Musika

Andoni Tolosa

2019.03.24

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Larra Bideak’ (Larra Bideak)

unnamed(2)

Ez dakit zergatik ote den, baina, batzuetan, lehenengo kantuaren lehenengo akordea entzunda badakizu diskoa gustatuko zaizula. Ezin zehaztuzko sentsazioa da, intuizio moduko bat, gutxitan huts egiten duena. Nork daki zergatik gertatzen den, zeren araberako ustea den hori, zer hartzen duen kontuan zure buruak hori ebazteko, baina horixe gertatu zait Iñaki Larraiotzen lehenengo lan honekin, eta ez uste, diskoak entzunaren entzunez, ez da askotan gertatzen zaidan zerbait.

Egia da Zorua” kantuari sarrera egiten dion gitarra sotil, biluzi eta erritmiko horrek dagoeneko asko eman dezakeela aditzera bere bakardadean, baina ondoren datorren balearen konkorra da, nolabait, hipnotizatzen zaituena. Ahots gozoa, kantaera apur bat utzia (kantuen giro eta melodiei ederki itsasten zaiena), ezer berezirik ez, antza, baina kantu ederra da, dirdira handirik gabea; baina noiztik behar du dirdira melodia on batek, nahiz eta sinplea izan (edo agian horregatik). Erritmo apur bat gehiagorekin hasten da Lemak”, hurrengoa, bateria suabe bat, eta harmonika dena janzteko. Diskoko kanturik alaiena. Beraz, bigarrenarekin badakizu pop-folk barnerakoiez beteko zaizula gela hurrengo ordu erdian. Berriro ere, sentsazio bera, ezer berezirik ez, baina zer ondo funtzionatzen duen leloak, argitasun apur bat zabalduz inguruan.

Moteletik doa hirugarrena, geldo datoz Koreografia”-ren hitzak, silabaz silaba ahoskatuta bezala, eta bi gitarra jokoan; akustikoa lehenengoa, oinarria jarriz, eta elektrikoa bigarrena, gero eta presenteago dauden marrazkiak eginez, baina, bateriak azken minutu bat eskaintzen dio kantuari, eta gora egiten du, zarata handirik gabe, baina irmo. “Beste” kantuak ere ez du entzulea asko estutuko, nahiz eta hasieratik bateriarekin eta baxuarekin jantzita etorri. Leloak egiten ere sotila da kantaria. Ez dakit badagoen Abuztua” baino balada geldoagoa egiterik; metronomoa ere nekatuta dabilela dirudi, eta zure alboan belarrira xuxurlatzen dizun ahots hori. Epikoagoa da Su”, hasiera hasieratik, nolabait, rockeroagoa, danbor urrunak, giroa lantzen du kantuak eta entzulea hartara eramaten duelarik. Onena, ordea, bukaeran dago, ukeleleak erakusten digulako zer alde txikia dagoen zeruaren eta zoruaren artean, nahiz eta zeruak musika-tresna gehiago eduki. Ez da bukaera txarra, laburra egiten den zazpi kantuko bildumarako.

Disko garbia da, artifiziorik ia gabekoa, sinplea ustez, baina gozamenerako tartea ematen duena. Gustu ona duen eta esateko asko eduki dezakeen kantari baten bisita-txartel ezin hobea da, nahiz eta, esan bezala, laburra izan. Egin proba, jarri autoan mendi-errepide bakartiren batean gidatzen ari zarela.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakIñaki LarraiozLarra Bideak