2017.03.30
Irailaz geroztik apenas eskaini duen El_Txef_Aren saiorik, eta nabari du bidaietan pilatzen duen “energia” agortzen ari zaiola. “Mundu osoan zehar saioak ematen hasi baino lehen nintzenera itzuli naiz nolabait, oso pertsona lasaia izatera, planak egiteko nagia…”. Bakarrik bidaiatzen du beti, egin izan ditu hiru hilabeteko egonaldiak etxetik kanpo, eta aitortzen du oso esperientzia gogorra dela. “Gauez egiten duzu lan, otorduetan bakarrik zaude, ordu asko pasatzen dituzu aireportuetan ia lorik egin gabe hegaldiaren zain… Bizipen orok larru-azala ukitzen du, eta batzuetan depresioaren ertzean zaudela sentitzen duzu. Baina niri bizimodu horrek sekulako energia ematen dit, eta balio dit nire buruarekin asko hitz egiteko eta nor naizen hobeto ezagutzeko. Tontakeria asko kentzen dituzu burutik, eta munduan jende zoragarri asko dagoela ikusten duzu. Niri era guztietara lagundu didate”.
Ekainaren amaieran maleta egingo du berriz ere, El_Txef_Aren hilabeteko bira egiteko Mexikon, Guatemalan eta AEBetan. Bitartean, bere izenarekin argitaratutako lehen diskoaren aurkezpena prestatzen ari da Aitor Etxebarria (Gernika, 1985). Apirilaren 21ean argitaratuko du Markak, Gernikako bonbardaketaren memoriaren inguruan Hannot Mintegiak zuzendutako dokumentalaren soinu banda. Binilo formatuan bakarrik kaleratuko du, David Sylvianen abesti batetik hartutako izena duen Forbidden Colours zigilu propioarekin. El_Txef_Aren bi diskoetan —Slow Dancing in a Burning Room (2012) eta We Walked Home Together (2014)— ageri diren heziketa klasikoaren aztarnek pisu handiagoa hartu dute Etxebarriaren lan berrian. “El_Txef_Ak klasikoaren ukitua duen musika elektronikoa egiten du, eta disko honetan %80 klasikoa da eta %20 elektronika”, laburbildu du egileak.
Zuzenean ekainaren 15ean aurkeztuko du Bilboko Kafe Antzokian, eta hurrengo egunean Bartzelonako Sonar jaialdian joko du bigarren aldiz. Ondoren, uztailaren erdialdean, New Yorkera iritsiko da Markak. Beste sei musikarik lagunduko diote Aitor Etxebarriari emanaldi hauetan: Hibai Etxebarria anaia (pianoa), Hannot Mintegia (gitarra), Jatsu Argarate (baxua), Hasier Oleaga (bateria), Leire Pikabea (biolina) eta Itziar Lertxundi (biolontxeloa).
Zure hirugarren disko luzea da Markak, baina Aitor Etxebarriaren sinadura daraman lehenengoa. Aro berri baten hasiera dela aipatu duzu.
Bai. Hamar urte dira lehenengo EPa atera nuenetik [Siempre quedará Amuna’s House], eta gogoa nuen Aitor Etxebarria bezala zerbait grabatzeko. Ez da egon arrazoi zehatz bat izen aldaketarako, sentsazio bat izan da horretara eraman nauena. Ikusten nuen garai ona zela bereizteko DJ moduan egiten ditudan saio elektronikoak eta albumak, nahiz eta bi alderdiek elkar elikatzen duten.
El_Txef_Ak izen bat egina du dagoeneko hemen eta, batez ere, nazioarteko zirkuituan. Ez al dago arriskurik izen aldaketarekin nahasketa sortu eta El_Txef-Aren zaleek zure arrastoa galtzeko?
Kanpoan jende askok daki Aitor Etxebarria naizela, hala ezagutzen nau. Beste etapa bat irekitzen dela ikusten dut, eta estudioan Aitor Etxebarria bezala pentsatzen eta sortzen jartzen banaiz, agian beste sentsazio eta kolore batzuk azaleratuko dira. Hamar urtez egon naiz oso sartuta musika elektronikoan, nire lanak oihartzun mediatiko handia izan du eta gustura nago hori egiten, baina ez dut mugatu nahi.
Hortaz, hurrengo diskoetan El_Txef_Ak egindakoarekiko haustura edo aldaketa egongo dela aurreikusten duzu?
Ez daukat ezer pentsatuta. Une honetan beste pelikula baterako musika sortzen ari naiz, Alberto Rojoren dokumental berrirako hain zuzen. Beti gura izan dut zinemarako musika egitea. Gura barik etorri da eta oso pozik nago. Inoizko lez gozatu dut Markak sortzen.
Sortzeko modua ezberdina izan delako?
Zuretzako sortzen duzunean askatasun handiagoa duzu. Hannotekin nahiko tarte zabala eduki dut erabakiak nik hartzeko, baina hala ere ez da guztiz subjektiboa lana. Irudi batzuk daude, sentsazio batzuk sortu behar dituzu, filmaren eszena batzuei indarra eman… ez duzu askatasun totala. Musika sortzen hasi baino arinago zuk badaukazu sentsazio bat barruan, irudiek transmititu dizutena. Hortik sortzen eta ematen diozu gero zure begirada.
El_Txef_Aren abesti batzuk oso elektronikoak dira, eta beste batzuk oso pop. Batzuetan oso inpultsiboa da prozesua, piano akorde bat hartu eta hortik hasten naiz sortzen; beste batzuetan soinu ikerketa hutsa da. Elektronikan gauza berriak asmatzen ari dira uneoro, egunero ari dira instrumentu berriak sortzen, eta gerta daiteke probatzen ari zaren instrumentu birtual batekin abesti bat egiten hastea. Niri soinu ikerketa izugarri gustatzen zait. Beti nago ikertzen, ikasten… Mugarik ez duen mundu bat da, eta egunero ikasi behar duzu. Horregatik beti esaten dut: oso zaila da elektronikan ibilbide koherente bat izatea, hilero hainbeste berrikuntza daudenez… Hori lortzen duen jendea miresgarria iruditzen zait. Aurrerapen teknologikoak oso arin gertatzen dira eta, azkenean, ez dakizu nork agintzen duen, makinak edo gizakiak.
“Hamar urtez egon naiz oso sartuta musika elektronikoan, nire lanak oihartzun mediatiko handia izan du eta gustura nago, baina ez dut mugatu nahi”
Zer osasun dauka musika elektronikoak?
Aurrerapen teknologikoek markatzen dute musika elektronikoaren bilakaera. Batera doaz teknologia eta sormena. Azken urteetan aurrerapen teknologikoak oso handiak izan dira, esaten dutenez gehiago aurreratu da azken hamar urteetan aurreko berrehun urteetan baino. Eta ordenadore kuantikoak ateratzen direnean, musika elektronikoak berriro sekulako indarra hartuko du. Sano-sano ikusten dut musika elektronikoa. Nahasketak egiterakoan, estigma batzuk kendu ditugu gainetik, aurretik ondo egindakoa ez ukitzekoa esaterako, eta gaur egun musika anzestralaren eta etorkizuneko musikaren arteko nahasketa batzuk ikaragarriak dira. Izen bat aipatzearren, Arca. Venezuelako ekoizle bat da, kantu anzestralak egiten ditu, oso minimalistak, atmosfera bat sortu eta errezitatzen zuten folk kantautoreen ildoan. Oso fina da.
Eta Euskal Herrian zein da egoera?
Beti egon dira oso disko jartzaile onak, biniloak erostera kanpora joaten zirenak, eta orain badira musikari onak ere: Telmo Trenor, kasu. Osasuntsu ez dagoena jaialdi handiek musika elektronikoarekin duten jarrera da. Oraindik bigarren mailakotzat hartzen gaituzte, argi eta garbi. Afixetan, rock taldeen izenak, baita bigarren mailakoenak ere, letra handiz jartzen dituzte, eta musika elektronikokoak txiki-txikian. Techno jaialdietan ez dago hierarkia hori, orden alfabetikoan jartzen dituzte izen guztiak. Ez dago rockean dagoen izarren kultura hori. Espero dut hurrengo belaunaldian aldatzea.
Itzuli gaitezen Markak diskora. Ez da Hannot Mintegiarekin lan egin duzun lehen aldia. El_Txef_Aren diskoetan kolaboratu du Audienceko kide ohiak eta zuzenekoetan ere lagundu dizu. Oso ondo elkar ezagutzen duzue.
Edozein pelikula izanda ere, oso berezia izango zen niretzat musika sortzea, baina gainera Gernikako bonbardaketari buruzko film baterako izatea… pizgarri asko zituen proiektuak. Segituan esan nion baietz. Hannot eta biok Bilbon bizi gara, eta pila bat pelikula ikusi ditugu elkarrekin. Artearen estetika oso antzekoa daukagu, elkar elikatu dugu, gauza asko daude bioi gustatzen zaizkigunak, eta ondorioz nahiko erraza izan da. Sortu ahala banekien zer gustatuko zitzaion eta zer ez. Oso gauza gutxi bota dit atzera. Nire laguna izanda, edozein momentutan bidaltzen zizkidan irudiak eta ni hasten nintzen teklatuan musika sortzen. Nahiko arin joan da.
Ba al duzu Gernikako bonbardaketak zugan edo zure familian utzitako markarik?
Nira amamak eta aittittek bizi izan zuten bonbardaketa, baina etxean ez dute inoiz gauza askorik kontatu: Foruan egon zirela, Arrolako koba batean ezkutaturik… Hori ahaztuta eduki dut denbora luzez, eta pelikulak akordura ekarri dit. Baina bestela etxean gutxi hitz egin da, ahaztu nahiko balute bezala. Pasa da eta kito. Alde batetik normala da, gertaera tragiko bat kontatzeak laguntzen du, baina aldi berean gatxa da…
Dokumentalak jorratzen duen gaietako bat Gernikako bonbardaketak gazte belaunaldiengan utzitako aztarna da. Noraino dago zure adinekoen artean memorian iltzatuta herritarren aurkako eraso hura?
Duela bost uste egindako Lobak ekimenak aldaketa ekarri zuela uste dut. Gernikako gazte askok proiektu artistiko diferenteak egin genituen herrian, sirena originalak topatu zituzten Astran… Sinbologia asko eta oso diferentea jaso genuen, eta orain gertatutakoaz kontzienteagoak garela uste dut. Apur bat ahaztuta eduki dugu memoria. Eta etxean gehiago hitz egiteko balio izan dute horrelako ekimenek.
El_Txef_Aren diskoetan beti txertatu dituzu tresna klasikoak (biolontxeloa, pianoa…) oinarri elektrikoan. Soinu banda honetan ordea, kasik protagonismo osoa hartu dute, eta elektronika askoz ezkutuago dago.
El_Txef_Ak klasikoaren ukitua duen musika elektronikoa egiten du, eta disko honetan %80 klasikoa da eta %20 elektronika. Oso inpultsiboa naiz eta ez nuen pentsatu zer egingo nuen. Pianoaren aurrean eseri eta probak egiten hasi nintzen. Txikitan pianoa ikasitakoa naiz [gaztaroan, perkusio klasikoa ikasten hasi zen baina berehala utzi zuen], eta momentu ona zen berriz hartzeko. Pelikulak eskatu didana egin dut, ez dut ezer pentsatu.
“Jarraitzen nauen jendeak agian espero zuen zerbait transgresorea egitea, eta atera zaidana nahiko normala da. Baina badauzka ñabardura berezi batzuk”
Nolabait zinemarako soinu banda baten eredu estandarrera hurbildu zara.
Bai, ez da moldetik atera. Jarraitzen nauen jendeak agian espero zuen zerbait transgresorea egitea, eta atera zaidana nahiko “normala” da. Baina badauzka ñabardura berezi batzuk. Esaterako, oso musika errepikakorra da, aldaketa armoniko gutxi daude, eta horretan bat egiten du musika elektronikoarekin. Nire ustez nahasketa oso polita dago diskoan, musika klasikoaren, edo neoklasikoaren, eta hondoan dauden osagai elektronikoen artean. Hamar urteko soinu ikerketa elektronikoa daukat bagage moduan, eta horrek berezitasuna ematen dio emaitzari.
Mikel Laboaren bi bertsio daude diskoan: “Liluraren kontra” eta “Oroitzen zaitudanean ama”.
Hannoten eskaera izan da, filmean haria eramaten baitute bi kanta horiek. Nebbian bikoteak maiz jo ditu Laboaren bertsioak, eta haiekin grabatzea eskatu zidan Hannotek. Jende askok egin ditu Laboaren bertsioak, baina nik ez dut asko ikertu haren obra, eta ez naiz inoiz ausartu ezer egitera. Gure etxean gehiago entzun dugu Benito Lertxundi Laboa baino. Aitak goizero jartzen zuen Lertxundi oso bolumen altuan, egongelak dardar egiten zuen. Lertxundiren obra osoa ezagutzen dut, baina Laboarena ez dut asko entzun, Euskal Herriko musika garaikidearen izen nagusietakoa bada ere. Filmak aukera eman dit apur bat ikertzeko. “Oroitzen zaitudanean ama”-ri ukitu minimalista eta uherra eman diot, eta asko gustatu zait nola geratu den. “Liluraren kontra”-ren moldaketa klasikoagoa da, gitarra, biolontxelo eta koruarekin.
Dokumentaleko testigantza hunkigarri eta, aldi berean, lazgarrienetako bat Tia Luisitarena da, bonbardaketa egunari buruzkoa. Haren hitzak erabili dituzu diskoan.
Oier Plazak Lobak ekimenerako bere izebari egindako elkarrizketa da. Batzuek esan didate muturrekoa iruditzen zaiela haren kontakizunaren pasarte bat sartzea diskoan, bonbardaketaren lekukotza zuzena eta esplizitua denez. Baina oso testigantza indartsua da, eta ohikoa ez bada ere, diskoan ondo txertatzen zela uste dut. Musika sortzen ari nintzelarik hainbat aldiz entzun nuen Tia Luisitaren testigantza, eta maiz egin nuen negar.
Heziketa klasikoa duzu, musika elektronikoa lantzen duzu, eta zuzenekoetarako rock musikariez inguratzen zara.
Bai [barreak]. Bilbon oso gutxitan joaten naiz elektronikako sesioetara, eta aldiz, gero eta gehiago gustatzen zati leku txikietako rock kontzertuetara joatea. Liluratzen nau, esaterako, Gernikako Trinkete Antitxokoan, Bilboko Hika Ateneoan edo Kafe Antzokiko goiko aretoan blues edo rock&roll kontzertu bat ikusteak. Betiko rock&rolla gustatzen zait, entzuten ari zarelarik jarraian zer datorren asmatu dezakezun hori: bateria break baten ondoren sentimenduz ondo jotako gitarra punteo bat… Technoarekin berdin gertatzen zait, dantza egiteko techno klasikoa gustatzen zait, ez techno aurreratua.
Zein garrantzia ematen diozu originaltasunari?
Oso handia. Badakit arriskua eta aurrerapena baloratzen, baina beste kontu bat da maiztasunez entzutea. Lehen aipatutako adibidera itzuliz, izugarria iruditzen zait Arcaren ikerketa lana, liluratzen nau, baina ez dut sarri entzuteko gogorik izaten. Autoan musika jarri behar dudanean, klasiko bihurtzen naiz. Bellamy Brothers entzuten etorri naiz. [barreak]
Zuzeneko emanaldiak nolakoak izango dira?
Zazpi musikari izango gara taula gainean, eta ez da izango Aitor Etxebarria plays Markak bakarrik. Filmeko musikaz gain, sortu ditudan bi kantu berri ere joko ditugu. Irudirik gabe. Oraingoz Bilbo, Bartzelona eta New Yorkeko emanaldiak ditugu lotuta, baina Madrilen ere joko dugu, eta Pragara joateko aukera dago, agian Londresera ere bai… Aterako dira gauzak.