Elkarrizketa

Iñaki Lasa Etura

2021.05.03

Iñaki Lasa Etura

“Uxatu ditut beldurrak eta konplexuak; orain badut zerbait kontatzeko beharra”

Elkarrizketa: Iñigo Asensio (Postal Kolekzionistak)

Lekuak leku” aurrerapen kantua aurkeztu eta urtebetera, Postal Kolekzionistak taldeak bigarren lana argitaratu du: Bagoi hutsak (Egilea editore). 2019an publikatutako Azken gaua hirian diskoaren ildoari jarraitu diote Iñigo Asensiok (Tolosa, Gipuzkoa, 1985) eta taldekideek. Lehen disko horretan baino “argiago” dituzte gauzak orain, eta talde gisa sentitzeko “konbentzimendu” handiagoa, Asensioren aburuz. Juanjo Falconek, Michel Longaronek, Irene Lopezek eta Ander Zubillagak osatzen dute boskotea.

59e8168b6ae08780

Postal Kolekzionistak taldeak Tolosako Leidor antzokian joko du maiatzaren 14an.

Aurreko diskoa, Azken gaua hirian, “esperimentu” gisa definitu zenuten, baina bueltan da Postal Kolekzionistak, bigarren diskoarekin.
Uxatu ditut beldur eta konplexuak, eta horretan garrantzi handia eduki du taldekideen konbentzimenduak. Azken gaua hirian kasualitate zerrenda bat izan zen: Mexikon, 2013an, Euskara munduan dokumentala grabatzen ari nintzela kantuak egiteko beharra esnatu zitzaidan, eta ia nahi gabe sortu nuen kantu bat lagun baten sakelakoan. Handik denbora batera beste abesti bat osatu genuen Arabako SEADen lagunen [Mendebaldeko Sahararen lagunen elkartea da SEAD] elkarteak antolatzen duen Saharari kantari lehiaketarako. Artean taldea osatu gabe bazegoen ere, ordurako Ander Zubillaga eta Michel Longaron proiektuaren barruan ziren. Txapelketa irabazi, Saharara joan kantatzera, bueltatu… eta berriro Mexiko. 2018ko abenduan lagun baten ezkontza izan genuen, Azken gaua hirian bere sakelakoan grabatu zuenarena. Haiei kanta bat oparitzeko gogoa sentitu nuen. Berriro Anderri eta Micheli mesedea, eta Juanjo Falconi. Konturatzerako, nahiko motibatuta zeudela ikusi nuen.

Eta orduan proposatu zenien Azken gaua hirian grabatzea?
Orduan planteatu nien grabazioa. Pixkanaka izan zen, konbentzimendu handirik gabe, zuzenean jotzeko helbururik gabe. Gehiago zuen diskoa grabatzearen plazeretik. Taldekideek apur bat xaxatu ninduten, eta Leidor antzokian eskaini genuen aurkezpen kontzertua. Beldur dezente nuen, ordura arte oso kontzertu gutxi eman nituelako frontman gisa, Homo Demens izeneko taldearekin 19-20 urterekin emandakoak soilik. Bizirik atera ginen emanaldi horretatik, gehiago eskaintzeko aukera izan genuen, eta horri heldu genion.

Horraino hastapena. Baina zer gertatu da azken bi urteotan esperimentu zenari jarraipena emateko Bagoi hutsadiskoarekin?
Postal Kolekzionistak talde gisa asumitzeko konbentzimendua. Kontzertuak emateko beldur eta konplexu eza. Entzun nuenean Don Inorrezen “Barre ala negar”, apur bat identifikatuta sentitu nintzen. 33-34 urterekin lan bat argitaratu eta zerbait kontatzeko beharrik al nuen? Akaso lehen disko horrekin ez nuen hain garbi, eta oraingo honetan bati. Hortik dator Bagoi hutsak, kantuak sortzearen eta erakustearen normalizaziotik.

Eta musikari dagokionez, zer nolako garapena dago lehen lanetik bigarrenera?
Taldekideen presentzia handiagoa da. Konposizioari dagokionez, disko honek garai konkretuago eta koherenteago bati egiten dio erreferentzia. Azken gaua hirian-en bazeuden 22 urterekin idazten hasitako kantuak, 2013an Mexikon idatzitakoak, “Azken gaua hirian” bera, “The Pier”, Charlie Atkeyk letra jarri ziona; eta bazeuden azken hilabete horietan sortutakoak ere. Orain, abestiak sortzeko makineria trebatuagoa dago. Kantu horiek janzteko prozesua logikoagoa da: taldekideei erakutsi, lokalean landu, eta hortik, grabaziora. Beraz, taldeak eragin handiagoa du diskoan.

Postal Kolekzionistak Iñigo Asensioren bakarkako proiektu gisa edo talde moduan ulertu behar dugu?
Muga oso zaila da. Asko du Iñigo Asensiotik, baina aldi berean asko du taldekideen eraginetik ere. Ni biluzten naiz letretan, oso Iñigo Asensiotik idatziak daude, eta akaso ezkutatzen naiz Postal Kolekzionistak-en baitan kantuak ezagutarazterakoan.

Oholtza baten gainean egotera ohituta zaude, bai beste hainbat musikariren proiektuetan egon zarelako, eta baita aurkezle lanak egiten dituzulako. Beraz, beldur eszenikorik ez duzu, baina, dena den, nolakoa izan da zuretzat frontman bezala aritzea? Eroso sentitzen zara?
Oso desberdina da oholtzan egin ditudan beste gauzekin alderatzen badugu. Aurkezle lanetan ibilbidea dut, eta badut gauzak egiteko modu bat. Egia da landuta dudala publikoaren aurrean egotearena, baina lehen kontzertuak estresagarri samarrak izan ziren niretzat. Hor sentitu nuen taldea sendo eta gustura. Bigarren disko honen birarako taldea landuago dago, eta ni neu ere lasaiago. Entseguetan nabari dut, eta gitarra elektrikoari gehiagotan heltzen diot diskoan. Azken gaua hirian-ekin kontzertuak eskaintzeko zalantzak izan banituen, beldur horregatik zen, zilegitasun faltaren sentsazioagatik.

“Sasimusikaritzat definitzen dut nire burua, ez diodalako profesionaltasunaren seriotasun hori eskaini, baina urte asko dira musikarekin bueltaka”

Aurkezle, kazetari, irrati esatari, dokumental egile… hainbeste proiekturen artean zer nolako lekua du zure bizitzan musikari izateak?
Musikari 6-7 urte nituela heldu nion, akordeoia jotzen hasi nintzenean. Ordutik, musikak eman dizkit bizipen gehien: izan akordeoi orkestrarekin, izan hainbat talderekin — Manent, Iker Lauroba eta Charlie & The Colours bereziki—. Kazetari izatea, esatari, irratian aritzea, dokumentalak egitea, bidaiatzea… horiek nire hautuak dira gehiago. Baina musikak ni hautatu nau, harrapatu ninduen une batean, ez da hain hautu kontzientea izan. Sasimusikaritzat definitzen dut nire burua, ez diodalako profesionaltasunaren seriotasun hori eskaini, baina urte asko eta ordu asko dira musikarekin bueltaka.

Bagoi hutsak izena du bigarren diskoak. Hitzetan aireportuak, hegazkinak, portuak eta bagoiak aipatzen dituzu. Ezleku diren leku ugari. Ohiko tokiak zuretzako. Sormenerako iradokitzaile egiten zaizkizu ezleku horiek?
Bai. Are gehiago, horietan halako goxotasun bat sentitzera iritsi naiz. Gogoan dut Euskara munduan dokumentala grabatzen ari nintzenean hilabeteak eman nituela atzerrian, bakarrik, eta aireportuak baziren nolabait lasai egoteko leku bat; askotan, atseden hartzeko tokia hegazkinak ziren. Nire ustez, leku horiek ez dira ezleku beraien izaeran zerbaitek leku izatea ukatzen dielako. Guk bihurtzen ditugu ezleku han sentitzen dugunaren arabera. Gaur egun ikusi dugu: herriko plaza izan daiteke ezlekua, eta zure egoeraren arabera etxeko egongela ere ezleku bilakatu daiteke. Aireportuek eta abar ez dute hainbeste ezlekutik niretzako.

Vetusta Morlaren “Copenhague”abestian bezala, “Aeropuertos, unos vienen y otros se van (…) el valor para marcharse y el miedo a llegar” [Aireportuak, batzuk badatoz, besteak badoaz (...) ihes egiteko ausardia, iristeko beldurra].
Dualtasuna dute, eta “Lekuak leku”kantuak dualtasun horri abesten dio: batzuen irribarreari, besteen malkoari. Diskoa pandemia garaikoa bada ere, sortze prozesuaren parte handi bat bidaietan gertatu da. 2019an Japoniatik bueltan aireportuan eta hegazkinean bi abesti sortu nituen, halabeharrez. Handik iritsita, aireportuan bueltaka beste bat. Duela aste gutxi, Beñat Igerabideri masterra bidaltzeko epemuga baino bi egun lehenago, Suitzako bidaia-lan batera bidean, hegazkinean idatzi nuen “Portuan”kantuaren azken letra. Beñatek audioa bai ala bai behar zuenez, Suitzara traste guztiak eraman nituen maleta barruan, eta hoteleko logelan grabatu nuen ahotsa. Etxera itzultzerako masterra produkzioan zegoen. Beraz, Bagoi hutsak diskoak asko dauka bidaietan gertatutakoetatik, bizipen horietatik idazten dudalako, eta bidaietan gertatu delako lanaren zati bat.

Hitzak oso pertsonalak dira, erreferentzia ugari sartu dituzu. Azken bi urteotako Iñigoren mapa ulertzeko iparrorratz gisa uler ditzakegu?
Ez dut uste iparrorratz direnik. Nire mapa bada, neurri batean. Akaso, azken bi urteotan gertatu diren gauzek sortutako mapa izan daiteke, baina urte askotako sentipenak, gertakizunak eta ikaspenak daude barruan. Badute azken bi urteotan gertatutakotik, baina letretan ikusten dut iraganeko ni hori ere.

Doinuei dagokionez, pop gisa sailkatuko genuke Postal Kolekzionistak. Baina bada nolabaiteko pop mamitsua, klasikoengandik gertuago dago pop garaikidekotik baino. Sting eta abar.
Seguru aski garai batean asko entzuten nuelako horrelako popa. Orain ari naiz murgiltzen beste estilo batzuetan: jazza, indiea, soula… Baina popa egiterakoan, erreferenteak lehenagotik datoz. Sting? Badakit garrantzi handia izan duela Michel Longaronentzat eta Juango Falconentzat. Lehenengo diskoan, bereziki “The Pier”kantuan, badago Sting eta The Policeren kutsu bat. “Beldurraren hiria”-n zazpi-zortziko patroiak zeuden. Nire joera musika popera eramatea da, baina Van Morrison asko entzun dut, Quique Gonzalez presente dago, Ismael Serrano, Mikel Urdangarin… Horiek izan dira nire patroiak. Horregatik, Postak Kolekzionistak-ek badu kantautore giroetatik rockeraino dagoen bidea jorratzeko gaitasuna.

“Diskoak asko dauka bidaietan gertatutakoetatik, bizipen horietatik idazten dudalako, eta bidaietan gertatu delako lanaren zati bat”

Detaile asko dituen diskoa izatearen adierazgarri bat musika tresna kopurua da: akordeoia, hammond organoa, pianoa, harmonika, mandolina… Jantzi dituzue abestiak.
Bai. Nire ustez, harmonika talde honen ezaugarri oso konkretua da. Hor berriro Quique Gonzalezen eta Van Morrisonen eragina. Aspaldi txunditu ninduen mandolinak, eta hor nabil berarekin borrokan; disko honetan agertzen da, bals batean. Akordeoia sartzeko konpromisoa nuen nire buruarekin, nire lehen musika tresna izan delako, eta beste edozer baino gehiago akordeoi jolea naizelako. Horrek guztiak ematen dio zerbait diskoari, ez naiz ausartuko pop mamitsu esatera, baina bai dituela elementu dezente, koloreak. Konposizio aldetik nahiko antzekoak izan daitezkeen kantuak beste era batera janzteko saiakera dago.

2021en argitaratutako lan bati ezinbestean galdetzen zaio pandemiak sorkuntza prozesuan izan duen eraginean.
Denborei dagokionez, estu samar ibili gara. Kantuak erdi sortuak nituen dagoeneko, baina pandemia eta ez pandemia tarteko, bazegoen nolabaiteko gogo ez orokorra, eta atzeratzen joan zen guztia. Bat-batean, serio jarri ginenean, presa sentitu nuen, eta taldeari helarazi nion presa hori. Diskoa udaberrian kaleratu nahi nuen, ondo bidean Japonian igaroko baitut uda, eta udazkenera atzeratzea gehiegi iruditzen zitzaidalako. Bat-batean korrika egitea egokitu zitzaigun, diskoa janzterako garaian elkartu ginenean.

Aurreko lanean bezala, hainbat kolaborazio dituzue. Nabarmenena, Mikel Urdangarinena “Kafea zor didazu” abestian.
Oparia izan da. Asko miresten dut Mikel. Azken urteotan, arrazoi teknikoak medio, lagunak ere bagara, eta kantu hori sortu nuenetik banuen hari proposatzeko tentazioa. Eta aldi berean, ardura, konpromiso batean jarriko ote nuen halako proiektu txiki batean abestea eskatuz gero. Nik sortutako kantuari hain berea duen doinua ematen hasi zenean, miresmen eta txunditze puntua sentitu nuen. Nire burua ikusten dut abesti hori gorputz osoaren beharrean kantatzen, eta gero Mikel, plaza iskinean lasai-lasai balego bezala.

Ez da kolaborazio bakarra: Nico Andino, Julen Goikoetxea, Beñat Larrauri, Ruben Salvador, Xabi Zeberio, Aitor Zorzano…
Bai, baino aurreko diskoan baino gutxiago daude. Badaude kolaboratzaile nahiko finkoak: Xabi Zeberiok soka moldaketak egin zituen lehenengo diskoan amonari egindako kantuan, eta oraingo honetan “Aireportuak II”abestian errepikatu du. Haize moldaketak zituen “Uda garaiak”abestiak aurreko lanean, eta orain “Portuan”-en agertzen dira. Aitor Zorzanok egin ditu, eta Nico Andino eta Beñat Larraurik grabatu dituzte tronpeta eta tronboia. Ruben Salvadorri etxean grabatzeko sistemarik ba al zuen galdetu nion sasi-konfinamendu garaian. Chet Bakerrek Parisen grabatutako zuzeneko mitiko haiei aipamena egiten diet kantu batean ["Hotz emozionala"-n], eta hori inspirazio hartuta zortzi konpaseko soloa grabatzeko eskatu nion. Polita da urteotan ezagutzen joan zaren jendea proiektuan txertatzen joatea. Julen Goikoetxeak ere parte hartu du diskoan, Michel Longaron gure bateria joleak arazo fisikoak zituelako, eta hiru abesti grabatu ditu Julenek, aspaldiko laguna.

“Postak Kolekzionistak-ek badu kantautore giroetatik rockeraino dagoen bidea jorratzeko gaitasuna

Zortzi abesti ditu diskoak. Horietan azkena bonus track gisa izendatu duzue: “Macondo”. Gazteleraz dagoen bakarra da, Gabriel Garcia Marquezen Cien años de soledad eleberria oinarri hartuta. Nondik dator abesti hau?
“Macondo”hogei urte nituenetik buruan nuen esaldi batetik dator: “Como Aureliano Buendía, delante del pelotón”. Azken urteotan berriro topatu naiz Cien años de soledad-ekin, iraganarekin, izotzaren aurkikuntzarekin, eta aspaldi buruan nuen esaldiari irteera emateko gogoa sentitu nuen. Ea zer gertatzen den errealismo magikoaren bueltan kantatzen saiatzen zarenean. Aurreko diskoan Macondori eta Obabari egindako erreferentziak zeuden ere. Gazteleraz dago kantua, Garcia Marquezen liburuaren hizkuntza delako, eta hala atera zitzaidalako barrutik.

Aipatu duzu 2013 Mexiko hirian hasi zela Postal Kolekzionistak-en bidea. Baliteke aurki zirkulu hori ixtea, ezta?
Badirudi baietz, kontzertu batzuk egiteko aukera izango dugula. Lotuago egotea hobeago legoke horri buruz hitz egiteko, baina zirkulua itxi edo ez itxi, niretzako oso logikoa da Mexikon jotzea. Latinoamerika ezagutzeko zubia izan zen niretzat, bidaiatzeari atea ireki ziona, Azken gaua hirian abiatu zen herrialdea, bizipen gehien eman dizkidana. Postal Kolekzionisten musikan Mexikok bere lekua du.

Naiz irratiko Bigarren kafea saioan musikariak elkarrizketatzen dituzunean, Goiuri Ezeiza Arandia lankideak hitzen sarraskia egiten die gonbidatuei, haien diskoko hitzak aztertu, eta haien inguruan galdetzen die. Zurekin ere ariketa bera egin nahi izan du, eta hemen bere galdera: Desamodioa kontatzen duzu, baina letrei erreparatuta, ez dirudi kronologikoki ordenatuta daudenik. Hautu kontzientea da?
Diskoak desamodioari abesten dio, ikuspegi nahiko baikor eta edo lasai batetik. Ordena antolatzerakoan hitzek badute bere pisua, baina aldi berean kantuen koloreak, estiloek, musikak berak badu pisua ere. Hor egon da ariketa autokontziente bat dena balantzan jarri eta aukeratzeko nola antolatu kantuak.

ETIKETAK:Beñat IgerabideDon InorrezIker LaurobaIñigo AsensioManentMikel UrdangarinPostal Kolekzionistak