Elkarrizketa

“Disko honekin koxka bat gorago egin dudala sentitzen dut”

Elkarrizketa: Eñaut Elorrieta

Itsasoa eta errepidea. Duela pare bat urtetik Zarautzen (Gipuzkoa) duen estudiotik urrats bat kanpora egin, eta alde batean itsasoa eta bestean errepidea entzuten ditu Eñaut Elorrietak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1975). “Ez pentsa”, esan du; “laguntzen du, kanpora atera eta batez ere itsasoaren hondoko soinu hori entzuteak”. Ez da toki handia tamainaz, baina ez du historia gutxi. “Pub ziztrin bat izan zen aspaldi, gero taberna bat non musika ona jartzen omen zuten eta non ETAk droga saltzaile bat ere hil zuen —nik oraindik ez dut topatu, baina esan didate bala baten marka dagoela paretaren batean—, gero arkitektura estudio bat, eta, nik hartu aurretik, ile apaindegi bat”. Tunel itxurako sabaia du, adreiluzkoa, eta goxotasuna dario alderik alde. Bertan ari da taldekideekin Festina Lente (Elkar) disko berriko zuzenekoa prestatzen orain. “Duda nuen kabituko ote ginen, baina bai, moldatzen gara”.

Eñaut Elorrieta musikaria, asteon, Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Eñaut Elorrieta musikaria, asteon, Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Elorrietaren estudioko laugarren albuma da Festina Lente; ostiralean argitaratu zuen, eta atzerriko ekoizleekin landu du lehen aldiz: David Chalmin eta The National taldeko Bryce Dessnerrekin. Haiek biak aritu dira instrumentuetan ere, The Nationaleko musikari gehiagorekin batera. Diskoa Senperen (Lapurdi) grabatu eta nahastu dute, La Fabrique des Ondes estudioan, eta, ordukoak gogoratzean, harriduraren distira igartzen da oraindik musikariarengan. Horren erakusle, galdetzen hasi aurretik hasi dela kontatzen. “Diskoko ahotsak hementxe grabatu nituen; oinarri guztia Senperen egin eta gero, esan zidaten ahotsak lokalean probatzeko. Jarri nuen sistema martxan, bidali nizkion Bryceri, eta esan zidan: ‘Oso ondo entzuten da, grabatu bertan nahi baduzu’. Ez, ez, itzela izan da; itzela”.

Ahotsa beti da oinarri bat zure musikan. Gustura horrekin ere, beraz?

Bai. Baina faltan sumatu dut norbait esango zidana: “Eñaut, joan etxera”. Ze bakarrik egonda, hartualdiak eta hartualdiak egiten dituzu, eta jakin behar da gelditzen. Baina, osterantzean, gauza batzuk —koruak, adibidez— aurrez landu ezin izan ditudan modu batean landu ahal izan ditut. Gora begira kantuan, adibidez, lau ahots pista daude, eta estudio batera zoazenean, normalean, ez duzu hainbeste indar halakoak probatzeko, esperimentatzeko. Oraingoan abantaila hori izan da: denbora.

2025ean eta 2026an ondu duzue diskoa.

Bai, horrela jarri dugu, baina tranpatia ere bada. Ze, adibidez, musikariekin astelehen batetik barikura arte batu ginen, eta hor grabatu genituen oinarri guztiak. Gero, hilabete pila bat pasatu ziren, nik ahotsak grabatu, haiei bidali, denon egutegiak berriro bateratu eta nahasketak egin arte. Prozesua asko luzatu da, baina, aldi berean, atal musikal guztia astebetean egin genuen, eta badu zerbait oso freskoa. Horrekin pozik nago. Ze lehenengo datorren indar hori zaindu beharreko zerbait da. Bestela artifizio bat bihurtzen da, igual seduzitu ahal zaituena momenturen batean, baina kantua ez dago hor. Zenbat bider pasatuko zitzaidan gitarrarekin eta ahotsarekin funtzionatzen duen zerbait lantzen hasi eta derrepente konturatzea distira edukitzeari utzi diola eta ez jakitea hori zehazki noiz gertatu den.

Nola egin zenuten lan bost egun horietan?

Nik aurretik ideiak bota nizkien, ahotsarekin eta gitarrarekin bakarrik grabatutako hogeita bost ideia edo. Pila bat. Hortik 11 aukeratu genituen David eta Brycerekin. Joko bat egin genuen; bakoitzak aukeratu zituen bere 11k elkarrekin komentatu barik, eta bat etorri ginen zortzi kantutan. Etxean daukat papera gordeta. Horrela aukeratu genituen 11 kantuak [hamar dira azkenean diskokoak], baina nik ez nekien zelan egingo genuen lan gero. Brycek gauza bakarra esan zidan: bere konfiantzazko musikarien lan egin nahi zuela, denbora mugatua izango genuelako. Senperera joatean, Brycek nik botatako kantuen estruktura eta akordeak banatu zizkien musikariei. Nire ahotsaren melodia eta akordeak, beste ezer barik. Musikariek entzunak zituzten kantuak, baina ez zuten pentsatua nora jo ahal genuen. Orduan, nik jotzen nuen kantu hori, eta Brycek esaten zidan: “Bale, zer esaten du kantu honek hasieratik?”.

“Prozesua asko luzatu da, baina, aldi berean, atal musikal guztia astebetean egin genuen, eta badu zerbait oso freskoa. Gustatzen zaidan gauza bat da hori”

Zer esan, hitzek?

Bai. Denaren abiapuntua hitzak esaldiz esaldi begiratzea izan zen. Batzuetan galdetzen didate nola komunikatzen ginen, eta irudien bitartez izan zen. Nik ingelesez badakit zeozer, haiek gaztelaniaz ere bai… baina ez, irudiak ziren. Nik esaten nien: “Hemen enfrentamendu bat dago, emozio korapilo bat, ezintasun bat”. Azaltzen nien, eta haiek esaten zuten: “Bale, orduan honela hasiko gara”. Harrituta geratzen nintzen ikusita zelan oinarritzen ziren denbora guztian hitzen esanahian, eta nola saiatzen ziren hori instrumentazioarekin eta moldaketekin indartzen. Eta espektakulu bat zen, benetan. Ikustea ze olioztatuta zeukaten euren makineria. Ni Brycerekin pianora joaten nintzen harmonia bat probatzera, eta, bitartean, ikusten nuen bateria jotzailea baxuarekin gauza bat probatzen, bestea erritmo elektroniko bat ateratzen. Guk amaitzen genuenerako, batek esaten zuen: “Nik erritmo elektroniko hau proposatu dezaket”; besteak: “Nik beste hau daukat”. Normalean, estudioko egunetatik etxera itzuli, “zelan?” galdera aditu, eta nire erantzuna beti izan da “pse”. Hori zaratatxoa, badakizu? Mugekin topatzen zara, eta ni txikitu egiten naiz estudioan. Pentsamendua beti da “ez dakit ondo goazen”, baina indarrak hartu behar dituzu, eta horren kontra egin. Baina hauekin ez; hauekin, etxera bueltatu, eta esaten zidaten: “Baina nondik zatoz?”.

Emaitzaz hainbeste arduratu ordez prozesuaz gehiago gozatzeko aukera eman dizu horrek?

Erabat. Ez nengoen begira hau edo beste ze ondo gelditzen ari zen. Gehiago zen esatea: “Zer nabil bizitzen?”. Inoiz bizi bako sorkuntza prozesu bat izan da. Aparte, noski, jende oso onarekin zaude, konfiantza duzu, eta hor zure kezken bolumena ere jaisten da. Gero, osotasunari begiratu, eta apurka-apurka denok batera jotzen genuen. Hiru-lau hartualdi, onena aukeratu, eta listo. Horren gainean igual gitarra bat geratzen zen gehitzeko gero, teklatu bat, haize batzuk… baina oinarria hor gelditzen zen. Egun bakoitzean hiru kantu baino gehiago egin genituen. Oinarria esan nahi dut, ze horren ostean ere lan handia egon da, hitzak doitzen eta.

“Bilera bat egin genuen eta esan zidaten: ‘Bi hilabete barru grabatuko dugu’. Eta nik: ‘Nola bi hilabete barru?’. Baina, aldi berean, pentsatzen duzu: ‘Trena hemen dator, Eñaut’, eta hor zoaz daukazunarekin”

Eta nolatan gurutzatu zaizkizu bidean Bryce Dessner eta David Chalmin?

[Tarte txiki bat hartu du pentsatzeko]. Bere garaian, bira bat egin nuen [Katia eta Marielle] Labeque ahizpekin. Marielle Getarian [Lapurdi] bizi da, eta Katia Senperen, La Fabrique des Ondes estudioa dagoen lekuan. Orduan, afari batera gonbidatu gintuzten batzuk Getariara, eta han zegoen Bryce ere. Gogoan dut izan genuen lehen elkarrizketa 36ko gerrari eta Gernikari buruzkoa izan zela. Kontaktua mantendu genuen, eta nik momentu batean esan nion nahiko nukeela elkarrekin zerbait egin, ze hark denboraldiak pasatzen ditu Urruñan [Lapurdi]. Baina, jende honekin, gauzek lur hartzeko kontu askok egin behar dute bat. Afari hori aspaldi izan zen; ordutik bi disko egin ditut. Nire aingeru guardakoa Katia Labeque izan da. David Chamain haren bikotekidea da, estudioa haien etxean dago, eta Katia aritu da Bryceri bultzaka. Azkenean, bilera bat egin genuen eta esan zidaten: “Bi hilabete barru grabatuko dugu”. Eta nik: “Nola bi hilabete barru?”. Baina, aldi berean, motibazio estra bat da, eta pentsatzen duzu: “Trena hemen dator, Eñaut”, eta hor zoaz daukazunarekin. Orduan bukle batean sartzen zara, obsesionatu, etxetik bota gura zaituzte eta hori dena, baina gauza batzuk, ez badira horrela egiten, ez dira egiten.

Beraz, kanabera botata eduki eta bitartean lanean segitzea izan da kontua. 

Bai. Diskoa, berez, egon ahal zen iazko. Baina denbora hartu dut guztia trankil bukatzeko. Eta eskerrak, ze derrepente Brycek deitu zidan egun batean, “Eñaut, atzeratu behar ditugu nahasketak, Los Angelesera joan behar baitut kantu bat grabatu dudalako Nick Caverekin eta sari bat eman digutelako”. Eta zer esango diot, ba, nik? [Barrez hasi da]. “Ez, sentitzen dut, Bryce, egunak ipinita daude, ezin zara joan”.

The Nationalek Miarritzen emandako kontzertu berezian ere izan zinen duela aste gutxi, haien abesti bat euskaraz kantatzen. Nola joan zen?

Mundiala izan zen. Ikusten dut prozesu hori guztia egin eta gero hark bilatzen nauela, eta kristoren poza ematen dit; ikusteak ze balio ematen dioten euren kantu bat euskaraz kantatzeari. Harrituta geratu naiz denek ze interes erakutsi duten gure hizkuntzaren, herriaren, kulturaren inguruan. Are, sentsazioa daukat ni bitartekari antzeko zeozer izan naizela disko honetan. Brycek zerbait bueltatu gura izan balio bezala herri honi edo kultura honi hemen pasatzen dituen denboraldiengatik. Uste dut euskara ere izan dela proiektu honen helduleku inportante bat haientzat. Egin genuen lehen bileran, pentsatzen zuten agian nik kantu bat egin nahiko nukeela haiekin, eta haien oihartzuna aprobetxatu. Eta esplikatzen nien ezetz, niretzat euskaraz kantatzea gainditzen nauen dimentsio bat dela, gustatzen zaidana, sentitzen dudana beste batzuek bultzatu duten norabide batean bultzatzen dudala, eta horrek ematen diola egiten dudanari beste geruza bat. Entzun ahala, ikusten nituen gero eta barrurago bezala, eta ni harrituta. Ze, izan, amerikanoak dira hauek: kulturarik hegemonikoenetik datoz.

“Arreta jarri eta ñabardurez ohartzea opa diot entzuleari. Ze gauza bati denbora eskaintzen badiozu, izan liburu bat, izan edozer, horrek bueltatu egiten dizkizu gauzak gero”

Haiekin landu arren diskoa, entzuleak berehala kokatuko ditu kantuak zure musika unibertsoaren barruan. Hori zaintzea adostu zenuten?

Uste dut diskoan badaudela The Nationalek lantzen dituen gauza batzuk —gitarra biak LRan, hain estandarrak ez diren bateria erritmoak, oinarri elektroniko batzuk…— oso haienak direnak, baina, aldi berean, oso eskrupulosoak izan dira nik neukanarekin. Aldiro entzun dut “hau zure proiektua da; zuk ikusi behar duzu”. Sentitzen dut disko honekin koska bat gora egin dudala, beste norabait heldu naizela; sentsazio on hori dut. Moldaketetan, soinuan, ñabardura pila bat dago.

Beste kontu bat da gaur egun zenbat jendek entzuten duen musika denbora eskainita. Guk diskoak horretarako egiten ditugu, baina garai honen ezaugarria da ez diegula denbora eskaintzen gauzei. Arreta oso zatikatuta daukagu. Aitor Etxebarria-k [musikaria, konpositorea eta ekoizlea; Elorrietaren Fantasia aurreko diskoa ekoitzi zuen] esaten zidan ikus-entzunezkoetan lehenengo hamabost segundoetan jokatzen dutela aurrekontuaren zati oso handi bat; hor harrapatu behar dutela jendea. Eta artea horrela kontsumitzen badugu, gauzak galtzen ditugu. Arreta jarri eta ñabardurez ohartzea opa diot entzuleari. Ze gauza bati denbora eskaintzen badiozu, izan liburu bat, izan edozer, horrek bueltatu egiten dizkizu gauzak gero.

Festina Lente izenpean bildu dituzu kantuak. Mantso bizkortu esan nahi du. Nolatan?

Aurrekoan amak gogorarazi zidan amamak beti esaten zidala: “Eñaut, denborari astia eman”. Eta badauka lotura bat Festina Lente-rekin. The Nationalek askotan tentsio bati eusten dio kantuetan; gorantza-gorantza doa, baina ez da lehertzen. Zeozer gertatzear deneko indar hori; bezperaren zera hori. Hori da Festina Lente niretzat. Kantu batzuetan oso nabarmena da, Aira nazazu-n, adibidez. Uste dut orokorrean badugula inertzia bat kantuetan, igoz joan eta gero moldaketa epiko bat sartzekoa. Eta hemen gehiago izan da eustea, eta hor amaitzea. Festina Lente bada gelditzeko gonbit bat ere. Disfrutatu bete-betean, baina hartu denbora gauzei begiratzeko. Ze, batzuetan, esnatzen zara eta esaten duzu: “Zer pasatu da hemen? Ze arin doan hau”.

Aldi berean, orain sentitzen dut nire begirada denborarekin malgutu egin zaidala. Gaztetan begirada polarizatuagoa nuen, eta orain uste dut konplexutasun handiagoa ikusten diedala gauzei, eta horrek zalantzak handitzen dizkizu; zure oinarriak berriz pentsatzea eskatzen dizu, eta errealitatearen ikuspegi ezberdinei bestela begiratzen diezu. Hori bada gaur egun mugitzen nauen gauza bat; ze erraz jausten garen epaietan, epai kolektiboetan ere bai. Edo zurira edo beltzera garamatzate. Kontrako bi indar dira Festina Lente, baina ez aurkariak, elkarrekin oreka bat topatzen dutenak baizik. Bizitzan bezala, ez? Oreka bat da; espiritualitatea eta lurtasuna, argia eta itzala…

…itsasoa eta errepidea.

Horixe. Badaukat sentsazioa denboraren kontuak zeharkatzen duela gure errealitate guztia. Eta esan erraz esaten da, baina, mamurtzen duzu, eta ez da hain erraza. Badu orain nagoen lekuarekin zerikusia ere; umeak hazten, aita hila, ama zahartzen… Bizitza denbora magma batean igeri egitea balitz bezala.

Diskoko hitzetan leku nabarmena du denboraren joanak. Zureez gain, badira Nerea Ibarzabalek (Otsaila), Uxue Alberdik (Madre vieja), Alberdik eta Miren Amurizak (Ostiral poz bat), Iñigo Astizek (Ahal), Jose Luis Otamendik (Gora begira) eta Amets Arzallusek (Aulki bat) idatzitakoak ere. Nola egin duzu hitzen bilketa?

Denetarik egon da. Jose Luis Otamendirena, adibidez, olerkiarekin maitemindu eta musikatzen hastetik dator. Beste batzuetan, idazlearekin batera joaten da sortuz, baina nire kanala, normalean, melodiena da. Ernatzen zaidana hori da; gitarra hartu eta melodiak etorri egiten zaizkit, ez dakit nondik. Berbak, aldiz, ekarri egin behar ditut; beharra egin behar dut horretarako. Eta gustatzen zait idaztea: blok bat daukat gustuko gauzak gordetzeko. Putzuan-en hasiera, adibidez [«dantzan ari zirenak zorotzat hartzen zituzten musika entzun ezin zutenek»], esaldi popular bat da; Erreka kantuan ageri den “elkarrenak gara gaur, errekarenak bihar” esaldia Harkaitz Canori lapurtu diot; edo Ostiral poz bat, esaterako, Pleibak-en dago oinarrituta; hango esaldiekin egindako olerki bat da.

“Gogoa daukat gitarra elektrikoa hartzeko eta Kafe Antzokira joateko; ez naiz bertan izan Ken Zazpiren garaitik. Jimmy Jazzen ere ez. Zelan pasatu den hori? Ba, ez dakit”

Azken urteetako joeratik urrunduta, aretoetan iragarri dituzu kontzertuak oraingoan. Zer erakusten du horrek?

Erabaki horretan apustu bat dago. Ken Zazpi utzi nuenean, Ken Zazpira hurbildu zitekeen edozer bazterrean utziz eraiki nuen Deserriko kantak [bakarkako lehen lana]. Disko hau, aldiz, nire orain arteko ibilbidea batzen duen disko bat bezala ikusten dut. Ikusten ditut Ken Zazpiko giro gitarrero batzuetako oihartzunak, baina Aulki bat kantuan, adibidez, ikusten dut nire bakarkako giro intimoagoa ere, eta harmonia batean ikusten ditut elkartuta, bide horiek guztiak integratzera ailegatu banintz bezala. Orain gogoa daukat gitarra elektrikoa hartzeko eta Kafe Antzokira joateko; ez naiz bertan izan Ken Zazpiren garaitik. Jimmy Jazzen ere ez. Zelan pasatu den hori? Ba, ez dakit. Eta apustu bat da, nire publikoa beste zerbaitetara ohitu dudalako. Heldu zait mezuren bat non galdetu didaten ea Kafe Antzokian aulkirik egongo ote den… [barreak] Bueltatzeko gogoa dudan eta balioa eman nahi diedan tokiak dira.

Aurkezpen bira

  • Iruñea: Abenduaren 28an, Zentral antzokian.
  • Bilbo: Urtarrilaren 2an, Kafe Antzokian.
  • Donostia: Urtarrilaren 16an, Intxaurrondoko kultur etxean.
  • Gasteiz: Urtarrilaren 23an, Jimmy Jazz aretoan.
  • Azpeitia: Otsailaren 20an,  Sanagustin kulturgunean (Gipuzkoa)
  • Miarritze: Martxoaren 12an, Atabal aretoan (Lapurdi).
Nortzuk arituko dira zurekin?

Buffalo taldeko Ander eta Joanes Ederrarekin eta Dabid Gorosperekin osatu dut taldearen oinarria, eta gero Txus Aranburu egongo da teklatuetan, Nerea Quincoces perkusioan, eta Imanol Iribarren haizean; oso pozik nago. Aurreko diskoetako errepertorioa aukeratu dugu, eta saiatu gara kantu zaharrak kantu berrien arimarekin kutsatzen. Konturatu naiz aurreko urteetan ibili naizela lanean buruan Arriaga izanda, eta orain, Kafe Antzokian pentsatzen jartzeak beste giro bat marraztu dit. Nire zuzenekorik energikoena-edo izango da. Eta bertigo apur bat sentitzen dut. Isiltasun absolutura ohituta egon naiz, eta orain basoen klin-klin-klin hori entzutea… Ken Zazpiren garaian ere ez nuen ondo eramaten. Isiltasunean egin ditzakezu ñabardurak, ahotsaren grabeetan, agudoetan… Mihise zuri bat balitz bezala da, eta hor edozein puntutxo ondo ikusten da. Hemen ez; hemen beste gauza batzuk topatu behar ditut.

Gogotsu dirudizu, hala ere.

Bai. Hainbeste disko egin eta gero, oraindik mantentzen dut irrika. Batzuetan galdetzen didate: “Ken Zazpi bueltatuko da?”. Eta ezta, ezta… Miarritzeko festan pentsatu nuen: “Behar pila bat egin duzu, zure aitzurtxoarekin lanean heldu zara hona, gaurko gau hau haizeak eramango du, eta berriro jarraitu beharko duzu, zure aitzurtxoarekin, ekin eta ekin”. Eta barruak esan zidan: “Ba, ekin eta ekin”. Semea jaikitzen denean eta galdetzen didanean bezala, “aita, gaur zer?”. Identifikatzen naiz horrekin. Gaur lokalera, eta ea zer. Orain bira hau dator, eta ea zer.

“Autoexijentzia askoz handiagoa dugu gaur egun”

Eñaut Elorrieta musikaria, bere estudioan, Zarautzen. ANDONI CANELLADA/ FOKUEñaut Elorrieta musikaria, bere estudioan, Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Disko berriaren aurkezpen bira ez ezik, Elorrietak musikagintzan bete dituen 30 urteak ospatzeko bira ere izango da Festina Lente-rena.

Zer gertatu zen 1996an, han jartzeko zure ibilbidearen abiapuntua?

1996a da Ken Zazpirekin lehenengo kantua grabatu nuen urtea. Bi eta bat izan zen, eta Gor diskoetxearen Aurtengo gorakada bilduman atera zen. Nire lehenengo grabaketa profesionala izan zen. Orain bai aitortzen dut hori dela nire bidea, baina izan ditut arantzak kantu batzuekin.

Adibidez?

Ilargia-rekin, adibidez. Guztiz errekonozitu ez dudan seme edo alaba baten modukoa izan da. Badira kantu batzuk zure bidean gainetik pasatzen zaizkizunak. Itoiz-en dokumentalean ikusi nuenean zer esaten zuten Lau teilatu-ri buruz, pentsatu nuen: “Horixe pasatzen zati niri ere”. Eta esaten dizute, “Mikel Laboa-ri gauza bera gertatu zitzaion ‘Txoria txori’-rekin”. Bale. Baina “zuretzat Ilargia lapurtuko nuke gauero” zailagoa da eramaten. Maitasun erromantikoaren zera hori eta beste, kantu batzuk hobeto zahartzen dira beste batzuk baino, baina, aldi berean, nik orain kristoren esker ona sentitzen dut kantu horrekiko. Orain. Kostatu egin zait esatea: “Bai, kantu hau nik konposatu nuen eta begira zer bide egin duen”.

Maitasun balada bat da, eta garai hartan beste gauza batzuk eskatzen zitzaizkigun, hori ere hor dago. Baina, derrepente, taldea mainstream-arekin lotzen da, giro komertzialarekin, eta horrek igual ez dizu onik egiten. Zuk nahi duzu beste publiko batek ere zu arretaz entzutea, eta hortik urruntzen hasten zara. Baina zerk gidatuta? Norentzako gauzak egiten? Aurrez sortutako gauza batzuek zergatik lotsatzen naute orain? Egindako gauza horiek guztiak naiz ni. Nire parte dira. Eta nik badauzkat nire kutrekeriak, nire alderdi erromantikoa, nire gauzak, eta, orain, kantu hori sortu zuen Eñauti begiratu, eta esaten dut: “E, eskerrik asko”. Gehiago esango dizut: asmoa dut zerbait egiteko Ilargia-rekin bira honetan.

Ze beste krisi eta mugarri ikusten dituzu orain arteko bidean?

Ez dakit. Bilaketa batean ikusten dut neure burua. Disko hau ezingo nuke imajinatu, adibidez, aurrekoa barik. Fantasia-n Aitorrek [Etxebarria] nire mugetara eraman ninduen; tonu baxuak, tempo geldoak, biluztasuna… oso gordina izan zen. Barnerako bidaia antzeko bat, norbere zirrikitu politak eta itsusiak begiratzea. Orain, berriz, askoz argi gehiago dudala sentitzen dut.

30 urte hauetan eszena ere izugarri aldatu da. Bada zerbait bereziki deigarria egiten zaizuna?

Iruditzen zait musikariok askoz autoexijentzia handiagoa dugula gaur egun. Etengabe hor egon behar dugu, gauzak egiten eta egiten. Efektu hori bai ikusi dut hazten, eta seguruenik sare sozialek handitu dute hainbeste. Horrek zenbat denbora eta atentzio kentzen dio sorkuntzari? Horrek kezkatzen nau. Nire energiatik zenbat edaten duen kantu bat sortzeak eta zenbat beste guztiak.

Daukadan beste sentipen bat da piramidea inbertituta dagoela eszenan, eta piramide inbertitu batek ez dio ondo eusten lurrean. Badaude kontzertu handiak, jaialdi handiak… gihar handiko ekitaldiak, eta ni ez naiz horiek egotearen kontrakoa, baina kezkagarria iruditzen zait eszena ertainak ez izatea gihar hori, inondik inora. Etxean ikusten dut. Alaba Mitoaroa-n egon da, Ura bere bidean-en, eta ez zaio okurritzen joatea Modelora [Zarauzko antzokia] kontzertu bat ikustera. Konparatuko duzu! 15 urte dauzka, eta badut sentsazioa ez garela ari publikoa prestatzen areto txikietara joateko. Ez da estadioak betetzen dituztenen errua, ez dut inor seinalatu nahi; denok sinatuko genuke gaitasun hori edukitzea. Gehiago da begiratzea zer zaintzen den, zer sustatzen den eta nora eraman gaituen horrek. Baina beldur bat ere sartzen zait halakoetan. Hasten naizenean marmarka hurrengo belaunaldiez, ez direlakoan gai disko bat osorik entzuteko, esaten dut: “Eñaut… ilea zuritzen ari zaigula…” [barreak]. Gure aitita-amamek ere pentsatuko zuten hori gutaz, baina guk topatu genituen gure bideak. Eurek ere topatuko dituzte eurenak.

ETIKETAK:Eñaut Elorrieta; Festina Lente; Elkarrizketa 2026; Itziar Ugarte Irizar