Euskal Kultur Erakundeak Uztaritzen (Lapurdi) duen egoitzan elkartu da BERRIA Daniel Landartekin, hark hala proposaturik. Ez alferrik, Uztaritzen bertan bizitzeaz gain, hogei urtez Euskal Kultur Erakundeko zuzendariordea izan baitzen. 1946ko abenduaren 11n sortu zen, Nafarroa Behereko Donoztirin. Biriketako eritasun larriak trabaturik ikasketak ezin segituz, ofizioz lehenik tipografoa eta linotipista izan zen. 17 urterekin hasi zen euskaraz idazten, Gazte, Pan-Pin, Etxea, Herria kazetetan. Euskal antzerkiaren animatzailea izan zen 1965etik 1985era bitarte. 1967an Iparraldeko Antzerkilarien Biltzarra elkartea sortu zuen, eta lehenbiziko lehendakaria ere izan zen hamahiru urtez. 1977an, Hegoaldeko Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrea (EATB) elkartearen idazkari nagusi bilakatu zen, eta sei urte eman zituen ardura horretan. Hamabost antzerki obra idatzi ditu, hamaika liburu argitaratu, eta baita 30 bat kanturako hitzak ondu ere. Errobi-k, lehen diskoa argitaratu zuenetik ia 50 urtera, maiatzaren 4tik aurrera emango dituen kantaldien harira elkarrizketatu nahi izan dugu, Errobiren lehen bi diskoetako hitz guztiak, bat izan ezik, harenak baitira. Ez baitago Errobiren eragina ulertzerik Daniel Landarten hitzak aipatu gabe.
Zein izan zenuen musikarekiko lehen harremana?
Ikusten duzu goizean, edo Salamancara nindoalarik betidanik entzun ditudan hitzak dira, etxean berean baikenuen guk kantari arraroa: aita. Beti kantuz ari zen. Inguruko herriko festetara gomitatzen zituzten bertsolarienak gogoz atxiki eta errepikatzen zituen. Bazuen kanturako bai dantzarako gogo bizia. Zoriontsu zelarik edo lanean zelarik berdin, beti kantuan ari zen. Aitaren ondotik, Eñaut Etxamendi eta Manex Pagola izan ziren 1964an zuzenean entzun nituen lehenbiziko euskal kantariak. Mixel Labeguerie, euskal kantagintza berriaren aita, hura ez nuen egundaino jendaurrean kantatzen ikusi. Baina hark idatzitako Gu gira Euskadiko gazteri berria garai hartako gure himnoa zen! Orduan, hitz berria agertu zitzaigun: kantaldia. 1970eko hamarkadaren hasieran, lehenbiziko kantaldiak abiatu ziren, Iparraldeko kantariei Hegoaldekoak juntatzen zitzaizkiela. Kantaldietan ezagutu nuen Robert Duhalde uztariztarrak aurkeztu zidan bere anaia Anje, El Fuego taldean bateria jotzen zuena. Duhalde anaiekin lagun bilakatu nintzen.
Eta literaturarekikoa?
Lehenik esan behar da eria sortu nintzela, bularretako ahulezia batekin, eta asteak ohean pasatzen nituen. Orduan amatxik irakurtzen zizkidan liburuak, otoitzak, Otsobiren alegiak… den-dena euskaraz. Beraz, hari esker, euskararen musika nire baitan sartu zen. Euskara landuarena. Gure etxean ez genuen frantsesik entzuten, euskaldun peto-petoak ginen. Frantsesa hizkuntza arrotza zen. Aitak eta aitatxik beren burua, beren mena, frantsestzat zuten. Nik behin baino ez nion aitari frantsesez mintzatzen entzun, eta amari ere, inoiz, hitz bat edo beste. Aitatxi Lehen Mundu Gerran aritu zen, aita Alemanian presoner egon zen. Frantsesak ziren, ezinago euskaldunak. Azaroaren 11koa bezalako ospakizunetan, frantses bandera eramaten zuten desfilean, lehenik aitatxik, aitak ondoren. Ni bezalako anitz euskararen ahalke suertatu ziren, ez zuten gehiago euskara mintzatu nahi.
Ni, 14 urte nituelarik, ofizio bat ikastera joan nintzen, eta eskola teknikoko zuzendaria Xarriton apeza zen. Han ere ez nuen segitzen ahal, eri nintzelako. Orduan Xarritonek amari esan zion Baionako inprimeria batean aprendiz euskaldun bat nahi zutela. Nire eritasuna gorabehera, hartu ninduten, eta bertan ezagutu nituen Jean Hiriart-Urruti eta Pierre Narbaitz, eta kazetetan euskaraz idazten hasi nintzen.
Gero, Belokera joan nintzen, eta bertan zen Marcel Etxandik esan zidan Baionako Euskal Idazkaritzara joateko. Euskal Idazkaritza euskara batua bultzatzeko elkartea izan zen, Txillardegiren gidaritzapean sortua. Joan nintzen, eta hiru liburu saltzaile aurkitu nituen han: Jakes Abeberri, Julen Madariaga eta Eneko Irigarai. Xabier Elosegi iheslaria ere ezagutu nuen, eta, poliki-poliki, Enbatan sartu nintzen. Beste batzuek orduko kezkak artikuluetan idazten zituzten bezala, ni poemak izkiriatzen hasi nintzen. Xantza handia ukan nuen literaturan zein politikan aritzen ziren Lafitterekin, Jean Louis Davantekin, Etienne Salaberrirekin, Larzabalekin, Monzonekin…
“Gure etxean ez genuen frantsesik entzuten, euskaldun peto-petoak ginen. Frantsesa hizkuntza arrotza zen. Aitak eta aitatxik beren burua, beren mena, frantsestzat zuten”
Eta Hegoaldeko idazleekin?
Nahi nuen absolutuki liburu bat agertu, eta Herria-n jadanik argitaratuak nituen olerkiekin Hogoi urte izeneko liburua argitaratu nuen. Liburu horretako poema batzuk hartu zituen Errobik kanturako. Garai berean, Txillardegik Euskaltzaindiaren sari potolo bat irabazi zuen Elsa Scheelen liburuarentzat. Eta irabazitakoarekin afari bat antolatu zuen Hegoaldekoekin. Iparraldekoak biziki guti ginen, zeren momentu hartan bakarrenetakoa nintzen liburu bat idatzi zuena. Orduan suerte izugarria izan nuen. Han ezagutu nituen Artze, Saizarbitoria, Kintana eta beste. Harremanik iraunkorrena Artzerekin izan nuen. Hil zen arte, askotan elkartzen nintzen harekin.
Eta Aresti? Langile klaseari kantatu zenioten biek.
Aresti gero ezagutu nuen. Aurretik, Xabier Elosegik esaten zidan nire poemak Arestiren oso antzekoak zirela. Baina nik ez nekien Aresti nor zen ere! Gerora ezagutu nuen, Baionako Euskal Idazkaritzan, Rikardo Arregiri eman zioten sari baten banaketan. Egun hartan, gizon bat hurbildu zitzaidan, ni gazte-gaztea nintzen, eta “Landart!” esan zidan. Irakurtzen zituela nire testuak, eta idazten segitzeko esan zidan.
Hogoi urte, zure lehen poema liburu horretakoak musikatu zituela Errobik aipatu didazu.
Errobiren lehen diskoaren aurretik, Anje Duhaldek bi kantako diskoa argitaratu zuen. Goizero izenekoa, Anjerekin luze mintzatu ostean sortu nuen. Bertze batekilan izenekoa, Hogoi urte liburutik hartu zuen. Gero, Errobiren lehen diskorako, beste lau edo bost poema hautatu zituzten, baita Enbata aldizkarian argitaratutakoren bat; esate baterako, Gure zortea.
Langileria eta abertzaletasuna izan ziren zure kantagai nagusiak.
Nik izkiriatu dut sentitzen nuena, esku langilea bainintzen. Ni ez nintzen eskolatua, orduko idazle gehienak bezala. Nik naturalki idazten nuen sentitzen nuena. Enbatan sartu nintzenean, euskalduna nintzelako kontzientzia hartu nuen. Euskal Herriko zazpi probintzietako herrien eta jendeen ezagutzen hasi nintzen. Garai hartan, Zuberoa eta Nafarroa Beherea jendez husten ari ziren. Langabeziagatik, urtero bi mila gazte Paris aldera joaten ziren. Lantegi berrien beharra aldarrikatzen genuen, denbora berean turismo gehiegia salatuz. Kanpotarrak, barra-barra, hasi ziren lurrak eta etxeak erosten. Gero eta argiago ikusten genuen euskaldunak gutxiengoan sartzen ari ginela Euskal Herrian! Iparraldeko errealitate latzean oinarritzen dira Gure zortea, Perttoli, Kanpo, Nora goaz? eta Ez deat erranen kanten hitzak.
“Nik izkiriatu dut sentitzen nuena, esku langilea bainintzen. Ni ez nintzen eskolatua, orduko idazle gehienak bezala. Nik naturalki idazten nuen sentitzen nuena”
Koldo Izagirrek eta Xabier Mendiguren Elizegik, hezkuntzarako apailatutako Euskal literaturaren antologia liburuan, honela iruzkindu zuten zure poesia: “(…) Poesiazkoa izan zuen estreinako liburua: Hogoi urte (1968). Aldaketa handia ekarri zuen honek Ipar Euskal Herriko literaturara, belaunaldi berri baten jaiotza adierazten baitu: gazteak, bai euskararen bai Euskal Herriaren batasuna nahi zutenak, eta apaiztegiekiko harremanik gabeak, laborari eta langileak (…)”. Zuk bazenuen zerbait berria sortzen ari zinetenaren kontzientzia?
Ez. Nik Enbatan landu nuen ideologiaren arabera idazten nuen, sindikatuko bileretako gogoeten araberakoa. Batzuetan duda dut idatzi dudana poesia ote den.
Duda duzu?
Bai, ez ote diren gehiago eslogan moduko batzuk.
Eta betidanik izan duzu zalantza hori edo oraingo irudipena da?
Betitik ukan dut.
Ez daukazu zeure burua poetatzat?
Ez.
Manex Pagola eta Mixel Labeguerie aipatu izan dituzu eragin dizutenen artean. Lehenak, bere inguruko euskaldunak abertzale frantsesak zirela ikusirik, “Kanta ezak euskalduna kanta ezak hire herria, kanta ezak euskalduna, hire aberria” bezalakoak idatzi zituen, abertzaletasun euskalduna sustatzeko. Bigarrenak, “Gu gira Euskadiko gazteri berria, Euskadi bakarra da gure aberria”, ereserkitzat zeneukatena. Orain, batzuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoari deritzote Euskadi.
Guretzat zen zazpiak bat egina. Hori zen Euskadi. Niretzat, Euskal Herria ama da. Betikoa, euskaraduna, bihotz-bihotzekoa. Euskadi aita da. Hautu politikoa da, zazpi probintziek osatu Estatua. Beste erresumetan bezala, aberria Estatu bilakatua. Hara zergatik Aitarik ez dut kantuan idatzi nuen: “Aita bat ukanen dugunean, ama biziko da”. Frankismoaren azken hamarkadan, iheslariak Baionan gurutzatu nituen. Batzuekin lagun bilakatu nintzen. Lehen aipatu dizudan Xabier Elosegi eta Mikel Urteaga tolosarrek asko irakatsi zidaten: batak euskal historiaz, besteak klase borrokaz. Euskal iheslarien sostenguz antolatu manifestazioetan parte hartzen nuen. Sinesten genuen Franco hil orduko Hegoaldeak independentzia lortuko zuela, eta iheslari ohiek lagunduko zigutela Iparraldea askatzen. Haien miresmenez idatzi nuen Hi. Garai hartako itxaropena genuen “Euskal Herri batua, mugagabeko Europa federalistan!”. Sinesten genuen mugak zabaldu eta zazpi lurraldeek bat egingo zutela eta Europak aitortuko gintuela.
Olerkiez eta kanturako hitzez gain, antzerkirako testuak idatzi dituzu.
Antzerkia da gehien idatzi dudana. Hogei urtez ibili nintzen antzerkigintzan, aurrez eskolarik hartu gabe, batzuetan izkiriatzen, bestetan zuzentzen edo laguntzen.
“Autodidakta izan naiz, erabat. Baina beti zerbait ikasten nuen ezagutu nituenengandik. Horien laguntzarekin egin naiz nihaur”
Eta Piarres Larzabal ez zenuen oraino ezagutzen?
1966an Iparraldean zazpi-zortzi talde zeuden. Orduan, teatroa zen erabat apezek kudeatzen zutena, ekintza katoliko bat bezala. Hori 1921az geroztik. Eta gero, abertzaleek preseski, nahi ukan genuen hori kontrolatu. Eta apezak murrizten hasi zirenean, talde ezberdinetakoak bildu ginen. Eta, adibidez, Baionan Matalaz eman genuen, Larzabalena. Roger Idiart etorri zen laguntzera, baita Monzon bera ere. Orduan ezagutu nuen Larzabal, 1966an. Gerora Zokoara joaten nintzaion bisitan. Baina ez genuen teatroari buruz hitz egiten, baizik eta bere bizitzari buruz-eta.
Autodidakta izan zara, beraz.
Erabat, erabat. Baina beti zerbait ikasten nuen ezagutu nituenengandik. Horien laguntzarekin egin naiz nihaur.
Sumatzen zenuen Errobik orduan izan zuen eragina edo oihartzuna?
Bai, bai, sumatzen nuen. Orduan hitzek bazuten beren indarra, orain baino gehiago. Errobiren kantek iraun dute. Ez nuen pentsatzen, baina iraun dute.
Eta nola bizi duzu gaur Errobiren garai hura?
Beti plazer egiten du, baina geroztik horrenbeste gauza pasatu da… Berriz errepikatuko dut: xantza izugarria izan dut aipatu ditudan jende horien ezagutzea. Eta bistan da, xantza edo suerte zoragarria nire antzerkiak eta nire liburuak emanak izan baitira. Gauza zoragarria da zuk bakarrean izkiriatu duzuna besteren ahotik entzutea, jendearen esku zartak entzutea. Sari bat da. Gauza bera kantuan. Zuk idatzia norbaitek kantatzea. Xantza izugarria ukan dut ene bizian. Xantza izugarria ukan nuen Mikel Laboa-k musikatu baitzidan Zure begiek.
“Orduan hitzek bazuten beren indarra, orain baino gehiago. Errobiren kantek iraun dute. Ez nuen pentsatzen, baina iraun dute”
Gaur egun, Errobiren orduko kantak entzunda, balirudike 50 urtean arazo asko konpondu gabe ditugula. Esaterako, Lantegiko hamar mandamentuak kantan salatzen zenuena.
Aprendizgoa 14 urtetan hasirik, 23 urtez lan egin nuen hiru inprimategi desberdinetan. CGT sindikatuko kide nintzen. Hiru asteko greba egin genuen 1968an, inprimategia gau eta egun okupatuz. Sei nagusi ezagutu nituen. Haietarik bat kapitalista zen, Autobide Sozietateburua. Hark zigun, preseski, galdetzen gure lanpostuen salbatzeko indar gehiago egin genezan. Orduan idatzi nituen Nagusiaren negarrak eta Lantegiko hamar manamenduak. Ez ditut nagusi guztiak zaku berean sartzen. Lana Euskadin nahi badugu, ekonomia mailan arriskuak hartzen dituzten jendeak beharrezkoak zaizkigu. Arrasateko kooperatiba sistema lan molderik egokiena zitzaidan. Goizero kantuan erran bezala: “Gure lantegian egiten dena, izan dadila gu guztiena!”. Eta Lantegiko hamar manamenduak kanta hori aipatzen duzularik, anekdota bat kontatuko dizut. Anjek garai hartan lan egiten zuen Atturri kooperatiban. Zuzendaria Julen Madariaga zen, eta Anjek langileen aitzinean kantatu zuen, Julen Madariaga bertan zela. Ikustekoa izan omen zen ezarri zitzaion aurpegia!
“Errobi taldearen musika mota, hasieran, franko berezia zitzaidan. Baina aski aise jarri nintzaion”
Landartek behin eta berriz errepikatzen du bere ibilbide literario eta politikoan xantza handia ukan duela; bere burua jantzi badu ere, parean suertatu zaizkion idazleei eta ekintzaileei esker ondu duela bere bidea. Herabea da, haren hitzez esateko, Landart.
Errobirentzat idazten hasi zinenean, argi zenuen zer eta nola kontatu nahi zenuen?
Ez, ez zen batere argi. Nik idatziak nituen testu batzuk. Anje Duhalderen eta haren anaia Roberten lagun bilakatu nintzen, eta, elkarrekin egiten genituen ateraldietan, bai hemen bai Hegoaldera joaten ginelarik, nik aipatzen nizkion olerki batzuk nituela Anjeri, eta hark hartzen zituen edo ez. Ez ginen bildu Anje, Mixel Ducau eta hirurok gogoetatzeko Errobi sortu behar genuela eta gai batzuei buruz kantatu behar genuela eta… Ez, ez, nik harremana Anjerekin nuen. Gero ezagutu nuen Mixel. Egia da jadanik idatziak nituenekin batera berriak ere idatzi nituela, hala nola Lantegiko hamar mandamenduak.
Zuk nola idatzi zenituen berriak, doinua entzun ondoren? Zuk idazten zenuen testua, eta gero Anjek eta Mixelek musikatu?
Batzuetan, Anjek musika entzunarazten zidan, eta nik testuak idazten nituen. Adibidez, hasieran Lau egiak izenburua zuena eta gerora Kanpo izanen zena. Inoiz, adibidez, Goizero izenekoa, nik testua aurrez sortu, Anjek musikatu eta, melodiaren beharrizan silabikoagatik, testua laburtu egin zuen Anjek, baina, gainontzekoetan, hitzak nik idatzi bezala kantatzen zituzten.
Eta zein zenuen nahiago?
Nik nahiago nuen hitzak neuk idatzi eta gero haiek musikatzea. Errobi taldearen musika mota, hasieran, franko berezia zitzaidan, rock estiloa guti ezagutzen bainuen. Baina aski aise jarri nintzaion. Preziatzen nuen Anje Duhalde eta Mixel Ducau kantariek hitzak ongi ahoskatzen baitzituzten, eta musikak ez baitzituen estaltzen. Hizkuntza eta mezua, alabaina, garrantzitsuak zitzaizkidan.
“Erraten dena da gure frantsestea izan zela gerlen bidez, eskolaren bidez, baina telebista izan zen kalterik ikaragarriena euskararentzat”
Lehena eta bakarrenetakoa izan zara turismoa aipatzen euskarazko kantagintzan. 50 urteren ondoren, zein da egoera zure ustez?
Gaur egungo egoera okerragoa da. Prezioak izugarri emendatu dira. Izugarria da. Esan behar da Jean Barbierrek 1921ean, etxe berriak eginarazten zituenak, deitzen zituela satorrak. 1921ean jadanik, kasu egiteko esaten zuen, arriskua zela. Enbatak ere, 1974 hartan, galdegiten zuen borroka gaitezen dena ez dadin turismo bilaka, zeren orduko politika gizonen ikusmoldea baitzen turismoak salbatuko gintuela, ez genuela lantegien beharrik. Gogoan dut Iholdin toberak jokatu zituztela aintzira bat eta turismorako etxeak eraiki nahi zituztela salatzeko. Izugarrizko bihurgunea izan zen abertzaletasunaren ikuspegitik. Preseski, Goizero kantaren hitzetan goratzen ditut kooperatibismoa eta partzuergoa kapitalismoaren aurrean. Esan behar da, zentzu horretan, Patxi Nobliak eta Ramuntxo Camblongek alimaleko lana egin zutela.
Kantetan oso gutxi aipatu den beste gai bat telebista da. Horrek ere eragin handia izan zuen abertzaletasunean.
Erraten dena da gure frantsestea izan zela gerlen bidez, eskolaren bidez, baina telebista izan zen kalterik ikaragarriena euskararentzat. Zeren sukaldeetan sartu baitzen frantsesa. Telebista ikaragarrizko zafraldia izan zen. Etxekoen arteko hizkuntza aldarazi zuen. Gerora, aitzinamendu asko egin dugu, erakundeak-eta sortu ditugu, baina telebistak galera handiak eragin dizkie euskarari eta abertzaletasunari.