Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2017.12.27

Gorka Erostarbe

“Nire ahots propioaren bila jarraitzen dut”

Elkarrizketa: Miren Narbaiza 'MICE'

Bakarkako lehena du, baina ez bakarrik egindakoa. Miren Narbaiza (Eibar, Gipuzkoa, 1986) musikari eskarmentudunak izan ditu alboan MICE gisa sorturiko lehen diskoa ontzeko. Eta adiskideak, gainera. Joseba B. Lenoirrek egin du ekoizpen lana, baita gitarrak, baxua eta teklatuak jo ere. «Kanturen batean bateria ere jo du», dio Narbaizak. Kanturik gehienetan Ilargi Agirrek (Perlak, Belarmiñak…) jo du bateria. Narbaizak gitarra jo du, harenak dira ahotsak, eta kantu batean bateria ere jo du. Zuzenekoetan, ordea, boskote moduan ariko dira, Ibai Gogorza (gitarrak) eta Lutxo Neira (baxua) batuko baitzaizkie. 

Miren_Narbaiza_'Mice'

Miren Narbaiza ‘Mice’ (Mikel Larretxea)

Mice-saguak esan nahi du, pluralean: «Esanahiak baino gehiago, soinuak erakarri ninduen», egin du ñabardura Narbaizak. Eta jende askok galdetzen duela eta, ahoskerari buruzko ohartarazpena. Maiz ahoskatzen da, mize beharrean. Zortzi kantu bildu ditu diskoan. Entzunaldi bakoitzean hazten diren kantuak dira, aldiro geruza berriak deskubrituarazten dituena. Pop-rocketik abiatzen direnak, baina, urgentziazko denboratik bainoago, sosegutik abiatzen direnak.  

«Ausardiarik ez; beldurrez gainezka. Geroak ekarriko duenaren kezka», esaldiarekin hasten duzu diskoa. Bakarkako ibiliari ekiteko beldurrei aurre egin behar izan diezu?
Bai, neurri batean bai, baina ez naiz oso kontzientea ere izan beldur horietaz. Uneren batean izan dut bertigo sentsazio hori, «hau pasatzen ari da». Napoka Iria utzi eta gero, beste hamaika proiektutan aritu naiz, eta pixkanaka hasi zitzaidan barrenetik kantuak egiteko gogoa. Barrenean nuen gogo horri bide eman behar niola sentitzen nuen, eta gero izan ditudan beldurrak gehiago dira ea gero zer etorriko den…

Napoka Iria bera agurtzea izan da akaso urrats zail bezain ezinbestekoa bakarkakoari ekiteko?
Bai, dudarik gabe. Napoka Iria izan da nire musika ibilbideko zatirik handiena. Oinarri handiena. Eta bion artean eraiki dugun proiekturik handiena. Horri bukaera bat emateak asko lagundu dit aurrera egiteko, bai…

Dolua eginda dago?
Aurretik egiten ari ginen jada Ander [Mujika] eta biok, jendeak ez jakin arren. Dolu luze bat izan da. Ezbaian egon ginen denbora batez; ez genekien nondik jo. Gauza berriak egiten hasiak ginen, baina ez zuen funtzionatzen lehen bezala. Uste dut burua beste gauza batzuetan geneukala. Hasi ginen konturatzen igual ia bukatuta zegoela, eta dolua hasita zegoen. Hori dena hilabeteetako kontua izan da. Gainera, bakoitza bere kontuetan aritu denez… Denbora pasatu zen iragarri genuen arte. Eta, gero, azken kontzertua ematea garrantzitsua izan zen etapa ixteko. Egin beharreko prozesua zen, eta uste dut nahiko ondo egin dugula.

Miles Daviesek esaten zuen denbora asko behar izaten duela musikariak bere musika edo ahots propioa topatzeko. Aurreko proiektu guztiek lagundu dizute ahots hori bilatzen?
Uste dut nire gorputza ari zela eskatzen gauza berriak, eta nahi nuela ikasi hau, eta ikasi beste hori. Eta horregatik ibili naizela hainbeste kontutan. Proiektu horiek guztiek lagundu didate ahots hori bilatzen, eta oraindik jarraitzen dut bilatzen nire ahots propioa. Hau hasiera moduan ikusten dut. Perlak-en eta Dual Spliten ibili naiz, eta oso gustura, baina une batean konturatu nintzen behar nituela kontatu nire gauzak, eta nire erara. Behar nuen nire espazioa, eta gauzak deskubritu. Beste soinu batzuk entzun ditut, talde soinuak entzun ditut, baita Joseba B. Lenoirrekin ikasitako guztia ere… Horrek guztiak lagundu dit, baina oraindik ere bila nabil… Prozesu bat da.

Baina jada ikusten da norabide bat: pop-rocka du oinarrian diskoak, baina atmosfera batez jantzi duzu. Badira giro atmosferiko espazialak, psikodelia puntuak, “Biziraun”-en eta “Ez eutsi”-n, adibidez…
Bai, bi gauza horiek asko gustatzen zaizkit: popa eta jantzi ilunago bat gainetik, psikodelikoa, soinu espazialak… Joseba Baleztena aritu da ekoizle lanetan, eta biok bat egiten dugu horretan. Esparru horretan gustura nago. Diskoak badu atmosfera bat, baina egia da gero kantu bakoitza oso berea dela.

“Biziraun” kantuan diozu: «Biziraungo diot datorrenari»; eta beste batean galdetzen duzu: «Zertarako iraun?». Bizarautea da jomuga musikaren munduan?
Biziraun egiten da besterik ez dagoenean; nik nahiko nukeena da bizi. Halako gogoetak datoz momentu ez oso onak pasatzen dituzunean, baina modu positibo batean aipatzen dut bizirautearena. «Une hau pasatu badut, beste asko pasatzeko gai ere banaiz». Gorputzak uste dugun baino gehiago jasaten du, baina nire erronka ez da bizirautea, baizik eta bizi hau bizitzea.

Une honetan musika bizi duzu, eta musikarekin biziatua zaude?
Bai, hala da. Napoka Iriaren azken urteetan jada musikara emana bizi nintzen, eta horrela segitzen dugu, bere alde on eta txarrekin. Bizirauten batzuetan, eta ahal den gehienetan bizitzen, gozatzen.

«Zuk ez duzu entzun nahi harmonia gabeko kantarik» diozu “Zertarako iraun”-en. Entzun nahi al dituzu harmoniarik gabeko kantuak?
Niri gustatzen zait harmonia, kolorea eta bizipoza, baina uste dut jakin behar dela entzuten harmoniarik gabeko kantuak ere. Disonantziak, soinuak bere osotasunean. Hor gordetzen dira sekretu handiak. Askotan tematzen gara soinu politak entzutera, eta askoz ere gauza gehiago dago, eta horietan sakontzean ateratzen dira gauza interesgarriagoak.

Kantatzeko moduan ñabardurak sartu dituzu. Esaterako, “Laba ibaiak”-n xuxurlaka kantatu duzu.
Ahotsa beti da erronka bat niretzat. Beti nahi izaten dut barruan dudan hori erakutsi. Neure buruari esaten diot jolasteko, eta ea zer topatzen dudan. Gero, entzuten ditut kantuak, eta iruditzen zait ez dudala erabat askatzen. Hor beti daukat nahi eta ezin moduko bat. Baina saiatu naiz horretan. “Laba ibaiak”-en, hasieran, ez nuen horrela kantatzen, eta zuzenekoetan kantatzen nuen indar osoz. Ibai Gogorzari zor diot kantu hori modu horretan egitea. Beran grabatu genuen diskoa. Etortzen zen batzuetan, eta hark proposatu zidan hortxe mugan-mugan dagoen ahots horrekin kantatzea, ahotsa agertu eta desagertzen den puntu horretan. Diskoa ixten duen Lehenago iristeko asmoz”-en, aldiz, hiru ahots daude. Lehenik grabatu nuen etxean, mikrorik gabe, eta ezin nuen orroka hasi, eta hortik abiatuta sortu zen jolas hori. Inkonformista naiz ahotsarekin, baina uste dut diskoan badagoela aniztasun bat behintzat.

Beste proiektuekin jarraituko duzu?
Bai, Joseba B. Lenoirrekin laukotean aritzen gara, gu biok eta Ilargi Agirre eta Nagore Etxabe bateria joz, bateria bikoitzarekin alegia. Eta Drumkoptersekin ere jarraitzen dut. Presarik gabe baina geldiunerik gabe aritzen gara.

(Berria egunkarian, 2017ko abenduaren 26an argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:BelarmiñakDrumkoptersDual SplitIbai GogorzaIlargi AgirreJoseba B. LenoirLutxo NeiraMiceMiren NarbaizaNagore EtxabePerlak