Musika

Xabier Gantzarain

2015.02.23

Xabier Gantzarain

Azaletik (IX): Denok epel-epel, munstro baten ahoan

Les Mecaniciens Euskadi jende gutxi

‘Euskadi, jende gutxi’ (Les Mecaniciens, 1993). Azalaren egilea: Jon Zabaleta.

Ikerketa exhaustiborik egin gabe ere, nabarmena da, eta harritzekoa ere bai: oso bakanetan aritu dira ilustratzaileak diskoen azalgintzan. Esparru naturalagoa zuten liburuetakoa beharbada, hala ematen du, normala ere bada, baina harrigarria egiten da ilustratzaileek portada gehiago egin ez izana.

Adiera bakarra edukiko ederra ilustrazioak, eta bera erdi ezkutuan beti.

Eremu berezia da, dena esatera, diskoen azalena Euskal Herrian. Oro har, ez da ondo zaindu, ez zaio garrantzirik eman. Emaitzaren edertasuna alde batera utzita ere, ez da beti asmatzen portadekin, eta salbuespenak salbuespen, irudiarekiko mimo falta da begietara jotzen duena, diskoen azalei erreparatzean.

Alferrik galdutako eremua da, gehienetan.

Biniloak, neurriagatik besterik ez bada ere, beste leku bat ematen zion irudiari, eta beste leku bat eskatzen, noski, beste funtzio bat. Ederrak dira garai bateko biniloen diseinuak. CDarekin murriztu egin zen irudiaren azalera, galdu egin zuen potentzia. Eta nire gusturako, ordenagailuz egindako diseinuak ezer gutxi ekarri zuen azaletara, ezpada efektuen katalogo kaxkar bat.

Zorionez, edertasunak beti bilatzen du bidea, salbuespenak izanagatik.

Jon Zabaletak egindako azal hau da bat.

Euskadi, jende gutxi, baina begira zenbat jende hor barruan, denak elkarren gainean, larunbat eguerdiz sagardotegian antzo, denak builaka, nor bere ahotsa eta hitza bestearen gainetik jarri nahian, beti elkarri mokoka, hitzaren biolentzia erabiliz horrek biktimarik utziko ez balu bezala, beti marmarrean eta gaizki esaka, beti bizkarretik.

Baina zeinen barruan, zeinen ahoan dago jende hori guztia? Zer da, buruhandi bat? Zer da, bi hanka txiki ditu aurrean, isatsa dirudi atzekoak, anfibio bat, narrasti bat, apo bat, jendea jan eta oka egitear dagoena? Zer da Euskadi?

Orain ere autokonplazentzia dago boladan, antza, pasatzen al da inoiz modatik? Meza medioetan mezua beti bera da: Gora Euskadi! Zeinen ondo bizi garen hemen. Denok epel-epel, elkarren ondoan, sabelez sabel, munstro baten ahoan.

ETIKETAK:azaletikDiskoakJon ZabaletaLes Mecaniciens