2025.11.28
Hirugarren diskoa kaleratu du SUA talde maruriarrak. Ane Barrenentxea (ahots nagusia), Janire Lopez (baxua eta bigarren ahotsak), Julen Gilbert Wright (gitarra) eta Esteban Gaviria (bateria) dira laukoteko kideak, eta inoiz baino soinu indartsu eta rockeroagoarekin datoz Bide ilunek argitzen zuten dena izeneko lanarekin. Hala ere ez pentsa goitik behera aldatu denik taldearen proposamena, ohikoa duten soinu eta melodia pertsonalek hor jarraitzen baitute. Honetaz guztiaz eta beste hainbat kontuez hitz egiteko asmoz elkartu gara Ane Barrenetxea Urrutiarekin (Mungia, Bizkaia, 1992). Momentu ilun edo txarretan pertsonok daukagun onena atera ohi dugu barrutik, eta baliteke SUAk ere hala egin izana; seguru dena, maila honetako diskoekin musikazaleon bidea argitzen jarraituko dutela da. Eta gu, pozik.
Azken diskotik hiru urte pasa ostean argitaratu duzu Bide ilunek argitzen zuten dena. Zertan pasa dituzue urteok?
Aurreko diskoarekin zuzeneko asko eskaini genituen eta gelditzeko eta lasaitzeko beharra sentitu genuen momentua iritsi zitzaigun. Musika sortzeak denbora eta inspirazioa eskatzen du eta pertsonalki ere berriz martxan hasteko momentua zela sentitu arte itxaron genuen. Poliki-poliki joan ginen, gu ez gara musikara dedikatzen eta gutako bakoitzak bere egitekoak eta lehentasunak ditu taldetik aparte. Sortzen hasi ginenean buelta asko eman genien abestiei, kasu batzuetan ez zitzaizkigun gustatzen nola zeuden eta moldaketa horietan ere denbora asko pasa genuen. Behin prozesua amaituta, oso pozik gaude lortutako emaitzarekin eta geure buruei eta abestiei behar zuten denbora eskaini diegula sentitzen dugu.
Lehen bi diskoak Haritz Harreguyrekin grabatu ostean, Tio Pete estudioan izan zarete oraingoan Jose Lastrarekin. Zer nolako esperientzia izan da?
Haritz oso profesional ona da eta pertsona moduan ere bikaina, baina Usurbil (Gipuzkoa) nahiko urrun geratzen zaigu etxetik, eta lanetik irten, bertara iritsi eta grabatzen hasi orduko denbora asko pasatzen zitzaigun. Guretzako erosoagoa izango zen zerbait nahi genuen oraingoan eta hala erabaki genuen Jose Lastrarekin grabatzea. Aurretik hainbat aldiz egin izan digu soinu teknikari, bere estudioa ezagutzen genuen eta gertutasunak ematen zigun erosotasunaz gain, konfiantzazko pertsona batekin grabatzeko aukera genuela sentitzen genuen. Urdulizen (Bizkaia) dago bere estudioa, kotxean joanda hamar minutuan daukagu eta oso gustura egon gara berarekin.
Bide ilunek argitzen zuten dena. Zer esan nahi duzue izenburuarekin?
Argitaratu ditugun diskoen izenburuak elkarlotuak daude: lehen diskoaren izenburua Ordu beltzak izan zen, bigarrenarena Gorde genituen beldurrak eta hirugarren hau Bide ilunek argitzen zuten dena eta zirkulua ixten da berarekin. SUAren abestiak nahiko ilunak dira, iluntasuna gure parte da, eta pertsonalki bizi izan nuen momentu ilun batean oinarritu nintzen disko honetako letrak idazterakoan. Denok bizi ahal ditugu momentu ilunak eta nire kasuan, iluntasun horretatik irteteko argitasuna ematen duen pertsona ni neu nintzela konturatu nintzen. Loratzen abestian esaten dugun moduan, norbera da bere salbatzailea, hortik garatu dugu diskoaren kontzeptua. Hasieran izenburua luzeegia zela esan zidaten, baina nik argi sentitzen nuen hori zela egokia. Diskoko abestiek, nahiz eta istorio desberdinak kontatu, abiapuntu berdina daukate, momentu ilun bat. Kutsu hori eman nahi genion diskoari, baina entzuleen esku geratzen da bere interpretazioa egitea.
“Diskoko abestiek, nahiz eta istorio desberdinak kontatu, abiapuntu berdina daukate, momentu ilun bat”
Nola konposatu dituzue abestiak?
Gure konposatzeko modua beti da berdina. Lehenengo, musikaren oinarria sortzen dugu baxu edo gitarra linea batekin; bigarren, bateria sartzen dugu, eta azkenik, melodia sortzen dugu ahotsarekin. Letrak melodia definitu ostean idazten ditut, musikak eramaten nau hitzengana. Disko honetan Julenek gitarra proposamen interesgarri asko eraman ditu lokalera eta momentu askotan hortik abiatu gara abestiak sortzen eta engranatzen joateko.
Soinu aldetik, egin duzuen lan rockero eta zuzenena iruditu zait. Oso indartsu entzuten da guztia eta oso erraz entzuten da hasieratik amaierara.
Bai rockeroagoa da agian. Kaña kontzeptua aurrekoetan baino presenteago izan dugu eta nabari da indar hori. Zuzeneko taldea garela esan izan digute eta agian gure diskoak etxean entzutean ez da sentitzen zuzenekoetan daukagun indar hori, baina nik uste disko honetan hobeto islatzen dela aipaturiko indarra.
Etsaiek eta Loratzen bezalako abestietan 90. hamarkadako rock alternatiboa oso presente dagoela iruditu zait. Esan duzu SUAren musika iluna dela eta hala da, baina aipaturiko bi abesti hauek adibidez, ez zaizkit horren ilunak iruditzen. Energia txutea ematen dute.
Bai, egia da, eta kuriosoa da, normalean musika ilunagoa egitera ohituta gaudelako. Julenek esaterako, Loratzen abestia jotzea zein dibertigarria den aipatzen du. Bera argitaratu genuenean lankide batek poperoa dela esan zidan, baina nik ez nuke esango poperoa denik, melodia alaiak dituela baizik. Abestiak melodian duen dantza azpimarratuko nuke. Bide ilunetan zaudenean, beti zaude dantza batean sartuta, izan negarretan edo izan alaitasunean, beti oreka bat mantendu nahian.
Dena den, zuen betiko esentzia ere presente dago Santu edo heroi edota Emakume jantzia bezalako abestietan. Oso disko kohesionatua iruditu zait orokorrean. Atseden gutxi eskaintzen ditu, baina oso natural uztartzen dira momentu indartsuak eta lasaiak.
Diskoa sortzerako orduan abestien ordena aukeratzea erabaki garrantzitsua da, guztiak dauka bere esanahi eta zergatia. Horri ere denbora eskaini genion.
Euskara duzue hizkuntza nagusia, baina aurreko diskoetan bezala, ingelesez ere badaude abesti batzuk, bi zehazki. Nola erabakitzen duzue hizkuntza bat ala bestea erabili?
SUAn egon aurretik, Janire eta ni beste talde batean egon ginen eta ingelesez abesten nuen guztia, ez nuen behar bezala apreziatzen nire ahotsa euskaraz, ez nuen argi ikusten. Denborarekin gauzak aldatu egiten dira eta gaur egun SUAren oinarrietako bat euskara da. Hala ere, abesti batzuek ingelesez beste puntu bat izan dezaketela iruditzen zaigu eta hori gertatu zaigu Know It All eta Rollercoaster abestietan. Hasieratik sentitu genuen ingelesez izan behar zirela. Komentatu izan ziguten disko guztia euskaraz egiteko edo aipaturiko abestiak euskaraz probatzeko, baina ez ziren natural ateratzen, eta naturala ez denak bere balioa galtzen du. Egia esateko, hizkuntzaren unibertsaltasun hori ere gustatzen zaigu eta kontsumitzen dugun musikaren parte da. Biak mantendu nahi ditugu, baina argi daukagu euskarak eduki behar duela balio handiena.
Ingelesez abesten duzuen abestietako batean dago diskoko kolaborazio bakarra, baina a ze kolaborazioa. The Baboon Show taldeko Cecilia Boströmek diskoa ixten duen Rollercoaster abestian parte hartzen du. Suposatzen dut ilusio handia egingo dizuela. Nola gauzatu zen?
Lehen aldia da disko batean kolaborazio bat dugula eta bera Cecilia izatea sekulako ohorea da guretzat. The Baboon Show taldearekin Euskal Herrian eta Burgosen kontzertu batzuk eman genituen 2023an eta bertan sortu zen beraiekin daukagun harremana. Gustura egon ziren gurekin eta Alemanian bira bat egiteko proposamena egin ziguten 2024an. Imajinatu, Alemanian kontzertuak jotzen eta The Baboon Show taldearekin gainera, sekulakoa izan zen. Ordu dezente pasa genituen elkarrekin eta gure arteko harremana gehiago sendotu zen. Disko hau sortzen genbiltzala, Ceciliarekin kolaborazio bat egitearen ideia atera zen hortik eta aurrera egitea erabaki genuenean, animatu eta idatzi egin genion. Argi geneukan Rollercoaster abestia zela beretzako aproposena. Oso ondo eta natural geratzen da bere ekarpena.
Bai, horren natural abestia beretzat idatzita dagoela esango bazenu ere lasai asko sinetsiko genizula…
Bai, izan zitekeen baina ez da hala izan. Guretzat eredu dira eta beraiekin bira egiteak eta horrenbeste gauetan beraiek entzuteko eta ikusteko aukera izateak baliteke abestian eragin izana. Zalantza barik, influentzia bat dira guretzat.
Ximon Agirre arduratu da diskoaren diseinuaz. Aurretik ere ezaguna dugu, besteak beste, Lukiek taldearekin egin duen lanaren ondorioz. Estilo propioa du eta nabari da bere eskua. Zer dela eta jo duzue berarengana?
Aurreko bi diskoen diseinuak Garazi Aranok egin zizkigun eta oraingoan zerbait desberdina probatzeko nahia geneukan; hor atera zen Ximonen izena. Laguna da eta oso onak iruditzen zaizkigu egiten dituen lanak, gustuko dugu bere estiloa. Egia esaten badizut, disko bat osatzerakoan azala aukeratzea da momenturik zailena niretzako. Hain zabala izan daiteke prozesua… Norberak ideia edo nahi bat izan dezake buruan eta hori diseinatzaileari transmititu, eta honek, estetikoki gustuko duzun zerbait eman ahal dizu bueltan, baina baliteke zuk buruan duzun kontzeptua ez ulertzea edo ez islatzea egindakoan. Baina kasu honetan, diseinuko koloreetan izan genuen zalantza gehien, bakoitzak bere aukera zuen eta adostasunera heltzea ez zen erraza izan. Baina ukaezina da Ximonek lan bikaina egin duela.
“Elkarrizketaren irakurleei hurrengoko galdera egingo nieke: azalari egindako lehen begiratuan, inkontzienteki, non jarri duzu fokua? Kanpoko adarren forman? Edo barruko pertsonarengan?”
Nor da azalean zuhaitz artean harrapatuta ageri den pertsona?
Momentu batean edo bestean guztiok bizi ditzakegu momentu ilunak, beraz, edozein izan daiteke pertsona hori. Azala egiterakoan aukera desberdinak izan genituen; lehen aukera, guztia ilun egotea eta pertsona horrek dena argitzea zen, baina Ximonek horri beste ikuspegi bat eman nahi zion. Irudian agertzen diren adarrek, pertsona baten aurpegia irudikatzen dute, barruan dagoen pertsona horren barne pentsamenduen adierazle bezala. Askotan gure pentsamenduen preso bizi gara, mugatuta, harrapatuta. Elkarrizketaren irakurleei hurrengoko galdera egingo nieke: azalari egindako lehen begiratuan, inkontzienteki, non jarri duzu fokua? Kanpoko adarren forman? Edo barruko pertsonarengan?
Disko dezente argitaratzen dira urte sasoi honetan Euskal Herrian. Ezagutzen ez zaituzten norbaiti nola aurkeztuko zenioke Bide ilunek argitzen zuten dena? Zer eskaintzen du?
Disko honek denborak eta esperientziak ematen dituzten heldutasun musikala duela esango nuke, landua dela, soinu bereziak dituela eta abestietan norberak interpretatzeko istorioak kontatzen direla. SUA guretzat indarra, aldarrikapena eta zuzenekoetan bizi behar den zerbait da, baina baita etxean denbora hartu eta lasai entzun behar dena ere. Bi eratara gozatu daiteke.
Janire eta biok oso gazte hasi zineten musikaren munduan Dekot taldearekin eta batera jarraitzen duzue ordutik. Pertsona garrantzitsua izango da zuretzat.
Bai, horrela da, berarekin egin dut nire ibilbide musikala. Dekoten abeslaria nintzenean, beste baxu-jole bat geneukan hasieran, baina denbora gutxira sartu zen Janire. Dekot bukatu zenean, edo hobeto esanda, pertsona batek niretzat tokirik ez zela erabaki zuenean, Janirek uko egin zion taldeari eta bere erabaki horri esker jaio zen geroago SUA. Erabaki hartan argi eta garbi islatu zen emakumeen arteko ahizpatasuna, elkartasuna, babesa eta batasuna; bidegabekeri baten aurrean Janirek ez zuen beste alde batera begiratu. Gauzak zerbaitengatik gertatzen dira eta horrela izan behar zuen. SUA familia bat gara eta musika modu lasai batean sortzen dugu, taldekide guztion iritziak entzuten eta errespetatzen diren ingurune batean eta milaka ordu gaude batera. Giro ona ezinbestekoa da proiektu bat aurrera eramateko.
Julen eta Estebanek osatzen dute laukotea. Laukote kohesionatua zaretela ematen du kanpotik begiratuta.
Bai, zorionez denok gara garrantzitsuak taldean eta denon iritziak balio du. Julen eta Esteban iritsi aurretik beste musikari batzuk egon ziren gurekin, baina gauza batengatik edo besteagatik ez ziren geratu. Oso gogorra izan zen hasiera eta kosta egin zitzaigun proiektuan bere lekua aurkituko zuen jendea aurkitzea. Baina beraiekin lan egitea oso erraza izan zen hasieratik eta laukote sendoa garela azpimarratuko nuke, bakoitzak bere lekua eta garrantzia su SUAn.
Zein izango zenuke izan dela urte hauek eman dizuen ikasketarik garrantzitsuena?
Musika talde batek musika sortzeko eta aurrera egin ahal izateko, taldea familia bihurtu behar dela. Norbere buruari eta harremanei buruz asko ikasten da musika talde batean baldin bazaude eta aurrera egiteko berebiziko garrantzia du errespetuak eta giro onak. Ordu eta erabaki asko hartu behar dira eta ez baduzu gustura egiten edo ez bazara ondo sentitzen galdu egiten da musikaren esentzia. Profesionalki musikaria izango nintzatekeen galdetzen didatenean, zalantza izaten dut, musikari profesionala izan ezkero musikarekiko dudan ikuspegia aldatu egingo litzatekeela iruditzen zait. Gustuko dudalako eta familia kontsideratzen dudan lagunekin egiten dudalako egiten dut musika.
“Norbere buruari eta harremanei buruz asko ikasten da musika talde batean baldin bazaude eta aurrera egiteko berebiziko garrantzia du errespetuak eta giro onak”
Zer suposatzen du Euskal Herrian emakume musikaria izateak gaur egun? Nola ikusten duzu egoera?
Emakumeak beti egon dira baina ez zaie merezi duten fokua eskaini eta paper inportantea da gurea. Garrantzia izan behar dugu guk ere eta horretarako emakumeak aktibo egotea behar da. Zifra bat izateari utzi eta urte mordo batean gizonek egin duten musika estiloak egiten egotea garrantzitsua da. Emakumearen estiloa pop musikara egon da lotuta, rockaren eta gitarren musikan ez dira horrenbeste jarri izan agerian eta erreferente falta izan dugu. Beste talde batzuekin batera, gu ere musika eszenan agertzea eta neska gazteek musika egiten ari garela ikusteak bere balioa duela uste dugu. Emakume taldeak bistaratu egin behar dira, eta ez talde arrakastatsuak soilik elikatzen jarraitu, askotariko taldeak gaude eszenan. Begiratu Zea Mays taldeak Elektrizitatea abestian zenbat emakume batu gaituen.
Bai, egia da. Opari polita izan da Zea Maysek Elektrizitatea abestiarekin eman diguna. Nola bizi izan duzue esperientzia?
Sekulako ilusioa egin zidan proposamena jasotzeak, gustuko dut Zea Mays eta zer esanik ez Elektrizitatea abestia. Estrofaren zati bat abesten dut eta sekulako ohorea izan da. Emakume guztien artean Elektrizitatea abestea, entseguetan sortzen zen indarra sentitzea, zuzenean sentitu genuen zirrara… ileak puntan jartzekoa izan da guztia, oso berezia. Hor dago emakumeon indarra. Oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da, ez dugu ahaztuko.
Urte osoa da ona kontzertuetarako, baina negu partean giro berezia sortzen da gaztetxe eta areto txikietako kontzertuetan. Diskoa atera berri, nola dator zuen agenda?
Durangoko Azokan joko dugu, baina ez azokaren egitarauan. Herriko taberna parean, kaleko kontzertu bat eskainiko dugu abenduaren 5ean, hurbilagoa, punkiagoa. Aurrera eginda, abenduaren 19an Donostiako Dabadaba aretoan izango gara Marte Lasarte taldearekin batera, eta urtarriletik aurrera gaztetxeetan eta aretoetan hasiko gara kontzertuak eskaintzen.
Sarritan aipatzen da debutaren freskotasunaren eta bigarren diskoaren espektatiben ostean hirugarren diskoak markatzen edo egonkortzen duela musika talde baten ibilbidea. Denborak esango du, baina nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
Disko honen aurkezpenarekin gozatu nahi dugu orain, eta gure musika zabaltzeko ahalik eta kontzertu gehien eskaintzea da ideia. Gu ere bizitzako beste heldutasun batekin batera goaz eta edozer pasa daiteke. Ez dugu pentsatzen SUA amaituko denik, ezta gutxiagorik ere, baina kontziente gara aurrerago gure bizitzako lehentasunak edo helburuak aldatu egin daitezkeela. Beraz, denborak esango du. Baina orain, esperientziak eta ikasketek eman diguten heldutasuna sentitzen dugu soinu aldetik, eta momentu hau aprobetxatu, eta oraina gozatu nahi dugu aurkezpen kontzertuetan.