Elkarrizketa

Urko Ansa

2020.06.04

Urko Ansa

“Nostalgiatik esperantzara, beste energia bat du lan honek”

Elkarrizketa: Sara Zozaya

(I) izenburua duen arren, bigarren lana du Sara Zozayak (Donostia, 1995) bost kantuz osatutako EPa. Nerabe taldeko kideak sentsazio sakonak iradokitzeko gaitasuna erakutsi du lan eleanitz bezain barnerakoi honetan. Ez du publikoak irratian sarri entzungo den kanturik agian hemen topatuko; aldiz, kalitatezko soinua eta giro berezia nonahi topa ditzake aitaren batean pasatzen diren kantuetan. Azken lauzpabost urteetan Donostiatik iritsi zaizkigun sorpresa askoren arteko beste bat da Sara Zozaya.

Grabazioa eta masterizazioa Bilboko El Tigre estudioan egin dute, Jon Agirrezabalaga eta Xabi Egiaren gidaritzapean, hurrenen hurren. Zozayak berak jo ditu pianoa eta, hiru abestitan, gitarra. Sorpresa handi bat ere badakar diskoak: Benito Letxundiren kolaborazioa “Benetan” abestian! Argitaratzeko baina, autoekoizpenera jo du berriz ere. Otsailaz geroztik, hilero kantu bat zabaldu du plataforma digitaletan, aurrerapen gisa. Lan osoa ekainaren 19tik aurrera entzun ahal izango da.

Sara Zozaya

Sara Zozaya musikari donostiarrak hilaren 19an kaleratuko du lan berria.

Zer aurkituko du entzuleak zure EP berrian? Zein nobedade dakartza lehen lanarekiko?
Beste energia bat dakar lan berri honek. Nostalgia hutsetik esperantzara.

Produkzio lan handia nabari da abestietan. Soinu sakon eta limurtzailea lortu duzu, dotorea eta barnerakoia. Aurreko lanak minimalismo aldera jotzen zuen gehiago, hura bibrantea zen arren.
Aurreko lana inozenteagoa zen, inongo gehiegikeriarik gabe egindakoa eta nahiko inperfektua. Lan honetan sendotasuna lortu nahi izan dut soinuan eta estrukturetan. Lortu dudala uste dut, Jon Agirrezabalagaren produkzioari esker; berak atera die probetxua nire ideiei.

Efektuak ere antzematen dira han-hemenka. Ñabardura interesgarriak. Bost kantak aitaren batean pasatzen dira, continuum bat balitz bezala. Soinuak eta giroaren koherentziak sentsazio hori biderkatzen dute.
Pozten naiz koherentzia bat aurkitu badiozu. Askotan kanta batetik bestera salto handia dagoela sentitzen dut eta ez da erraza esentzia berdina transmititzea. Efektuen munduan murgildu ninduen Antton Goikoetxeak bere pedalekin, eta hortik ezin da irten… kar-kar.

“Alien”-en ahotsa bikoiztu duzu zati batzuetan, baina orokorrean instrumentazioa nahiko biluzia da.
Ahotsaren planoa ezberdina da abesti batetik bestera, instrumentu ezberdin baten papera betetzen baitu kanta bakoitzean. Batzuetan, ahotsak dena inbaditzea nahi dudanean, bikoizketak erabiltzen dira efektu hori lortzeko. Instrumentazioak ez dauka misterio handirik, gainera. Demorik gabe grabatutako lana da. Beraz, moldaketak bertan egin nituen.

Zein musikarik parte hartu dute grabazioan? Zuzenean ere zurekin egoten al dira?
Grabazioa eta masterra Bilboko El Tigre estudioetan egin dugu. Jon Agirrezabalaga izan da ekoizlea eta Xabi Egiak egin du masterra. Gitarra nagusiak nik grabatu ditut, “Bat” eta “Owltron” kantuetan izan ezik, zeintzuk Antton Goikoetxeak grabatu dituen. Ahotsak eta pianoak grabatu ondoren, Itxaso Navarrok biolontxeloa gehitu du bi abestitan. 

“Bat” kantuak bideoklipa ere badauka.
Inoiz egin dudan ikus-entzunezko lanik bereziena da Arriguriko lagunekin egin dudana. Ulertu dut zein gogorrak diren filmazio orduak eta baita ere zein beharrezkoa den lan talde profesionala edukitzea.

“Benetan” abestiak Benito Lertxundiren errezitatu bat badakar, halako aura mistiko bat ematen diona. Pentsatzen dut zuretzat ere garrantzitsua izan dela Benitoren ahotsa grabatu ahal izatea…
Benitoren ahotsak oraindik ere harritu eta benetan liruratzen nau kanta entzuten dudanean. Hor dago, baina entzunaldi bakoitzean birsortuko balitz bezala sentitzen dut.

Euskara nagusi da EP honetan, nahiz eta gaztelerazko  (“Alien”) eta ingelesezko (“Owltro”) bana ere badauden. Aurreko lanarekiko eboluzio baten moduan har genezake, orduan ingelesa nagusi zela gogoratzen badugu? Bada garai hauetako taldeen artean hizkuntzak nahasteko halako tendentzia bat, horrela definitu badaiteke bederen. Batzuek hiru hizkuntza ere erabiltzen dituzte (euskara, gaztelania eta ingelesa edo frantsesa, kasuan kasu).
Hizkuntzenak lotura du bakoitzaren komunikatzeko bideekin. Gaztelania eta euskara, biak erabiltzen ditut komunikatzeko garaian. Hala ere, euskaraz abesten dudanean nire barneko zerbait irekitzen da eta transmisioa handiagoa dela uste dut. Azken finean, gure jatorriak definitzen digu arima.

Bakarkako ibilbidea hasi zenuen 2018an. Dena den, Nerabe taldeak momentuz aurrera jarraituko du, ezta?
Momentu honetan nire proiektu nagusia Sara Zozaya da. Nerabe geldialdi batean dago noizean behin berreraiketa beharrezkoa delako. Hala ere, abesti berri dezente dauzkagu bidean eta bueltatuko gara.

“Euskaraz abesten dudanean nire barneko zerbait irekitzen da eta transmisioa handiagoa dela uste dut”

Hainbat sari jaso dituzu lehiaketetan. Nerabe taldearekin hasi baino lehen, ordea, Gure Bazterrak promotora sortu zenuen 18 urterekin! Duela zazpi urte izan zen hori, eta besteak beste Benito Lertxundiren kontzertuak kudeatzen dituzu. Ez da batere ohikoa zure kasua.
Akordeoia jotzen nuen garaian lehiaketa batean izan nintzen Bilbon eta esku hutsik itzuli nintzen etxera nire ustean sariren bat jasotzeko maila nuen arren (ordu gehiegi pasatzen nituen entseatzen). Iaz, ordea, Bizkaiara itzuli nintzen bi lehiaketatara [Hiriko Soinuak eta Rockein], mailaren kontzientzia eduki gabe, eta hara non, ondo joan ziren biak. Garaile suertatu nintzen bietan. Bestetik, Gure Bazterrak izan da guztiaren abiapuntua: musikaren industria eta eszena ezberdinak ezagutzeko, Benitorekin topo egiteko eta egin dudan beste edozer aurrera ateratzeko. Orain promotorarekin lanean jarraitzen dut, musikaren profesionalizazioa irisitsiko delakoan.

Bada Donostian azken lauzpabost urtetan mugitzen ari den zer edo zer. Skakeitan, Olatz Salvador, Izaro, Glaukoma, Eraul, Nøgen… Estilo ezberdinetako taldeak aipatu ditudan arren, kalitate handiko pop musika gaztea bere bidea egiten ari dela esango nuke. Ekoizleak eta estudioak ere partekatzen dituzte batzuek. Baduzu harremanik aipatu ditudan artistekin?
Ezagutzen ditut haietako batzuk. Asko Gure Bazterrak-ek antolatutako ekitaldietan ibili dira eta haren bidez egin nuen kontaktua. Eszena sortzen ari dira. Talde bakoitzak daukan berezko nortasuna erakutsiz estruktura polit bat eraikitzen ari dira datozenentzat. Gainera, ikusten ari naiz nola gauzak egiteko modua ere aldatzen ari den, eta iruditzen zait ekintzaileen bultzada askoz nabariagoa dela artistengan, inork ez baitu berea norberak baino hobeto babestuko.

ETIKETAK:Antton GoikoetxeaBenito LertxundiEraulGure BazterrakItxaso NavarroIzaroJon AgirrezabalagaNerabeNogenOlatz SalvadorSara ZozayaSkakeitan