezer errebindikatu nahi, hala sentitu naiz eta hala adierazi nahi nuen.
“… kantuan aritu nahi nuen, plazaz plaza, egindako lan guztia erakutsi, eta ezinezkoa zela sentitu nuen, barruak eskatzen dizuna egiten saiatu eta ez lortzearen atsekabea onartzea gogorra izan zen”
Soinu elektriko eta sintetizatuetatik zerbait oso minimalista instrumentazio aldetik egitera. Ariketa gisa, inentzio jakin batekin, ezinbesteko ondorio?
Hala sentitu dut eta barruari kasu egin diot. Nire aurreko Ghau proiektua antzerki munduan izandako esperientziatik jaiotako performantzerako irrika eta ordenagailuan kantuak produzitzeko erronkatik jaio zen. Oso gustura ibili nintzen, etxean konposatzen zein oholtza gainean, baina ez zuen espero nuen bidea izan. Lan, esfortzu eta maitasun handia jarri nion proiektuari baina ez nituen kontzertu asko lortu. Horrek atsekabe moduko bat sortu zuen nigan, desilusio bat, eta zergatien bila aritu nintzen, erantzunik topatu gabe. Autonomo izateko hautua ere baztertu behar izan nuen, eta horrek asko eragin zidan, nik kantuan aritu nahi nuen, plazaz plaza, egindako lan guztia erakutsi, eta ezinezkoa zela sentitu nuen, barruak eskatzen dizuna egiten saiatu eta ez lortzearen atsekabea onartzea gogorra izan zen.
Ghau proiektuaren hirugarren kapitulurako kantuak estudioan grabatzen ari nintzela harrapatu ninduen zurrunbilo honek, eta emaitzak bi mundu erakutsi zizkidan, aurreko bi lanetako erritmo dantzagarri eta potente horiek, eta barne begira zebilen izate akustikoago bat. Abestiek arima zuten, baina jantziak arrotzak ziren. Seinale asko nabari nituen. Gitarra inoiz baino gehiago erabiltzen hasi nintzen, bikotekideak esan zidan “kantu horietan bi disko ezberdin daude” esaldia mugarri berezia izan zen, Alberto Lizarralde lagunarekin bere etxean kafe bat hartzen ari nintzela, kantuak erakutsi eta aipatu zidan, arima nabari zitzaiela baina arropa sobran zuela. Barruan sentitzen nuen nahi hori inguruak berretsi zidan, egiteko modu berri bat jaiotzen ari zela, barruko dei horri kasu egin behar niola. Disko honen bitartez lagun min bilakatu den Amaia Miranda ere garai hartan ezagutu nuen, oraindik ez nekien zein eragin izango zuen zetorren kantu bilduman…
Zer inspirazio izan duzu? Soinu paletaren hautuak gai edo hitzetan eragin du? Ze erlazio izan dute?
Inspirazio handiena gauzak sinpleki egiteko nostalgia hori izan da, iraganean leku askotan sentitu izan dut, batez ere bertsioak egiten nituen garai hartan. Kantuak mila modutan jantzi daitezke, baina sortzeko orduan, nik hitz batzuk iradokitzen didaten melodiak izan ohi ditut abiapuntu gisa, eta hori ia beti gertatzen zait, arima berbera dute.
Kasu honetan ere hala izan da, hitz asko idatzi nituen, horien gainean kantatu eta pixkanaka eraiki. Sonikoki, maketa sinple horiei elementuak gehitzen hasi nintzen, aurretik egiten nuen moduan baina emaitza ez zitzaidan asko gustatu. Beste behin, arima nabari nien baina iraganeko egiteko moduekin janzten nituen.
Gogoan dut, diskoa norbaitek produzitzeko ideia buruan nuela, eta garai hartan Amaia Mirandaren Mientras vivas brilla diskoko Todas las canciones kantuarekin maiteminduta nengoela. Kantu horrek sorrarazi zizkidanak sentitzen nituen nire idatzi berrietan, kantuetan, norabideak halakoa behar zuen. Zorionez, Amaia ezagutu eta proposamena egin nionean baiezkoa eman zidan. Nire maketak entzun eta dena pikutara bota zuen, sonikoki, arima hor zegoela baina horrenbeste jantzirekin berak gutxi eskaini zezakeela esanez. Asko eskertu nion, nik berdina sentitzen nuelako. Prest nituen kantuak gitarrarekin soilik grabatzeko eskatu zidan, mikrofonotik gertu. Eta hala egin nuen. Gitarra eta ahotsa. Gordin. Emaitzak izugarri harritu eta emozionatu ninduen. Amaiari ere izugarri gustatu zitzaizkion eta kantuak grabatzeko eta lantzeko data baten bila hasi ginen.
“Ingurura begira, egiteko modu asko arrotzak zaizkit aspalditik, ez dakit generazio kontua den, edo etengabe aldatzen ari den abiadura handiko tren honetara ohitzeko norberak duen gaitasuna edo honen falta”
Zelako emozioak eragiten ditu horrelako industria arin batean bapatean desagertu eta agertzeak? Denbora pertsonala eta publikoa asko distortsionatzen dira, zertarako eman dizu?
Ni ez naiz sekula industria baten barruan sentitu, eta esango nuke denbora bakarra dela, badoana. Zorionez, erakusleihoak ez nau bi perfil izatera behartu, ez dut pertsonala eta publikoaren artean bereitzen. Ni Gartxot naiz, ostiraletan amaren lentejak jaten edota oholtza gainean.
Nire egiteko modua beti izan da nirea, nire arauen eta sentimenduen araberakoa, eta urte askotan zehar sortutako gertuko lagunen sarean oinarritua. Kontzertuak lortzeko ateak nik jo ditut, eta desertua nik kudeatu behar izan dut. Ingurura begira, egiteko modu asko arrotzak zaizkit aspalditik, ez dakit generazio kontua den, edo etengabe aldatzen ari den abiadura handiko tren honetara ohitzeko norberak duen gaitasuna edo honen falta. Norbere barruan sortzen den hori aurrez diseinatutako kontsumo produktu gisa saltzeko dinamikak nekezak zaizkit, baina, dirudienez, ezinbesteko bilakatu dira jarduna profesionalizatu nahi duenarentzat.
Kantuak jada ez dira nahiko. Bigarren edo hirugarren mailako elementu dira, eta sortzaileak edo artistak nagusitzen dira orain, pertsonaia eta ez kantua, bakoitza bere aura ustiatuz. Komunikatzeko eta saltzeko modu hau oso bortitza da niretzat, oso plastikozkoa, eta ez dut nire sentitzen. Niretzako gertutasun handiena misterioa bera da, lerro artean irakurtze hori. Kantu bat entzuten dudadean, iradokitzen didan guzti hori da bereziena, azaldu ezin dena. Gaur egun, sortzaile bakoitza telebista kate bat da, nahieran aukeratu dezakegu zeinen atsekabe edo mundu idealera harpidetu, eta hori arriskutsua da. Esposizio maila bortitz honek lehen lerroa eta periferia sortzen ditu, zentroa eta ertza. Etengabe ikusten ez den hori ez da esistitzen. Eta hori arriskutsua da, ikusten ez direnak direlako bizitzan garrantzitsuenak.
Zelan elkarbizitzen du lan honek zure aurreko ibilbidearekin? Zuzenekoetan zer aurkituko dugu? Zelakoa izango da zuzenezkoa? Egongo da talderik? Birarik?
Estilo eta dinamikak aldatu arren, nire ustez nire ibilbidean leku beretik aritu izan naiz beti. Izan ahots agudo, grabe, oihukatu edo falsetean, beti ari naiz barnean ditudan sentimendu horien inguruan, musika oso autobiografikoa egiten dut, kostatzen zait lehen pertsonan ez idaztea. Hala, disko berri honek nire betiko kontatzeko modua duela sentitzen dut.
Zuzenekoetan aritzeko gogo handiarekin nabil, printzipioz gitarrarekin bakarlari moduan arituko naiz, klasikoarekin gehienetan, eta ahal denean Garazi Esnaola pianojolea ondoan dudala, bikote moduan. Nik ahalik eta leku gehienetan jo nahiko nuke, horrenbeste maitasunekin egindako lan hau ahalik eta gehien zabaldu, ea lortzen dudan. Taldetxo batekin kantu hauek oholtzan jotzeak ilusioa egingo lidake, baina etorkizuneko erronka bezala sentitzen dut orain. Ea noizbait posible den, ederra litzake.
“Disko honetan, akaso, inoiz baino zorrotzago aritu naiz nire buruarekin, batzuentzat ulergaitza izango da”
Ez zara berria konposaketan ezta idazten, baina honetan zintzotasun berezia agindu duzu. (Nire ustez zure letra eta musikari beti dario zintzotasun eta biluztasun karga handia). Zergatik erronka hori eta zelakoa izan da?
Lehen ere aipatu dut, zintzotasun hori edo gardentasun hori nire idazteko estiloaren ondorioa da, lehen pertsonan kontatzea lehenesten dut, hitz jokoak, errima, karga emozional handiko esaldiak…
Hala etortzen zaizkit, modu naturalean, eta denbora ematen diet nigan hazi daitezen. Nik ez dut sentitzen bereziki biluzten ari naizenik, nire kontatzeko modua halakoa da, barruan dudan hori hitz jario horri zentzua bilatzea, sentimenduen kronologia bat burutzea.
Disko honetan, akaso, inoiz baino zorrotzago aritu naiz nire buruarekin, batzuentzat ulergaitza izango da, baina hitzei izugarrizko garrantzia ematen diet, askotan kantuaren ildo melodikoa edo egitura finkatzen baino denbora gehiago erabiltzen dut, eta disko honetan hitz batzuk berehala etorri zaizkit, baina beste batzuk hilabete asko behar izan dituzte ni konbentzitzeko. Gainera, efemeride txiki bezala gordetzen ditut nire baitan esaldien jaiotza txiki horiek. Gogoan dut disko honetako lehen esaldia noiz okurritu zitzaidan, baita azkena ere, eta tarteko gehienak.
Ekoizpenean Amaia Miranda, eta kolaborazioetan Iban Urizar (Amorante), Garazi Esnaola eta beste askorekin egin duzu lan. Zelan sortu dira kolaborazioak? Ze ekarpen egin dute?
Amaia Mirandaren ekarpena ezinbestekoa izan da disko honetan, itsasargi bezala sentitu dut. Bere musikarekin batera ezagutu nuen, uste dut konexio berezia izan genuela hasieratik, eta laguntasuna berehala sortu zen. Nirekin erakutsi duen prestutasuna eta zintzotasuna oso berezia izan da, gauzak garbi esan dizkit beti, eta asko errespetatu dugu elkarren sentitzeko modua.
Diskoan ekoizle bat izatea gauza berria izan da niretzat, eta ezingo nuke lehen aldi ederragorik aurreikusi. Kantuak entzun eta bere ekarpen izugarriak egin ditu, gitarra ere maisuki jo du diskoan, elementu gehigarriak pentsatu eta dena borobildu. Grabazioa ere inoiz baino gehiago gozatu dut, oso naturala izan baita. Amaiaren grabatzeko moduan momentuak garrantzia izugarria du, eta nire etxera etorri zen, mikro guztiak eta ordenagailua soinean, nire egongelan dena muntatu eta bertan egin genuen grabazioaren lehen zatia, bigarrena bere etxean. Lasaitasun hori nabari da diskoan, egiteko modu horrek onura asko egin baitie kantuei. Nahasketa eta masterizazioan ere bidelagun izan da. Berari milatan esan diot, baina idatzita gera dadila, disko honen nolakotasunaren zati handi bat zor diot, eta ez dut berehalakoan ahaztuko.
Kolaborazioak, berriz, dudan altxor handienaren ondorio dira. Urtetan zehar pilatutako laguntasunak. Diskoan ageri diren kolaborazio guztiak naturalki proposatu nizkien, eta baietza jaso nuen denetan, prestutasuna eta profesionaltasuna. Iban Urizar izugarri maite dut, nire anai musikala eta espirituala da, eta izugarri lagundu dit disko honen sortze prozesuan, batez ere desmotibatuta sentitu nintzenean, aurrera jarraitzeko bultzada eman zidan. Gainera diskoan egin dituen ekarpenak izugarriak dira. Xabier Zeberio-k bere etxean hartu gintuen, bazkaria egin eta sokak grabatzeko, beste behin maisuki aritu da, duen eskuzabaltasunarekin. Garazi Esnaola lagun handia dut, talentua dario, eta gizatasuna, beti eskua eskaintzeko prest, baita bide berri honetan ere. Antzeko moduan aritu da Ekain Perez, ahotsak sartzeaz gain, aholku asko eman dizkit, asko miresten dut eta niretzako bere ikuspuntuak garrantzi handia du beti. Maia Iribarne aspaldiko laguna da, izugarri maite dut bere izatea eta ahotsa, eta disko honetan tarte bat zuela pentsatu nuen. Prestutasun handiarekin etorri zen eta bazkari baten inguruan grabatu genituen ahotsak nire txikitako egongelan. Azkenik, Karlos Aranzegik aspaldi egin zidan (Bukowskiko barran, gogoan dut) “egunen batean zerbait behar banu abisatzeko” proposamena, urte batzuk pasa dira, baina ederra izan da bere sentsibilitatea disko honetan izatea. Oso hunkituta nago ekarpen guzti hauekin, eta Amaia eta biok grabaturiko gitarra eta ahots oinarriari ekarpen handia egin diotela sentitzen dut. Eskerrik asko denei!
Aurreko Ghauren lanetan estetika oso maximalistatik honetara salto handia dago. Zelan lan egin duzu Marmol Estudioak eta Ander Tejadasekin? Zelakoa da zuretzat musikaren alde bisuala? Badu edo gehigarria da? Arte bisuala gustoko duzu?
Sebas (Marmol Estudioa) eta Ander Tejadas lagun handiak dira eta oso gustura aritu gara lanean. Aurreko lanak karga estetiko handia zuen, bai, hala nahi izan nuen, eta lan honekin kontrakoa egin nahi izan dut. Eduki garrantzitsuena barruan zegoela sinetsita, askatasun (eta ardura) osoa eman diet, eta ideiak elkarbanatuz sortu dugu iruditeria. Boladak izan ditugu, argazkiak, tipografia edota hutsaltasuna lehenesteko boladak, eta azkenean azalean ikusi daitekeen horrek konbentzitu gintuen, iradokitzailea delako. Familiari omenaldia egin nahi nion, eta irudiak album zaharretatik hartu ditut. Banuen nire burua bigarren planoan ikusteko gogoa, musikaren alderdi bisual izugarri maite dut, eta balio gehigarri izaugarri izan ohi du gehienetan, baina aurreko proiektuan eman nion garrantzia ikusita, oraingoan xumetasunak erakartzen ninduen, kantuek koeherentzia eskatzen zutela sinetsita.
Biniloa ere hala egin dugu, Sebasek bere diseinuarekiko maitasuna eta, batez ere, euskarri fisikoa zaintzeko nahi hori transmititu zizkidan, materialak mimoz aukeratu ditugu eta emaitza artisau- lan oso berezia dela uste dut. Bideoekin ere antzeko hautua hartu dut, Mikel Alonso lagunarekin plano finko batzuk sortu ditugu, argazki bizidun batzuk, entzuleak atentzioa kantuan jarri dezan.
“Eguneroko abiaduratik jeisteko tartea hartzen den une horretan entzutea gustatuko litzaidake…”
Zelan deskribatu edo zein egoeratan gomendatuko zenioke norbaiti Bizirik zaude-n sartzea?
Erronka itzela da, gaur egun, entzuleak disko bat hasi eta bukatzea. Presaka bizi gara, eta badirudi ez ditugula 30 minutu disko bat eserita (edo paseatzen) lasai entzuteko. Disko honek eduki emozional handia du eta lanketa soniko berezia. Nire uste apalean, atentzio osoa eskatzen du eskaintzeko duen guztia ondo barneratzeko. Eguneroko abiaduratik jeisteko tartea hartzen den une horretan entzutea gustatuko litzaidake, maitasun eta goxotasun handia izan duen elkarlana antzemateko, mahai gainean jarri nahi izan ditudan sentimendu unibertsal horiek bere egin eta oztopoak oztopo, zuloak zulo, bizirik gaudela ospatzeko.