Elkarrizketa

“Sakrifizio handia da talde batean egotea, serio hartzen baldin baduzu”

Elkarrizketa: Markel Idigoras, Eider Saez (Nøgen taldeko kideak)

Lau urteko bidea egin du Nøgen taldeak eta, tartean abeslari aldaketa bat izan ondoren, egun Eider Saez (ahotsa), Markel Idigoras (ukelelea eta ahotsa), Alex Irazusta (gitarra eta ahotsa), Olatz Cuevas (baxua) eta Jokin Gilisagasti (bateria eta ahotsak) dira taldeko kideak. Esfortzuarekin eta talentuarekin, denbora gutxian oihartzun handia jaso du boskoteak. Under Alt (Airaka) bigarren lan luzea argitaratu berri du eta Eider eta Markelekin izan gara, diskoaren eta haien pentsamenduen azpian zer dagoen gehiago jakiteko asmoz.

FOTO_NOGEN_UNDER_ALT

Alex Irazusta + Eider Saez + Markel Idigoras + Jokin Gilisagasti + Olatz Cuevas = Nøgen

Taldearen bigarren lanari Under Alt izena jarri diozue eta azalean pertsona baten larru azala ageri da. Azalduko ahal diguzue zer esan nahi duzuen?
MARKEL IDIGORAS: Under Alt-ek denaren azpian esan nahi du danieraz. Gure ustez, azalaren argazki horrekin identifikatzen dira ondoen denboraren igarotzearekin gelditu zaizkigun orbanak. Denaren azpian dauden sentimendu gordin horiek azaleratu nahi izan ditugu diskoan, agian hitzez lehenengo momentuan esan ezin daitezkeen sentimendu gordin horiek.

Horren inguruan dihardute abestiek?
M.I.: Abesti bakoitzak bere kontzeptua du.
EIDER SAEZ: Bere mundua.
M.I.: Bai, hori da, bakoitzak gauza desberdinak esaten ditu baina denek hitz egiten dute sentimendu gordinez. Esaterako, abesti bat txikitan maite izan dugun jendearentzat egina dago.
E.S.: Azkenean, azalaren azpian, guztiaren azpian ere bada, hau da, gu garenaren azpian eta horren barruan sartzen den guztia. Nolabait, zentzu horretan biluztu egin gara taldearen izenarekin ere lotura bat eginez, “nøgen”-ek biluzik esan nahi baitu.

Azaroaren 25ean argitaratu zenuten diskoa. Zer nolako erantzuna ari da izaten? Zein izan da zaleen eta gertukoen feedback-a?
E.S.: Momentuz gustura gaude. Nik uste dut jendeak diskoa entzun duela eta gaur egun disko oso bat entzuten jartzea esfortzu bat da askorentzat. Oso pozik gaude horrekin, jendeak bere denbora eskaini baitu ea Nøgenek oraingoan zer egin duen jakiteko.
M.I.: Entzun duen jendearen kritikak oso onak izan dira orokorrean. Guri esan digutenez, gertu-gertukoei asko gustatu zaie eta zaleei edo aurreko diskoarekin ezagutu gintuen jendeari ere asko gustatu zaiola esan genezake.
E.S.: Hori transmititu digute behintzat.
M.I.: Gu ere orokorrean gustura gaude. Nik uste dut disko bat bukatzen duzunean, justu bukatzean, gustura geratzen zarela, baina ez dakizula oso ondo, eta beti hobeto edo beste era batera egin zitekeenaren sentsazioa izaten duzula.
E.S.: Badaude bertigoa ematen dizuten momentu batzuk, ea ondo egin ote dugun, asmatu ote dugun… Ematen duenez hala izan da eta gustura gaude.

Ziurrenik ez da urterik errazena izan disko bat grabatu, argitaratu eta promozionatzeko. Izan al duzue zalantza edo zailtasunik?
M.I.: Ez genuen ezta planteatu ere egin atzera botatzea. Diskoa behar zuen momentuan grabatu genuen eta ez bagenu orain atera, disko honek ez luke zentzurik izango. Konfinamendua baino lehen diseinatu genuen eta ez zen hurrengo urterako utzi edo gorde genezakeen zerbait. Orain kaleratzea nahi genuen, bestela ez luke zentzurik izango.
E.S.: Zer egin nahi genuen bagenekien eta ostera etorri zen pandemia eta konfinamendua. Denboretan bai izan zuen eragina, data batzuetan grabatzea aurreikusten genuen, baina atzeratu beharra izan genuen. Bestela, diskoan ez du eraginik izan.
M.I.: Promozionatzeko zailtasunak izan dira, baina gauza guztietan bezala. Hala ere, gauzak gehiago exprimitzeko balio izan digu. Adibidez, Donostian aurkezteko “Nøgen Under Alt” etxea egin genuen. Gure diskoa leku fisiko batean saltzeko denda moduko bat egin genuen NAIZen gunean, Kursaal parean. Agian konfinamenduarengatik izan ez balitz ez genuke halakorik egingo.
E.S.: Egoerak guztiari buelta bat emateko balio izan digu. Disko bat kaleratu behar genuenez, bera ikusarazteko merezi eta behar zuen tokia nola eman bueltaka ibili ginen.
M.I.: Gure alde ona ere atera du.

Disko bat egitea erabakitzen duzuen momentutik nola da bere sortze prozesua zuentzat?
M.I.: Liv Til Døden grabatu eta hurrengo egunerako dagoeneko bagenituen abesti berri batzuk eginak. Prozesua ez da izaten “tira, goazen disko bat egitera”. Abestiak sortzen joaten gara eta momentu batean diskoa ixteko erabakia hartzen dugu.
E.S.: Data bat jartzen dugu.
M.I.: Grabatu ditugun bi disko hauetan diskoa egiten jarri gara, baina diskoa egiten ez jartzearen ideia ere gustatzen zaigu, gorputzak naturalki eskatzen digunean abestiak konposatuz. Egia da oraingoan epe eta data batzuk jarri genituela, baina taldean komentatu izan dugu etorkizunean agian aldatu egin beharko genukeela gure modus operandi, epeez harago, abestiei behar duten leku eta denbora eskainiz.

Diskoaren aurkezpen birari Donostiako Viktoria Eugenian (abenduak 4-5) eta Bilboko Euskalduna Jauregian (abenduak 8) eman diozue hasiera. Nola joan dira emanaldiok? Suposatzen dut bereziak izango zirela…
E.S.: Nik uste dut baietz eta esango nuke kontzertu horietakoren batean guztiok emozionatu garela. Azkenean izan den bezalako urtea izan da eta egin dugun lan guztia ikusita, behingoz bera defenditzeko oholtza gainean eta jende aurrean zaudela ikusteak asko ematen digu guri. Emozionantea izan da alde horretatik. Gainera, Euskaldunan inoiz jo gabeak ginen eta iritsi ginenean aluzinatu egin nuen tokiarekin. Esan bezala, lehen kontzertuak oso emozionanteak izan dira eta birarekin jarraitzeko gogoz gaude egin dugun lana erakusteko; ea nola joaten den dena.

“Etorkizunean agian aldatu egin beharko genuke gure ‘modus operandi’, epeez harago, abestiei behar duten leku eta denbora eskainiz”

Talde batzuek zenbakiekin izendatzen dituzte diskoak, beste batzuek koloreekin… Zuek, berriz, danierako hitz edo esaldiekin. Nondik dator ohitura hori? Taldeari nortasuna ematen dion zerbait izan daitekeela uste duzue?
M.I.: Taldea Danimarkako hari horretatik tiraka sortu zen eta ez dakit berezitasun bat ematen dion edo ez, baina bai zerbait gurea eta egiazkoa dena. Ez dugu egiten zerbait berezia lortzeko, baizik eta gure diskurtso eta izateko erari jarraikortasun bat emango diola sinesten dugulako. Hasiera horri keinu egitea gustatzen zaigu eta uste dugu agian berezia egin dezakeela beste izen batekiko, Euskal Herrian danieraz izatea pixka bat berezia izan badelako.

Hala jarraituko dute aurrerantzean ere?
M.I.: Ez dakigu, ikusiko dugu. Izenburua, diskoa itxi eta behin kontzeptua landuta dagoenean ateratzen den azkena da. Ikusiko dugu orduan, agian bai edo agian ez.

Grabaketa Haritz Harreguyrekin egin duzue Usurbilen eta masterizazioa, Ultramarinos estudioan Victor Garciarekin. Aurreko diskoan ere biekin aritu zineten, gustura gelditu zineten seinale. Zer eskaintzen dizue bakoitzak?
M.I.: Aurreko diskoan formula ona izan zen eta nahi edo espero genuena lortu genuen. Egia esateko, hasieran ez geneukan oso argi zer nahi genuen ere, baina espero genuena lortu genuen eta antzerako prozesua izatea bilatu dugu disko honekin ere, lantalde berdina mantenduz. Prozesu osoagoa izan da: denbora gehiago izan dugu estudioan grabatzeko, abestiak prestatzeko eta denbora gehiagorekin egin dugu lan. Konfiantzazko jendeari denbora gehiago gehitzen badiozu, dena hobera doa. Plazer bat da Haritzekin grabatzea, asko gozatzen dugu berarekin. Victorrekin ere oso tratu ona daukagu, baina ez dugu aurrez aurreko lanik egin, grabazioak bidaltzen dizkiogu eta berak masterizatuta itzultzen dizkigu.

Soinu aldetik, diskoak aurreko lanetan erakutsi duzuen folk-pop oinarria duela iruditzen zait, baina badira aldaketa batzuk ere, tartean, gitarra elektriko gehiago entzun daitezkeela. Soinu berriak probatzea izan da asmoa edo horrela atera zaizue? Zer gehiago nabarmenduko zenukete?
E.S.: Aldaketak ez dira bilatuak izan. Abestiak forma hartzen doazen heinean, bakoitzak zer behar duen ikusi eta horren arabera jokatzen dugu. Gainera, kontuan hartu behar da aurreko diskotik bi urte pasa direla eta urteotan guk ere iturri desberdinetatik edan dugula. Ez dut uste zerbait bilatu izan denik, horrela atera da eta aurrera.
M.I.: Ez dugu pentsatzen “abesti gitarreroagoak aterako zaizkigu” edo halakorik, ateratzen zaiguna ateratzen da. Konposatzen gaudenean moldaketa bat bestea baino hobeto geratzen da eta besterik gabe. Moldaketa horiekiko bai bilatzen dugu soinu espezifiko bat instrumentu bakoitzean eta produkzioan.
E.S.: Abesti bakoitza banaka hartzen dugu eta bakoitzak behar duenaren arabera jokatzen dugu.
M.I.: Hori da, eta amaieran bai, diskoak koherentzia bat mantendu behar du, baina ez dugu aurrez pentsatzen diskoa estilo bateko edo bestekoa izango den, ez diogu aurre etiketarik jartzen.

Esan ohi da bai zaleentzat eta baita taldeentzat ere, abeslari aldaketa izaten dela sarritan taldekide aldaketa delikatuena. Bi urte pasa dira taldean sartu zinenetik Eider, eta batera osatu duzuen lehen diskoa da hau. Zer eragin izan duzue batak bestearengan?
E.S.: Nahiko naturala izan da. Ane [Negueruela, Nøgenen aurreko abeslaria) aurretik ezagutzen nuen eta esan daiteke berarengatik nagoela hemen, berak esan baitzidan proba egiteko. Agian hasiera batean bai izan zen zaila martxan zegoen talde batera eta dinamika berri batzuetara batu eta ohitzea. Gainera, taldea nahiko maila potentean zegoen une bat zen eta bideari puntu horretatik heltzea zaila da agian. Baina nik uste dute egokitzapen prozesu bat dela eta alde horretatik ondo eraman dugula.

Erabiltzen dituzuen melodia, koru eta ahots jokoak taldearen bereizgarriak direla iruditzen zait. Zenbait momentutan malenkonia edota nostalgia transmititu dezakezuen arren, Nøgenen ezaugarri nagusietako bat positibismoa eta alaitasuna transmititzea dela esango nuke. Nola ikusten duzue zuek?
M.I.: Askotan esaten digute alaitasuna transmititzen dugula, baina egia esan, abestiak normalean tristura eta malenkoniatik datoz; hortaz, pozten gaitu alaitasuna transmititzeak.
E.S.: Musikalki agian alaitasuna transmititzen dugu, baina letretan fijatzen bazara, pixka bat nostalgikoagoak dira.

“Askotan esaten digute alaitasuna transmititzen dugula, baina abestiak normalean tristura eta malenkoniatik datoz”

Pertsona positiboak zarete hortaz?
M.I.: Bai, baliteke. Agian gure malenkonia eta tristura guztia jotzeko edo idazteko eran beste modu batera transmititzen dugu, edo beste forma batekin iristen zaio entzuleari.

Euskaraz abesten duen talde bat zareten arren, abesti pare batean euskara, gaztelania eta ingelesarekin nahasten duzue. Aurreko lanetan ere erabilia duzuen formatua da. Erabakia den zerbait da edo natural ateratzen zaizue?
M.I.: Guretzako hizkuntza baliabide artistiko bat da. Euskaraz idazten dugu batik bat gure ama hizkuntza eta eguneroko hizkuntza delako eta errazen idatzi edo konposatu dugun hizkuntza izan delako orain arte. Baina baliabide artistiko bezala musika ingelesez entzuten dugu, gazteleraz entzuten dugu… Baliabide artistiko moduan gustatzen zaigu erabiltzea hizkuntza, azkenean, margolari baten paleta bezala irudikatzen dugu, kolore desberdinak ditugu eta guztiak erabili ditzakegu margo polit bat osatzeko.

Hizkuntza zuen musikan ezaugarri bat gehiago dela esango zenukete?
E.S.: Ezaugarri bat baino gehiago baliabide bat esango nuke. Lehengora bueltatuta, abesti bakoitzak bere lanketa propioa dauka eta agian abesti bat erdaraz atera bada, ez dugu atzera botako erdaraz delako bakarrik. Hizkuntza gehiago jakingo bagenitu, seguruenik hizkuntza gehiagotan idatziko genuke, baliabide bat da. Abesti bat gustatzen bazaigu ez da hizkuntzagatik bakarrik, orokorrean transmititzen duenagatik baizik.
M.I.: Instrumental batek ere asko esan dezake eta ez dauka letrarik; horregatik iruditzen zaigu abestiak irabazi behar duela.

Zuen lehen lan laburreko “Nora” abestiak sekulako arrakasta izan zuen eta egun batetik bestera, irrati zein telebistan sarri entzun zitekeen. Nola bizi izan zenuten arrakasta hori eta zergatik uste duzue lortu zuela horrelako harrera ona?
M.I.: Ba ez dakit. Gogoratzen naiz abesti hori irratian zabaldu zenean Lekeition geundela kontzertua ematen 20 pertsonentzako edo. 20 pertsona horietatik bost Donostiatik Lekeitiora joandako gure lagunak ziren, kontzertua txiringito batean zelako, kar kar kar. Irratian jarri zuten eta jendeari erraz sartu zitzaion. Jakingo bagenu zergatik den gehiago egingo genituzke halakoak, kar kar kar. Baina ez dago formula sekreturik, nik uste dut momentu onean iritsi zela abestia, leku onean eta listo.
E.S.: Itsaskorra da.

Ez dakit inoiz sentituko zenuten, baina hala bada behintzat, zer momentutan sentitu zenuten taldea tamainaz aldatzen ari zela?
M.I.: Nik uste dut nahiko lineala izan dela.
E.S.: Ez da izan esponentziala, bat-batean, gauetik goizera gertatutako zerbait. Trantsizio normal bat izan da.
M.I.: Hasi ginen kontzertu txikiak ematen, gero kontzertu handi eta serioagoak, eta gure abestien oihartzuna nahiko proportzionala izan da gure kontzertuen oihartzunarekin. Egia esan, Eider taldean sartu zenean aldaketa gehiago nabaritu genituen eta orduan beste sendotasun eta seriotasun bat hartu zuen taldeak; agian hori izan zen puntu bat non ordu gehiago sartu behar genituen edo.

Seriotasun gehiagorekin hartu zenuten orduan?
M.I.: Gu garen bezalakoak izanda, hasiera-hasieratik, lehenengo kontzertutik serio hartu genuen.

Beste dena iristen joan da poliki-poliki…
E.S.: Bai, nik uste dut progresiboa izan dela. Ni sartu nintzenean, uda horretan kontzertu asko eman genituen eta ordu txikietan, tokatzen zitzaigunean, hortxe gindoazen. Gero bat-batean iritsi zen puntu bat non Jazzaldian jo genuen eta “aiba!” moduko bat izan zen. Orain, guztiz formatu desberdin batean, Bilboko Euskaldunan jo dugun momentua ere iritsi da. Gure filosofia lan egitea da eta gero datorrena etorriko da, baino ez gara jartzen pentsatzen hau edo bestea edo ea zer datorren… ez. Guk badakigu gauzak iristeko lana egin behar dela eta horri ematen diogu lehentasuna, entseatzen eta lan asko egiten.

Aurten Durangoko Azoka formatuz aldatuta izan dugu. Nola baloratzen duzue eta zer suposatzen du Azokak zuek bezala diskoa atera berri duen talde batentzat?
M.I.: Aurten Azoka arraroa bizi izan dugu. Guri asko gustatzen zaigu Azoka eta bertan arnasten den atmosfera, jendea kultura kontsumitzera joaten da eta hor zure proiektua gustatzen zaion jendea aurkitzeko eta zuzeneko feedback hori lortzeko aukera dago. Iruditu zaigu formatu hau askoz hotzagoa dela, baina adibidez, aurtengoak aukera eman digu Euskaldunan jotzeko eta sekulako feedbacka jasotzeko publikoarekin. Desberdina izan da. Eta hasieran egin duzun galderaren harira, ea konfinamenduak aldatu dituen gure promozionatzeko erreminta eta sistemak, nik uste dut konfinamenduak Azokarekin ere egin duela pixka bat hori. Berrasmatzeko aukera bat izan dute, on-line saltzen hasi dira eta sekulako lana egin dute.
E.S.: Beraien espektatibak gainditu dituzte.
M.I.: Iruditzen zait hori dela lortu behar duguna egoera honekin, gure onena ateratzea; txar guztiaren aurretik ona dagoelako.

Urtea amaitzear denez, azken urtean entzun dituzuen ze artista edo disko aipatuko zenituzkete?
E.S.: Ea, utzi pentsatzen… Niri asko gustatu zait eta nahiko deskubrimendu izan da, beno deskubrimendua ez hainbeste, aurretik Nerabe taldean-eta jarraitu izan dudalako, Sara Zozayaren disko berria. Hitza ez da harritu, baina ikusteak zer bide hartu duen aurreko diskotik eta ikusteak gehiago bilatu duela bere estiloa, edo hori ematen du behintzat, ni asko poztu nau. Pila bat gustatzen zait bere diskoa.
M.I.: Eta argi Olatz Salvadorrek aterako duen diskoarekin. Abesti batzuk entzun ditugu eta gutxienez Late Motiv saioan abestu zuena hit bat da. Fuerte dator.
E.S.: Bai, bai, kontuz horrekin…

Ezkutuko zerbait baduzue hortik? Gustatzen zaizuela onartzea kostatzen zaizuen zerbait egongo da…
M.I.: Guilty pleasure bat? Kar kar kar. Ez dakit, oraintxe ez zait okurritzen…
E.S.: Nik agian baten bat bai… Musika asko entzuten dut eta momentu bakoitzerako musika bat aukeratzen dut. Aurrekoan talde frantziar bat ezagutu nuen eta oso guai dago, bidaliko dizuet (Markeli zuzendu zaio). Motibazioa behar dudanean eta, Bad Bunnyk atera zuen konfinamenduan disko bat…
M.I.: Bad Bunny ez da guilty pleasure, Bad Banny guai dago, kar kar kar.
E.S.: Bai, hori da, guai dago, baina batzuetan esaten duzu Bad Bunnny guai dagoela eta…

Gazteak zarete oraindik eta dagoeneko bigarren lan luzea duzue hau. Gustura al zaudete taldearen ibilbidearekin? Aldatuko al zenukete zerbait?
E.S.: Niri gustatuko litzaidake esatea… Askotan komentatu izan digute, eta egia da, denbora gutxian izan dela, baina askotan atzetik dagoen lan guztia ez da ikusten. Gu egunero gaude hemen, lokalean, eta bakoitzak bere lana dauka. Gauzak ez dira zerutik erortzen. Sakrifizio handi bat da talde batean egotea, eta serio hartzen baldin baduzu, kontzertuak eman nahi badituzu, diskoak atera eta hori dena, sakrifizioa da. Askotan kultura ez denez lanbide bezala ikusten, ematen du balioa kentzen zaiola, baina atzetik lan asko dago. Momentu onak eta txarrak bizi izan ditugu, baina nik ez nuke ezer aldatuko.
M.I.: Nik bai aldatuko nuke zerbait, lokal handiago bat behar dugu eta guretzako bakarrik, kar kar kar. Skakeitan-ekoekin konpartitzen dugu eta oso txiki geratzen zaigu. Txantxa da, kar kar kar…
E.S.: Bai, oso txiki, kar kar kar… Uste dut gustura gaudela momentuan momentukoa tokatzen zaigulako eta horrekin egiten dugulako aurrera.

Ze asmo dituzue aurrera begira? Bira luzea duzue aurretik ezta?
M.I.: Kontzertu guztiak topera emateko gogoak dauzkagu eta gero ea zer moduz zaintzen gaituen pandemia honek eta ea uzten digun pixka bat hemendik kanpora ateratzen. Under Alt kanpora ateratzeko gogoa daukagu.

Aurretik ere ibiliak zarete kanpoan: Kuba..
M.I.: Bai Kuba, Korea, Japon… Mexikotik, adibidez, iruzkin asko ditugu Youtuben.
E.S.: Ea posible den…
M.I.: Bai, ea posible den. Guri asko gustatuko litzaiguke Mexikora, Argentinara edo beste edozein herrialdetara joatea eta nolakoa den deskubritu ahal izatea.

Ea laister dagoen aukera. Amaitzeko, gaineratzeko ezer?
E.S.: Jendeari kultura babesten jarraitzeko esango nioke. Batez ere momentu hauetan garrantzitsua delako.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • abenduak 23: Eibarko Coliseo antzokia. Sarrera guztiak saldu dira.
  • abenduak 30: Beasaingo Usurbe antzokia. Sarrera guztiak saldu dira.
  • urtarrilak 7: Andoaingo Bastero kulturgunea
  • urtarrilak 14: Zornotzako antzokia
  • urtarrilak 21: Galdakaoko Torrezabal kultur etxea
  • urtarrilak 22: Lekeitioko Ikusgarri aretoa
  • urtarrilak 23: Amurrioko antzokia
  • urtarrilak 25: Arrasateko Amaia antzokia
  • otsailak 5: Gasteizko Jimmy Jazz aretoa
  • otsailak 6: Iruñeko Gaiarre antzokia
  • otsailak 13: Hernaniko Biteri kultur etxea
  • otsailak 19: Tolosako Leidor antzokia
  • otsailak 25: Zumarragako Zelai Arizti antzokian
  • otsailak 27: Madrilgo Sala 0 aretoa
  • martxoak 20: Hondarribiako Itsas Etxea auditoriuma
  • martxoak 27: Azpeitiko Soreasu antzokia
ETIKETAK:AirakaAlex IrazustaEider SeezMarkel IdigorasNerabeNogenOlatz CuevasOlatz SalvadorSara ZozayaSkakeitan