Musika

badok

2022.06.21

badok

Sormen egonaldiak eskainiko ditu Arkupehotsak egitasmoak

Esperientzia osoagoa eskaintzeko xedez dator Arkupehotsak egitasmoa. Musika talde hasiberriek plaza batean kontzertu bat emateaz gain, sormen egonaldia eta esperientziak partekatzeko bidelaguna ere izango dute Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz kooperatibak antolaturiko ekimenari esker. Uztailaren 15a arte dago irekita izen-ematea

arkupehotsak_1

Aitor Bengoetxea, Tomas Lizarazu eta Eneritz Albizu, gaurko aurkezpenean. (Kulturaz)

2017an Kulturaz kooperatibak abian jarritako proiektua da Arkupehotsak. Jada lau edizio osatu ditu sortzaile berrien plaza izan nahi duen proiektuak. Tarte honetan dozenaka taldek zapaldu dute Sanagustin arkupeko oholtza. Bitartean, Kulturaz kooperatibaren proiektua bera ere osatzen joan da; ekitaldietatik haratago sormen eta transmisio proiektu ugari garatzen ditu orain.

Datorren ikasturtean, esaterako, Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremua irekiko da eta, honi lotuta, Arkupehotsak ekimenari beste gorputz bat eman nahi izan dio Kulturazek, esperientzia osoago bat eskainiz: musika sortu, formatu, prestatu eta plazaratzeko aukera bat. Doinu berrien plaza ez ezik, laborategia, ikasteko eta esperimentatzeko espazioa izango da Arkupehotsak.

Musika talde edo bakarlari gazteei —16 eta 25 urte artekoak— bi asteburutarako sormen egonaldiak eskainiko zaizkie Dinamoko Soinuaren Eremuan. Bertan, sortzeko eta entseatzeko espazioa ez ezik, formazio teknikoa eta musikari ezagun baten bidelaguntza izango dute. Egonaldiaren amaieran, berriz, kontzertua eskainiko dute Sanagustin kulturgunean.

Egonaldi bakoitzean musikari bidelagun bat izango dute talde edo bakarlariek. Arkupehotsaken bidelagun gisa parte hartuko dute, besteak beste, Olatz Salvador eta Tomas Lizarazuk. Bulego taldeko kideak azaldu duenez, “sekulako ilusioa egin zidan proiektu honetan parte hartzeko gonbitea jasotzeak. Oso beharrezkoa ikusten dut sormen prozesu bat aurrera eramateko horrelako babesa emango duten proiektuak egotea. Beraz, eskertzekoa da Kulturaz kooperatiba egiten ari den lana. Bestalde, oroitzapenak etorri zitzaizkidan burura, gu, Bulego taldea, Arkupehotsak ekimeneko parte hartzaileak izan baikinen duela urte batzuk. Talde bezala ere, dena dugu eskertzeko: emandako babesa, hasieran eman ziguten bultzada…”

Hautatuak izango diren taldeek jorratzen duten musika motaren araberakoak izango dira gainontzeko lau musikari bidelagunak.

ETIKETAK:ArkupehotsakKulturazOlatz SalvadorTomas Lizarazu