Musika

Iñigo Astiz

2016.04.04

Iñigo Astiz

Posible dira ereserkiak gaur egun?

“Lurrikarak bezalakoak dira abestiak». Beste edozeinen hitzetan hitz joko hutsa izan daitekeena beste zerbait bilakatzen da Public Enemy taldeko Chuck D abeslariaren ahotan. Jakin ere, zerbait badakielako lurrikarez. 1989an kaleratu zuen boterekeriaren eta arrazakeriaren aurkako Fight the Powerabestia, eta erruz zabaldu zen. «New Yorken gertatzen ari zenak ereserki bat behar zuen». Kanta haren sorkuntzari buruz aritu da berriki The Guardian egunkarian, baina egungo errealitateari ere jarri dio begia. «”Fight the Power” abestiaren ostean, munduak dardara egin zuen, eta lehengora itzuli zen gero. Legea da dena aldatzen duen bakarra. Iraultzek legeak eraldatzen dituzte, eta bai, kanta batek pitz dezake iraultza, baina gaur egun kantek banan-banan soilik jotzen dituzte norbanakoak: batzuek orain entzuten dituzte; besteek, astebete barru; beste batzuek, sekula ez. Oso urrun gaude mundu guztiak kanta bera aldi berean entzuten zuen garaitik». Teknologiek aldatu egin dituzte musika kontsumitzeko joerak, eta aldatu egin dira musikak gizartean duen eginkizuna eta musikaren eta gizarte mugimenduen arteko harremana ere. Kantak badaude, eta arazorik ez da falta, baina hor dator galdera: ereserki bihur daitezke abestiak gaur egun?

ERESERKIAK
«Posible, nik uste dut posible direla ereserkiak gaur egun ere». Baietz erantzun du Xabier Erkizia soinu artista eta musika ikertzaileak, baina ñabardura egin du gero. «Gertatzen dena da aldatu egin direla baldintzak. Ereserkien kontzeptuak berak gogora dakar garai bateko batasun ideal baten ideia; masa bat irudikatzen da, uniformea eta sinkronizatua, zerbaiten parte sentitzearen irudi hori. Gaur egun, aldatu egin da hori gizarte osoan, eta baita musikan ere. Musikaren kontsumoa ikaragarri indibidualizatu da». Eta aurikularrak izan daitezke joera horren ikur. Nork berea, norberak hautatutako unean. Baina kolektibitatea behar ereserkiak, eta horra zailtasuna.

Komunikabideak aipatzen ditu giltzarritzat Erkiziak. «Chuck D-k aipatzen duen garaian, masa komunikabideak gutxiago ziren, eta jende gehiagorengana iristen ziren ahots bakanago horiek. Orain, komunikabideak hainbertze ugaritu dira, eta hainbertze iturritatik irits daiteke kanta bat zugana edo zu kanta batera, iristeko modua ikaragarri subjektibizatu da». Baina kontsumo denborak ere aldatu dira. «Lehen, kanta bat ereserki bihurtzeko, kanta hori entzun zenezakeen 25 aldiz; gaur egun, bonbardaketa hain da ugaria, kanta bera bost aldiz entzutea ja asko da. Eta bost aldiz entzuten badira ere, ez da sekula izaten gizarteak aukeratu duelako mezu bat zabaltzeko tresna modura, baizik eta aisialdiaren industriak aukeratu duelako etekin ekonomiko politak ematen dituelako».

Mahai zapian idatzitakoak
Baietz dio, halere, Josune Albisu musika ikertzaileak, posible direla ereserkiak. Eta kolektibotasuna aipatu du hark ere faktoretzat. «Gizartean jarraitzen badugu harremanak izaten, festak egiten, Kilometroak, Korrikak, piraten jaiak eta halakoak, posible da. Robert Bartra antropologoak esaten duen bezala, gure gorputzaren luzapen bat da kanta. Komunikatzeko oso erreminta inportantea da; eratzailea eta eraikitzailea da, eta gure harremanak ehuntzen laguntzen du. Hemendik edo handik aterako dira ereserkiak orain ere, baina egia da garaiak desberdinak direla. Musikak funtzionatuko du aurrerantzean ere, baina nola, ez dakit». Sormenak gizartean duen eragina ikertu zuen Albisuk doktore tesian, eta Mikel Laboarengan zentratu ikerketa. Txoria txori” aipatu du horregatik ereserkitzat.

Xabier Erkizia: “Hainbertze iturritatik irits daiteke egun kanta batera, iristeko modua ikaragarri subjektibizatu da”

Bitxia da kantaren sorrera. Donostiako Aurrera tabernan daude Joxanton Artze, Mikel Laboa eta Marisol Bastida, eta poematxo bat idatzi du idazleak mahai zapi batean. «Hegoak ebaki banizkio/ neurea izango zen/ ez zuen alde egingo./ Baina horrela ez zen gehiago txoria izango/ eta nik/ txoria nuen maite». Bastidari gustatu, eta papera gorde du, gero etxean Laboari berriz erakusteko. Hari ere gustatu, eta horra ereserki bat. «Ez da erraza kanta bat ereserki bilakatzeko planak egitea», dio Albisuk. Baina Laboaren abestiak badu ezaugarri garrantzitsu bat: malgutasuna. «Hori da zailena lortzen kanta batekin, kanta ireki bat lortzea. Plastikotasuna esaten diot nik horri. “Txoria txori” kanta dezakezu ezkontza batean, kanta dezakezu elizkizunetan, errugbi partida baten aurretik… Irekiera hori, kasu honetan, musikan eta hitzetan da. Sinbiosi bat da». Eta hori izan da gakoa kantaren inguruan jendea elkartzen joateko.

Zorrotzagoa da kontzeptuarekin Joseba Martin musika kazetari eta ikertzailea. Izan ere, hitza puztu egin dela uste du, eta, dioenez, ereserkitzat jotzen diren kanta asko sakonean ez dira ereserki. «Gehiegi handitu da, benetako zentzua galdu arte; mitiko adjektiboarekin gertatzen den moduan. Adibidez, mitikoak al dira Lau teilatu” eta Xalbadorren heriotzean”? Bi atal beharko lituzke ereserki batek: denbora —40 edo 50 urte?— eta hedapena. Biak ez badira elkartzen, ez duzu inongo ereserkirik». Mikel Laboaren “Txoria txori” aipatu du berak ere salbuespen gisa, hori badelako ereserki bat, baina hor ere zalantza egin du Martinek. «Auskalo nork erabakitzen duen ereserkitasunaren egokitasuna. Niri, behintzat, kostatzen zait».

Gizarte erdia, erdi kanpo
Beste faktore bat aipatu du Martinek: zabalpena. Izan ere, ereserki denak ez baitira denentzat ereserki. «Euskadiko kasuan, kantu mitiko gehienek politikarekin zerikusia dute, nazioarekin, identitatearekin, herriarekin, borrokarekin, elkartasunarekin, askatasunarekin edo hizkuntzarekin, eta, berez, politikoki jarrera bat hartzea eskatzen dute, alde ala kontra. Beraz, gure artean ereserkia izateak gizarte erdia erdi kanpoan uztea esan nahi du. Musika garrantzitsua izan da, batez ere euskal kulturan edo politikan mugitu direnentzat. Baina beste hainbestek ez du musika hori ezagutzen edo baloratzen».

Josune Albisu: “Ez da erraza abesti bat ereserki bihurtzeko planak egitea; zailena da kanta ireki bat izan dadin lortzea”

Kantu bat gara. Titulu hori jarri zion Jon Maia bertsolariak Donostiako belodromoan Arnaldo Otegiri egindako ongietorrian irakurritako piezari. 54 euskal abesti ezagunen txatalak batuz osatu zuen testua Maiak. Ereserki puskaz osatutako ereserki moduko bat. Jende asko hunkitu egin zuen saiakera hark, eta belodromoko ekitaldia gainditu egin zuen sare sozialen bidez. Interesgarria da, ordea, testua osatzeko Maiak hautatutako kantei begiratzea, hautatutako artisten zerrenda luze horretan bi sasoi baitira nagusi, nabarmen. Ez Dok Amairu mugimenduaren bueltan ibilitako abeslariak, batetik: Benito Lertxundi, Xabier Lete, Julen Lekuona, Mikel Laboa… Eta 80 eta 90eko hamarkadetako taldeak, bestetik: Hertzainak, Itoiz, Kortatu, Negu Gorriak… Ez horiek bakarrik, baina horiek nagusiki.

Badu bere zergatia hautaketak, Erkiziaren ustez, eta abesti horiek itsatsia duten zama politikoa da arrazoi hori. «60ko eta 80ko hamarkadako kantak dira Maiak aipatutako gehienak, eta justu komunikabideetan sartzeko zailtasun handiak izan zituzten bi adierazpen musikal indartsu dira horiek. Ia ezinezkoa zen Ez Dok Amairuren musika komunikabide zabaletan entzutea, eta Euskal Rock Erradikalak ere arazo handiak izan zituen komunikabideetan normalizatzeko bere proposamena. Eta esango nuke bi garai horietan musika horrek zailtasunak edukitzeak ematen diola balio estra bat: entzuleak kanta hori entzuteko egin behar zuen esfortzuarena. Kasu anitzetan, debekatuta zeuden kanta horiek. Kanta horiek badute izerdi politiko bat kantari berari itsasten zaiona, eta garaiaren pisu bat hartzen dute horregatik».

Testuinguruaren pisua
Bat dator horretan Peio Ospital abeslaria ere: garrantzizkoa da testuingurua. Urteak eman ditu Pantxoa Karrererekin batera Itziarren semea” eta Lepoan hartu ta segi aurrera” abestiak kantatzen, eta, dioenez, funtsezkoa da kanta haiek sortu zireneko garaia ulertzea kanta haien zabalpenaz ohartzeko. «Gure kasuan, 70eko hamarkada da garai hori. Gogoratu behar da zer testuinguru zegoen kulturalki, sozialki, politikoki; euskara erreprimitua zen bai Hegoaldean eta bai Iparraldean, molde desberdinean baina erreprimitua bietan, eta, azkenean, kantari batzuk, olerkari batzuk, agertoki batera igotzea euskaraz kantatuz eta hitz eginez, hori berez ja ekintza politiko bat zela esan dezakegu. Kanta, azkenean, urte haietan desalienatzailea izan zen. Herri honek bizitzen jarraitzeko zeraman borrokarekin lotua. Estuki lotua. Eta lotua bakarrik ez: aldi berean, borroka hori indartu egiten zuen, indartu eta zabaldu. Eta hor kokatu dira, noski, “Lepoan hartu”, “Itziarren semea” eta Batasuna” Telesforo Monzonek sortutako kantuak. Testuinguru horri oso lotuak gelditu dira, eta jendeak horrela gogoratzen ditu».

Joseba Martin: “Kulturan edo politikan aritu direnentzat izan da garrantzitsua musika; beste askok ez dute ezagutzen musika hori”

Kantaldiak aipatu ditu adibide gisa. «Garai hartan, edozein herri txikitan 2.000 edo 3.000 pertsona biltzen ziren kantaldi batean, baina pentsatu behar da herri honek orduan ez zeukala beste aukerarik kolektiboki kultura, hizkuntza eta nortasun baten jabe zela publikoki azaltzeko. Alderdi politikoak, prentsa eta abarrak debekatuta zeuden. Ez zeukan beste aukerarik, eta kantaldiek bete egin zuten funtzio hori. Kantari asko ez zeuden ados horrekin, baina horrelaxe gertatu zen».

Gainbehera
Izan dira azken urteetan ere zabalpen handia lortu duten abestiak. Okupazio mugimenduaren ereserki moduko bat bilakatu da, esaterako, Zea Mays taldeak Kukutza gaztetxearentzat sortutako kanta, eta euskal presoen eskubideen aldeko ereserki bilakatu da, neurri batean, Ken Zazpi taldearen Itsasoa gara” abestia. Erkiziak bereizketa egin du, ordea. «Gauza bat da hit bat iristen dena jendearengana eta gero mugimendu batek bere egiten duena, eta bertze gauza bat da ereserki bat, hasieratik mugimendu batentzat idazten dena». Eta «gain behera» ikusten du bigarren hori ikerlariak. Kasu bat: Nafarroa Oinaz-erako kantuak. «Hiperlokalismo bat izango da, baina hor dago adibidea. Garai batean, espektatiba eta dena egoten zen kanta horren inguruan, bazenekielako kanta hori entzungo zenuela hainbertze aldiz eta buruz ikasiko zenuela goiz edo berandu. Gaur egun, pastiche bihurtu da, inor gutxi kateatzen duena, salbu Nafarroa Oinez ospatzen duen herriko ikastolako ikasleak. Egiten diren saiakera guztiak publizitatearen mailan geratzen dira. Donostia 2016ko ereserkia, Gure Esku Dago mugimenduaren ereserkia… Saiakera mediatiko gisa gehiago bihurtzen dira gauza sinboliko bat, benetan jendeak ereserkitzat hartzen duen zerbait baino».

Peio Ospital: “Herri honek bizitzen jarraitzeko zeraman borrokarekin lotuta, desalienatzailea izan zen kanta garai batean”

Kezka handirik ez horrekin guztiarekin Ospitalek. «Musika, beharbada, ez da bizitzen edo dastatzen garai batean egin izan den bezala, baina hori gizarteari lotutako fenomenoa da. Musika behar dugu, kanta behar dugu bizitzen laguntzeko. Etengabea da kantaren eta musikaren beharra. Moldeak aldatu egiten dira. Musika kontsumitzeko moldeak aldatu egiten dira, baina kantaren beharra beti hor dago».

(Berria egunkarian, 2016ko apirilaren 3an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:Benito LertxundiEz Dok AmairuHertzainakItoizJon MaiaJoseba MartinJosune AlbisuJulen LekuonaKen ZazpiKortatuMikel LaboaNegu GorriakPantxoa eta PeioPeio OspitalXabier ErkiziaXabier LeteZea Mays