Elkarrizketa

Jon Urzelai

2018.10.13

Jon Urzelai

“Gauzak serioago hartu ditugu oraingoan”

Elkarrizketa: Madeleine

Mugarri jarri zioten izena Madeleine donostiarrek orain bost urte kaleratu zuten diskoari. Beraien ibilbideko bigarrena zen lan hartan jada susmatu zitekeen laukoteak bide berriak urratzeko zuen gogoa, baina Su hura lan berriarekin lortu dute, segur aski, hastapenetan egiten zuten musika pisutsu eta atmosferaz betea atzean guztiz uztea. Pasarte instrumentalak gogoko dituzte oraindik ere, bai, baina askoz ere jostalariagoak dira egun. Astuntasunaz nazkatuta edo, kantuari ere ekin diote, inoiz baina eguzkitsuagoa den formula bat osatuz. Hala, umeek berezkoa duten sortzeko grina berreskuratzen saiatu direla dirudi. Heldutasunaren kontuak, agian.

IMG-20181008-WA0002

Madeleine taldeak azken lau urteetako bizipenak jaso ditu ‘Su hura’ diskoan.(Ibon Harrier)

Su hura jada kalean da. Nolakoa izan da honaino iristeko bidea?
Disko hau gure azken lau urteen laburpen moduko baten modura uler daiteke. Prozesu luzea izan da, geldialdi bat ere egin genuen tartean eta horren ostean agian gauzak gehiago lantzen hasi gara, lehen agian gauzak era intuitiboagoan egiten baikenituen. Konformistagoak edo ginen lehen, gauzak zetozen moduan hartzen genituen nolabait. Musika jo eta ondo pasa nahi genuen, ez besterik. Orain gauzei garrantzi handiagoa ematen saiatu gara eta hainbat alderdi gehiago zaindu ditugu, ahotsen lanketa edo grabazioa bera, adibidez. Erritmoen eta melodien lanketa ere sakonagoa izan da eta gauzak mimo gehiagorekin egin ditugu orokorrean, baita edizio fisikoa ere. Lehen bideoklipa ere grabatu dugu hamar urteren ostean, pentsa! Era berean, Tabakalerako beka lortu izanak erraztasunak eman dizkigu eta bultzada bat ere izan da guretzat. Gauzak serioago hartu ditugu oraingoan eta horren ondorio da inoiz egin dugun lan onena grabatu ahal izana.

Orain dela hiru urte omen zineten diskoa grabatzera sartzekoak, baina azkenean atzeratu egin zenuten. Nolako garapena izan dute kantuek denbora honetan?
Planteamendu guztia aldatu da. Hasieran asmoa bera estudioan zuzenean denok batera grabatzea zen. Orduan genituen ideia batzuk mantendu arren, asko aldatu dira konposizioak. Lehenago abestiak agian onak ziren zatien segida modukoak ziren eta orain egin duguna gehiago izan da oinarri sendo baten gainean kantua gehiago egituratzea. Ideia batek ea nora eramaten gintuen aritu beharrean, geure buruari abesti bakoitzean zein sentsazio transmititu nahi genuen galdegin diogu eta hori lortzen saiatu gara.

Diskoa entzun eta gero, ezinbestekoa da ahotsen erabilerari buruz galdetzea. Ez da gauza berria zuen abestietan, baina oraingoan inoiz baina gehiago eta inoiz ez bezala kantatu duzue.
Taldea sortu genuenean ez genuen aurrez finkatu instrumentala izango zenik. Hala suertatu zen eta talde instrumentala izatearen etiketa hori ere ez zaigu gehiegi gustatzen. Kuriosoa ere egiten zaigu konturatzea zenbat kostatu zaigun ahotsari lehentasuna ematea, denoi gehien gustatzen zaizkigun taldeek abeslaria baitute. Orain arte erreparo moduko bat izan dugu ahotsak sartzerako orduan, zati instrumentala nolabait kutsatuko luketelakoan. Sartzen genituenean nahiko era aleatorioan izan ohi zen eta orain beste lanketa bat eman diegu bai melodiei eta baita letrei ere. Agian nagikeria ere izan da, konposatzerakoan beti instrumentuetatik abiatzen baikinen. Konfiantza falta ere izan zitekeen. Dena dela, nahiko graduala izan da dena, ez da erabaki irmo moduko bat izan. Berez, askotan komentatu izan dugu ahotsak sartzearen kontua eta ikusi dugu konposizioei beste osotasun bat ematen lagundu diola. Azken finean, ahotsa beste instrumentu bat da, osoena agian.

Oihukatzetik ahots goxoagoetara pasa zarete eta musikarekin ere antzeko zerbait gertatu da. Konposizioak argitsuagoak dira eta melodiek askoz ere garrantzi handiagoa hartu dute, ezta?
Orain arte soinu ilunago bat izan dugu baina melodiak, berez, nahiko alaiak ateratzen zaizkigu. Baina orain alaiagoak, egia da, bai. Ez da zerbait kontzientea izan, azken finean, argitaratu dugun disko bakoitzean bizitzen ari garen unea islatzen baita. Halere, disko guztietan topa daitezke aipatzen dituzun pasarte argitsuagoak detaile ezberdinetan. Baina bai, baliteke pixkanaka-pixkanaka gure musika argitzen joan izana eta orain melodia horiek gailentzea, nahiz eta diskoak zati astunak ere badituen. Agian pertsona zoriontsuagoak gara orain! (barreak)

“Kuriosoa egiten zaigu konturatzea zenbat kostatu zaigun ahotsari lehentasuna ematea, denoi gehien gustatzen zaizkigun taldeek abeslaria baitute”

Zuen hastapenetan abeslaririk ez izateak bideratu omen zintuzten rock instrumentalean interesatzera eta ez alderantziz. Oraingoan ere erreferentzia argirik gabe jolasean aritu zarete ala soinu konkretu bat lortu nahi zenuten aldez aurretik?
Erreferentziak saihestezinak dira baina ez dugu planteatzen ez dakit zein talderen antzeko soinua lortzea. Natural ateratzen den zerbait da. Zaila da esaten disko honen kasuan zein erreferente komun izan ditugun taldekide guztiok edo zein talderen antzeko soinua duen. Taldekide guztion gustuak komunean jarri eta denok gustura aritzeko nahiaren emaitza da lortu dugun soinua. Kontsensua lortu duten ideiekin egin dugu aurrera. Azken abestiak sortzerakoan izan dugu talde bat edo beste buruan hala ere, This Town Needs Guns edo American Football bezalakoak, adibidez, instrumentalki konplexuak diren eta kantaera lasaia duten taldeak.

Dena dela, dituzuen eragin musikalak asko zabaldu direla argi ikusten da Su hura honetan. Lehen aipatutako pop kutsua argia da zenbait kantutan, math-rockaren eragina ere hor dago eta kasik beltza dirudien groove bat ere antzeman daiteke “Sumendi” abestian, adibidez.
Talde konkretuez harago, musika ezberdina entzutean ideiak hartzen ditugu handik eta hemendik, argi dago. “Sumendi”-ren kasuan, adibidez, argi genuen baxua izango zela kantuaren protagonista. Nahasketan ere bolumen altuagoa du. Abesti bakoitza ideia baten inguruan eraikita dago: bat baxuarena da, bestea iluna, lelo errepikakorra duena… Kantu zaharrak nahas-mahas moduko bat ziren, orain abesti bakoitzean zerbaitetan zentratzen saiatu gara.

Ahotsena, gogo estetiko batetik datorren zerbait da ala hitzez zerbait esateko gogoak ere bultzatu zaituzte gehiago abestera?
Bai, beti izan dugu horretarako gogoa baina orain agian gehiago. Letrak badira pixka bat taldearen kronika bat, zer sentitzen dugun talde barruan, kanpora begira… Etereoak eta interpretaziorako ematen dutenak dira baina konkretuak aldi berean. Ez zaigu burutik pasa zaigun lehenengo gauza idatzi eta behar duten garrantzia eman diegu. Mezua agian sakona ez, baina garrantzitsua izan dadin saiatu gara. Letra emozionalak dira gehienbat.

IMG-20181008-WA0008

“Nostalgia sentiberaren eta sentipen positibo baten arteko nahasketa moduko bat” da Madeleineren letrak. (Ibon Harrier)

Letrek nostalgia puntu bat dute eta bizitzari gorazarre egiten diote aldi berean.
Izan daiteke, bai. Gai errepikakorra da baina denok bizi gara era horretan pixka bat. Gaztetan denok dugu beste txispa bat eta beti dago hor inozentzia eta su horrekiko nostalgia puntu bat. Halaber, hori asimilatu eta zerbait egiten duzunean su horren jabe ere sentitzen zara. Nostalgia sentiberaren eta sentipen positibo baten arteko nahasketa moduko bat da, azken finean.

Ahotsik ez duen abesti bakarrari “Post-rock” izena eman diozue. Hasieratik jarri dizueten ditxosozko etiketa horri barre egiteko modu bat?
Bai, erabat! (barreak)

Zestoako Gaztain estudioan grabatu duzue diska, Eñaut Gaztañagaren laguntzarekin. Lortu duzuen soinuan zein eragin izan du berak? 
Sekulakoa. Konfidantza itsua dugu berarengan. Ondo ezagutzen gaitu, taldea gustatzen zaio, edo hala dio behintzat, eta badaki zer nahi dugun eta zer datorkigun ondo. Gogo handiz aritu da gu laguntzen. Askotan lagundu gaitu noraezean sentitu garenean, efektu asko sartu ditu eta buruan genuen hori errealitate bihurtzen asmatu du. Nahi genuen bezain ondo, edo hobeto, entzuten da diskoa. Aurreko diskoekin ez gara hain gustura geratu izan eta orain erabat asmatu dugu. Teknikaz gain, oso gertukoa da eta etxean bezala sentiarazi gaitu, gainera.

Hasiberriak zineten garaiekin alderatuz gero, gaur egungo entzuleria ohituago sumatzen al duzue zuena bezalako proposamenetara?
Egia da publikoa mugatua dela. Agian ez lehen bezainbeste baina gure musika oraindik ere ez da mundu guztiarentzat. Arreta handiagoa eskatzen du agian eta oraindik ere publiko konkretu batengana soilik heltzen da, segur aski.

Zein asmo duzue aurrera begira?
Ilusio handia dugu zuzenekoak eskaintzeko, jende eta toki berriak ezagutzen jarraitzeko. Furgoneta zahar batean laurok sartu eta bidaiatzeko ere prest gaude, inoiz baina fundamentu gehiagorekin!

DATORREN KONTZERTUA

  • urriak 20, Sarobe aretoa (Urnieta, Gipuzkoa)

ETIKETAK:Eñaut GaztañagaMadeleine