2025.10.03
Talde askori zaila egiten zaiena lortu du beste behin ere Mungiako (Bizkaia) Lukiek taldeak bere koktel musikalarekin #3 izeneko diskoan: soinu eta estilo mordo bat kohesionatu eta entzuteko erraza egitea. Disko berezia da #3, mugarri moduko bat da Antton Goikoetxea (baxua eta ahotsa), Christian Rodriguez (bateria) eta Josu Ximun Billelabeitiak (gitarra eta ahotsa) osatzen duten hirukotearentzat eta trilogia baten itxiera moduan ulertzen dute. Terraza eroso batean lekua hartu eta eguzkipean egon gara Josu Ximunekin (Mungia, 1991) diskoaren barneko xehetasunak eta taldearen nondik norakoak hobeto ezagutzeko. #1, #2 eta #3, ekin!
Lukiek taldeko hiru kideak: Josu Ximun Billelabeitia, Antton Goikoetxea eta Christian Rodriguez. MARIA MURIEDAS
Aurreko diskoa argitaratu zenutenetik ia hiru urte eta erdira dator #3. Ohiko talde batentzat ez da denbora asko, baina zuek ezagututa eta zeneukaten martxa izanda, luze egin da. Zertan aritu zarete denbora honetan zehar?
Bigarren diskoarekin zuzeneko asko eman genituen, baina momentu batean gelditu eta konposatzen hasteko momentua zela sentitu genuen. Belakoren diskoa egiten nenbilen garaia zen eta diskoa osatu ostean, bera aurkezteko bira neukan aurretik. Ez neukan denera iristeko denborarik eta pixka bat oxigenatzen utzi genuen Lukiek. Aurreko diskoen artean baino denbora gehiago utzi dugu azken hau sortzen hasteko eta estudioan ere denbora gehiago pasa dugu. Pertsona batzuek betirako utzi genuela ere pentsatu zuten, baina ez da kasua izan.
Bibizak eta Vederatzi iritzi abestiak aurreratu ostean, ia promoziorik gabe kaleratu zenuten diskoa. Are gehiago, lehenengo digitalki argitaratu zenuten eta gero etorri zen edizio fisikoa. Presaka aritu zarete edo zergatik izan da?
Azken momentuko aldaketa batzuek atzeratu zuten edizio fisikoa. Euskarri digitalak aldaketak egiteko margen gehiago eskaintzen ditu eta prozesuan sortutako zalantzek edota azken momentuko erabakiek prozesuan eragina izan zuten. Diskoaren azala osatzeak ere denbora asko eraman zigun eta pazientziaz hartu behar izan ditugu gauzak. Diskoaren argitaratzea askorik ez atzeratzeko kaleratu genuen lehendabizi formatu digitalean.
Diozunagatik, edizio fisikoari garrantzia handia ematen diozue edo?
Bai, nire ustez diskoen azalak eta diseinuak askoz landuagoak ziren lehen orokorrean, bereziki barrualdeko liburutxoetan. Gaur egun, sarritan, gustuko duzun talde baten diskoa hartu eta azala polita da agian, baina diseinua oso sinplea da barrutik: buelta handirik eman gabeko tipografia, kreditu batzuk, argazki bat eta kito. Edizio fisikoa erosten dutenendako zaindu egin behar da diseinua eta lan handia dago alde horretatik gure diskoan. Gauzak horrela egiteak puntu erromantikoa du eta mantendu egin behar da nire ustez.
“Gaur egun, sarritan, gustuko duzun talde baten diskoa hartu eta azala polita da agian, baina diseinua oso sinplea da barrutik”
Goazen ba diseinuari buruz hitz egitera. Ximon Agirre arduratu da oraingoan ere diskoaren azal koloretsua egiten Paula Uharteren kolaborazioarekin. Denetik transmititzen duen amets edo ipuin modukoa da: beldurra, tristura, alaitasuna, fantasia, magia… Aurreko bi diskoetan protagonista den mamua ere bertan dago. Diskoan aurkituko dugunaren isla dela esango nuke…
Imajinario eta mundu fantastiko bat dago beraren atzean. Argitaratuta ditugun hiru diskoekin trilogia (#1, #2 eta #3 dira diskoen izenburuak) bat osatzea zen ideia eta azalekin ere berdina izan da planteamendua. Konturatzen bazara, lehen diskoaren azaletik, hirugarrenera, planoa aldatzen doa eta elementu gehiago doaz agertzen, baina irudi edo errealitate berdina daukate oinarrian. Bigarren diskoaren azalean, lehen diskoko mamua eta txerria agertzen dira baina urrunagotik ikusita, eta hirugarren diskoan, lehengo eta bigarren diskoen azalak ikusten dira beste panorama batekin osatuta. Gure kantuak nahiko nostalgikoak, surrealistak eta onirikoak dira orokorrean eta Ximonek oso ongi islatzen ditu letretako ideiak; diskoko kontzeptuak hartu eta bere mundutxoa sortzen du. Hiru azaletako protagonista, bola bat kateatuta duen mamua da eta Ximonen hitzetan, iraganera lotuta dagoen mamu bat da, iraganaren gatibu da. Puntu nostalgiko tristea dauka, eta nire ustez oso ondo azaltzen du diskoan entzuten dena. Oso ondo berrelikatzen naiz Ximonekin eta sortzen dituen marrazkietatik letretarako ideiak hartzen ditut.
Azalean ageri diren irudi eta pertsonaia kuriosoek ere badaukate beste istorio bat atzetik…
Bai, Paulak egin zituen zeramikazko pieza errealak dira. Ematen du ordenagailuz hiru dimentsiotan eginda daudela, baina buztinarekin egin zituen horrek eskatzen duen prozesu guztiarekin: lehenengo irudiei forma eman, gogortzeko labean sartu, eta azkenik, esmaltatu. Sekulako lana egin zuen.
Aurreko diskoetan bezala, grabazioa egiteko lekua ere errepikatu egin duzue eta Xabier Egiarekin grabatu duzue Bilboko El Tigre estudioan. Oso gertuko pertsona izango dela pentsatzen dut.
Mungiatik gertu geratzen zaigu Xabiren estudioa eta oso eroso egoten gara bertan, oso ondo ezagutzen dugu elkar. Estudio askotan egon naiz eta batzuetan errespetua ematen du lehenengo aldiz ezagutu duzun norbaitekin lana egiteak. Gainera, diskoaren grabazioa sormen prozesuaren parte izanik, ziurtasun gabeziak izaten dituzu egiten zabiltzanarekiko eta momentu arraro samarrak sortzen dira. Xabirekin oso eroso egon izan gara beti, gure zuzeneko teknikaria ere bada eta horren guztiaren aurretik, gure laguna. Ez dugu beti berdin pentsatzen edo ikuspuntua konpartitzen, baina hazteko balio izaten digute horrelakoek eta konfiantza osoarekin esan dezakegu barruan daukaguna.
Zuen musika aztertuta, beti izan duzue soinu anitza. Zuen azken erreferentzia #2 izanda, ez nekien zer espero disko berrian, baina esperimentazioaren bidean oraindik eta aurrerago jo duzuela esango nuke.
Orain arte argitaratu ditugun hiru diskoak ongi erlazionatuta daude beraien artean, eta lehenengotik azken honetara salto handia dagoen arren, hiruren artean jarraikortasun bat dago, kanta kontinuistak daude. Vederatzi iritzi abestia da horren adibide, lehen diskoko gauza asko aurkitzen dira bertan. Hasieratik amaierara zentzu bat daukate hiru diskoek, harreman hori bilatzen saiatu naiz. Bestalde, egia da batzuetan beste adar batzuetatik joatea gustatzen zaigula eta bigarren diskoan Soro baten zoro bat abestia zegoen moduan, oraingoan Granada haziak edo Subaru bat doble filan bezalako kantak ere badaudela. Beste bide batetik doazen abestiak dira eta etorkizunean ideiak hartu eta beste modu batean garatzeko aukera emango digutela uste dut. Guretzat beti izan da bide naturala adar desberdin bat hartu eta puntu desberdinetara iristea.
Nu metala, punka, rock alternatiboa, giro arabiarrak, piano klasikoa… abesti batetik bestera (edo abestian bertan!) printzipioz lotura gutxi dituzten estilo desberdinak konektatzen dituzue. Ardi baltzenak abestia da koktel honen adibide argienetakoa. Orain arte egin duzuen abestirik luzeena da, ia zortzi minutu irauten du, baina beste horrenbeste iraun ezkero ere ez litzake luzea egingo.
Zati desberdin asko ditu abestiak, orain hamarkada batzuk egiten ziren kanta horietako bat ematen du. Pink Floyd asko entzun izan dugu eta beraien eragina antzematen dela uste dut. Atal askotan dago eginda kanta, bozeto asko uztartuta. Etxean egin nuen gitarra melodia batekin hasi genuen abestia eta ondoren lokalera eraman eta guztion artean garatu genuen. Lokalean egindako lanarekin beste melodia bat gehitu genion eta horren ostean, zerikusirik ez duen beste zati instrumental bat gehitu, eta hortik aurrera ilundu egiten da abestia, bere zentzua aurkitu zuen. Etxean sortutako outro bat ere badauka, zeina, aurretik erabilitako melodia baten berrinterpretazioa den… Kanta batean norabide asko aurkitu daitezke eta polita da horietan sakontzea.
Guztia kohesionatzea eta entzuteko erraza egitea lortzen duzue. Nola da hori posible?
Diskoek badute puntu narratibo bat, oso garrantzitsua da guretzako istorioa ondo kontatzea. Denbora asko pasatzen dugu diskoaren ordena zein izango den eztabaidatzen guztiak kohesioa izan dezan. Batzuetan estiloak berak lortzen du kontinuismo sentsazio hori. Beste batzuetan letrak edo abestiaren intentsitateak eta honek hurrengoarekin duen harremanak adibidez. Gure diskografiaren kasuan, portadetan eta diseinu orokorrean, guztia uztartzen duen imajinario bat ikus daiteke.
Subaru bat doble filan abestian berriz, gehien izenburuak harrituko ninduela uste nuen, baina entzun ostean, bere musika izan da gehien harritu nauena. Def Con Dos taldea etorri zait burura.
Metodologia eta konposizio aldetik sekulakoa da abestia da. Normalean kantautore moduan akordeekin sortzen ditut abestiak etxean eta ondoren lokalean, hiruron artean garatzen ditugu; baina kasu honetan eta besteren batean ere horrela gertatu zen, Christian bateria erritmo bat jotzen hasi zen lokalean, Anttonek baxuarekin jarraitu zion eta horrekin bakarrik, beste era batera hasitako abestia da. Lukieken ohiko kantu batekin alderatuta, aurretik atzera egindako kanta da. Lehendabizi base erritmikoa dauka eta gero sartzen zaio melodia, horregatik ez da horren melodikoa, garrantzia ez dago melodian. Gehien gustatzen zaizkidan kantak dira hauek, gutxien ulertzen ditudanak eta hiruron arteko lanaren emaitza dira. Niri agian ez litzaidake horrelakorik bururatuko. Hor ikusten da benetan zer den taldea eta bakoitzak egiten duen ekarpena. Zerbait magikoa da hiru pertsonen sormena momentu batean batu eta hor ateratzen dena. Zuzenean, gainera, oso ondo funtzionatzen du abestiak. Oso harro gaude berekin.
Estilo edo soinu aniztasun honek entzule gehiagorengana iristeko aukera ematen al dizue?
Daukagun publikoarekin zortea izan dugula uste dut eta oso harrera ona izan dugu gure kantu guztiekin hasieratik. Kontziente gara egiten ditugun kantu batzuk agian ez direla zuzenerako egokienak, baina diskoan ongi geratzen direlako eta gustatzen zaizkigulako egiten ditugu. Kontrakoa pasa zitekeen, baina Subaru bat doble filan edota Ardi baltzenak abestiak ondo sartu dira zuzeneko errepertorioan, publikoak ongi erantzun du beraiekin. Gure abestiak desberdinak izan arren, marko berdinaren barruan daude sortuta eta zuzenean jotzen ditugunean ez dute diskoan daukaten beste geruza, sintetizadore edo bestelakorik. Zuzenean guztia bateria, baxu eta gitarra batekin egiten dugu eta kantuak dezente parekatzen dira formatu horretan.
Ez zait erraza egiten hitzez zuen musika deskribatzea. Nola egingo zenukete zuek?
Zerbait orokor moduan, rock alternatiboa egiten dugula esaten dugu. Hasi ginenean punk-grungera jotzen genuen gehiago baina orain indie asko daukagu eta baita puntu emo batzuk ere. Geuk ere ez dakigu oso ondo azaltzen eta horregatik esaten dugu rock alternatiboa egiten dugula (barrez).
Kolaborazio batzuk ere antzematen dira diskoan zehar. Zeintzuk izan dira?
Bai, beti izan ditugu kolaborazioak, gustatzen zaizkigu. Oraingoan Subaru bat doble filan abestian Adur taldeko Naroa Esturo agertzen da eta Belakoko Kris Lizarragak ere hartzen du parte pare bat abestitan. Orain arte egin ditugun hiru diskoetan agertu da Kris eta guztietan metodologia berdina erabili dugu: estudiora gerturatzen da da eta berak asmatzen duen hizkuntza baten melodia bat inprobisatzen du. Oraingoan Beilegi hori abestian egin du eta Vederatzi iritzi abestiko leloan ere sartu du ahotsa. Ardi baltzenak kantuan berriz, Sal Del Coche taldeko Lizardi Ceballosek, saxofoiarekin hiru zati inprobisatzen ditu. Lukieken ez dugu kolaborazio estrategikorik bilatzen, buelta gehiegirik eman gabe azken orduan ateratzen zaiguna egiten dugu. Kredituetan maitasun osoarekin aipatzen ditugu, baina ez ditugu diskoari bonboa emateko estrategia moduan ulertzen.
“Lukieken ez dugu kolaborazio estrategikorik bilatzen, buelta gehiegirik eman gabe azken orduan ateratzen zaiguna egiten dugu. Kredituetan maitasun osoarekin aipatzen ditugu, baina ez ditugu diskoari bonboa emateko estrategia moduan ulertzen”
Christianen Atico Stereo zigiluaz kaleratu duzue hau ere.
Egiten dugun guztian ahalik eta bitartekari gutxien izaten eta konfiantzazko lekuak aurkitzen saiatzen gara. Christianek proiektu hau du esku artean eta zer hobeto diskoa bere zigiluarekin kaleratu baino, ez zait gauzak egiteko modu hoberik bururatzen. Izan ditudan beste talde batzuekin zigilu, manager, editorial… desberdinekin aritu izan naiz lanean, baina gauza hauek taldeko batek egin dituenean sentitu izan naiz erosoen. Batzuetan ez da erraza, konfiantza gehiago dago gauzak esateko eta iritziak emateko, eta erabakiak hartzeko momentua zaildu dezake, baina badakizu taldearendako onena bilatzea izango dela helburua eta hori da beti aukerarik onena.
#1, #2 eta #3 dira orain arte kaleratu dituzuen diskoen izenburuak. Trilogia baten amaiera dela diozue diskoaren prentsa orrian eta elkarrizketan ere aipatu duzu trilogia terminoa. Baina zer amaitu edo aldatuko da hemendik aurrera?
Aurrerago beste zerbait egiteko aitzakia da. Lukiek 2015ean hasi genuen, gure lehen diskoan agertu ziren sei kanta egin genituen orduan, baina hamar urte pasa dira eta asko aldatu gara bai pertsona eta baita musikari moduan ere, eta nire ustez hiruko trilogia batek oso ongi borobildu dezake etapa edo imajinario artistiko bat. Gauzei forma ematea gustatzen zait eta uste dut hirugarren disko honek oso ondo borobiltzen duela orain arte egindakoa. Etorkizunean orain arte egin dugunarekin apurtzea da nire intentzioa, beste kolore paleta bat erabili eta beste tonalitate bat ematea egiten dugunari. Agian beste nonbaiten grabatzea izan daiteke. Ohartzen bazara, hiru disko hauetan bateria, baxua eta gitarra nahiko antzera entzuten dira euren artean, gu hirurok garelako da asko, baina baita leku berdinean grabatu dugulako ere. Konposatzerako orduan ere, egiteko modu batzuk ditugu, normalean nik egin izan ditut abestiak, baina orain agian beste era batera egingo nuke, apurtu egingo nuke horrekin ere. Orain arte nahiko kanta pertsonalak egin izan ditugu, baina agian momentu ona da hitzetan ere beste estilo batzuk sartzeko. Ez dakit zer etorriko den, baina guztia hiru bolumenetan itxita utzi nahi nuen. Hor geratuko da, ondo ordenatuta eta betirako. Etorkizunean ikusiko dugu, inork ez daki, agian oso antzekoa den zerbait egingo dugu, baina ez dut uste…
Zuen euskalkian abesten duzue eta hala abesten jartzen duzue zoazten gaztetxe, areto edo txosna bakoitza. Taldearen ezaugarrietako bat da ala?
Guretzat naturala den zerbait da. Hala ere, guztia ez dut gure euskalkian egiten, erritmoari edo melodiari euskara batua edo beste edozein euskalki hobeto badatorkio, horiek ere erabiltzen ditut, baina bai, gehiena Mungiako euskaran egiten dugu. Ez dakit zergatik hasi ginen horrela, baina izan daiteke lehen talde bizkaitar gehienek euskara batuan abesten zutelako izatea. Gatibu zen hortik alderatzen zen taldeetako bat eta polita iruditzen zait. Adibidez, Ingalaterrako Artic Monkeys taldea, Sheffield hirikoa da eta bertako ingelesean abesten dute. Hango kritikak eta publikoak txalotu egin izan du beraien hautua eta nire ikuspegiaren arabera, letra pertsonalak idazterakoan, ez diozu hizkuntza edo hitz egiteko modua autoinposatuko zure buruari ala? Aurretik talde batzuetan ingelesez abestu izan dut eta horren inguruan hausnartzen egon izan naiz. Egia esateko ez naiz oso eroso sentitu gauza pertsonal eta sakonak nire egunerokoa ez den hizkuntza batean abesten eta hortik dator gure euskalkian abesteko joera.
“Egia esateko ez naiz oso eroso sentitu gauza pertsonal eta sakonak nire egunerokoa ez den hizkuntza batean abesten eta hortik dator gure euskalkian abesteko joera”
Hirugarren disko honekin beste hamar abesti gehituko diozue zuen zuzeneko indartsu eta dibertigarrien errepertorio posibleari. Batekin, guztiak jo ahal dira, birekin, ia guztiak eta hirurekin, geroz eta abesti gehiago utzi behar dira albo batera.
Ez da erraza izaten, baina errepertorioa aldatzen joatea gustatzen zaigu. Aurreko diskoaren biran, zuzenekoetara bisak prestatu gabe eramaten hasi ginen. Ordutik aurrera, errepertorioa amaitu eta jendeak beste bat eskatuz gero, bis moduan ongi funtzionatu dezakeen abestiren bat eduki izan dugu hortik zehar badaezpada: Automata, Katuen testamentue, Bi polar eztabaidan… Aldian behin kantak errekuperatzeko gogoa sartzen zaigu eta polita izaten da. Kantu batzuekin aspertu egiten zara, baina denbora batean jo gabe utzi eta faltan botatzen dituzun momentua iristen da.
Izan duzue beldurrik edo zalantzarik egin zenuten geldialdiaren ostean ea publikoa non egongo ote zen?
Bai izan dugu. Berotasun handia sentitu genuen aurreko diskoarekin eta etorriko denari buruzko zalantzak beti agertzen zaizkizu. Baina momentuz ondo joan da dena. Aretoak egin ditugunean oso arropatuta sentitu gara eta horrela izan da udan eskaini ditugun kontzertutan ere. Ez dira egoera berdinak, baina sekulako giroa egon da. Erantzun ona izan dugu eta jendea hor egon da beti. Guk gurea egingo dugu ahal dugun eta ondoen eta espero dugu jendea ohi duen indarrarekin hor egotea, hori da helburua.
Kontzertu asko eskaini izan dituzuen taldea zarete, aurten areto batzuk eta hainbat jai pasatu dituzue. Zein bide jarraituko duzue hemendik aurrera? Urte bukaerara begira zer planteatzen duzue?
Uda igaro ostean areto gehiagotatik pasako gara eta taldearekin bidaiaren bat egiteko aukerarik badaukagu ongi etorria izango da. Aurreko diskoarekin Berlinen kontzertu bat eskaintzeko aukera sortu zitzaigun eta horren harira Christianek egin zuen lanari esker, bira potente bat lortu genuen Alemanian. Zalantza eta beldur asko genituen, zer egingo genuen guk Alemanian? Gure musika ez zen ezaguna, taldea ez zuten ezagutzen, euskaraz abesten genuen… Baina guztiak gainditu eta esperientzia oso aberasgarria izan zen. Jende eta talde berriak ezagutzeko aukera izan genuen, kontzertu oso onak eskaini genituen eta asko gozatu genuen. Hiruron artean beste heldutasun maila bat lortu genuen eta asko batu gintuen.
KONTZERTUAK