Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2015.11.27

Jon Eskisabel

“Kantuak ez badu mundua aldatzeko helburua, ez du balio”

Elkarrizketa: Anjel Valdes

Joan den igandean, Arriaga antzokiko besaulkian jesarrita zegoela eta Oskorri bere ibilbide luzeko kantu ezagunenetako batzuk jendaurrean azken aldiz jotzen ari zen bitartean, “garai bat, pentsamolde bat, gauzak egiteko modu bat” agurtzen ari zela sentitu zuen Anjel Valdesek (Bilbo, 1958). “Nire zati bat ere despeditzen ari zen, dudarik gabe”. Oskorriren diskoen editorea izan da Valdes Elkar diskoetxean lanean hasi zenetik, duela hogei urte pasatxo, 1994an. 28 urterekin sartu zen Valdes lanbide horretan, M-ak taldeko perkusio jotzailea zelarik. “Garai hartan inguruko perkusio jotzaile bakarra nintzenez, maiz deitzen zidan Kaki Arkarazok IZ estudioko grabazioetan jotzeko. Egun batean hango buruak esan zion behar zutela pertsona bat komunikabideetan arreta jartzeko, katalogoaz arduratzeko… Eta Kakik nire izena eman zion. Horrela hasi nintzen, ilusio handiarekin. Hura zen nire bizitza, ez nuen besterik”. Ondoren, hiru urte eman zituen Esan Ozenkin, Arkarazok eta Muguruza anaiek sortutako zigiluan, 1991tik 1994ra bitartean: “oso esperientzia garrantzitsua izan zen, han koordinatu behar nituelako ofizio honek dituen atal txiki ugariak: azala, masterizazioa, ordainketak bankuan…”. Atseden labur baten ostean, Joxe Mari Goikoetxea zenaren lekua hartu zuen Elkarren. Gaur arte.

Durangoko Azokak 50. ekitaldia du aurtengoa, eta Anjel Valdes bertan izango da 29. urtez segidan. Hiru hamarkada hauetan ehunka disko aurkeztu ditu Elkarrek azokan, eta azken urteetan diskoetxearen ekoizpena nabarmen murriztu bada ere, aurten ere uzta oparoa eramango du Durangora. Horien artean dago Valdesek berak azken hilabeteetan apailatutako obra bat, 50 urteko euskal kantagintzaren gaineko historia bat, eta Valdesen beraren historia, jasotzen duen disko-liburua: Kantuz 1965-2015. Memoria eta desira. Bere oroimen pertsonalekin eta musika ibilbidearekin —hala musikari nola editore bezala— estuki lotutako 50 kanta aukeratu ditu Valdesek bilduma horretarako. Maite Mutuberria ilustratzaileak jarri dizkio irudiak liburuari eta Joseba Sarrionandiak idatzi du sarrerako testua.

Anjel Valdes

Anjel Valdes, Elkar diskoetxeko editorea. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

Elkar diskoetxeak bete katalogo zabaletik hartutako kantuen hainbat bilduma argitaratu ditu urteetan zehar, hala estilo baten ingurukoak nola garai historiko bati lotutakoak. Zertan da ezberdina Kantuz 1965-2015. Memoria eta desira izeneko hau?
Nonbaiten irakurri nuen ez dugula benetako momentu garrantzitsuen kontzientzia hartzen oroitzapen bilakatzen diren arte. Perspektiba beharrezkoa izaten da. Ni Oskorriren lehen kontzertuan izan nintzen, Deustuko unibertsitatean. Ondoan bizi nintzen, 13-14 urte nituen eta anai zaharrenarekin eta bere lagunekin joan nintzen. Igandean Oskorriren azken kontzertuan izan nintzen eta momentu haren kontzientzia hartu nuen, zeinen inportantea izan zen. Durangoko Azokaren 50. urtemugako ospakizunen barruan oroimen horiek biltzeko aukera bat ikusi nuen. Ideia orokor bat transmititu nahi izan dut: momentu egokia da markagailua berriz ere abiapuntuan jartzeko. 50 urteko zirkulu bat itxi dugu, eta berriz hasieran gaude, 60ko hamarkadakoaren antzeko egoera batean: merkatua aldatu da, biniloa bueltan omen dator, single moduko kantu solteak entzuten ditu jendeak, gizartea ere aldatu da… Horrek industriari abiapuntu berri bat exijitzen dio. Musikaren egungo egoera eta moduak oso ondo ulertzen dituen gazte ilusionatu batentzako une egokia da oraingo hau.

50 urteko kantagintzaren ikuspegi osoa 50 kantutan biltzea lan ezinezkoa da, beti egongo baitira hutsuneak. Hortaz, kantuak aukeratzeko irizpideen araberakoa izango da emaitza. Norberaren kantu gustukoenak izan daitezke, norberaren bizipen pertsonalekin lotutakoak, kanonaren araberako hautaketa egin lezake bildumagileak, edo buruan duen balizko entzule/eroslearen gogoa asetzera jo… Zein izan da zure heldulekua?
Ez nuen nahi hautaketa oso agerikoa izatea. 50 kantuen artean badira oso ezagunak diren batzuk, baina nahiago nuen izebergaren alderdi ezkutua azaleratzea. Dauden izen guztiak inportanteak dira baina ez ditut kantu ebidenteenak aukeratu. Ez daude “Lau teilatu” edo “Txoria txori”, esaterako. Kantu gozoak bilatu ditut, soinuarengatik edo ideiengatik oroimena piztu dezaketen kantuak. Aukeraketa oso pertsonala izan da, nire oroimenarekin lotuta daude kantuok. Hirugarren diskoa entzuten dudanean barre egiten dut, oso presente baitauzkat oraindik Esan Ozenki, M-ak, Matxitxa, Jotakie, Delirium Tremens, Itoiz… Jende horrekin ibiltzen ginen gu. Bilbon bizi nintzenean Mirotz taldean jotzen nuen perkusioa, eta bitan egokitu zitzaigun Indar Trabesekin, Itoiz izan aurreko taldearekin jotzea, Plentzian eta Mungian.

“Kantu gozoak bilatu ditut, soinuarengatik edo ideiengatik oroimena piztu dezaketen kantuak. Nire oroimenarekin lotuta daude kantuok”

Bildumak bere baitan hartzen duen epea zabala eta kantu kopurua mugatua izanagatik, izen batzuk errepikatzen dira zenbait alditan: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Oskorri…
Seguraski eraginkorragoak izan dira figura horiek gure kantagintzaren eboluzioan. Horiek permanenteki egon dira 50 urte hauetan, belaunaldiak zeharkatu dituzte. Oso subjektiboa da, baina proportzioak zaindu behar direla uste dut. Nire lanetik ikusi dudana da izen horiek garrantzi handia izan dutela gure historian. Kalkulatzen dut azken 50 urte hauetan 25.000-30.000 kantu inguru sortu direla Euskal Herrian. Konplexua izan da, 500 kantetatik abiatu nintzen, eta irizpide ezberdinak aplikatuta, kantu eta artista batzuk kanpoan utzi behar izan ditut.

Bildumaren berezitasunetako bat bertsio kopurua da: 50 kantuetatik 17 dira moldaketak. Horietako hiru bilduma honetarako beren-beregi egindakoak dira: “Euskadi jator, goxo eta puta hontan” (Niko Etxart / Eskean Kristö)“Jo ta ke” (Su Ta Gar / Seiurte) eta “Xalbadorren heriotzean” (Xabier Lete / Petti). Zergatik horrenbeste bertsio?
Belaunaldien arteko komunikazioa irudikatu nahi nuen. Transmisioa oso inportantea da. Gure beldurra edo kezka, nire adinekoen eta honetara dedikatzen garenon artean, hori da: nola transmititu, nola helarazi gure ondorengoei guretzat hain inportanteak izan diren ideiak, ez kantak bakarrik. Ariketa hori izan da: belaunaldiak lotu, kantu berean sortzaile bat baino gehiago bildu, idazleak eta diskoetxeak azaldu, eta denen arteko elkarrizketa bat sortu. 50 urteko historiaren barruan istorio txiki asko daude. Baina ez nuen iragana bakarrik erakutsi nahi, garai berriko taldeak sartzen saiatu naiz, eta bertsioen ideiak lagundu dit horretan.

Eskema bera errepikatzen da hainbat alditan: egile baten jatorrizko kanta bat eta haren bertsio bat. Horrela egin duzu Laboa eta Delirium Tremens-ekin, Hertzainak eta Willis Drummond-ekin, Ruper Ordorika eta Mikel Errazkin-ekin, M-ak eta Kortatu-rekin, Itoiz eta Betagarri-rekin…
Hurbil jarri nahi izan ditut, komunikazioaren isla izan dadin. Kantak balore asko ditu, bata da egiletzaren balorea, baina interpretazioak ere badu garrantzia handia. Balore berri bat aportatzen dio. Kasu askotan gerta daiteke bertsioa txertatzea taldearen identitatean, berea balitz bezala. Lou Topet-ek egin berri du horrelako esperimentu bat. Horrek egiten du bizirik mantentzea kantu bat, kantu bat oso bertsionatua denean zerbaitengatik da, inportantea delako. Aurten, Jean Mixel Bedaxagarrek eta Kalakan taldeak “Bereterretxeren kantorea”-ren moldaketa bana grabatu dute. Pentsa 1490. urteko kantu horrek zer indarra daukan! Kantu askok bizirik jarraitzen dute berez, transmisio bat sortzen delako. Transmisio hori naturala denean eta taldeak bereganatzen duenean, bere nortasuna, bere zigilua ematen dio jatorrizkoari.

“Belaunaldiak lotu, kantu berean sortzaile bat baino gehiago bildu, idazleak eta diskoetxeak azaldu, eta denen arteko elkarrizketa bat sortu nahi izan dut”

Gurean asko erroturiko estilo batzuk kanpoan gelditu dira: ska, hardcorea, metala… 
Kantagintzaren eremuan mugitu naiz, kantuaren indarrari lotu natzaio. Nire gustukoak izanda ere, Anestesia esaterako, kanpoan utzi ditut hainbat talde estilistikoki ez zirelako beharbada ondo uztartzen. Tematikaren aldetik bilduma koherentea izaten saiatu naiz. 50 urte pasa dira baina orain sortzen ari diren taldeen buruan dauden kezkak, gaiak eta interesak, euren jardueraren motorra, lehenagoko berberak dira: askatasuna, barne bizitza… Kantu batek balio behar du mundua aldatzeko, barneko mundua eta kanpokoa. Kanta bat ez bada mundua aldatzeko jaiotzen, ez du balio nire ustez. Entretenimendu hutsa izan daiteke, baina nire ofizioaren ikuspuntutik, kanta batek eduki behar du mundua aldatzeko helburua. 60ko hamarkadan horrela zen, guk denok pentsatzen genuen mundua aldatuko genuela. Etorkizuna gure esku zegoen. Kantuak badu berez pertsonak hunkitzeko gaitasuna, eta gizarteak aldatzeko eta batzeko gaitasuna. Balore horiek ditu gure kantuak ere, eta horretan jarri nahi nuen fokua, balore horietan eta oroimenarekin lotutako baloreetan.

Kantu zehatz batzuen inguruan galdetu nahi dizut. Beharbada bildumako ezezagunena Iokin eta Iosu-ren “Maiteari” izango da.
Asko maite dut disko hori [Nire herria bezala, 1977]. Euren kantatzeko modua oso berezia zen, oso dueto polita egiten zuten, kantaera goxoa zuten, eta niri ikaragarri gustatzen zitzaidan. Disko bakarra egin zuten eta garai hartan asko entzun zen. Disko berezia da.

Imanol Larzabal-en “Koplak” kantuaren jatorrizko bertsioa hautatu duzu, Amaia Zubiriarekin abestutakoa.
Jende asko elkartu zen disko horretan [Jo ezan], tartean Amaia Zubiria. Imanolen oso garai onak ziren; Euskal Herriko ahots bat azpimarratu beharko balitz, nik Imanolena azpimarratuko nuke. Oso ondo zekien beste ahotsen tesiturarekin konbinatzen, Amaiarekin edo Niko Etxartekin. Oso kantu polita da, argitaratu zen garaian oso entzuna izan zen, bai diskoa eta bai kantua, eta oroimenarekin oso lotua dago. Imanolen arima eta izpiritua ondo transmititzen ditu kantu honek.

Bilduman badago gaztelaniaz abesten duen talde bat ere, Doctor Deseo, Xabier Leteren “Ez naiz” kantuaren bertsioarekin.
Leterekiko oso sentimendu afektiboa daukat eta bere omenez jarri dut. Oso emozionala da Francis Diezen abesteko era, eta teklatuaren moldaketak, kotoizko tratamendu musikal horrek, kontrastea egiten du olerkiaren gordintasunarekin. Leteren poemak barruraino arakatzen du pertsona.

Hiru kanturen bertsio sinfonikoak sartu dituzu: “Gernikan” (Ken Zazpi), “Baldorba” (Benito Lertxundi) eta “Baga-biga-higa” (Mikel Laboa)
Dibulgazioaren aldetik hiru disko horiek lortu zuten normalean iristen garena baino askoz publiko gehiagorengana iristea, eta gure kantuaren historia sinfonikoari leku bat eman nahi nion. Hori ere bada herri baten espresioa eta bada gure gaitasunaren isla bat. “Gernikan” ikaragarria iruditzen zait, irudiak ikusten dituzu kantua entzuten duzunean.

baztan

Maite Mutuberriak ilustrazio honen bidez irudikatu du “Baztan” abestia.

Mikel Laboak eta Ruper Ordorikak 2003ko Korrikarako abestutako “Gero bat gaurdanik” berreskuratu duzu.
Euskararen egoerarekiko kezka beti egon da gure kantuetan, eta egun ere bai. AEK beti saiatu da euskararekiko interesa eta motibazioa modu ludiko eta entretenigarri batean pizten. Musika Bingen Mendizabalena da, eta oso jostaria da.

Hainbat eskutatik pasa ondoren, IZ diskoetxearen katalogoa bereganatu berri du Elkarrek. Zer asmo duzue?
Erosketa honekin 500dik gora erreferentzia berri jaso ditugu. Horien artean daude Imanol, Anje Duhalde, Koska, Erramun Martikorena, Etxamendi eta Larralde, Gontzal Mendibil eta Xeberri… baita trikitixa txapelketak eta bertso finalak ere. Oso lan polita egin zuen IZk eremu horietan, eta gustatuko litzaidake trikitixaren txapelketa garai hori kontatzea bilduma baten bidez, edo bertso txapelketena. Ikusi dugu badirela 30 disko inguru bere horretan merkatuak onartu ditzakeenak, eta pozgarria izango da merkatuan berriz ikustea. Nahi genuke hurrengo urtearen amaierarako dena digilitatuta eduktzea. Hasi gara horretan, Eresbilen laguntzarekin.

Oskorriren diskoen editorea izan zara 1994. urtetik hona. Nola bizi izan duzu taldearen desegitea?
Pena eta nostalgia handiarekin. Nire bizitzaren parte bat da Oskorri, hainbat disko eta ekimenetan hartu dut parte, ekimen frustratuak eta arrakastatsuak eraman ditugu aurrera… Agurtzen hasi zirenean pentsatu nuen horrekin batera garai bat, pentsamolde bat, gauzak egiteko modu bat ere agurtzen hasita zegoela; nire zati bat despeditzen ari zen igandean, dudarik gabe. Nire iraganari eta esperientziari lotuta nago. Gure mundu txiki honetan, harreman industrialaz gain harreman intimo bat ere izaten dugu artistekin, denbora asko pasatzen dugu haiekin, autoan bidaiatzen, hitz egiten… Une horietan ez dugu diskoari buruz hitz egiten, norbere bizitzaz eta haienaz ere bai, ezagutzen dituzu eta ezagutzen zaituzte… Nire autoan egindako bidaia luze horietan ikusi dudana da badagoela uztartzea sentimendu hori: helburu bera daukagu beraiek kantu bat sortzen dutenean eta zuk disko bat produzitzen duzunean. Helburu berari heltzen diogu denok. Eta desagertzen direnean sentitzen dut lagun bat desagertzen dela. Eta nire zati bat ere.

“Ni beti saiatzen naiz iraunkortasunaren aldeko apustua egiten artistekin, ez unean uneko arrakastaren alde”

Zure ustez, taldeari eusteko gure ezintasunaren isla edo ziklo naturalaren ondorioa da Oskorriren amaiera?
Ziklo naturala dela uste dut. Pertsona bakoitzak erabakitzen du zer noiz egin, eta erabaki horiek errespetagarriak dira. Arrazoi ezberdinengatik taldeak erabaki du ez jarraitzea. Norena den errua? Ez dakigu. Beharbada herri honetako politika kulturalak ez du asko lagundu. Askotan ari gara gure herria kanpoan azaldu nahian. Nik ezagutu dut Irlandako kasua. Nola esportatu du Irlandak bere izena? Guinnes, The Chieftains eta The Dublinersen bidez. Horiek izan dira Irlandaren izena munduan zehar eraman duten ikurrinak. Eta gobernu irlandarrak apustu egin du horren alde. Eta Paddy Moloney ibili da Irlandako enbaxadore bezala mundu osoan. Oskorrik izan du paralelismo handi bat haiekin, bateratzen zuelako tradizioa eta kanta herrikoia, perspektiba moderno eta garaikide batetik. Beti izan da garaikide Oskorri, eta aldi berean beti izan da iraganari, transmisioari, ondarea berreskuratzeari begiratu dion talde bat. Baina The Chieftainsen kasuan ez bezala, hemen ez da borondaterik egon.

Kantuaren egileak eta editoreak helburu bera dutela diozu, baina irudi luke lehen elkarren arteko sintonia hobea zegoela, ezta? Alde bataren eta bestearen interesak uztartzea errazagoa zela lehen orain baino.
Pertsonen arabera. Nik asko miresten ditut kantariak eta taldeak, onak direnean. Txikitatik. Nik kantaria izan nahi nuen. Zorionez Euskal Herriari ebitatu diot halako trantze batetik pasatzea… Baina azkenean hurbildu naiz kantariengana, eta gehienek konfiantza eman didate. Oso pribilejiatua sentitzen naiz. Beti sentitu dut hurbil gaudela; jakina, azkenean akordio batera iritsi behar zara, eta akordio horretan alderdi ekonomikoa garrantzitsua da. Ulermen horretara iristeko kapaza baldin bazara zu eta taldea, oztopo handi bat gainditu duzu. Nahiz eta musika eta industria, orokorrean, bakoitza bere testuinguruan, gaizki nahasten diren, arrazoi naturalengatik. Musikak hitz egiten du baloreei buruz eta industriak hitz egiten du prezioari buruz. Baina ni saiatu naiz beti oreka bilatzen. Gure arrakasta, benetako arrakasta, ez da asko saltzea, iraun ahal izatea baizik. 50 urte hauek hori erakusten dute. Iraun dugu. Ni beti saiatzen naiz iraunkortasunaren aldeko apustua egiten artistekin, ez unean uneko arrakastaren alde.

ETIKETAK:Amaia ZubiriaAnestesiaAnje DuhaldeAnjel ValdesBenito LertxundiBetagarriDelirium TremensElkarErramun MartikorenaEskean KristöEtxamendi eta LarraldeGontzal MendibilHertzainakImanolItoizJean Mixel BedaxagarJotakieKaki ArkarazoKalakanKen ZazpiKoskaLou TopetM-akMatxitxaMikel ErrazkinMikel LaboaNiko EtxartOskorriPettiRuper OrdorikaSeiurteSu Ta GarWillis DrummondXabier Lete