Elkarrizketa

Ilargi Agirre

2016.02.12

Ilargi Agirre

“Jolas modura hartzen dugu abestiak egitea”

Elkarrizketa: Lenao

Kantaren zerbitzura abestea da euren asmoa, eta rock eta pop ukituko hamaika abestiz osatutako diskoa da horren lekuko. Oñatiko Lenao taldeak euren lehen lana kaleratu berri du formatu fisikoan (sarean udazkenetik dago), eta aurkezpen birari ekingo dio Iruñeko Infernu tabernan gaur. Egoitz Olalde (Sharon Stoner, Sorkun…), Joxeba Aranburu (Bitz…), Ander Etxaniz (Gas…) eta Iker Martinez de Zuazo (Latzen, Potemkin…) dira taldekideak. Azken horrek kontatu ditu taldearen nondik norakoak.

Lenao

Joxeba Aranburu + Egoitz Olalde + Ander Etxaniz + Iker Martinez de Zuazo = Lenao.

Zein izan da taldearen ibilbidea gaur egunera arte?
Joxeba eta biok aurretik beste talde batzuetan jotakoak ginen, eta elkarrekin zerbait egitea pentsatu genuen. Beste lagun batzuekin harremanetan jarri ginen, 2012an. Gure lehendabiziko kontzertua handik gutxira eman genuen, Oñatin, baina ondoren taldekide batzuek taldea uztea erabaki zuten, eta gaur egungo formazioarekin geratu ginen. Konposatzeari ekin genion orduan denboraldi luze batez. Oso garai oparoa izan zen. 34 abesti inguru sortu genituen, 2014ko amaierara arte.

34 abesti? Hiru disko egin daitezke horrekin!
Bai, baina txarrak ziren (barrez). Kontua da taldeko hiruk sortzen ditugula abestiak. Kanta osoak egiten genituen gainera, letrekin-eta grabatuta.

Sormen prozesu bitxia duzue.
Sortzen ibili ginen denboraldi hartaz oso oroitzapen onak ditugu. Jolas modura hartzen dugu abestiak egitea. Igandetan gelditzen ginen, eta proba modukoak jartzen genizkion elkarri. ‘Zuk, Ander, hiru akorderekin abesti bat egin behar duzu, eta letrak ez du amodiozkoa izan behar’, adibidez. Edota hamar segundoko ideiak eramaten genituen, eta besteek ideia horrekin abestia osatu behar zuten. Etxean ordenagailuan abestiak grabatzeko programak ditugu, eta hurrengo asterako etxeko lanak eginda eramaten genituen pendrive batean. Askotan zuri ez zaizu gustatzen zuk sortutako abestia, akats asko ikusten dizkiozu, baina taldekideei aldiz, asko gustatzen zaizkie. Ongi dago ideiak partekatzea. Oso dibertigarria izan zen garai hura.

Iazko udan grabatu zenuten diskoa Andoaingo Garaten. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Denok batera jo ahal izateko estudio bat nahi genuen, talde baten soinua islatu ahal izateko eta Kaki Arkarazorekin jarri ginen harremanetan. Aurretik esperientzia bagenuen estudioan, eta bakarrik klaketarekin jotzen duzunean oso hotza da dena. Zure helburua akatsik ez egitea izaten da. Gure helburua, aldiz, diskoan talde bat jotzen eta disfrutatzen ari dela antzematea zen. Musikari batek amesten duen zerbait da Garate bezalako baserri galdu batean hamar egun pasatzea. Egia da zailtasunak sortzen direla, norberak bere buruaren aurka borrokatu behar izaten duelako. ‘Hau egin nahi dut, baina ezin dut’, eta nekatuta bukatzen duzu. Egun luzeak eta intentsuak izaten dira. Oso oroitzapen ona daukat, baina momentu zailak ere izan genituen. Kakik asko lagundu zigun, eta oso eroso egon ginen harekin. Gustura geratu gara lortutako soinuarekin.

“Diskoan talde bat jotzen eta disfrutatzen ari dela antzematea zen gure helburua. Grabazioaren oso oroitzapen ona daukat, baina une zailak ere izan genituen”

Musika estiloari dagokionez, The Band eta Neil Youngen erreferentziak nabari daitezke. 
Bai, hala da. The Bandek ahotsak erabiltzeko zuen moduan, adibidez. Guk hasieran ez geneukan abeslari argirik taldean. Baxu jotzaile bat, bateria jotzaile bat eta bi gitarrista geunden. Abeslari berri bat topatu beharrean, guztiak abesten ikasten hastea erabaki genuen. Horrela, diskoko hamaika abestietatik sei Anderrek kantatzen ditu, nik hiru abestitan kantatzen dut eta beste batean Josebak.

The Band musikari talde bat zen abesti bakoitzari ahal den probetxurik gehiena ateratzen ziona. Eta guk ere halako zerbait egiten saiatzen gara. Kantak behar baditu bi ahots bi ahots sartzen dizkiogu. Ez dago protagonismorik, eta abestiaren zerbitzura kantatzea da gure nahia. Oso polita da motibazioa ere banatu egiten delako.

Aurretik noizbait kantatutakoa al zinen?
Ez. Orain dela urte pare bat hasi naiz ikasten, eta dezente aurreratu dut. Orain dela aste pare bat bakarkako kontzertu bat ere eman nuen Oñatin bakarlari gisa gitarrarekin, pentsa. Lan handia egin dut arlo horretan, eta asko ari naiz disfrutatzen kantatzen.

Haize instrumentuak ere sartu dituzue zenbait abestitan.
Tronboia eta tronpeta jotzen duen lagun batek parte hartu du. Armonika ere jotzen dugu eta pedal steel-a ere bai.

“Hasieran baxu jotzaile bat, bateria jotzaile bat eta bi gitarrista geunden. Abeslari berri bat topatu beharrean, guztiak abesten ikasten hastea erabaki genuen”

Zergatik kaleratu zenuen diskoa sarean iazko irailean, eta aurten formatu fisikoan?
Oñatin irailean izaten dira jaiak, eta erabaki genuen festetan jotzea eta sarera igotzea diskoa. Jendeak abestiak aurretik entzun eta jotzeko aukera polita zela iruditu zitzaigun. Gaur egun guk diskoak saltzen ez dugu dirurik ateratzen. Bestetik, bagenekin Egoitz bateria jotzailea aita izango zela, eta atsedenaldi bat hartu beharko genuela hori dela-eta. Diskoaren azala, logoa, diseinua… prestatzen ibili gara geroztik eta promozioa ere martxan jarri dugu.

Diskoaren azala Ander Etxaniz taldekidearen pinturetan oinarrituta dago. Zer adierazi nahi izan duzue?
Gure abestietako letrak oso zabalak izaten dira, ez gara batere zehatzak, entzuleari ateak zabalik utzi nahi dizkiogu. Portadako irudian ere berdin egin dugu. Ez genuen zerbait zehatza adierazi nahi, norberak interpretatu dezala nahi duen moduan. Izan daiteke txori bat, baina beste batek hondartza bat ikusiko du. Interesgarria iruditu zitzaigun joko hori egitea.

Zu zeu Latzenen eta Potemkinen aritutakoa zara. Adinarekin doinu lasaiagoetara jauzi egitean al da?
Izan daiteke. Niri beti gustatu izan zait rock lasai hau. Kontua da talde batean zaudenean taldekide asko izanda, denei gustatzen zaien estilo bat adosten dela. Aspaldidanik entzuten nuen estilo honetako musika. Adinarekin agresibitatea galtzen da. Gaztea zarenean energia nonbaitetik atera behar da, eta nire kasuan musika izan zen heldulekua.

_DSC9570

Oñatiko jaietan aurkeztu zuen Lenaok diskoa estreinakoz, joan den irailean.

Zer da musika zuretzat?
Hamabost urterekin hasi nintzen Latzenen jotzen. Asko gustatzen zait musika eta oso eroso sentitzen naiz, lan kontuetatik at egiten dakidan gauza bakarra da. Musika, sorkuntza mailan sartzen bazara behintzat, ez da inoiz bukatzen. Beti daude mila gauza ikasteko; beti dago aukera beste soinu bat lortzeko, beste nonbaitetik joateko, beti daude erronkak. Musika hain unibertso zabala da sekula ez naizela aspertzen.

Diskoaren bira hasiko duzue orain. 
Taldearen erritmoa hilabetean kontzertu bat ematea izango da, Egoitzen aitatasuna dela-eta. Talde txikia eta hasi berria gara, poliki poliki joango gara leku txikietan jotzen. Jendeari konbentzitzen joatea da asmoa.

Oñatiko ba al dago musika mugimendurik?
Bai badago. Lokal berriak daude, eta 30 talde inguru gaude. Egia da ez dagoela ikusgarritasun handirik, agian, batzuk oraindik talde gazteak dira eta ez dira diskoak grabatzen hasi baina mugimendua egon badago.

LENAO-REN HURRENGO KONTZERTUAK

  • otsailaren 12an, Iruñeko Infernu tabernan
  • martxoaren 12an, Oñatiko gaztelekuan (+ Zingira)
  • apirilaren 8an, Tolosako Bonberenean (+ Zingira)
  • maiatzaren 7an, Deustuko Gazte lokalean (+ Zingira)
  • ekainaren 4an, Legazpiko gaztetxean (+ Zingira)
ETIKETAK:Kaki ArkarazoLatzenLenaoPotemkinSharon StonerSorkunZingira