Elkarrizketa

Iker Of a Down

2025.10.13

Iker Of a Down

“Orain lehen baino gauza sinpleagoak egiten entseatzen naiz, garrantzia gehiago emanez lehen lerroan gertatzen denari”

Elkarrizketa: Paxkal Irigoien (Xak)

Azaleko irudia: ‘Iparraldearen Orena’

Musika esperimentazioaren eta proposamen ezohikoetan dabil Paxkal Irigoyen (Ainhize-Monjolose, Nafarroa Beherea, 1988). Gitarra, mandolina, teklatuak edota ahotsa bereganaturik, azken urteotan dozenaka proiektutan aritu da: Bloñ, Frigo, Tud, Zezenaren taldea… oraingoan aldiz, Xak izeneko bakarkako proiektuarekin agertu zaigu musikari behenafarra.

Lehen lan honek popa eta folkaren soinuak gogorarazten ditu, hala ere, nahiz eta melodiak nagusi diren ia kantu guztietan hasikerako lasaitasuna hautsi eta kanta nahasten duten erritmo aldakorrak aurki ditzakegu. Soinu berrietara irekiz, sinpletasunetik abiatuta, entzunaldi bat baino gehiago behar duen disko konplexu bat sortu du azkenean Irigoienek. Hala ere, diskoan barneratzen denak bidaiatzea lortzen du.

Orain, bere ibilbide pertsonala eta musikala sakonago ezagutzeko aukera izango dugu, baita bere sormen-prozesuan murgiltzeko ere. Lehen diskoarekin bide berri bat ireki du, eta proiektu honek bere musika esperientzia guztien sintesia dakarren arren, etorkizunera begira ate asko zabaltzen ditu.

Elkarrizketa honetan beraz, bere sortze-bidearen nondik norakoak, gaur egun bizi duen unea eta etorkizunerako asmoak ezagutuko ditugu.

Paxkal Irigoien musikaria, Xak proiektuarekin.

Paxkal Irigoien musikaria, Xak proiektuarekin.

Badirudi geldialdi kontzeptua ez dela zure hiztegiaren barne sartzen, Bloñ taldearekin azken kontzertua oraindik izanik bakarkako diska kaleratu baitzenuen. Uneoro konposatzen zabiltza?

Bai, posible bada, egun guziz ari naiz musikan. Ta momentu batzuetan ideia batzuk ateratzen dira. Ez da egun guziz gauza berri bat ateratzen, bana beti baditut kantu batzuk bidean.

Musikari polifazetikoa izateaz gain musika estilo aldetik ere hainbat adar ukitzen dituzu. Bakarkako diska honetan folk eta pop estiloetan murgiltzen zara. Eroso sentitzen zara estilo honetan?

Momentu honetan bai! Azken urteetan pop eta folk frango entzun dut, eta ondorioz, nik ere horrelako zerbaitetan ibili nahi nuen.

Zure aurreko bakarkako disketan Paxkal Irigoien izena erabili duzu, aldiz kasu honetan Xak izena erabiltzera pasa zara.Zergatik aldaketa hau?

Pixka bat akitu nintzen ene izen ta deiturarekin aritzeaz. Hainbat proiektutan ibili naiz eta oraindik ibiltzen naiz, eta banuen inpresioa ene izenarekin ematen nuen proiektuak ninduela laburbiltzen, edo inpresio hori nuen besteen gain. Enetzat proiektu guziak inportanteak dira

Bakarka kaleratu duzun hirugarren diskoa da. Lehen bi diskoen artean soilik urte bat igaro zen. Aldiz, bigarren diskotik azken disko honetara zazpi urtetako aldea eman da. Tarte hontan zertan aldatu da Paxkal musikari bezela?

Atsedenalditto bat hartu nuen 2019an, Euskal Herritik mugitu nintzen, lehengo proiektuak utzi nituen edo pausan jarri. Atseldenaldi horretatik ideia eta gogo berriak agertu ziren, eta atsedenaldi hori baliatu nuen baita ere musika lantzeko! Denbora guzia banuen enetako, eta tarte handi bat musika lantzen pasatu nuen. Iduritzen zait orain lehen baino gauza sinpleagoak egiten entseatzen naizela, tresna guttiagorekin, baina garrantzia gehiago emanez lehen lerroan gertatzen denari.

Bakarkako diskoetan ere estilo aldetik aldaketa nabariak ematen dituzu. Lehen diskoa zaratatsua izan zen, bigarrena instrumentala eta azken honetan folk intimistago batera mugitu zara. Aldez aurretik argi daukazu disko bakoitzean hartu beharreko norabidea?

Hastapen batean disko hau 2020an atera nahi nuen! Eta bertan ziren kantu ideiak beste estilo batetakoak ziren gehienak (elektronika gehiagorekin, erritmo kutxa,..). Disko honi bere bidea emaiten hasi nintzelarik, grabatzeko datak finkatu aitzin, hor erabaki dut zein kantu geldituko zen eta zein ez, zer atxikitzen nuen. Azkenik sortutako kantu batzu atxiki ditut, eta ideia borobilduak ziren beste batzuk.

Aurreko diskoetan nahiz eta kantu zehatz batzuetan laguntzaileak izan bakarka aritzen ziren, bainan kasu honetan aldiz musikariez inguratu zara. Zer ezberdintasun atxematen dituzu bakarkako eta talde formatuaren artean?

Bakarka aritzean zurea bururarte eramaiten duzu, zuk dituzun ahal eta mugekin. Orain arte bakarka ibiltzen nintzen ainitz, baina orain konposatzeko momentuan, badut besteei erakusteko beharra, haien oharren entzuteko beharra. Iduritzen zait taldean arituz proiektua aberesten dela. Disko honetan, ekarpen handiena Julen Etxeberrik, Allande Etxeberrik eta Iñigo Irazokik eman dute. Eta haietaz gain, Isuo, Peru, Maia, Elorri eta Loraren laguntza eta ekarpenak izan dira baita ere.

“Lagunekin aritzeak babesa, giro ona ta elkar laguntza ekartzen du”

Horretaz gain beste proiektuetan ere Allande eta Julen dauzkazu ondoan. Zer suposatzen du zuretzat konfiantzazko halako bi musikari ondoan izateak?

Allande eta Julenekin Frigo, Haira, Xak eta beste proiektu batzuetan topatzen gara. Bikaina da haiekin aritzea!! Orain Xak taldeko kontzertuetarat gehitu dira ere Uxue Olaziregi eta Paul Couvreur. Xaken ta beste taldeetan, lagunekin aritzeak babesa, giro ona eta elkar laguntza ekartzen du.

Allande taldeko partaide izateaz gain, grabaketako soinu teknikari gisa aritu da. Nola joan zen grabaketa prozesu guztia?

Allanderekin diskoko gitarra elektrikoak grabatu ginituen bere etxean. Ondotik Iñigo Irazokiren Atala estudioan grabatu dugu gaineratekoa. Iñigok analogikoan grabatzen du, ordenagailurik gabe, zinta batzuen gainean; manera horretan ez duzu hainbat aukerarik editatzeko, akatsen zuzentzeko. Hastapen batean pixka bat beldurtua nintzen, batez ere ahotsaren grabaketarentzat. Baina azken finean behar zen denbora hartu dugu, eta biziki untsa pasatu da. Eta ainitz eskertu dut pantailari begira izan gabe grabatzea! Nahasketa Iñigok ere egin du. Aitzinetik grabatzeko momentuan behar ziren erabakiak hartzerat eraman gintuen (ze mikro, zein soinu kolore xekatzen ginuen), beraz nahasketarako hautu gehienak hartuak ziren. Biziki naturala izan da. Masterizazioak kezkatzen ninduen, ez naiz kasik sekulan kontent atera masterizazio estudioetarat igorritako proiektuekin. Beti ukan dut inpresioa hor arte egindako lana suntsitzen zutela!! Aldi honetan Donostiako Doctor Master estudioan egin dugu masterizazioa Estanis Elorzarekin eta biziki kontent naiz emaitzaz; jakin izan du behar zen hori gehitzen hor arte egindakoa errespetatuz. Oro har, Allande, Iñigo eta Estanisekin aritzea erraza eta goxoa izan da. Galdera haundirik gabe aitzinatu da proiektua haiekin, naturalki.

Diskoa ere modu autogestionatuan bai ekoitz eta bai kaleratu duzu. Ze abantaila eta desabantaila ekartzen dizu honek?

Abantaila askatasuna da, eta desabantaila horrek ekartzen dituen lan eta gastuak!

“Kantua logikoki baina sorpresa batzurekin aitzinatzea da ene helburua.”

Diskoan sakonduz, kantuen konposaketetan ez zara formula errazetan erortzen eta badirudi kantuen konposaketei itzuli bat baino gehiago eman diezula. Kantu konbenzionalak ez egitea zen helburua ala modu naturalean atera dira?

Kantuak, lehen-lehenik, gitarran dudanideia batetatik abiatzen dira. Eta ainitzetan ideia hori kantuko momentu inportanteena bilakatzen da (errepika, edo gehien errepikatzen den zatia). Ondotik sortzen dut ingurumena (koplak, zubiak,..) eta entsetazen naiz dena lotzen. Kantuei ainitz itzuli emaiten diet gehienetan. Kantua logikoki baina sorpresa batzurekin aitzinatzea da ene helburua. Libe-k hori biziki untsa lortzen du.

Musikaz gain letrek ere izugarrizko pisua daukate diska honetan. Minetik abiatuta etorkizun argitsu bat irudikatzen duzu. Halako letrak idazteak zaila izanik zertan lagundu dizu?

Hitzen idaztea konplikatua zait. Ez da errazki egiten dudan zerbait, eta beti bukatzen ditut epeagatik. Disko honetan, denbora eman dut gauzen kondatzeko manera, tonoa atxemaiten. Ez dut mezu orokor bat xekatu, ene/gure gauzak kondatzen ditut, inguratzen gaituen paisaian kokatuz.

Musika munduan aritzeaz gain Bañolet filmarekin zinemagintzan zure lehen urratsa egin zenuen. Beraz jadanik bai konposatzaile, idazle eta zinemagile lanak uztartu dituzu. Ze loturak aurkitzen dituzu mundu hauen artean?

Errealitatea beste manera batez aipatzeko tresna batzu bezala ikusten ditut. Baita emozioak ateratzeko tresna bezala. Pasionatzen nauten diziplina batzuk dira.

Eta elkarrizketarekin amaitzeko, zer helburu eta amets bete nahiko zenituzte Xak proiektuarekin?

Kontzertu batzuk eman, abentura berriak partekatu! Uda huntan Jurgi Ekizarekin itsas bira bat egin dugu, itsas belaz, herriz herri. Pertsona berriekin musikan aritu nahiko nuke, eta leku berriak ezagutu nahi nituzke.

 

ETIKETAK:Iker oPaxkal IrigoienXak