BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2020.03.23

Juan Gorostidi

Euskal ereserki bat sasoi apokaliptikoetarako

Mikel Laboak eta Joxean Artzek osatu zuten tandem harrigarriak 70eko hamarkadan eman zuen bere onena. Ez Dok Amairu bere muga naturaletara bultzatu zuten, eta bertan nagusi ziren jarrera milingekin hautsi. Baga, biga, higa sentikariak gauzatu zuen muga eta haustura hura, eta, Jose Mari Zabalarekin batera, Ikimilikiliklik ikuskizunarekin jarraitu zuten beren bidea, artista bakoitzaren baitan inplosioa gertatu zen arte, 80ko hamarkadan gertaturiko krisi sakon eta itzulerarik gabekoetan. Prozesu horretan, Lau-Bost LP bikoitzak (1980) markatzen du gailurra eta muga. Bat-Hiru diskoarekin batera (1974), hura izan zen Laboaren arorik oparoenaren eta emankorrenaren lekuko, gerora inspirazio iturri agortezina izan dena eta jarraituko duena izaten.

Artze Laboa

Joxean Artze eta Mikel Laboaren omenezko grafitia.

Lan horretan badira, halere, bazterrean geraturiko perlak, eta, horien artean, “Besterik ezagutu ez eta” “kantutxoa” dago. Ez dakit Laboak zenbat zuzenekotan kantatuko zuen, baina errepertoriotik kanpo oso azkar geratu zela iruditzen zait. Gerora, egindako antologia eta bertsioen diskoetan ez da inon ageri. Joxean Artzeren hitzen esanahia kriptiko samarra da, eta gu mezu esplizituen eta metafora xumeen aldekoak gara –hegaztiak tarteko–, ez hasi bigarren zentzurik bilatzeko inori eskatzen. Baina hori da hain justu garai apokaliptikoetako gakoa: “apokalipsia”, zentzu etimologikoan, “errebelazioa” baita, ezkutuan zegoena azaleratzea. Errealaren emergentzia da, eta “erreal” hori beti da traumatikoa, eta “kultura” deitzen duguna, besteak beste, azaleratze hori estaltzeko edo kontrolpean mantentzeko egiten dugun guztia litzateke (norbaitek honela definitu zuen kultura: “heriotzarekin egiten dugun hori guztia”).

Horrela dio Artzeren poemak:

Besterik ezagutu ez eta
ase
irrintzi zakar bat
hautsi da zure gelako leihoan;

besterik ezagutu ez eta
ez ote zaude kezkati
eta zuk
ez diozu kasurik egin

besterik ezagutu ez eta
ea eskuen artetik
ez ote zaizkizun
geroztik
txistua dena kexu
hots du
zure muinaren bila

besterik ezagutu ez eta
bizitzaren zenbait gauza
eder
eskapatzen ari
eta zuk ez diozu
kasurik egin

besterik
besterik ezagutu ez eta…
sabelpeko dar-dar ozena
ez zaizu lainotuko
hilkor, hilkor sortu artio.

Azken ahapaldi horretan dago poemaren eztanda. “Zuk ez diozu kasurik egin” nahi, baina arrakala zabaldua da dagoeneko; “irrintzi zakar” hori –“txistua dena kexu”–, “eskuen artetik eskapatzen ari zaizkizun zenbait gauza eder” horietaz jabetu zara, eta “sabelpeko dar-dar ozena ez zaizu lainotuko”. “Hilkor” dio poemak (ez “hilko”, Laboak kantatzen duen moduan). “Hilkor sortu artio”, hau da, hiltzera doala onartuko duen hori sortu gabea da, ukatua, benetan jaio gabea; hortik ihesi goaz Errealaren kolpe gupidagabeak modu traumatikoan muturrean eztanda egiten digun arte. Horren ondoren, bizirik irauten badugu, hura estaltzeko ahaleginean izango da, gehienetan.

Ausartuko al gara, egoerak eskatzen digun moduan, kantu hau gure ereserkien mailara igotzen? Horra nire gonbita, kultura eta denbora pasa nahasten ez duten kantarioi, Errealarekin harremanetan jartzea bere jardun artistikotik baztertzen ez duten horiei, benetako medium edo bitartekari izatera ausartzen direnei: Beñat Axiariri, Akauzazteri, Amoranteri, Anariri, Julen Axiariri, Ibon RGri, Ainara Legardoni, Joseba Irazokiri, Mursegori, Maite Larbururi, Pantxis Bidarti, eta nik ezagutuko ez dudan edozeini (barkatu ezjakintasuna).

ETIKETAK:Joxean ArtzeMikel Laboa