Musika

Agurrik ez, esan aio!

Pasai Donibaneko Matxet txiringitoak 25 urte bete ditu, eta Altolagirre familiak behar bezala ospatu du pasa den asteburuan. Bi egun eta zortzi talde, iragana eta oraina. Matxet fest! jaialdiaren ezusteko desiratuena Jousilouli taldearen itzulera izan da, hamabost urteren ondoren. Hilobitik atera zuten, berriz ere leku berean sartzeko. Ordea, ordu erdi luzeko emanaldiak merezi izan zuen, eta sarrera gabe geratu ez zenak eromenez gozatu zuen.

Jousi1

Zaleek eromenez gozaturiko ordu erdi luzeko emanaldia eskaini zuen Jousiloulik. (Inaxio Esnaola)

Teloiak itxi zituzten, maltzurkeriak prestatzeko. Pixkanaka bete zen aretoa txiki geratzeraino. The A-Team telesail ezagunaren sintonia erabili zuten kontzertuari hasiera emateko. Teloia ireki orduko nostalgiak irentsi zituen asko. Gazte zein heldu, eta baita beterano ere. Gil Scott Heroin edo Matxet –atorrarekin?–, Sandra Bulldog galleten munstroaren mozorroarekin, Jennifar Lopa gorriz jantzita eta El Capo exekutiboz berriz ere taula gainean ikustearen esperientzia erlijiosoarekin txundituta geratu ziren ikus-entzuleak. Gorka baxu jotzaileak eta black metal bateria gihartsu batek osatu zuten itzulera banda, hasiera batean.

Bi diskoetako launa abesti eskaini zituzten, bertsioak eta bihurrikeriak tarteko. Prest estreinako lana izan zen abiapuntua. “Kristaletik” jotzen hasi orduko areto erdian eztanda bat sortu zen. Basatiak hasi ziren dantzan. Jarraian jaurti zituzten “Pentsamenduak”, “Non zaude?” eta elkartu zituzten “Prest!? Abduzituak izateko!?” eta “Pornon”. Aretoa nahiko beroa bazen, tenperaturak gora egin zuen. Gihartsuak atsedena hartzeko Iñaki Chan taldekide klasikoa jarri zen baterian, Londrestik iritsi berritan.

Hirugarren disko bat prestatzen ari zirela, balada bat sortu zutela esan zuen Matxetek, eta kantuan hasi zen. Mecano taldearen oso antzekoa zirudien, eta ziur askorentzat “ahaztezina” izan zela. Ondoren, beste bertsio bat, baina euren zuzenekoetako klasikoa zena: Brujeria taldearen “Pito Wilson!” Eta aretoa sutan. Itzaltzeko asmorik gabe, Terrorista diskoko abestien txanda iritsi zen. “Eguzkian gal gal” ezin aproposagoarekin giroa ez zen freskatu. Matxetek ohar garrantzitsu bi eman zituen kontzertuan: minik ez egin elkarri eta aretoan ez erre. Hala moduz errespetatu zitekeen hori.

Donostiako diskoteka estimatuari eskainitako abestia ere jo zuten. “Vathaplan escape plan” oihu lasterketa bizia izan zen Matxeten eta Jennifar Loparen eskutik. “Darth Vader” kantu zitalerako, berriz, Meltdown taldeko Julen Sarasua abeslaria gonbidatu zuten “eres el puto amo, eta neri zer!?” eta beste oihukatzeko. Bukaeraren hasiera izan zen. Bi bider abiatu bazuten ere, “Aita, ama, zenbat urterekin ezkonduko naiz?” kantua behar bezala jo zuten hamabost urteko zuloa maitasun ez erromantikoz betetzeko. Ez zuten agurrik esan, soilik aio, Informe Semanal programaren sintoniarekin.

Gaueko izar iheskorrak izan baziren ere, aurretik beste hiru talde igo ziren taula gainera. Zarauzko Eraso! taldeak Erantzunik gabe! lehen diskoaren 20. urteurren biraren lehen kontzertua eman zuen. Azalean ageri diren maskarekin agertu ziren eta soilik aipatu laneko kantuak jo zituzten, baina ez denak. Aurrerantzean emango dituzten kontzertuetan guztiak joko dituzte. “Erantzunik gabe”, “Fede faltsua”, “Aldeginda” eta “Zein gogorra” berriz ere entzuteak askorengan sortu zuen emozioa agerikoa izan zen.

Eraso

“Erantzunik gabe” diskoaren 20. urtemugako birari hasiera eman zion Eraso!k. (Inaxio Esnaola)

Iñaki Altolagirre Matxet nekaezinak duela gutxi aurkeztu duen Sega Sound Killers talde berria ere festara gonbidatu zuen, noski. Elektronika iluna eta pasarte industrialak tartekatzen dituzte, sintetizadoreekin, gitarra elektrikoarekin eta egiazko bateria batekin. Proposamen oso interesgarria da, pasaitarrak sortu dituen abentura guztiak bezala. Era berean, Negativo taldearekin aritu zen, eta jaialdira berandu iritsi zirenek ez zuten ikusterik izan. Esaterako, kronika honen idazleak.

ETIKETAK:Eraso!Iñaki AltolagirreJousilouliMatxetMatxet Fest!NegativoSega Sound Killers