BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2014.06.16

Juan Gorostidi

‘Gerezien Denbora’

Guztiok ezagutzen ditugun kantuez ari garenez, hona beste bat: Le Temps des Cerises (“Gerezien Denbora”) Frantzia osoan enblematikoa, Pariseko komunaren (1871) aldeko Jean Baptiste Clément poetak idatzi eta Antonie Renard tenoreak musikaturiko poema baten gainekoa. Ezerk kontsolatuko ez duen bihotz urratu batek idatzitako amodiozko poema, ahaire malenkoniatsu batez jantzia, odolez itotako errebolta haren ikur bihurtu zen: “Maiteko dut nik amodiozko / oldarra eta gerezitzeen / denbora betiko, / xoxoen kantak ene zauriak / ez ditu nehoiz ezabatuko. / Maiteko dut nik amodiozko / oldarra eta gerezitzea” dio, heldu den 29an Baionako portuan estreinatuko den izen bereko pastoralarentzat Itxaro Bordak eginiko bertsioak.

[Le Temps des Cerises ezagutzen ez duenarentzat, Yves Montand edo Nana Moskouriren bertsio telebisibo melengez gain, bada sarean bere jatorriari hobe atxikitzen zaion bertsio interesgarri bat]:

Zuberoatik at sorturiko lehen pastoral garaikidea, pertsonaia historiko baten trajeriaz baino, XX. mendeko langileriaren borrokaz eta zorigaitzez arituko zaigu. Jauzi galanta dirudi Zuberoan bizirik iraun duen tradizio batekin alderatuta; Zuberoari bizkar eman gabe eraiki da, alabaina. “Hiri pastorala” edo “pastoral post-industriala” izendatua izan da, eta protagonista, heroi historiko baten ordez, gizarte-klase galtzaile garaikidea da. Pastoral oro hornitzen duten gorriak eta urdinak, aingeruak eta satanak nahiz artzainen astoa eta ardiak ageriko dira honetan ere, jakingura franko eta ez harridura gutxi sor lezakeen “konponketa” arriskutsuan.

Bilboko ezkerraldea izan bada, XIX. mendetik, Hego Euskal Herriko industrializazioaren motorra eta gune nagusia, antzeko zerbait gertatu zen Adurreko eskuinaldearekin Baionaldean. Garapen industrialak bultzatuta, Bokale eta Tarnos aldiriak langile bizileku bihurtu ziren; eta, hala, Bilbo eta Baiona, biak ala biak, mugako esparru bilakatu ziren zentzu zabalenean: lanera etorritako langile andanen (nekazari pobretuen) pausaleku, lehen erresistentzia eta borroka modernoen eremu eta, aitzinetik eraikitako bizimolde batzuentzat, arriskuen fantasma eragile. Iparraldeko mundu horren bihotzean kokatuko da Gerezien Denbora-ren oholtza bera ere estreinaldirako. Nola gauzatu, halere, berez zuri eta beltz (urdin eta gorri), on eta gaizto baino onartzen ez dituen antzezpen eredu batean modernitateak hainbat ñabardura kontraesankorrez jantziriko gizakien antzezlan bat?

Libretoa irakurri eta azkenetako entsegu bat ikusteko parada izan dudanez, esan dezaket galdera horren erantzuna modu sotilean emana izan dela. Pastoralaren xarma eta indarra mantenduz (“kantaz mintzo dira, dantzaz ere harahonakatzen”, Junes Casenave-Harigile maisuaren hitzetan), oso antzinatik datorren modu guztiz erritualizatuak eta norbanakoaren sentimenduen adierazpena funtsezkotzat duen edozein jarduera espresiboa alboratuz, emozioak eta borrokak beste bide batetik adieraztea ere posible dela erakutsiko zaigu.

Sin título

‘Forges de l’Adour’-eko ume langileen argazkia, 1908koa.

Borroka gune baita, lehenik eta behin, edozein pastoralaren agertokia: Ongia eta Gaizkia indar-etsai amorratuen talka bateraezinaren antzezpena (botere zeinua baino ez da antzezle bakoitzak eskuan darabilen makila). Baina borroka etengabeko hori modu arras sinple eta manikeoan erakutsi beharrean, sinplismo hori hautsiko duen egoerak bilatu dira: langileen arteko eztabaidak greba egin-ez egin unean; urdin baten (emazte langile baten) eta gorri baten (lantegiko kontramaisuaren) arteko ezkontza… Baina, gehienbat, musikaren bitartez lortu da oreka, ene iduriko: giro alai eta adeitsua erakusten duenarekin batera –ohikoa dena jelkaldi-ekitaldi bakoitzari sarrera eta irteera emateko–, malenkoniaz eta lirismo sarkorrez blaitutako abestiek betetzen dituzte une gorenak. Partaide guztiek abesten duten Gerezien Denbora-ren bertsio koralaz gain, badira aria ederrak (langile baten heriotzaren aurreko azken hitzak), basa-ahaideak edo Hiria Sutan deituriko Rosa Luxembourg-i eginiko omenaldi hunkigarria: “Zeruak eta lurrak dira gorri, / odolez busti mila ehun kate. / Herioa da gaur neure sokorri / diodala nintzen naiz nizate!”, langileen koroak lau ahotsez kantatua. Eta, nola ez, Pariseko Komunako Eugen Pottier-ek konposaturiko Internazionala-ren bertsio gaurkotua: “Garai Ilunetako Nazioartekoa”-k osatuko baitu pastoralaren azken kantorea: “Ikara da lurra, / aiduru goldea: / dezagun urra / hutsaren oldea”. “Herri oso bat taula gainean” ikusteak betetzen du edozein pastoralaren irrika. Honako honetan, herri hori hirira lekualdatu delarik, herritartasun berri baten aldeko zeharkako edo zuzeneko hautua ere ezin alboratu…

Pariseko sarraski haren ondorengo borroka guztiek nolabaiteko mendeku usaina izan zuten langile kontzientziadunentzat. Han marraztu baitziren zenbait marra gorri, oraino indarrean dirautenak, eta hura izan zen ondorengo errebolta guztien hazia ereingo zuen gogoeta iturri nagusia: Marxek (1871), Kropotkinek (1880), Trotskyk (1921) eta beste askok idatzi zuten gertakari haien inguruan, bertan ikusi baitzen nola tratatu zuen botere ustelak boterea bera zalantzan jartzen zuen bizimoduaren antolaketa posible bat. Egungo liskar sozial eta politikoak ikusita, bistan da Historiak ez duela azken hitza esan nahi…

Telebista eta zinemaren nagusitasunez antzerkiaren gainbehera etengabean, harrigarria da pastorala bezalako formulak gurean oraindik bizirik irautea. Askok iragarri dute dagoeneko haren heriotza: nekazari/nekazaritza gizartearen amaiera dela, kantatu izan dituen heroi epikoen gainbeherarena, folklorizazio prozesuak etengabe zentzuz husten duena… (Kepa Fernandez de Larrinaga). Begi-bistakoaren aurrean, halere, bada beti erresistentzia bat, modu lanbrotsuan baina azkenik azaleratzea lortzen duen premia baten aldarria. Ez al dago edozein taularatze musikaletan (rock kontzertuetan, besteak beste) galdutako antzerki guztiz erritualizatu baten nostalgia ezkutu bat? Ziur naiz aipatu elementu guztiokin harreman estuan jarriko garela hilaren 29an Baionako portura hurbiltzen garenok.

ETIKETAK:Beñat AxiariItxaro BordaLangileriaPastorala