Musika

Arima Soul, zuri-beltzeko zortzi soul kantu

Musika alaiak eta hitzen gaiek «lotura» dutelako pozik agertu da Lidia Insausti. Arima Soul taldeko abeslaria da, Mikel Makala baxu jotzailearekin, Gorka Gaztanbide bateria jotzailearekin eta Paul San Martin teklistarekin batera, eta izen bereko lehen disko luzea kaleratu dute. 1960ko hamarkadan oihartzuna izan zuen soul, funk eta jazz giroetako «zertzeladak» dituela idatzi du Julen Azpitarte kritikariak: «Euskarazko soul ariketa ausarta da. Arima du». AEBetako komunitate afro-amerikarrak sorturiko estiloa asko zabaldu zen Motown, Atlantic eta Stax lako diskoetxeek eskubide zibilen aldeko mugimenduan izandako eraginarengatik. Azalak duen adieretako bat da, Makalaren hitzetan, zuriek «beltzen musika» egitearena.

Adarretatik 2022: Arima Soul

Gorka Gaztanbide + Paul San Martin + Lidia Insausti + Mikel Makala = Arima Soul

2020an elkartu ziren Makala eta Insausti Arima Soulen eta bost kantu atera zituzten. Aurrerago batu ziren Gaztanbide eta San Martin, xede jakin batekin, Makalak aitortu duenez: «Soularen antzeko giroak euskaraz lantzea».

Taldearen osotasunak lortutako emaitzarekin kontent dago Makala, eta aipatu du denen bertuteei esker izan dela: «Lidiak duen ahots potenteari esker, Paulek bluesean duen esperientziarekin eta Gorkak jazzarekin duen loturak ahalbidetu du emaitza horren ona». Binilo eta CD formatuetan eman dute argitara, eta lehenengoa «xarmagarri eta garrantzitsua» zaiola esan du Makalak.

Hiru gairen inguruan biraka

Insaustik jarri dizkio hitzak melodiari, eta hiru atal bereizi ditu: elementu naturalak, maitasuna eta gizartearen hausnarketak. Natura aipatuta, Ilunabarra kanta jarri du adibide gisa; egunaren momentu hori kontatzen du, ipuin bat izango balitz legez. Zerbait abestiak, berriz, «puntu erromantikoa» du, eta esan dute kideentzat «berezia eta pertsonala» dela.

Aldarrikapena da Insaustik landu duen azken mintzagaia. “Gu andereak” kantuan dator, eta emakumearen «ahalduntzea» azpimarratu nahi izan dutela adierazi du: «Mezu indartsua dauka». Bideoklip batean aurkeztu dute, askotariko emakumeak ageri dira. Hori da kontatu nahi izan dutenaren «gakoetako» bat: «Kulturalki asko hitz eginagatik, hutsuneak bete egin behar ditugu».

Azalak «borobildu» egin du

«Ohorea» da Makalarentzat Lalo Lopez gitarristarekin izan duten elkarlana: «Ilunabarra eta Zerbait kantuek haren gitarra potentea behar zuten». Ez da albumeko bakarra izan. Broken Brothers Brass Bandeko Ion Celestino eta Adrian Martinez ere aritu dira tronpetan eta tronboian. «”Arima du” eta “Gu andereak” haizatu dituzte».

Azalari mamia Carles Closa Bartzelonako diseinatzaileak jarri dio. Borobil bat da zuria beltzez eta beltza zuriz dauzkana. «Artelana» egin du, Makalaren ustez, eta bi interpretazio ematen dizkio: «Batetik, gu izan gaitezke, zuriak musika beltza egiten; bestetik, nola gu garai ilunetan sortu ginen, apurka-apurka argirantz egindako jirabira ere irudikatzen du. Borobildu egiten du diskoa». Victor Sanchezek egin duen lanari ere aipamen berezia egin diote, hura ibili baita estudioko lana gidatzen.

Insaustirentzat, bestalde, koru lanak egiten aritu zaizkionak kolaboratzaile «oso bereziak» izan dira. Noa Egiguren eta Lide Hernando. Abeslariak biak; Noa and the Hell Drinkers taldeko ahotsa lehena, Liher taldekoa bigarrena. Hirurek konpartitzen dute Ispirit Gospel proiektua, eta, Insaustiren esanetan, nortasun handia eman diote lanari haien kolaborazioek. «”Gu andereak” eta “Lokatzan dantzan” kantuetan soul ukitu hori asko nabaritzen da. Mezua ondo islatzen du». Izan ere, “Gu andereak” abestiak badu aldarrikapenetik: «Iritsi da unea urrezko kaiola husteko, batuko gara ahizpa guztiak aske hegan egiteko». Aurrerapauso asko ematen ari badira ere sozialki, arlo askotan oraindik «ahalduntzea» falta dela gehitu du Insaustik.

Zortzi kantu dira denera, eta adin eta pertsona ororentzat egina dela aipatu dute musikariek. Gaztanbideren esanetan, soinu «alaia eta freskoa» dakar obrak: «Garapena nabari da hasieratik hona, eta definitua dago, pertsonalagoa da». Urriaren 14an, Imanol Larzabal kultur aretoan egongo dira, Donostian.

Arima Soulen kontzertu agenda

ETIKETAK:Arima Soul