Musika

Iñigo Astiz

2017.02.14

Iñigo Astiz

Udaberria iraunkortze bidean

“Geure egiten dugu Benito Lertxundik esandakoa: beste Ez Dok Amairu bat behar da, eta norabide horretan ari gara arraunean, modernitaterantz». Imanol Agirre Loraldia jaialdiko zuzendariaren hitz horiek laburbil dezakete jaialdia antolatzen dutenen anbizioa. Bilbon euskal kulturarentzako erreferentziazko plaza bat eskaintzea izan da hasieratik haien asmoa, eta hirugarren aldira helduko dira aurten. 29 eguneko egitaraua prestatu dute, martxoaren 7tik apirilaren 8ra bitarte. 30 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte guztira, sei erabateko estreinaldi izango dira, eta, orotara, antzerki, dantza, musika, literatura eta zinema munduko 150 sortzaile baino gehiago bilduko dituzte. Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak sortutako Euskal musikaren benetako istorioa antzezlanaren estreinaldiak abiatuko du jaialdia, eta Mikel Urdangarinen Margolaria diskoaren aurkezpenak amaitu. Eta egile andana pasatuko da Bilbotik bi ekitaldi horien artean: Kukai, Kirmen Uribe, Alaia Martin, Lutxo Egia, Dantzaz konpainia, Iratxe Fresneda, Miren Amuriza, Hesian, Izaro… «Emozio festa izango da», biribildu du Agirrek. «Euskal kultura ikusaraziko dugu, euskal mundutik harago».

Loraldia_jaialdiaren_hirugarren_edizioaren_aurkezpen_argazkia

Loraldia jaialdiaren hirugarren edizioaren aurkezpen argazkia Bilboko Azkuna Zentroan. (Monika del Valle / Argazki Press)

Bi ekoizpen propio handi egin dituzte aldi honetarako, zuzendariak zehaztu duenez: Strip-tease antzezlana eta Eutsiko diogu, Pete kontzertua. Baina gehiago izan dira jaialdirako propio sortutako saio txikiagoak. Alorrez alor egin dute aurkezpena.

ANTZERKIA
Euskal musikaren historiaren berrinterpretazio umoretsua proposatzen du Mikel Martinez eta Patxo Telleriak sortutako Euskal musikaren benetako istorioa antzezlanak, eta, ezinbestean, umorez eman dute piezaren nondik norako nagusien berri jaialdiaren aurkezpenean. Telleriak egin du lehenik Martinezen aurkezpena: «Natura ez zen oso eskuzabala izan berarekin, eta sudur gehiegi eman zion, eta belarri gutxiegi, baina, txikitan, Lete, Laboa eta Lertxundiren aurrean kantatu zuen, eta, esperientzia horren ondorioz, konpositoreek kanta bana sortu zuten: Letek, Zaude isilik haurra; Laboak, Ihes betea zilegi balitz; eta Lertxundik, Pariserat banuazu». Eta Martinezen txanda heldu da gero, Telleria aurkezteko: «20 urte eman zituen kontserbatorioan, iaz bere lehen diskoa argitaratu zuen, eta musikarien elkarteak diru sari potoloa eskaini du hilda ala bizirik harrapatzen duenarentzat».

Eta horixe izango da saioaren tonua ere. Martxoaren 7 eta 8an egingo dute emanaldia Arriaga antzokian, eta, bi aktoreekin batera, Adrian Garcia de los Ojos, Maria Arriaga eta Ivan Allue musikariak ere izango dira oholtzan zuzenean.

Baina ez da hori izango jaialdiko antzerki estreinaldi bakarra. Strip-tease pieza ere estreinatuko du Loraldiak martxoaren 24 eta 25ean, Arriaga antzokian. Biluzte saio bana eszenaratzeko proposatu zien jaialdiak Garbi Losada, Mireia Gabilondo, Fernando Bernues eta Jokin Oregi antzerki zuzendariei, eta lau pieza horiek osatuko dute emanaldia. Bestetik, Pabiloi 6 aretoan, Federico Garcia Lorca, Salvador Dali eta Luis Buñuelen testuz osatutako Aborigenak emanaldia eskainiko dute martxoaren 10ean, 11n eta 12an. Dario Fo eta Franca Rame antzerkigileei omenaldia ere egingo diete Mikel Martinez eta Irati Agirreazkuenagak, martxoaren 29an, Cafe Bar Bilbao tabernan. Julio Villar abenturazalearen nondik norakoak kontatuko ditu E, Petrel antzezlanak, apirilaren 7an. Eta izango dira gazteentzako antzezlanak eta eskolako umeek sortutako pastoralak ere.

DANTZA
Ospakizun urtea izango du aurten Kukai dantza taldeak, eta pisu berezia izango du horregatik Loraldia jaialdian. Hamabost urte bete ditu konpainiak aurten, eta, martxoaren 18an, Kukai & lagunak emanaldia eskainiko dute Campos antzokian. Besteak beste, Iñaki Salvador, Oreka TX, Patxi Laborda, Juan Mari Beltran eta Sabin Bikandi izango dira oholtzan dantzariekin batera. Doltza Oararteta konpainiako kideak azaldu duenez, beste proiektu bat ere aurkeztuko dute jaialdian: Oskara plazara!. Dokumental baten eta dantza emanaldi baten arteko hibrido bat izango da, Oarartetak zehaztu duenez. «Bateratu egin ditugu Oskara koreografiaren sortze prozesuan grabatutako irudiak eta zuzeneko dantza». Martxoaren 22an izango da hori.

Mikel Laboaren unibertsoan girotutako Txoriak emanaldia ere eskainiko du Dantzaz konpainiak, martxoaren 12an. Lekeitioko Nazioarteko Kale-Antzerki Jaialdirako sortu zuen konpainiak pieza orain urte batzuk, eta Guggenheim museoan eskainiko dute orain.

MUSIKA
«Euskal kulturan badira milaka eta milaka proposamen interesgarri, eta, askotan, plazen beharra izaten dute. Kultura erdigunera eramango duten plazen beharra dago». Gogoeta orokor batekin hasi du Oier Arantzabal musikariak jaialdiko musika eskaintzaren aurkezpena, eta horregatik txalotu du jaialdia. Lou Topet taldearekin izango da bera oraingoan, Eutsiko diogu, Pete! emanaldiarekin. Pete Seeger musikari estatubatuarraren abestien euskarazko moldaketak joko dituzte Arriaga antzokian, martxoaren 26an. Lagun sorta bat ere gonbidatuko dute saiorako. Harkaitz Cano idazlea izango da oholtzan, eta Eñaut Elorrieta, Aiora Renteria, Anje Duhalde, Joseba Irazoki eta Izaro musikariak ere gonbidatu dituzte. Gainera, eskainiko dituzten kantekin EP labur bat grabatzeko asmoa ere badute.

Badok eguna da egitarauko beste ekitaldi nabarmenetariko bat. Izan ere, hiru kontzertu programatu ditu jaialdiak apirilaren 1erako, BERRIA egunkariaren Badok euskal musikaren atariarekin batera. Hamar urteko ibilbidea ospatuko du aurten Hesian taldeak, eta lagun sorta bat gonbidatuko du horregatik Kafe Antzokian eskainiko duen emanaldira. Lukiek taldeak emanaldia eskainiko du aurrez, eta, Biba aretoan, Izaro musikariaren kontzertua izango da. Horiez gain, Xabi Aburruzaga trikitilariaren zuzenekoa ere izango da egitarauan —martxoaren 17an—, eta jaialdian izango dira, besteak beste, 2zio, Azcykal & Layiee eta EH 2000 & Laize —martxoaren 18an—, Gorka Benitez eta Angela Celada & Carla Sevilla Band —martxoaren 23an—, eta Mikel Urdangarin —apirilaren 2an—.

LITERATURA
Kirmen Uribe idazlearena izango da jaialdiko literatur nobedade nagusia. Jaialdirako propio sortu du Geroa testua sortzaileak, eta hori oinarri hartuta arituko dira bertsotan Oihana Bartra eta Alaia Martin bertsolariak. Haiekin batera, Josu Goikok proposatuko ditu bertso gaiak, eta Anjel Unzu gitarra jotzaileak jarriko dio musika emanaldiari. Harkaitz Canoren testu bat erabili zuten lehen edizioan halako saio bat sortzeko oinarri, Anjel Lertxundik jarri zituen hitzak iaz, eta Uriberen txanda heldu da aurten. Apirilaren 2an izango da emanaldia, Guggenheim museoan.

Bilbo du ardatz Lutxo Egia idazleak eta Mikel Inun musikariak sortutako Hiri hori da hiri hau emanaldiak. Hiriari buruz idatzi den literatura aztertuko dute sortzaileek, eta haren garapenaren inguruko gogoetak ere txertatuko dituzte. Eako Poesia Egunetan egin zuten aurrenekoz saioa iaz, eta Bilbo erdialdean egingo dute orain, Azkuna zentroan, martxoaren 16an. Eta ez da hori izango emanaldi hibrido bakarra: Itu Bandak eta Kaluse musika taldeak Isabel Iturberen bizitza eta heriotza poesia, performance eta musika ikuskizuna eskainiko dute, martxoaren 31n, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan.

Hitzaldiak eta elkarrizketak eskainiko dituzte, bestalde, Iban Zaldua, Miren Amuriza eta Kattalin Miner idazleek.

ZINEMA
Estreinaldi moduko bat izango du jaialdiak zineman. «Gauza benetan harrigarri bat da», azaldu du jaialdiko zuzendariak. Izan ere, 1936an filmatu zuen Rene Le Hennaff zinemagile frantziarrak Euskadi izeneko film laburra, eta Lumiere etxeak sortutako Cinema en relief teknika esperimentala baliatu zuen horretarako. Horri esker, hiru dimentsiotan ikusi ahal izan zituzten filmeko irudiak Parisko estreinaldian izan ziren ikusleek. Baina lan hura ez zen sekula heldu Euskal Herrira, eta galdutzat eman da urte luzez, harik eta Josu Martinez ikerlariak haren kopia bat topatu duen arte. Orain, Loraldiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak film laburra Euskal Herrian ikusteko aukera emango dute. Hiru dimentsiotan proiektatuko dute pelikula martxoaren 15ean, eta Basker eta Bonde I Baskerland dokumental suediarrak ere emango dituzte.

Iratxe Fresneda zuzendariaren Irrintziaren oihartzunak dokumentala ere proiektatuko dute martxoaren 30ean. Donostiako Zinemaldian estreinatu zen film hori, eta Mirentxu Loiarteren historia kontatzen du lanak. Alegia, Euskal Herriko lehen emakumezko zinemagilearen historia.

GUNEAK
Euskal kultura Bilboren erdigunera eramatea da antolatzaileen helburua, eta, hori adierazteko, Ramon Saizarbitoriaren hitzak izan dituzte gogoan aurkezpenean. «Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko». Zehaztu dutenez, aurten Bilboko hamahiru gunetara eramango dituzte emanaldiak: Arriaga antzokira, Azkuna zentrora, Kafe Antzokira, Guggenheim museora, Pabiloi 6ra, Campos antzokira, Cafe Bar Bilbao tabernara, Bilboko Itsasadarra Itsas Museora, Biba gunera eta Poza kaleko, Iparragirre kaleko eta Zamudioko Ateko Elkar dendetara, zehazki. Hirian martxan diren hainbat kultur egitasmorekin ere elkarlanean antolatu dituzte saioetariko batzuk. Korrika Kulturalarekin kolaboratu dute, esaterako, eta baita Azkuna zentroan martxan dagoen Meatzaleak proiektuarekin ere, tartean.

AURREKONTUA
Oreka da azken helburua, antolatzaileen hitzetan: «Udazkenean Durangoko Azokaren itsasargiak dirdirak pizten dituen bezala, udaberri aldera Loraldiaren itsasargiak euskal kultura modernoari ematen dio ikusgarritasuna». Horregatik jaialdia, eta horregatik programa. Antolatzaileek ez dute egitaraua prestatzeko izan duten aurrekontuaren datu zehatzik eman, halere. Iaz baino diru gutxiago izan dutela baino ez dute esan, eta iaz azaldu zuten 360.000 euroren bueltan ibili zirela. Agirre: «Eta, halere, jaialdi handia da». Bilbao 700-III Millenium fundazioa, Bizkaiko Foru Aldundia, Laboral Kutxa eta Eusko Jaurlaritza dira jaialdia babesten duten erakunde nagusietariko batzuk.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.loraldia.eus

ETIKETAK:Anje DuhaldeBenito LertxundiEñaut ElorrietaEz Dok AmairuHesianInunIzaroJoseba IrazokiJuan Mari BeltranLoraldiaLou TopetMikel LaboaMikel UrdangarinOreka TXXabi AburruzagaXabier Lete