2014.11.21
Ez da Durangoko Azokara iritsiko, baina bai, beharbada, urte amaierarako. Anestesiaren lan berriak badu izenburua, Zirkulutik espiralera, eta baita azala ere. Hodei Estebanek egin du Zarauzko taldearen disko berriaren irudia, zuri-beltzezkoa hau ere, Anestesiaren gainerako guztiak bezala.
Irailean hasi zen Anestesia disko berria grabatzen, Mikel Kazalisek Zarautzen duen Fidelenea estudioan. Zortzi urte igaro dira Terapia argitaratu zuenetik, eta disko horren harira berrosaturiko laukoteak grabatu du lan berria: Ibon Esteibar (ahotsa), Dani Aizpurua (baxua), Imanol Beloki (bateria) eta Kazalis (gitarra). Diskoa grabatzen hastear zirela Kazalisek azaldu zuenez, hamahiru kantu grabatu behar zituzten —horietako hiru Fermin Muguruza, Jon Gerediaga eta Doc Arritmiaren hitzak dituzte—, eta ondoren erabakiko zuten zeintzuk sartu diskoan. Kantuek Anestesiaren betiko osagaiak dituztela aurreratu zuen Kazalisek, baina “neurri ezberdinetan”, alegia, “erritmoz bariatuagoak dira azken aldian baino, aldaketa gehiagorekin, eta gure garai zaharreko zati azeleratu gehiagorekin ere”.