Elkarrizketa

Mikel Izarra

2021.02.15

Mikel Izarra

“Nork egin baino zer egin azpimarratu nahi dugu”

Elkarrizketa: Merina Gris

Merina Gris iazko urrian agertu zen gu guztion sare sozialetako feed-etan. Aurrerapen moduan bideo txiki bat, bi pertsona protagonista zituelarik. “Hauek izango al dira?”, “soinuak kriston itxura du”, eta horrelako komentarioak. Egun batzuk geroago, Maria Muriedasen argazkia Delaplataren jantziekin. “Ostras, ba ez ziren horiek, hiru hauek baizik. Kontxo, eta ondo aukeratzen dute norekin kolaboratu, eh!”. Eta lehen bideoklipa, “Besteek zer”, atera zenean, konfirmazioa: oso abesti elektronikoa, Gartxot Unsainen letra apartarekin… Eta zer esan bideoklipari buruz? Azken aldian gurean ikusi dugun kalitate handienetakoa. “Zuzenean kristona izan behar du!”.

Merina Gris_1

Merina Gris taldeko hiru kideak.

Bazterrak arakatzen hasi, han hemen galdetu eta ezinezkoa. “Nortzuk dira hauek?”. Bitartean, hype digital gehiago: Ed Is Dead ekoizle madrildarrarekin elkarlanean, argazki saio oso profesionalak… talde berria bai baina txikia ez zela argi uzten. Gaztea sarietan iragarri zen zetorren bomba: artista mordoa Saiatzen naiz zioen kamiseta jantzita. Ondoren etorri zen denok burutik kendu ezin dugun hit eztabaidaezina, berriz ere, bideoklip ikusgarriaz atondua: Izaro protagonista modura, eta Galapan, Arriguri eta Badator kameren atzean. Nortzuk diren jakin edo ez, argi dago hirukote honek haize bolada freskoa ekarri diola euskal eszenari, eta ziurrenik gehiago dutela gordeta.

Zelan sortu da Merina Gris? Zuen lehenengo proiektua da? Nondik dator izena?
Elkarren artean musikaz hitz egiten duten lagunak gara. Horrela sortu zen Merina Gris, musikaren inguruan hitz egitetik musika egitera pasa ginenean. Ez da gure lehenengo proiektua, badira urteak musikarekin modu askotan harremanduta gaudela. Eremu artistiko eta sozial desberdinetan mugitzen gara egunero, eta gustura bizi garen arren, askotan ez ditugu %100ean gureak sentitzen kutsu edo asmo aldetik. Horregatik sortu zen proiektu hau, erdibideko gune bezala. Hor dago Merina Gris izenaren esanahiaren gakoa.

Momentuz anonimotasunean daramazue proiektua. Zergatik?
Uste dugu erabaki horrek ahalbidetu diola proiektuari marka pertsonalak baino musikak eta, oro har, sorkuntza artistikoak eramatea protagonismoa, eta hori da gure lehentasuna.
Artean igorlea garrantzitsua da, testuingurua sortzen duelako. Testuingururik gabe aurkeztu nahi genuen hau, nork egin baino zer egin azpimarratu nahi genuelako. Geroz eta aurreiritzi gutxiago, orduan eta hobeto. Jolas bezala hasi zen baina gustatzen ari zaigu.

Kontzertuak emateko asmoa duzue edo proiektua ez dago zuzenerako pentsatua?
Proiektu hau hasi genuen une beretik bagenekien zuzenekoa izango zela lanaren zati garrantzitsu bat. Sortze prozesuan ere esango genuke beti dugula presente zuzenekoa; zeinek zer jo, nola jo, argien edo abestiaren estetika nolakoa izango den eta abar. Beraz, erantzuna garbia da: bai, zuzenekoak proiektu honen parte dira. Hiru taldekideez gain, beste bi musikari izango ditugu taula gainean gurekin. Berriz dantzatu daitekeen garaietara bueltatzen garenean, festa latza sortuko dugu, ziur!

Hiru pertsona zareten arren, musika oso landuta dago. Hirurek hainbat instrumentu jotzen dituzue? Hirurek ekoizle lana egiten duzue?
Bakoitzak bere “jatorrizko” instrumentua dugu, baina denetarik jotzen dugu, edo gutxienez, trasteatzea gustatzen zaigu. Nik, pertsonalki, ez dut inoiz ulertu musikari askoren “instrumentuzentrismoa”. Hau da, norberak bere gailuari begira jotzea, kanpoan gertatzen ari denari erreparatu gabe. Niri betidanik gustatu izan zait niretzat jatorrizkoak ez diren beste instrumentuek zer egiten duten jakitea, eta horrek eraman gaitu gauza bat baino gehiago jotzera. Horrek ez du esan nahi elementu bakoitzean adituak garenik edo izan behar garenik. Baina dena zaintzea gustatzen zaigu, musika horrela ulertzen dugulako, elementuen arteko hartu-eman bat bezala. Ekoizpenari dagokionez, nahiko kolektiboa da ere. Ni arlo teknikoaz arduratzen naiz, baina, zorionez, ekoizpena hortik harago doan zeozer dela iruditzen zaigu.

“Sortze prozesuan beti dugu presente zuzenekoa: zeinek zer jo, nola jo, argien edo abestiaren estetika nolakoa izango den… Zuzenekoak proiektu honen parte dira”

Musika nahiko elektroniko eta garaikidea bada ere, letrek kutsu oso intimoa dute. Ze planteamendu edo inspirazio dago hitzen atzean?
Norbanakoaren isla besterik ez da aipatzen duzun kontraste hori. Gauzak egiteko erak iraultza kutsua izan dezake, agian baita biolentzia puntu bat ere, baina horren sortze iturria barneko sensibilitatea eta beldurrak dira.

Momentuz kantak banaka atera dituzue. Sinisten duzue disko formatuan? Egongo al da Merina Grisen album bat?
Sinistu ala ez, ez dakit. Gaur egungo kontsumo ohiturak ikusita, disko formatuaren beherakada begibistakoa da. Zentzu horretan, hala ere, nahiko eskola zaharrekoak gara, eta erromantizismoagatik bada ere LP bat ateratzearen kontzeptua maite dugu, musikari zein entzule bezala. Gure asmoa disko bat kaleratzea da, gutxienez, kar kar kar. Dena ezin da marketingaren betaurrekoekin egin, arteak zentzu bat izan behar du, artistarentzat gutxienez.

Alde bisuala oso zainduta dago: bideoak, argazkiak, janzkera… Zer garrantzi du zuen musikan? Nondik datorkizue inspirazioa kolaboratzaile hain konkretuekin lan egiteko?
Musika era orokor batean ulertzen dugu guk, osotasun baten parte den zerbait bezala. Hortaz, abestiaren sortze prozesuaren parte dira guretzat bai bideoak, bai argazkiak, baita estetika osoa ere. Kantuarekin transmititu nahi izaten duguna areagotzeko tresnak dira. Hau guztia inguruko lagun eta artistekin egin dugu. Zorte ikaragarria da bideoetan, argazkietan eta abarretan gurekin lanean aritu direnak adiskide izatea! Eskerrak ondoan izan ditugun gure ametsak gauzatzeko.

Argi dago zuen erreferenteak globalak direla. Zeintzuk? Eta bertokorik badago?
Baliteke soinu eta estetika aldetik nazioartera begira gaudela ematea. Azken finean, Interneta dugu etxean. Eta egia da atzerriko musika asko entzuten dugula betidanik. Erreferente konkretuak aipatu beharko bagenitu… zerrenda amaiezina izango litzateke: Flume, Mura Masa, Charli XCX eta horrelakoetatik hasita, Jean Dawson edota Marmozets bezalakoetara iritsi arte. Orokorrean, entzundako guztiak eragiten du, noski: gure DNAn pop garaikidea egoteaz gain, punka, rocka (bere anbiguotasunik handienean), musika beltza eta bestelakoak ere daude. Hala ere, Euskal Herrian bizi gara, eta gure inspiraziorik organikoenak askoz lurtarragoak dira. Alde batetik, betidanik entzun dugulako hemen sortutako musika, eta bestetik, gainontzeko artistekin elkarbizitzea izan delako gure ikasbide eta inspiraziorik handiena.

Orokorrean ematen du oso proiektu landua dela zentzu guztietan. Zelakoa da ekonomikoki aurrera eramatea, gainera momentuz kontzertuak eman ezinda?
Egia da azkenaldian kontu korronteak abisu pare bat eman dizkigula, kar-kar-kar. Egiten duguna maite dugu, eta, horregatik, hartu beharko liratekeenak baina arrisku handiagoak hartzen ditugu maiz, baina proiektuaren noranzkoa argi dugunez, hau da aukeratu dugun bidea. Proiektuak horrelakoa behar du izan. Musikari ororen egoera berdina da. Musikagatik, pasioagatik eta autoplazerragatik dirua inbertitu, noizbait itzuliko denaren itxaropen haritxoarekin.

Zer aurreikuspen daukazue etorkizunerako?
Bizi dugun markoa kontuan hartuta, momentuz, kantuak kaleratzen jarraitu nahi dugu. Hori bai, beti pentsatzen dugu zuzenekoetan, ezinbesteko ditugu prozesu honetan. Esateko asko dugu, eta gogoak, zer esanik ez.

ETIKETAK:AirakaEd is DeadGartxot UnsainIzaroMaria MuriedasMerina Gris