Elkarrizketa

Kepa Matxain

2015.03.11

Kepa Matxain

“Munduari garrasi egin ordez, disfrutatu egin nahi dugu”

Elkarrizketa: Anai Arrebak

Ostiralean defendatuko dute estreinakoz zuzenean disko homonimo berria, Donostiako Dabadaba aretoan (21:00etan). Bitartean, promozio lanetan eta entseatzen dabiltza buru belarri. Pasioz mintzo dira Marga eta Iñaki Altolagirre Matxet anai arrebak. Bataren esanek ideia berriak pizten dizkiote besteari, eta, nor baino nor, ping pong partida batean bezala aritu dira, ohartzerako amaitzeko garaia heldu den arte.

Anai Arrebak

Anai Arrebak laukotea: Iñigo Etxarri, Iñaki Altolagirre ‘Matxet’, Marga Altolagirre eta Ander Vildosola.

Musika gogorra egitetik zatozte, Trigger Travis edota Naizroxatik, besteak beste. Anai Arrebak taldean, ordea, elektronikara eta erritmo dantzagarrietara jo duzue hasieratik. Zerk bultzatuta eman zenuten halako aldaketa handia?
MATXET: Margak eta biok betidanik nahi izan dugu elkarrekin talde bat egin. Eta niretzat, musika estilo hau jorratzea sekulako erronka zen. Aspalditik nuen buruan horrelako zerbait.
MARGA: Naturalki atera zitzaigun. Heldu bihurtu ahala gauza berriak probatzeko gogoa sortzen zaizu. Dibertigarria iruditzen zait hardcorea, baina jada bizitu dugu hori, eta, inoiz nahiko bagenu, itzul gintezke berriro. Orain ez daukagu munduari garrasika aritzeko gogorik, disfrutatu egin nahi dugu.

Beraz, erabat lotuta dago egiten duzuen musika zuen unean uneko egoera pertsonalarekin.
MARGA: Erabat. Niretzat artea hori da, unean uneko bizipenak adierazpen bihurtzea, eta musikaren kasuan berdin. Ez doa burua alde batetik eta bihotza bestetik, dena lotuta dago. Musikak izugarri islatzen du nor zaren.

Badira taldeak, egoera pertsonala gorabehera, 20 urtean beren apustua deus gutxi aldatu dutenak…
MARGA: Nik ia artista guztietan antzematen dut aldaketaren bat. Gero hor sartzen da egoaren kontua. Badirudi badagoela presio bat, rocka egiten duenak beti rocka egiten jarraitu behar duela. Etiketek min asko egiten dute. Anai Arrebak sortu genuenean jende askok galdetu zigun ea zer gertatu zitzaigun, bat-batean pop-a egiten hasi ginela, pop-a irain bat bezala ulertuta. Eta ez da hori kontua. Irekita gaude musika arlo guztietara, oso libre sentitzen gara.
MATXET: Irekita egote hori da aberasgarria. Ez dut nire burua ikusten estilo bakarrean geldi. Batek daki, hemendik urte batzuetara agian berriro egingo dut zerbait oso desberdina. Arreba baino makarragoa naiz, eta, Anai Arrebakek erabat asetzen nauen arren, badaukat lehengo apustura itzultzeko gogo pixka bat ere. Ezingo nuke beti berdina egiten aritu.
MARGA: Egoa diodanean esan nahi dut askotan ez dugula bereizten berez garena eta garela uste duguna. Musika taldeetan ez ezik, lagunengan ere ikusten dut, hor badagoela ikara bat, zeure buruaz duzun iruditik ezin atera, eta horrek erosotasunera zaramatza. Ni erosotasunak aspertu egiten nau. Zerbait gutxi gorabehera nondik nora doan antzematen dudanean, beste zerbait egitera igarotzen naiz. Nahiko ipurtarinak gara, zentzu horretan.
MATXET: Nire burua etengabe testuinguru berrietan jartzeak motibatzen nau, oztopo berriekin topatzeak. Talde rockeroetan jotzen genuenean bagenuen joera pop-az despektiboki hitz egiteko. “Horiek popa egiten dute”, esaten genuen, pop-a lotuz komertzializatzearekin, arrakasta bilatu nahiarekin. Eta iritsi da unea inoizko diskorik finena egin duguna, melodiei garrantzia emanez, xehetasunak zainduz. Ez dakit gure pop diskoa ote den, baina bai honen atzean dagoen zailtasuna zenbatekoa den. Eta oroitu naiz “horiek popa egiten dute” hartaz. Bada, begira, niretzat askozaz zailagoa izan da disko hau egitea makarrismoa egitea baino.

“Talde rockeroetan jotzen genuenean bagenuen joera pop-az despektiboki hitz egiteko. Eta iritsi da unea inoizko diskorik finena egin duguna, melodiei garrantzia emanez, xehetasunak zainduz”

Zeure burua ikusi duzu orain urte batzuk mespretxatzen zenuena egiten, eta horrek duen zailtasunaz ohartzen.
MATXET: Sinpletasun hori lortzea oso zaila da. Oztopo asko eduki ditugu diskoa grabatzerakoan, gitarrekin, esaterako. Gitarrista ere rock mundutik dator eta, noski, distortsioa kentzen diozunean oso garden entzuten da, edozein akats asko nabaritzeko moduan. Ahotsekin ere berdin. Emaitzarekin oso gustura geratu gara, baina kostatu zaigu. Izerdi asko bota dugu.

Teknikoki sinpletasun hori lortzea zailagoa izateaz gain, baduzue ezer aldarrikatzeko poparen alde?
MARGA: Sotila izatea, fina, hori da zaila. Zure armadura guztiarekin dena ematera joan zaitezke, baina, iragarkiak zioen bezala, kontrolik gabeko potentziak ez du ezertarako balio. Helduago egin ahala sentitzen duzu ez duzula zertan zure energia hainbeste zabaldu, agian zu zaren gauza txiki hori izatea izan daitekeela bonba atomikoa bezain boteretsua. Ez da hainbeste kanpora begirako prozesu bat, barrura begirakoa baizik.

Ez daude zuek bezalako talde asko bazterrotan. Zergatik izan daiteke?
MARGA: Ez dakit. Uste dut Euskal Herrian badagoela funtzionatzen duen formula bat –agian ari naiz jakin gabe hizketan–, gehiago gustatuko den tendentzia bat. Edonola ere, oso urrun ikusten dut nire burua hortik, zail egiten zait inork artea gako horien arabera ulertzen duela pentsatzea.
MATXET: Ez da Anai Arrebaken kasua bakarrik, uste dut Margak eta biok parte hartu dugun proiektuek gure zigilua izan dutela, eta proiektu bakoitza izan dela desberdina. Trigger Travis eta Naizroxa bezalako talderik ez zegoen Euskal Herrian, esaterako.
MARGA: Eta hori batzuetan gogorra da, jendeak ez zaituelako ulertzen. Toki batzuetan martziano batzuk bezala sentitzen gara.

Euskal Herrian bertan, diozu.
MARGA: Bai, hemen bertan. Batzuetan jendeak ez daki nola begiratu behar dizun ere. Normalean, liluratuta gelditzen dira. Baina non sartu behar gaituzten ez jakiteak intseguritate puntu bat sortzen die, ez dakite gustatzen zaien ala ez.
MATXET: Kontzertu hasieretan batez ere.
MARGA: Normalean, kontzertuak lurrazpian hasten ditugu, eta goian amaitu. Oso gogorra da, halere, hori guztia altxatu behar izatea. Eromena. Andonik, gure ordezkariak, beti esaten digu kontzertuak hasten ditugula 5-0 galtzen, eta 6-5 irabazten amaitzen dugula. Amaieran jendea konbentzitzeko gaitasuna daukagu.
MATXET: Ez daukagu publiko handirik, baina gure lana gustatzen zaienek asko estimatzen dute. Hori egiten du inguruan antzeko talde askorik ez egoteak.

“Kontzertuak lurrazpian hasten ditugu, eta goian amaitu. Jendea konbentzitzeko gaitasuna daukagu. Oso gogorra da, halere, hori guztia altxatu behar izatea”

Euskal Herrian berritasun zarete, baina zuen disko berriak 80ko hamarkadako vintage kutsu nabaria dauka. Bizi ditugun garaien erakusle al da berritzeko zaharrera itzultze hori?
MARGA: Zaharra atzean utzi beharra daukazu aurrera egiteko. Musikan irekiera bat nabari dut orain, eta Anai Arrebaken disko berria ikusten dut ibilgailu bat bezala, oraindik zer izango den ongi ez dakigun zerbaitetara garamatzana. Mezua da: ez dakigu nora goazen, baina horrek ez du zertan txarra izan. Izan daiteke abentura zirraragarri bat.
MATXET: Dena dela, diskoan 80ko hamarkadako erreferentzia asko daude, gure haurtzaroa bizi izan genuen garaia delako, eta horrek asko markatu gaituelako. Hitzek badute malenkonia puntu bat, malenkonia positiboa. Keinu egiten diegu orduko filmei, telebistako programei, telekantei…
MARGA: Baina 80ko hamarkadan egun bizi dugunaren antzeko zerbait gertatu zen. Krisiarekin nabari dugun aldaketa sentsazio hori bazen orduan ere, misterio kutsu hori… Bizi izan duzunarekiko malenkonia edukiagatik, irekita egon behar duzu mundu berrira. Disko berriko lehen kantuan argi dago: estereotipo zaharrak puskatzen dira, tokia uzteko hutsuneari, baina hutsunea osotasunaz beterik dago…

Nola bizi dituzue zuzenekoak?
MARGA: Oso era librean. Saiatzen gara inolako espektatibarik gabe joaten. Aurrez espektatiba jakin bat sortzen baduzu galduta zaude, hilda dago espektakulua. Espektatibarik gabe aritzeak ahalbidetzen du uneoro bizirik egotea. Sentitzen dugu zer ari den gertatzen publikoan, eta, horren arabera, aldatu egiten gara. Espektakulua erabat altxatzea tokatzen denean gogorra izaten da, gu ere pertsonak gara eta beheraldiak izaten ditugu. Zuzenekoa antzezlan bat da, baina beti desberdina: joaten zara Cadizera eta publikoa ero moduan topatzen duzu, euskaraz arrastorik izan gabe. Aldiz, joaten zara ez dakit nongo festetara, sekulako kontzertua joko duzun ustean, eta kaka zaharra. Zerbait gertatuko dela zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta aukera handiagoa zaplazteko bat hartzeko.

Ostiralean kontzertua daukazue, Donostiako Dabadaban. Espektatibez ez dizuet galdetuko, baina zein jarrerarekin zoazte?
MATXET: Kantu berriak probatzeko gogoz handiz, baina sekulako jende uholderik espero gabe.
MARGA: Etxeko lan bat egiten ari naiz. Nire bizitzan lehen aldiz, ez dut buruan ezer eduki nahi bertara iristean. Zero. Jarrera horrekin joaten saiatuko naiz.

ANAI ARREBAK-EN HURRENGO KONTZERTUAK

  • martxoak 13: Donostiako Dabadaba aretoa
  • martxoak 18: Gasteizko gaztetxea
  • martxoak 26: Arrasateko gaztetxea
  • apirilak 9: Bilboko Kafe Antzokia
  • apirilak 30: Tolosako Bonberenea
ETIKETAK:Anai ArrebakBonberenea Ekintzak