Agur duin bat egin nahi dutelako itzuli dira. 1960ko hamarkadaren amaieran lehen emanaldia egin zutenetik ia 60 urtera, azken dantza eskaintzeko igoko dira oholtzara elkarrekin Peio Ospital (Ezpeleta, Lapurdi, 1948) eta Pantxoa Karrere (Azkaine, Lapurdi, 1948). Oharkabean bezala luzatu zaie 2011n egindako etenaldia, eta ohartuki egin nahi dute despedida orain. 2027ko urtarrilaren 10ean emango duten kantaldiarekin itxiko dute euren ibilbidea, eta bihar jarriko dituzte sarrerak eskuragarri pantxoaetapeio.eus helbidean. 10:00etatik aurrera egongo da erosteko aukera. BERRIA emanaldiaren babesle izango da, eta, ondorioz, aurretiaz eta merkeago erosi ahalko dituzte sarrerak BERRIAlagunek. Bilboko Kafe Antzokian iragarri dute kontzertua, eta kanturako gogoz azaldu da bikotea bertan: amaitu dutelako prentsaurrekoa, abestu dutelako kameretarako pentsatutako kantua —Urtxintxak—, baina, mikrofonoak jadanik itzalita zeudenean, nahikoa izan dutelako argazkilariak elkarrekin jartzeko egindako eskaria, gitarrarekin akorde batzuk jo eta euren ondare zabaleko abestiak ahopean kantatzen jarraitzeko.

Pantxoa Karrere eta Peio Ospital musikariak, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kanturako duzuen gogoaren sintoma dira kantu horiek.
PANTXOA KARRERE: Bai! Kantatzeko gogo handiarekin gaude, bai.
Eta itxarongo duzue urtebete?
PEIO OSPITAL: Bai, bai. Prestakuntza lan handia egin behar dugu. Badira hamalau urte bikotea utzi genuela. Gure ibilbideari falta zitzaion horrelako irteera duin bat ipintzea; obra musikal batean organo punttua deitzen den hori. Kontzertu horrek emango digu horretarako aukera.
Esker onezko kontzertu bat izango dela ere esan duzue. Zergatik?
OSPITAL: Bi zentzutan ulertzen dut hori nik. Alde batetik, nik herriari agertu nahi diodan esker ona dago, hark hainbat urtez bizitzeko eman didan maitasun istorioagatik. Uste dut gure kantu zonbait gelditu direla gure herri honek biziraupenaren alde zeukan borrokarekin lotuta bezala. Kantaldiz kantaldi, urtez urte, halako maitasun istorio bat iruten joan da herriarekiko. Eta, beste alde batetik, kontzertu horrekin aukera izango du herriak beharbada gure bikoteari dion esker ona agertzeko. Eta, azkenik, nire partetik, bost biloba ditut, 20 urte inguru dituzte, eta ez naute inoiz ikusi oholtza gainean kantari bikotearen jatorrizko formatuan.
KARRERE: Gure kantari ibilbidean militante asko gurutzatu ditugu. Ikastolak sortu zituztenean hasi ginen gu kantuz. Militante ainitz ikusi dugu urteetan zehar, eta horiek isilpean pasatzen dira. Gu beti gara fokuetan, beti aurpegia jartzen. Eta kantaldi horretaz baliatuko gara gure ondoan izandako guztiei esker ona adierazteko.
“Gure ibilbideari falta zitzaion horrelako irteera duin bat ipintzea; obra musikal batean organo punttua deitzen den hori. Kontzertu horrek emango digu horretarako aukera”
PEIO OSPITAL / Musikaria
Itzaletan geratzen diren horiekin guztiekin igoko zarete oholtzara, beraz?
KARRERE: Borroka bera eraman dugu, guk gure sailean, kantuaren bidez, eta nahi genuke emanaldia horien guztien festa ere izan dadila. Eta gure mundutik joan direnak ere gogoan ukanen ditugu kantaldi hori egitean: Manex Pagola, Telesforo Monzon, Manex Erdozaintzi-Etxart…
Katebegi garrantzitsua izan zarete.
OSPITAL: 1960ko hamarkadaren hasieran, Mixel Labegueriek bide bat ireki zuen. Gai berriak ekarri zituen, eta estetika berri bat ere bai, kantuak gitarra batekin bere burua laguntzen, eta gu bide horretatik sartu gara: Ez Dok Amairukoak eta gu Iparraldeko kantari zonbait.
KARRERE: Nik estimatzen ditut Ez Dok Amairukoak. Gu familia euskaldunetik atera gara, baina gure gurasoak ez ziren abertzaleak. Gu 16 edo 18 urterekin abertzaletu gara. Labeguerieren, Benitoren [Lertxundiren], [Mikel] Laboaren disko tipiak entzuten genituen, eta ez nuen pentsatzen egunen batez gu ere kantuan arituko ginenik.
“Borroka bera eraman dugu, guk gure sailean, kantuaren bidez, eta nahi genuke emanaldia horien guztien festa ere izan dadila”
PANTXOA KARRERE / Musikaria
Gerora etorri dena ere ikusi duzue.
OSPITAL: Beharbada gure belaunaldiaren ekarpen handienetako bat izan da erreprimitua zegoen hizkuntza batean lehen aldikotz ausartu direla kantari batzuk oholtza gainera igotzera. Euskara erreprimitua baitzegoen, Iparraldean Hegoaldean bezala, ez molde berean, baina erreprimituta.
KARRERE: Eta hala dago oraindik.
OSPITAL: Euskaraz kantatzea bera subertsiboa zen berez, eta, gero, gainera aipatu dugun tematika hori zegoen. Politika mailan, prentsa mailan, berpizkunde izugarri bat izan da hor, uholde bat bezala, olatu bat bezala, eta gu hor kokatu gara, eta kantua ere hortxe kokatu da, eta agian kantuak indar gehiago eman dio olatu horri.
KARRERE: Ni segur naiz kantugintzak, kulturgintza guztiak bezala, abertzaletasuna goratu duela Iparraldean. Bide desberdinak dira, baina denek bat egiten dute: politikagintzak, nekazaritzak, sindikalismoak… Eta, orain, gu hasi ginenean baino gehiago ateratzen dira emakumeen eskubideak, eta klima aldaketa ere bai. Eta guk kantaldi horren bidez nahi dugu haien alde jokatu, diskriminazio denen kontra, eta herri zapaldu guztien alde. Palestinak jasaten duena bortizkeriaren paroxismoa da, eta guztiak izango ditugu gogoan.
OSPITAL: Hunkigarria egiten da gaurko belaunaldiak gure belaunaldiari dion errespetua. Hemen Pello Reparaz bete-betean sartu da [Zetak taldea Pantxoa eta Peio laguntzen dabil kontzertuaren antolakuntza eta zabalpen lanekin], eta Duplak ere aurtengo Herri Urratsen parte hartzeko eskaintza egin zigun. Fermin Muguruza ere duela urte gutxi agurtzera hurbildu zitzaidan, eta esan zidan: “Zuek ireki duzue bidea!”. Oso hunkigarria da hori.
“Politika mailan, prentsa mailan, berpizkunde izugarri bat izan da hor, uholde bat bezala, olatu bat bezala, eta gu hor kokatu gara, eta kantua ere hortxe kokatu da, eta agian kantuak indar gehiago eman dio olatu horri”
PEIO OSPITAL / Musikaria
Duplarekin batera Herri Urratseko sortutako kanta aipatu duzue. Hori izan zen 2027ko emanaldiko lehen hazia?
KARRERE: Bai, agian. Duplari esker, Pello Reparazi esker… Segur aski, oldar bat eman dute kantaldi horretarako.
2011tik ez zarete elkarrekin aritu. Zergatik erabaki zenuten etetea?
OSPITAL: Etenaldi bat markatu nahi izan genuen.
KARRERE: Ez du merezi esplikazioetan hastea. Horrela gertatu da, eta hala.
OSPITAL: Eta artean 14 urte joan dira.
KARRERA: Sobera fite pasatzen dira urteak.
Agur kontzertua erronka artistiko handia ere izango da.
KARRERE: Bai, baina plazer bat da. Lana ematen du, naski, baina plazerez egiten den lan bat da.






