Musika

Ainhoa Larrabe

2019.06.03

Ainhoa Larrabe

Bidaia emozionalak, kantu

Itzulera bat: bide baten bukaera edo berri baten abiaburua marraztu dezake. Zein begitatik begiratzen zaion da gakoa. «Aurrekoa bukatzearekin batera, ziklo berri bat hasten duzu, eta ikusten duzu momentu berean zaudela berriz, baina aldi berean ez duela zerikusirik». Naoned hirian (Nantes) egin zuen egonaldiaz ari da Iñaki Larraioz musikari nafarra. Hiru urte eta erdi egin zituen Bretainian, eta itzuleran ondu du Larra Bideak bakarkako lehen diskoa. Zazpi kanturekin, orduko bizipenen kronika egin du, eta ziklo baten hasiera eta bukaera irudikatu du. Lehen eta azken abestia dira erakusle: “Zorua” eta “Zerua”. «Kanta bera dira melodikoari eta erritmoari erreparatuz gero. “Zorua” barnekoagoa da, eta behera egiten du doinuan. “Zerua”-n, baina, erritmo alaiagoak sartzen dira, eta indartsuagoa da». Popa, folka eta bluesa uztartzen ditu bere doinuetan, eta, dioenez, kantuetan «biluzi» egin da.

Iñaki Larrayoz

Iñaki Larraioz musikariak hiru urte eta erdi egin zituen Bretainian, eta Euskal Herrira itzulitakoan heldu zion ‘Larra Bideak’ estreinako diskoa ontzeari. (Iñaki Larraioz)

Musikari nafarrak ez zuen asmorik bakarkako diskoa argitaratzeko: kantuak egin ahala hartu du forma egitasmoak. «Ez neukan aurreikusita. Abestiak bilduz joan nintzen pixkanaka, bideak nora eramango ninduen jakin gabe». Aurrez musikan aritutakoa da Larraioz: La Betty Travan taldean, zehazki. Ia hamar urte dira banda desagertu zela, eta taldearen babesik gabe ondu du oraingo lana. Orduko kideen laguntza izan du, baina: La Betty Travan-en taldekide izan zuen Iñigo Astiz kazetari eta idazlearena, tartean. Bretainiatik Ultzamara (Nafarroa) itzultzear zela jarri zen Larraioz Astizekin harremanetan. Hala aitortu du musikariak. «Urte asko eman genituen taldean elkarrekin, baina galdua genuen harremana, eta, herrira bueltatu behar nuela jakinik, berriro elkartu, eta buruan zer nuen azaldu nion».

Larraiozen bizipenei hitzak jarri dizkie Astizek. «Ideia batzuk banituen, eta kanta batzuk ere egituratuak nituen buruan. Nahi gabe ere, abesti bakoitzak bazuen data bat edo bizipen zehatz bat gordeta. Nik ideia horiek denak azaldu nizkion Iñigori [Astizi] eta berehala egin zizkidan letra proposamenak». Irriz dio musikariak: «Negoziazioan jardun gara».

Ispilu den egitasmoa
Azaldu duenez, ondu duen egitasmoa «pertsonala» da. «Ez da erraza izan. Lan bakartia da, eta, halakoetan, zalantza eta beldur guztien zama zuk bakarrik eramaten duzu». Musikariak behin baino gehiagotan azpimarratu du ingurukoen babesa inoiz ez bezala sentitu duela bakartasun horretan. «Oso taldean sentitu naiz. Gainera, lagundu didatenei nahi zutena egiten utzi diet», dio irriz. «Uste dut emaitzan ere nabaritzen dela, jendea libre uzten duzunean gehiago inplikatzen baita».

Elkarrizketa batean egin zioten galdera bati tiraka azaldu du diskoa kaleratzean zer sentitu duen. «Galdetu zidaten ea diskoa argitaratu ondoren, aseta geratu nintzen edo lorpen sentipenik izan nuen. Eta, egia esan, pentsatzen jarrita, ez da espero nuen bezain gozoa izan». Zergatia azaldu du segidan: «Halako egitasmo bat egitean, ispiluaren aurrean jartzen zara, eta, ohituta ez bazaude, uste baino gogorragoa da begiratzea».

Sentipenei buruz aritzean, biluztasun hitza izan du ahotan. «Gauzak argi adierazi ditut kantuetan, eta biluztasun horrek beldurra eragin dezake. Taldearen babesean zaudenean, ez da izaten halako sentipenik, bata bestearen atzean ezkutatzeko aukera ematen dizulako, nolabait. Baina egitasmo honetan ez dago talderik».

Bakarka azaltzea ez da izan musikariak izan duen erronka bakarra. «Ez dut sekula abestu», aitortu du, irriz. «Ez zait batere erraza egin». Bide horretan, ezinbestekoa izan du Iñigo Irazokiren laguntza: harekin egin du diskoaren grabazioa, Berako (Nafarroa) Atala estudioan. «Uste baino gehiago eragin du Irazokik nigan». Besteak beste, haren ideia izan zen abestiak analogikoan grabatzea. «Ez zegoen aurrez pentsatua. Baina haren estudiora joan, eta berehala esan zidan analogikoan egingo genuela». Ez zuen izan zalantzarik. «Erdi akustiko eta gozo grabatu nahi nuen, eta erabaki nuen haren erari jarraitzea». Argibel Euba bateria jotzailearen laguntza ere izan du lau abestitan.

Bakarka aritzeak badu beste zailtasun bat: emanaldiak lotzea. «Kontzertuak lotzeko lana ere zure gain geratzen da, eta, gaur egun, ez da batere erraza. Gero eta jende gutxiago joaten da halakoetara». Egitasmoak izandako harrerarekin pozik dagoela dio. Igandean du hurrengo zita: Musika Zuzenean jaialdi akustikoan izango da, Usurbilen (Gipuzkoa).

ETIKETAK:Argibel EubaIñaki LarraiozIñigo AstizIñigo IrazokiLarra Bideak