2026.07.20
Eztandap-ek Itzalak aurkeztu du, taldearen hirugarren lana, eta hazkunde natural baten emaitza dela defendatzen dute. Jondi bateria jotzaile berriaren etorrerak indarra eta ñabardura berriak ekarri dizkio taldeari, Martin Capsularen ekoizpenak jauzi sonoroa eman dio diskoari, eta nortasun bisuala ere inoiz baino zainduago landu dute. Hala ere, taldeak ez du “inflexio-puntu” hitza bere egin nahi: euren ustez, urteotan eraikitzen joan diren bidearen beste pauso bat baino ez da.
Diskoaren erdigunean, ordea, ez dago aldaketa estetikoa, baizik eta mezu pertsonala. Itzalak zauriak, beldurrak eta norberaren arrakalak onartzeko ariketa da, kintsugi kontzeptutik abiatuta eraikitako lana: hautsitakoa ezkutatu beharrean, ikusgarri bihurtzea. Filosofia horretatik abiatuta hitz egin dugu Eztandap-ekin, disko berriaren sormen prozesuaz, Jondiren ekarpenaz, euskal rockaren egoeraz eta etorkizunari begira duten ikuspegiaz.
Badirudi Itzalak-ek Eztandap-en aro berri bati hasiera ematen diola. Bateria berria, grabazioa Martin Capsularekin, nortasun bisual zainduagoa eta anbizio handiagoa sumatzen dira. Zuek ere sentitzen al duzue disko hau taldearen ibilbidean inflexio-puntu bat dela?
Ez dakigu inflexio puntu bat den, baina bidean gora beste aurrerapauso bat dudarik gabe. Urte batzuk daramatzagu eta hau hirugarren diskoa da jada; egiten dugun gauza berri bakoitzean gorantza egiten saiatzen gara, eta uste dugu lan honekin ere horrela izan dela. Oso gustura gelditu gara, eta ezagutzen gaituztenek ere horrela adierazi digute.
Bateri jotzaile aldaketa batek erritmoa baino askoz gehiago aldatzen du askotan. Zer ekarri dio taldeari bateria jotzaile berriak, bai musikalki bai pertsonalki?
Batez ere, indarra eta intentsidadea irabazi dugu Jondirekin. Diskoan bere ukitua asko igartzen da, baina zuzenekoetan are gehiago sumatzen dela esango genuke. Berak duen kalitateaz gain, kultura musikal handia du eta genero anitzetan trebatu izan da hainbat talderekin gurekin hasi aurretik. Egia esanda, Jondi bidean aurkitzearekin zorte ikaragarria izan dugu.
Konposatzeko edo entseatzeko modua ere aldatu al duzue?
Alde horretatik ez dugu aldaketa askorik igarri, nahiz eta Jondik ere ideia berriak ekarri dizkigun, nola ez. Lehen ere kideren bat ideia batekin etortzen zen entsegura eta horri heltzen genion denok batera kanta aurrera ateratzeko eta horrela jarraitzen dugu, sormen prozesu hori asko disfrutatzen baitugu; dena den, egia da orain arte Asier Fernandez izan dela beti edo ia beti ideia horrekin zetorrena eta oraingoan badaude pare bat abesti Melasen eta Jondiren hazietatik sorturikoak.
“Ez dugu gure estiloa sailkatu nahi; gure sonoritatea aurkitu dugu”
Itzalak nola jaio zen? Hasieratik horrela pentsatutako diskoa izan da, ala pixkanaka eraiki da, kontzertuen, taldekideen aldaketen eta ideia berrien artean? Nondik dator inspirazioa?
Lehenengo momentutik bazen kanta guztien artean elementu komun bat, zailtasunetatik ateratzeko norbere barne indarrari erreferentzia egiten ziona. Hortik abiatuta, kintsugi terminoa proposatu zuen Asierrek, apurtutako zeramikak konpontzeko japoniar metodo bat dena, konpondutako arrakalak disimulatzen saiatu ordez, are gehiago markatzen dituztenak kolore deigarriz. Horrela, norbere zauri, beldur edo akatsak tapatu ordez presentzia ematea nahi genien, orain garena izateko ikasketa prozesu bezala erreibindikatuz. Hala ere, kintsugi hitza arrotza egiten zitzaigun sonoridade aldetik eta horregaitik aldatu genuen Itzalak terminora baina zentzu berdina mantenduz nolabait, eta arlo grafikoan ere horrela adieraziz.
Diskoaren izenak interpretazio askotarako atea irekitzen du. Zer dira zuentzat “itzalak”? Barruko zerbait dira, gizarteari lotutako zerbait, ala nahiago duzue entzule bakoitzak bere esanahia aurkitzea?
Esan bezala, arlo pertsonaletik doa gehiago. Dena den, beti daude gizarteari begira dauden mezuak, azken finean, badaudelako arazo pertsonalen eta tokatzen zaigun gizartearen arteko loturak; horren abiadura bizian eta era superfizialean joatea eta horrek dakarren itxurakeria, esaterako.
Alde bisualean ere jauzi nabarmena eman duzue. Gaur egun abestiak askotan banaka kontsumitzen diren arren, zein garrantzi du zuentzat diskoaren inguruan unibertso bisual oso bat eraikitzeak?
Kasu honetan ere Jondik asko lagundu du. Bera disenatzaile grafikoa da eta lan handia egin du arlo horretan. Ideiak, musika bezala, guztion artean sortu badira ere, berak itzel plasmatu ditu.
Ba al dago diskoaren norabidea markatu zuen abestiren bat?
Abestiak egin bitartean ez dugu kontzienteki horrelakorik sentitu baina atzera begira agian Itzalak izan daiteke apur bat sonoridadearen ikuspuntua zabaldu diguna. Hasieratik iruditu zitzaigun zerbait berria zekarrela eta hor konturatu ginen zer egin genezakeen bateriako fitxaketa berriarekin batera. Orain arte hainbeste erabili ez ditugun gitarra efektuak (Phaser, Delay, Wah-wah,…) probatzen hasi ginen eta geroago ere beste abestietan sartu ditugu. Abestiren bat aipatzekotan, Itzalak izango litzateke.
Lehen lana eta Itzalak alderatuta, zer mantentzen da ukiezin Eztandap-en izaeran? Eta zer utzi duzue atzean inolako nostalgiaz begiratu gabe?
Esentzia berdina mantentzen dugula esan genezake. Hasieratik kostatu zaigu gure estiloa zein den sailkatzea, rocketik abiatzen bada ere argi eta garbi, abesti bakoitzak estilo desberdinetara jo dezakeelako hard rock, funk, blues,… kutxu handiagoa izan dezakeelako abesti bakoitzak. Disko honek ere ildo berdinetik jarraitzen du; dena den uste dugu honezkero gure sonoridadea zein den nahiko markatuta daukagula jada, horrenbeste denboraren ostean. Era berean, ez dugu orain arte egindako ezer baztertu eta beti dago berreskuratzeko aukera. I Got The Sky abestia horren adibide garbia da; orain dela hainbat urte grabatu genuen baina zerbait falta zitzaiola iruditzen zitzaigun… Hemendik eta handik aldaketak egin ostean diskoan sartu behar genuela argi ikusi genuen azkenean.
Gaur egun gero eta zailagoa dirudi rockean nortasun propioa aurkitzea. Zuek presio hori sentitzen al duzue, ala nahiago duzue modu naturalean ateratzen zaizkizuen kantuak egitea, beste ezeren gainetik? Zelan ikusten duzue euskal rocka egun?
Egia da gaur eguneko mugimendua beste alderdi batetik doala zati handi batean, baina guk guri gustatzen zaiguna egingo dugula argi daukagu. Lehenengo guk gozatu nahi dugu, hortik aurrera gainerakoek disfrutatzea lortzen badugu itzel. Euskal eszena orokorrari dagokionez, inoiz baino aniztasun handiagoa dago duda barik eta maila polita dela iruditzen zaigu.
“Euskal eszena orokorrari dagokionez, inoiz baino aniztasun handiagoa dago duda barik eta maila polita dela iruditzen zaigu”
Disko berri bat aurkeztean beti dago oreka zail bat: publikoak espero dituen kantuak jotzea eta oraina defendatzea. Nolakoak irudikatzen dituzue aro berri honetako kontzertuak? Zer leku izango du Itzalak-ek zuzenekoetan? Birarik egongo da?
Ari gara kontzertuak jotzen uda honetan, Euskal Herritik gehienbat, eta Galiziatik ere ibili gara. Orain gehien gustatzen zaiguna, eta gusturen somatzen garena jotzen azken disko hau da eta ia osorik jotzen dugu zuzenekoetan, baina aurreko bi diskoetako kantak ere sartzen ditugu. Beraz Eztandap-en ibilbide osoa zuzenekoetan islatzen saiatzen gara.
Urte batzuk barru disko honi berriro begiratzen diozuenean, zer gustatuko litzaizue adieraztea Eztandap-en historian? Aro berri baten hasiera izatea, inflexio-puntu bat, ala une jakin hartako taldearen erretratu zintzoena?
Denborak bakarrik erantzun ahalko du baina momentuz, esan bezala, beste aurrerapauso bat bezala ikusten dugu diskoa. Inflexio puntu bat bilakatzen bada onerako etorkizunean, ongi etorria izan dadila.