Musika

Garbiñe Ubeda

2025.06.16

Garbiñe Ubeda

Anoeta hartu du Fermin Muguruzaren unibertsoak

Galarako jantzita heldu da jendea Donostiako Anoetako estadiora. Kortatu, Negu Gorriak, Frente Zapatista de Liberacion Nacional, Mano Negra, Niña Coyote eta Chico Tornado, Rotten XIII, Dead Kennedys, Putos Nzs eta beste hamaika izen eta lelo irakur daitezke ikusleek soinean daramatzaten kamisetetan, nork bere modua baitu Fermin Muguruzak musikan egin dituen berrogei urteak ospatzeko. Musikariak ez zuen alferrik esan kontzertuetako bakoitza “memoria ariketa kolektibo bat” izango dela. Iazko abenduan abiatu zuen nazioarteko bira, eta Donostiako Anoetako estadioan izan du egun handietako bat: 30.000 ikusle batu ditu, arratsaldetik hasita.

15060651

Fermin Muguruza banda atzean duela, ‘Berlin-Ulrike Meinhof’ pieza jotzen. JON URBE / FOKU

15060650

Fermin Muguruza aldean Xabi Solano trikitilaria aldean hartuta. JON URBE / FOKU

15060573

Fermin Muguruza, Anoetako kontzertuko une batean. JON URBE / FOKU

15060595

Lide Hernando gitarra jotzailea eta ahotsa, F. Muguruzaren bandako kidea. JON URBE / FOKU

Des-Kontrol taldea zuzenean, F, Muguruzaren kontzertuan. JON URBE / FOKU

Des-Kontrol taldea zuzenean, F, Muguruzaren kontzertuan. JON URBE / FOKU

15060568

JON URBE / FOKU

15060178

JON URBE

Palestinako DAM rap taldea. JON URBE / FOKU

Palestinako DAM rap taldea. JON URBE / FOKU

Beste lau kontzertu iragartzeko ere baliatu du plaza: ekainaren 28an Euskal Herria Zuzenean jaialdian arituko dira, Arberatzen (Nafarroa Beherea); uztailaren 6an, Arrasaten (Gipuzkoa), Martuteneko ihesaldiaren berrogeigarren urteurrenean, Muguruzak berak oroitarazi duenez; abuztuaren 7an, Gasteizko jaietan, txosnetan; eta abuztuaren 14an, Irungo (Gipuzkoa) Mosku auzoko jaietan.

Niña Coyote eta Chico Tornado taldeari motorrak berotzea egokitu zaio Anoetako estadioan, lehenak izan baitira oholtzara igotzen; besteak beste, Atea disko berriko abestiak aurkeztu dituzte. Artean harmailak bete gabe, atertu ahala joan da jendea beheko plaza betetzen, eta, ikusle multzoa girotu denerako, azken abestietara heldu da Niña Coyote eta Chico Tornado taldea. Amaierakoan esker beroak eskaini dizkiote Muguruzari, ekitaldiaren parte egin dituelako. Bisetarako aukerarik gutxi, ordea, eta haien jarraitzaileak gogoz gelditu dira.

Oihana Barrena eta Sambou Diaby aurkezleek hartu dute mikrofonoa jarraian, eta Palestinako DAM hip-hop taldeari eman diote bidea. Haien kontzertuaren aurretik egitekoa zen elkartasun argazki kolektiboa atzeratu egingo zela ere iragarri dute Barrenak eta Diabyk: “Pixka bat atertu arte itxarongo dugu”.

Sarrerakoan banatu dituzten Palestinako banderak ezin atera ditu jendeak, paperezkoak izaki. Dagoeneko blai eginda, DAM taldearen jarraitzaile gehienek Anoeta estadioaren barrualdera jo dute, eta zelaia aski hutsik gelditu da.

DAMek azken abestia jotzearekin batera, banderak ateratzera animatu dute jendea Barrenak eta Diabyk; argazkia atera ahal izateko, oihuka aurre egin diote euriari: “Palestina askatu!”. Azkenean, euripean egin da Palestinaren aldeko argazki kolektiboa.

Aterrunea

Des-kontrol taldeak itzuli dio distira festari. Atertu ere egin duela aprobetxatuz, jendea saldoka agertu da harmailetara eta zelaira, Fermin Muguruzaren aurretik jotzen aritu den taldearengana. Besoa goratuz eta abeslariarekin batera kantatuz eta dantzatuz eman diote segida Arrasateko taldeak eskaini duen kontzertuari.

Eta heldu da ordua. Fermin Muguruzak Maputxeak abestiararekin eman dio hasiera bere kontzertuari. Mikrofonoa hartu duenerako agerikoak egin dira Anoetako ekitaldira heldu diren 30.000 lagunak, eta ziztuka eta bibaka hartu dituzte haren lehen hitzak: “Gabon, Euskal Herria! Mundua zeharkatu eta gero, etxean da berriro akelarre antifaxista. Gora gu eta gutarrak!”. Jarraian, Aitor Zabaleta izan du gogoan.

Muguruzak talde trinkoa osatu du birarako: elkarri josita, hari berekoak balira bezala jotzen dituzte hala Kortatu eta Negu Gorriak taldeetan nola bakarka aritutakoan sortutako abestiak.

Korrika egunean migratzaileak laguntzeagatik epaituko dituzten zazpi lagunei elkartasuna erakusteko egin dute lehen pausa —”elkartasuna ez da delitua!”—, eta Kortaturen garaiko abestirik ezagunenetako bat eskaini die haiei eta elkartasun taldeetan dabiltzan guziei: Hay algo aquí que va mal. Txalo zaparrada jaso du. Baita La línea del frente jo dutenean ere, Donostiako turistifikazioari muzin egiteko igandeko manifestazioa gogora ekarri duenean.

Anaia gogoan

Akelarre antifaxistak pozez gainezka dauka jendea, eta ez dago haren parte sentitzen ez denik. Dena da dantza eta kantu. Dena da festa eta aldarri. Eta halako jendetza Muguruzaren erritmoan bat eginda ikustea bezain hipnotikoak dira pantailetan proiektatzen dituzten irudiak. Duela bost urte zendu anaiaren irudi eta bideoak izan dira hunkigarrienak. Tarte batez, dantza egiteari utzi, eta haiei begira gelditu da jendea, Bizitza zein laburra den kantuaren konpasean. “Euripean ere Iñigoren presentzia sentitzen dut”, esan du Muguruzak.

Bizpahiru minutuko tarte sentituari festaren festak jarraitu dio, baina. Nikaragua sandinista abestiak jauzika jarri du jende guztia, eta euri zaparradek ere ez dute giroa makaldu.

Negu Gorriak taldeak Ustelkeria abestia dela-eta Espainiako Guardia Zibileko Galindo jeneralarekin izandako aferak ere izan du tokia kontzertuan. “Horrenbeste oztopo eta zentsura, eta hemen gaude, bizitza ospatzen eta borrokarako prest”, gogoratu du Muguruzak, Txikito abesteari ekin aurretik.

Jon Maia bertsolariak hartu dio erreleboa, Galindoren aferan auzipetutakoa hura ere. Segidilla gisako koplak kantatuz, 30.000 lagunen arreta osoa bereganatu du. Mikel Txopeitia, Mikel Anestesia eta Kaki Arkarazo igo dira oholtzara gero: “Sustraiak, rock, rap, reggae”, entzun da orduan. Itxoiten ere jo dute Negu Gorriak taldea osatutako kideek.

Gonbidatu guztiek jaso dute txalo eta zalaparta, eta bereziki txalotu dituzte Gorka Urbizuren eta Itziar Ituñoren kolaborazioak. Radio Rahim jo dute Urbizurekin, eta Sarri, Sarri Ituñorekin. Azken horri “Euskal Herriko lehendakari” deitu dio Muguruzak.

Ezin konta ahala une gogoangarri izan ditu hiru orduko kontzertuak. Nekez ahaztuko dituzte Fermin Muguruzaren ibilbidea ospatzera bildu diren 30.000 lagunek.

Euriak Anoetako estadioaren atariko panorama aldatu du hein batean. Ateak zabaldu artean —ia 18:00etan—, Atano III.a pilotalekuan, Amara auzoko balkoipe zein estalpe inprobisatuetan, eta tabernetan hartu du babes jendeak. Badira, halere, euriari desafio egiten diotenak ere: Palestinako bandera eskuan hartuta, selfieak egin ditu gizon talde ugari batek, estadioaren aurreko plazaren erdian jarri eta Jallah, Jallah Ramallah kantatuz.

Antolaketari buruzko kexarik ere izan da, hala ere. Horietako batzuk sare sozialetan zabaldu dituzte. Besteak beste, sartu ezina, ilara luzeak eta komun publikoen falta aipatu dituzte gabezien artean.

Euskal Herriko azken-aurrekoa

Munduan barrena egiten ari den biraren barruan, Euskal Herrian emango duen azken-aurreko kontzertua izan da Donostiakoa. Urriaren 4an joko du amaierakoa, Iruñean, eta, hori baino lehen, Tokion (Japonia) joko du uztailaren 23an. Iñigo anaiaren omenezko kontzertuaz geroztik —abenduaren 17an izan zen hura— plaza ugari bete du Muguruzak. Ikusgarriak izan dira horietarik gehienak, baina oztopoak ez ditu gutxi izan. Mexikon, esate baterako, bi emanaldietatik bat zapuztu zuten poliziek, armak eskuetan zituztela jendea aterarazi baitzuten.

Emanaldiak atzera begiratzeko baliatuko zituen arren, bere orainaldia nabarmendu nahi zuela adierazi zion musikariak BERRIAri, iaz, eta jarrera horren erakusgarri izan dira orain arteko saioak. Besteak beste, horren froga dira munduko txoko batean eta bestean aritutakoan berarekin joateko hautatutako taldeak.

ETIKETAK:Fermin Muguruza. 40 urte; Anoeta; zuzenekoa