Elkarrizketa

Joseba Juanena

2020.11.02

Joseba Juanena

“Metalak asko galdu du Iparraldean”

Elkarrizketa: Jon (Ztah taldeko gitarrista)
Ztah 2020

Ztah taldea boskote bilakatu da ‘Aska nazazu’ grabatu ostean.

Hamar bat urte pasa dira garai haietan nuen taldearekin eman genuen kontzertu hartatik. Nu metala eta hardcorearen arteko nahasketa bat egiten genuen guk eta gaztetxe eta herriko plazetan ematen genituen kontzertuetan ohikoena punk eta ska taldeekin batera jotzea zen; beraz, emanaldi haietan talde gogorrena gu izaten ginen. Ondo gogoratzen dut ordea, Itsasuko (Lapurdi) Goxoki gaztetxean eman genuen kontzertu hura, non ipar Euskal Herriko bi talderekin partekatu genuen gaua. Ez nituen bi talde haiek ezagutzen, baina soinu proban jada harrituta geratu nintzen, bi taldeek gurea baina askoz metal astunagoa jotzen baitzuten, eta gau hartako erromeria gu izango ginela komentu nien taldekideei txantxetan, gutxitan gertatu zitzaigun bezala.

Ez dut gogoratzen bi talde haietako baten izena, baina bestearena ez dut orduz geroztik ahaztu, jotzen hasi orduko harrituta utzi baininduen: bateria bortitz bat eta zazpi edo zortzi sokako gitarra bat bi amplifikadoretara entxufatu eta sekulako pisua zuen musika jotzen hasi ziren. Talde hura Ztah zen eta geroztik haren arrastoa jarraitu dut. Berriki atera duen Aska nazazu hirugarren lana aitzakia dela, Jon gitarristarekin mintzatu gara.

Gogoratzen al duzu gau hura?
Gogoratzen dut, bai, duela zortzi urte izan zela esanen nuke. Zuen taldearen kontzertua konkretuki ez dut ondo gogoratzen, baina gau hura gogoan dut. Hirugarren taldea uste dut Baionako death talde bat zela baina orain ez dut izena oroitzen.

Sensazio hutsa da eta oker egon naiteke, baina uste dut kontzertu hura Ztahren lehenetarikoa izan zela. Noiz eta nola hasi zen taldea?
Bai, sei kantuko lehen lana atera genuenean izanen zen eta lehena ez baina lehenetarikoa izan zen. Aspaldidanik beste talde batzuetan batera ibiliak ginen Oier bateria jolea eta ni, eta 2009. urte inguruan hasi ginen proiektu honekin. Segidan Itsasuko Pilo batu zitzaigun baxuarekin. Kantari baten bila ari ginela, Donibane Lohitzuneko gaztetxean mezu bat pasa genuen eta lehendik ezagutzen genuen Iñaki Plaa batu zitzaigun, nahiz eta berez bateria jole izan kantuan saiatu nahi zuela esanez. 2010. urtean Ztah taldea osatuta zegoen eta 2011 inguruan lehen lan txikia grabatu genuen Iñakiren gidaritzapean. Hor jada lehen kontzertuak ematen hasi ginen, zuk aipatutako kontzertu hori barne. 2016. urtean Inorabidea atera genuen; askoz lehenago hasiak ginen grabaketarekin, baina arazo teknikoek dexente atzeratu zuten diskoa. Hau ere Iñakirekin grabatu genuen, guztia autoekoizpenaren bidez.

Hirugarren lan hau ere autoekoizpena da erabat, ezta? Do it yourself delakoarekin oso identifikatuta al dago Ztah?
Bai, masterizazioa lagun batek egin digu, baina beste guztia, grabaketa, nahasketak, grafismoa eta abar, guk eginak dira. Bideoklip bat ere egin genuen “Denboraren zama” kantuarekin eta hau ere guztiz autoekoitzia izan zen.

Buruari buelta dexente eman dizkiot baina ez dut inolako konklusiorik atera. Beraz, zuk argitu beharko didazu: nondik dator taldearen izena?
Hastapen batean, Oier eta ni Hats taldean ibiliak ginen, duela 20 urte inguru, eta ez genekienez zein izen jarri taldeari, Hats izenari buelta eman eta Stah atera zen, orduan “s”-a “z” batengatik aldatu eta Ztah geratu zen. Ez dauka beste esanahirik.

Ez naiz oso etiketazalea, baina musika munduan, eta esanen nuke metal musikaren barruan askoz gehiago, oso ohikoa da etiketak jartzea. Batzuetan badirudi etiketarik gabeko talde bat ondo definitu gabeko talde bat dela. Zer musika estilo egiten duzuela esanen zenuke?
Arrazoia duzu, gainera batzuetan oso zaila da etiketak jartzea. Gure estiloari dagokionez, esan beharra da hiru lanak nahiko desberdinak direla. Hasiera batean hardcore eta thrash nahasketa bat egiten genuela esan daiteke, baina aldaketa handia egon zen bigarren lanean. Zortzi sokako gitarra erabiltzera pasa nintzen Meshuggah eta horrelako taldeen eraginez eta hor hardcore gutxiago dago eta pisutsuagoa da musika. Hirugarren diskoan ildo horretatik jarraitu dugula uste dut. Deathcore izan daiteke, djent-a ere, eta batzuk esan digute groovecore-a ere izan daitekeela. Azken finean estilo askoren nahasketa bat da.

Meshuggah aipatu duzu eta nik haren eragina nabaritu dut zuen musikan, baina Euskal Herriko metal talde askorekin gertatzen den bezala, Anestesiak ere eragin handia izan du zuengan. Zer influentziak dituzue Ztah taldeko partaideok?
Anestesiarena ziur, gaztetatik entzun dugun taldea da eta bateria jolea haren fanatikoa da. Meshuggahren eragina ere hor dagoela esan daiteke, baina ez nuke esanen haien musika egiten dugunik, haiek maisuak dira euren estiloan. Nik pertsonalki talde desberdin asko entzuten ditut, gehienbat AEBetako metal taldeak. Normalean lan berriak maite ditut, soinu modernoekin oso lotuta bainago eta kosta egiten zait duela urte askotako diskoak entzutea. Iñakik, adibidez, metal klasikoagoa du gustoko, Slayer eta horrelakoak, baina orokorrean influentziak asko eta oso zabalak dira Ztah-ren partaideen artean.

Nik ikusi zaituztedan kontzertuetan laukote bezala agertu zarete, baina orain boskote bihurtu zarete, Bruno baxu jole berriarekin. Zer eman dio horrek taldeari eta zer eboluzio izan du taldeak azken urte hauetan?
2018ko udan Donibane Lohitzunera bizitzera etorri zen Gillaume (gitarra) eta gurekin kontaktatu zuen. Talde erdi profesional batekin ibili zen duela 10 urte inguru, bizpahiru disko grabatu eta kontzertu pila emanez. Erritmoaz nekatuta, taldea eta musika utzi zituen hamar urtez, baina berriz gogoa piztu eta talderen batean sartu nahian, gure entsegu batera hurbildu zen; azkenean taldean sartu zen, ideia eta dinamika berriak ekarriko zituelakoan. Gainera, soinu teknikaria da; beraz, dena alde zegoen Gillaume taldekide izateko. Momentu horretan Aska nazazu prestatzen hasiak ginen eta zera gertatu zen: gure baxu jole Pilo aita izan zen eta taldea uztea erabaki zuen, eta beraz baxua nik grabatu behar izan nuen. Hori 2019ko abenduan izan zen eta 2020. urte hasieran nahasketekin hasi ginen. Konfinamenduak pixka bat atzeratu zuen prozesua baina sei hilabeteren ondoren diskoa atera genuen. 2020ko urtarrila inguruan Bruno baxu jole berria sartu zen taldean.

Konfinamendua eta disko berriaren grabaketari buruz hitz egin duzu eta burura datorkit Aska nazazu izenburua. Garai hauetan bizi dugunarekin erlazionatuta al dago ala lehenagotik pentsatua zenuten?
Kasualitate hutsa izan da. Lehenagotik hautua egina genuen “Aska nazazu” kantuak emango ziola diskoari izena baina kasualitate hutsa izan da. Uste dut kantu hau, estruktura eta konposaketa aldetik, belarri gehiagok entzun ahalko dutela eta, nahiz eta hasieran denok ez geunden ados, azkenean diskoari izena emango ziola erabaki genuen.

Diskoa entzutean, atentzioa deitu nauen lehen gauza introa da. Metal diskoetan batez ere, ohituratuak gaude intro anbiental bat entzutera taldearen musikarekin ezer gutxi ikustekorik duena, eta honen ondotik hasten da taldea bere musika egiten. Zuek, ordea, badirudi justu kontrakoa egin duzuela, introak diskoaren laburpen bat baitirudi.
Bai, egia da. Nik introak maite ditut, baina intro potenteak, hain zuzen ere intro anbientalak ez direnak. Zerbait potentea eta motza egitea pentsatu genuen eta, esaten duzun bezala, diskoaren laburpen bat dirudi. Bestalde, zuzeneko askotan probatzeko denbora gutxi egoten denez, ahotsik gabeko intro batek teknikoari musika ongi plantatzeko lagunduko ziola pentsatu genuen, gero ahotsa besterik ez erregulatu behar izateko.

Mikel Laboaren kantu bat ere sartu duzue diskoan (“Gure bazterrak”) eta aitortu beharra dut lehenengo bi entzunaldietan ez nintzela ohartu ere egin bertsio bat zela. Iruditzen zait Mikel Laboaren kantua hartu, hamar mila puska egin eta zatitxo horiekin collage bat egin duzuela.
Oso bertsio pertsonala da, bai. Oierren ideia izan zen, Mikelen heriotzaren 10. urteurrena zela eta omenaldi txiki bat egin beharra zitzaiola pentsatu zuen. Kantu hori bere konposaketa da eta azkenean nahiko kantu potentea atera da, baina esan beharra da Laboaren kantutik oso urrun gaudela, hitzetatik aparte ez duelako zerikusi handirik.

Bandcamp-ean begiratu nuen ea hitzak zeuden pixka bat zeri buruz kantatzen duzuen jakitearren, baina ez nituen aurkitu. Zer esan dezakezu hitzei buruz?
Hitz gehienak nik idazten ditut eta gai asko aipatzen dira bertan; batzuk serioagoak dira, ingurumenari buruz, gizakiak munduan duen tokiari buruz, eta beste batzuk arinagoak dira, besta inguruan eta horrelakoak. Hitz asko gizakiak munduaren inguruan duen eraginari buruz dira, askotan ikuspuntu negatibo batetik eta gizakiarekiko nahiko kritiko izanez. Euskal Herriaren egoerari buruzko hitzak ere badaude, guretzako oso garrantzitsua den gaia baita.

“Egoera honetan itxoitea besterik ez dugu. Oraingoz berriz konposatzen hastea adostu dugu hurrengo diskorako aintzin hartzeko”

Diskoa alde batera utziz, euskal metalari buruz hitz egin nahiko nuke. Euskal Herrian metala ongi dagoela esan daiteke, talde asko ateratzen dira, kalitate handikoak, eta estiloa nahiko barneratuta dugula uste dut, baina irudipena dut azken urteotan euskaraz egiten duten metal talde gutxi ateratzen direla eta ingelesez kantatzeko joera handia dagoela. Zuek euskaraz kantatzen duzuen taldea izanik, zer iritzi duzu honi buruz?
Bai, esango nuke mundo osoan gauza bera gertatzen ari dela, Frantziako metal talde gehienak ingelesez ari dira, adibidez. Pentsatzen dut ideia publikoa zabaltzea dela eta ingelesez kantatuz Euskal Herritik ateratzea errazagoa izango dela uste dutela. Euskararen egoera ez da berdina Hegoaldean eta Iparraldean, baina guretzako oso garrantzitsua zen hitzak euskaraz egitea eta beti horrela egin izan dugu. Bestalde, Iparraldean metal taldeak badira, baina asko galdu du; iduritzen zait Hegoaldean oraindik metalak badaukala beti prest dagoen publiko bat eta Iparraldean duela 30 urte metalak jende asko mugitzen zuen baina orain askoz ere gutxiago.

Koronabirusaren harira, badirudi pixka bat mugitzen hasi dela kontzertuen kontua, baina ez dakit metalak ba al daukan lekurik eserita, musukoarekin eta baldintza horietan ematen diren kontzertuetan. Zuek ba al daukazue etorkizunerako zerbait pentsatua?
Ez, metalean aulkiak besteen gainean botatzeko dira eta ez eserita egoteko. Guk diskoaren aurkezpena Donibane Lohitzuneko gaztetxean egin nahi genuen uda bukaeran baina ezin izan dugu egin. Gu ibiltzen garen eszena gaztetxe txikiak dira eta metal musikari bezala ez genuke plazerik hartuko jarrita dagoen jendearen aurrean jotzen. Orain itxoitea besterik ez dugu. Berriki gogoeta txiki bat izan dugu taldekideek nola jarraitu erabakitzeko, eta oraingoz berriz konposatzen hastea adostu dugu hurrengo diskorako aintzin hartzeko.

Martxa honetan ez zaizue bi diskoak egun berean aurkeztea egokituko, ezta?
Hori ez dakit baina espero ezetz (barreak). Ea hurrengo urte erditsua iristean edo aukera dagoen kontzertuak ematen hasteko.

Bukatzeko, tartetxo bat utziko dut nahi duzuna esateko.
Besterik gabe, eskerrak eman artikulu honentzat denbora hartzeagatik, guretzat publizitate pixka bat ematea bikaina baita.

ETIKETAK:AnestesiaHatsMikel LaboaZtah