Elkarrizketa

Andoni Imaz

2021.05.28

Andoni Imaz

“Probak eginez heltzen diot musikari, modu apal batean”

Elkarrizketa: Ana Arsuaga (Verde Prato)

Larre berdeak, zumezko aulkia, mahai zapi koadroduna. Mutil baten joatearen arrastoak pintatu ditu Ana Arsuagak (Tolosa, Gipuzkoa, 1994) Verde Prato bakarkako proiektuaren lehen diskoan. Istorio bat kontatu du zazpi kantatan, bakoitza pertsonaia baten ahotik abestuz. Unibertso berezi bat sortu du, musikazkoa eta irudizkoa, musikaria eta artista plastikoa baita: Kondaira eder hura (Plan B, Lago/Crater). Mazmorra eta Serpiente taldeetan aritu eta gero abiatu du bide berria. Soila da, sotila: ahotsak agintzen du, teklatua eta looper-a lagun.

Ana Arsuaga - Verde Prato

Ana Arsuagaren bakarkako proiektua da Verde Prato. (María Muriedas)

Ikusirik kantuak, margolanak, bideoklipak, eszenografia… hor bada planteamendu estetiko oso bat egiteko asmoa, ezta?

Garrantzitsua da jakitea zer nahi duzun esan. Uste dut artista batek indartu egin dezakeela zerbait beste elementu batzuen bidez. Agertokikoa lan eszeniko baten moduan ulertzen dut nik, eta horrela hartzen dut neure burua ere, material gisa. Gorputz bat da, eta benetan esan nahi dudana adierazteko balio du. Bideoklipekin eta eszenografiarekin, berdin. Izango da arte plastikoen mundutik natorrelako eta dena osotasun horretan ulertzen dudalako.

Nolakoa izan da ekoizpen lana?

Oso interesgarria. Soinua beste kontu bat da; ez da musikari baten mundua, halabeharrez behintzat. Jon Agirrezabalagarekin aritu naiz. Mazmorraren diskoa grabatu zuen, eta orduan oso esperientzia ona izan nuen harekin. Dena nabaritzen zuen: noiz kantatzen nuen gogo gutxiagoz, noiz intentsitate handiagoz… Gustatu zitzaidan perfekzionismo hori. Disko honetan, eskua sartu du soinuan, eta asko ikasi dut.

Disko kontzeptual bat sortu duzu, istorio bat zatika kontatuta. Zergatik?

Hasi nintzen idazten, lau bat abesti egin nituen, eta konturatu nintzen bazeudela gai amankomun batzuk. Ez zait askorik interesatzen autoerreferentzian geratzea, eta toki unibertsalago batera eraman nahi izan ditut abestiak. Gai horiek nituen; zergatik ez sortu fikziozko istorio bat gainerako abestiekin eta zentzu narratibo bat eman, ipuin kutsuarekin? Alde batetik, lagundu egin dit, bide bat nuelako jarraitzeko, eta, bestetik, erronka bat izan da.

Ahotsa da zure musikaren elementu nagusia, eta ñabardura asko ditu. Nola landu duzu?

Ahotsak asko hunkitzen nau besteengan. Iruditzen zait instrumentu guztien artean sentsibilitaterik handiena harrapatzen duena dela, zentzu hertsian. Berezko tresna bat denez, emozio eta alterazio guztiak harrapatzen ditu. Urduri baldin bazaude, arnasa modu batean ateratzen da, eta, beraz, zure ahotsa ere bai. Bestalde, herri kantuekin lotura handia du. Hura da protagonista.

Herri musikak eragin nabarmena du diskoan. Zerk erakartzen zaitu horretatik?

Musika herrikoiak badu zerbait oso boteretsua dena, oso indartsua. Denbora pasatzen da, eta jendeak hori abesten jarraitzen du. Identifikazio handia dago hor, harreman zuzena, akaso beste musika mota batzuek ez dutena.

Ahots hutsez egindako kantu bat sartu duzu diskoaren erdian.

Oso indartsua iruditzen zait pertsona bat altxatzea ospakizun batean eta abesten hastea, eta horrelako zerbait egin nahi nuen diskoan. Diskoan, eta zuzenekoetan, zeren kontzertuetan abesti hori abesten dudanean oso une berezia izaten baita. Pertsona bat abesten hasten denean, bere zaurgarritasuna eta bere indarra agertzen dira aldi berean.

Sumatzen duzu inguruan tradizioaren berrikustea, hura lehengaitzat hartzeko joera bat?

Askotan saiatzen dira dena sartzen mugimendu baten barruan, etiketetan, eta ni pixka bat deseroso nago hor, zeren nire erreferenteak folkean eta tradizioan oinarritu diren musikariak baitira. Ez dut uste mugimendu berri batean nagoenik, euskal musikan beti erabili delako tradizioa musika sortzeko. Hamaika adibide daude: Ez Dok Amairutik hasita, Haizea, Amaia Zubiria bera, Kepa Junkera, Oskorri… Zaku horretan ikusten dut neure burua, nolabait. Rosalia aipatzen didate, eta, zer nahi duzu esatea, nik askoz urrutiago sentitzen dut Rosaliaren erabaki artistikoa Haizea taldearena baino.

“Rosalia aipatzen didate, eta, zer nahi duzu esatea, nik askoz urrutiago sentitzen dut Rosaliaren erabaki artistikoa Haizea taldearena baino”

Hasieratik pentsatu zenuen Verde Prato euskaraz?

Bai. Niretzat erabaki horrek ez du beste azalpenik behar. Esan nahi dut, munduko hizkuntza guztien artean euskara aukeratzea bera posizio bat hartzea da. Uste dut azalpen guztiek fribolizatu egiten dutela erabaki hori. Batzuetan hasten naiz esaten: «Euskara oso plastikoa da…», eta gero pentsatzen dut: tira, bai, baina ez dago horrelako analisirik nire erabakiaren atzean. Neska izatea eta bakarrik jotzea bezalakoa da; hor dena esanda dago.

Leku batzuetan jartzen du Verde Prato musika esperimentala dela. Horrela al da?

Zentzu batean badela uste dut. Musikari heltzen diot probak eginez, modu inozente edo apal batean. Alde punkago batetik ere bai: konbentzioa zalantzan jartzeko, esperimentatzen duzu eskura dituzun elementuekin. Hortik kanpo, ez nuke nahi. Musika esperimentala deitzen diogun horrek entzulearekiko distantzia bat dauka askotan, eta hori ez zait interesatzen. Nahi nuke nire amonari nire musika gustatzea, ez izatea zerbait elitista.

Zergatik egin duzu autorretratu bat azalerako?

Zalantza izan nuen azalean jarri ala ez. Autorretratu bat nahi nuen, azalean ez bazen, barruan. Nire helburua zen autosufizientzia adieraztea: neska gazte bat, bakarrik. Margolanean subjektu bat naiz: posea, begirada eta egoteko era aztertuz gero, ez nago musa bat bezala, ez da edertasuna nabarmentzen. Nahi nuen agertu bakarrik eta hortxe. Zera esateko: disko hau neska gazte batek egin du, eta bakarrik egin du.

Kontrazalean, berriz, baserri giroko otordu bat irudikatu duzu.

Autorretratua ere espazio horretan dago kokatuta, Tolosako Urkizu auzoan. Txikia nintzenean denbora asko pasatzen nuen han, familiarekin. Hango argazkiak hartu, eta jendea kendu nien, lan piktoriko bat egiteko, euskal familien arteko ohiturak agertzeak lotura bat duelako istorioarekin.

ETIKETAK:Amaia ZubiriaAna ArsuagaEz Dok AmairuHaizeaKepa JunkeraOskorriVerde Prato