Musika

badok

2017.01.19

badok

Dozenaka datozenak

Izaki Gardenak izan da aurten goiztiarrena diskoen argitalpenari dagokienez, urtarrilaren 2an plazaratu baitzuen single berria, formatu digitalean. Azken urteetako joerari eutsiz gero, dozenaka lan argitaratuko dira 2017an ere. Hona hemen epe laburrean iritsiko diren horietako batzuk.

AMORANTE: iaz edizio mugatuko bost soinu postal argitaratu ostean, oraingoan singlearen aldeko apustua egin du Iban Urizarrek. Bi kantu grabatu ditu: alde batean “Brueghel zarra” rumba kutsuko abestia aurkituko du entzuleak, eta bestean, Joxe Mari Iparragirreren “Manuela” abestiaren moldaketa. Urizarrek berak argitaratuko du singlea eta Amoranteren kontzertuetan soilik erosi ahal izango da zazpi hazbeteko binilo formatuan. Hala ere, digitalean ere argitaratuko da.

amorante (Haritz Petralanda)

Single formatuko lana plazaratuko du Amorantek. (Haritz Petralanda)

BEIRA: Urtebete baino ez da Margotu berria kaleratu zutela baina Jon Martin bertsolaria eta Garikoitz Amundarain buru dituen taldea grabazio estudioan da berriro, hirugarren lana ontzen. Oraingoan ere Axular Arizmendiren AME estudioa hartu dute kantuetarako aterpe. Aurrekoa bezala, Baga Biga diskoetxeak argitaratuko du Beiraren diskoa.

BULTZ!: IheskidePixontxis edota Kruders taldeetan aritutako musikariek Bultz! sortu zuten duela urtebete inguru, eta bere lehen diskoa grabatzen ari dira Higain estudioan, Haritz Harregirekin. Xabier Gallastegi Xagu (gitarra), Ibai Arrizabalaga Ibaiko (bateria), Liher Larrañaga (gitarra) eta Txibillo (baxua) batu dira proiektu berri honen inguruan eta Durangoko 40 MinutuRock jaialdian eskainiko dute lehen kontzertua, otsailaren 18an.

Bultz

Txibillo + Ibaiko + Xagu + Liher = Bultz!

EKIZA: bakarkako lehen diskoaren finantzaketan lagundu zutenentzako kontzertu berezi bat eskaini zuen Willis Drummond-eko abeslariak Amanita estudioan iazko irailean. Emanaldi akustiko haren grabazioa argitaratuko du Ekizak datozen asteetan, musikariak berak iaz martxan jarritako Ipar Orratza zigiluarekin.

ekiza amanita

Jurgi Ekiza, iazko irailean Amanita estudioan eskainitako kontzertuan.

FLY SHIT: Barneko ahotsaren bila diskoa aurkezteko Arrasateko gaztetxean emandako kontzertu baten grabazioa argitaratuko du Bergarako hardcore taldeak datozen asteetan. Horrekin batera atsedena hartuko du kontzertuei dagokienez. Azken emanaldietako bat larunbat honetan, hilak 21, eskainiko du Zarauzko Putzuzulo gaztetxean.

IKER LAUROBA: Abeslari eta musikari donostiarra bere bakarkako bigarren diskoa ontzen ari da etxeko estudioan. Hainbat musikari ari dira parte hartzen grabazioan: Jon Altuna (pianoa), Sergio Villar (gitarra), Ion Arruebarrena (saxofoia), Jokin Garmendia (biolontxeloa), Charlie Atkey (gitarra), Leire Berasaluze (ahotsa)… Zeru tolesgarria-n bezala, kantu bakoitzak bere postala izango du diseinuan, Paoletta Pirulettak egindakoak. Diskoa martxoan argitaratzea espero du Iker Laurobak, baina aurrerapen gisa, “Azken dantza bat” abestiaren bideoklipa plazaratu du.

KASKEZUR: Hiru urte baino gehiago igaro dira Ilgora kaleratu zuenetik Baztango taldeak. Martxoan iritsiko da Azpisugeak, bere bigarren diskoa.

MAIDER ZABALEGIAlaitz eta Maider bikoteko kide ohiak bere lehen diskoa plazaratuko du laster, Elkar etxearekin. Dani Venegas konpositore eta multinstrumentista izan du lagun hala grabazioan nola zenbait kanturen sorreran. Alaitz Telletxeak ere parte hartu du diskoan, soinu txikiarekin.

MARMOKA: Zortzi kantuk osatzen dute Hondarribiko laukotearen bigarren lana, Bidaide. Psilocybenean grabatu dute Mikel Iturriarekin eta datorren larunbatean, hilak 21, aurkeztuko dute han bertan, Ulisses taldearekin batera.

MICE: Miren Narbaizaren bakarkako proiektua da MICE. Iaz eman zituen lehen kontzertuak, eta udaberri aldera bost kantuz osatutako EPa kaleratzeko asmoa du. Horrez gain, Drumkopters taldearekin beste EP bat grabatuko du eta Perlak eta Joseba B. Lenoir Gang-ekin zuzenekoetan jotzen jarraituko du Narbaizak. Eta Napoka Iria? Oraingoz entseatzen ari dira…

MICE

EP bat kaleratu du MICEk (Miren Narbaizak) udaberrian.

MIKEL URDANGARIN: Elkar estudioan da egunotan Zornotzako kantaria bere hamahirugarren diskoa grabatzen. Bakarka osatutako MMXV lanaren ondoren, talde formatura itzuliko da Urdangarin, ohikoak dituen musikariak lagun —Rafa Rueda, Angel Celada, Nika Bitxiasvili, Koldo Uriarte…—, eta baita berriren bat ere —Jon Cañaveras (baxua)—. Kolaboratzaileen artean, Alison Keable abeslaria dago (Similar Interests).

MUDA: Ortzi Hegoas (bateria), Amaiur Coscarat (baxua), Patxi Amulet (gitarra, esku soinua) eta Maitena Beheran (kantaria) dira folk-rock talde honetako partaideak. 2015ean hasi ziren kontzertuak ematen eta …biharkoa hasi da egun… izenburuko lehen lana plazaratuko dute otsailean.

MUSHKUM: Luis Vil musikari arabarrak (Ironic Cancer Phobia, The Drellas, Mara Mara…) sortu duen talde berria da Mushkum. Alboan beste hiru musikari bildu ditu: Juncal Altzugarai (ahotsa), Josean Valle (pianoa) eta Amaia Monleon (perkusioa). “Mugaldeko rock akustikoa” landu du Denbora lehen diskoan. Taldeak “Sentitzen naizelako” kantuaren bideoklipa aukeratu du bere burua aurkezteko.

ORREAGA 778: Suediako Grebol taldearekin partekatutako diskoa kaleratuko du Donostiako oi! taldeak martxoan. Mendeku Diskak zigiluak argitaratuko du 500 aleko edizio mugatua, 400 binilo beltzean eta 100 koloretan. “Bataillon Basque Gernika” da diskoko kantuetako bat.

PADDY REKALDE & ITSUA: Euskal Herrian apenas jorratu gabeko generoan murgildu dira Paddy Rekalde idazlea eta Itsua disko jartzailea, slam poetry delakoan hain zuzen. Poesia, dub musika, musika elektronikoa edota hip hopa nahasten dira bikoteak grabatutako diskoan. Entzun lanari izenburua ematen dion “Izotza eta sua” abestia.

paddyrekaldeitsua

PATXUKO NICE: Esne Beltza utzi ondoren Sergio Ordoñez Patxuko-k martxan jarritako taldeak lan berria iragarri du martxorako. lehen diskoa,435.0, 2014an kaleratu zuen.

THE ICER COMPANY: Iker Zia abeslaria buru duen taldeak otsailaren bukaeran plazaratuko du Belurbe bigarren diskoa. “Belurbe asmatutako hiri bat da, inguruko edozein izan zitekeena. Berlurberi buruz hitz egitea gure inguruari buruz hitz egitea da, baina zuzeneko erreferentziarik egin gabe. Belurbe gure inguruan gertatzen eta existitzen den guztia da. Gure errealitatea izan daiteke, baina baita ere inguruan ditugun errealitate ezberdin guztiak, ezagutzen ez ditugunak barne”, azaldu du Iruñeko taldeak. El Dromedario Records zigiluak (Robe, Extremoduro, Sonic Toy…) argitaratuko du diskoa, eta “Krisalida” da lehen singlea.

UNIDAD ALAVESA: Haritz Artolak (FiachrasBizardunak, Brigada Criminal) gidatutako folk-rock proiektu berri honetan Gurutz Bikuña gitarrista (Ancha es Castilla, Benito Lertxundi), Iker Arza baxu jotzailea (Brigada Criminal, Ladislao) eta Eneko Dorronsoro trikitilaria (Los Zopilotes Txirriaos, Errebal) elkartu dira. Iazko Jazpana jaialdian eman zuten lehen kontzertua eta berriki lehen diskoa grabatu dute Pottoko estudioan.

unidad alavesa

Gurutz Bikuña + Haritz Artola + Iker Arza + Eneko Dorronsoro = Unidad Alavesa. (Egoitz Irizar)

VELOZET: Hondarribiko rock-and-roll high energy boskoteak bi kantu zabaldu zituen iaz plataforma digitaletan, baina oraintxe amaitzen ari da bere lehen diskoaren grabazioa, Berako (Nafarroa) Mik estudioan.

ETIKETAK:AmoranteBeiraBultz!EkizaFly ShitIker LaurobaItsuaKaskezurMaider ZabalegiMarmokaMiceMikel UrdangarinMudaMushkumOrreaga 778Paddy RekaldePatxuko NiceThe Icer CompanyUnidad AlavesaVelozet