Musika

Gorka Erostarbe

2017.01.05

Gorka Erostarbe

Loratzeak eta azalberritzeak

Iazko musikaren errepasoan ere Anariren Zure aurrekari penalak nabarmendu zuten BERRIAko musika kritikariek. Aurten, azalberriturik, segida eman dio lan hari, Epilogo bat lan laudatuarekin. Azalberrituta agertu dira berriz plazara Willis Drummondekoak Tabula Rasa-rekin ere. Beste hainbat proiektutan ibilitako musikariak biltzen dituzte Belarmiñak laukoak eta Elortegi Anayak hirukoak. Estreinako lan fresko bana atera dute. Talde sendoak dira, jada, Belako, Joseba B. Lenoir eta Amorante; eta loratzen hasi berriak, Liher, Zingira eta Arrotzak.

Anari_musikaria_Bilbon,_'Epilogo_bat'_diskoaren_aurkezpenean

Anari Alberdik ‘Epilogo bat’ argitaratu du 2016an. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

INAXIO ESNAOLA ARANZADI
Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK
Liher: Hauts (autoekoizpena)
Emakume ahotsa dute joan den urteko hainbat argitalpen interesgarrik. Belako, Izaro, Kokein edo Zea Mays taldeen diskoekin batera, Liher bandaren Hauts estreinakoa nabarmentzekoa da. Lide Hernando bakarlariak rockerako pausoa eman du lagunez inguratuta. Haren ahots bereizgarriak ukitu berezia ematen dio kantu bakoitzari. Horren bi eredu dira “Lurrean hegan” edo “Maitemina”. Taula gainean ibilbidea egiteko daude.

Willis Drummond: Tabula Rasa (Tabula Rasa Records)
Musika tresnak eta instanteak utzitako tokian topatu ditu Willis Drummond taldeak. Etenak segida izan du, zorionez, Tabula Rasa bosgarren diskoarekin. Rafaren hutsunea ahantzi gabe, laukotea sendotu eta norabide berri bat marraztu nahi dute. “Joan ikustera”, “Hedea” eta “Ekiraino” bidelagun aproposak izango dituzte zuzeneko errepertorio berrituan. Oso garrantzitsua da aurrera jarraitzea gaur egungo euskarazko rock talde onenak.

Zingira: Bidaia (autoekoizpena)
Iñigo Ibarrondoren unibertso musikalak asko balio du. Sharon Stoner taldeko abeslari eta baxuak bere proiektu pertsonalari Zingira izena jarri zion, eta, joan den martxoan, Bidaia lehen emaitza aurkeztu zuen. Rock progresiboari eskainitako lan mardula da, folk eta pop zertzeladekin. Oñatiko musikariak bere sormenari ateak ireki zizkion; stoner doinuetara bueltatuko dela dirudien honetan, espero dezagun aldarte progresiboa ez baztertzea.

NAZIOARTEKOAK
Myrath: Legacy (Nightmare Records).
Tunisiako Myrath taldea mundu osoko heavy metal eszenara iritsi da Legacy laugarren lan zoragarriarekin. Ekialdeko arabiar doinuak, metal progresiboa eta ekoizpen modernoa inoiz baino hobeto uztartu dituzte. Orphaned Land aitzindarien formula borobiltzea lortu dute Believer edo Through Your Eyesereserkiekin, besteak beste. Aurten, metal jaialdi ezagunetan jotzeko aukera izango dute.

ANDONI TOLOSA
Musika kritikaria

Disko laburren, baina ez txikien, urtea izan da 2016a. Gero eta formatu erabiliagoa da maxia, eta hiru adibide bikain jaso ditugu 2016an, formatu txikiko diskoak, sormenari dagokionez, handiak izan daitezkeen seinale.

EUSKAL HERRIKOAK
Amorante: Amorante (autoekoizpena)
Iban Urizarren lehen bakarkako lanak neurri berean edaten du pop musikatik, esperimentaziotik eta herri musiketatik. Aipagarria da kantu bilduma honekin hainbat topiko hautsi dituela: besteak beste, flamenkoa ezin dela euskaraz kantatu.

Anari: Epilogo bat (Bidehuts)
Anarik kantu eta disko oso berezkoak egiten ditu; nortasun handiko lana da harena. Oso pertsonala. Hori gutxi ez, eta gainera, Epilogo bat honekin, diskurtso propio hori aberasten eta garatzen jarraitzeko gogoak ez diola huts egin adierazi digu. Azkenaldian idatzi dituen hiru kanturik onenetakoak daude diskoan. Mugarri moduko zerbait haren ibilbidean.

Belarmiñak: Haztearen izerdia (Bonberenea Ekintzak).
Kuriosoa da, baina eskarmentu handiko bi musikarik (Joxi Ubedak eta Iki Polikik) sinatu dute pop-rock gitarreroaren azkenaldiko lanik freskoena. Melodia, indarra, jarrera… generoak gurean oraindik zer esana du, eta berri pozgarria da. Klase handiko irakaspena da hau.

NAZIOARTEKOAK
Aziza Brahim: Abbar El Hamada (Glitterbeat Records)
Saharako musikarien etorriak ez du etenik. Aziza Brahim kantariaren seigarren honek argi adierazten du hori. Mariem Hassan handiaren oinordekotzat jo dute, eta ez da harritzekoa; horrelako diskoak egiten jarraitzen badu, bederen.

Calypso Rose: Far From Home (Because Music)
Manu Chaok ekoitzitako disko honek gaur egunera ekarri du, 76 urterekin, calypsoaren ahotsik garrantzitsu eta entzutetsuena. Besteak beste, Womex saria eman diote, eta diskoak 10. postua lortu zuen Frantziako Estatuan gehien salduriko diskoen zerrendan. Ordubeteko calypso klase magistrala.

Leyla McCalla: A Day Of The Hunter, A Day Of The Pray(Jazz Village)
Bakarkako bigarren diskoa, Carolina Chocolate Drops taldeko kide izandako txelo-jotzailearentzat. New Orleans bizilekuaren eta Haiti jatorriaren arteko bide musikala egiten du finezia handiz; ez dirudi, inolaz ere, hain gaztea denik.

willis drummond

Aro berri bati ekin dio Willis Drummondek ‘Tabula Rasa’ diskoarekin.

IHINTZA ORBEGOZO
Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK
Joseba B. Lenoir: Eguzkiari begietara so (autoekoizpena)
Aurtengo ezinbestekoen artean goiko postuetan egotekoa zela esan nuen, argitaratu orduko; eta, orain, urte amaieran, ordutik hainbat lan plazaratu direnean, gauza bera pentsatzen jarraitzen dut. Joseba Baleztenak daukan karisma hori puntako musikariena da, eta Neil Young berak ere utzi duen ondareaz harro egoteko moduko lana osatu du.

Belako: Hamen (Mushroom Pillow)
Ia urte osoa pasatu da Belakok Hamen diskoa argitaratu zuenetik, baina ez zait ahaztu garai hartan zein katigatuta egon nintzen lan horri. Aurrekoekin alderatuta, denetik gehiago dute abestiek: punkago, rockago, popago, elektronikoago… Lasaiago eta indartsuago, era berean, hutsetik hasi eta ehunen bukatzen diren abestiz osatua, baina detaile txiki guztiak ezin hobeto zainduz.

Willis Drummond: Tabula Rasa (Tabula Rasa Records)
Denbora luzez zaleak zain-zain eduki dituen lanak ez dio inori hutsik egin. Beharrezkoa ei zuten atseden luzearen ondoren, guztiz indarberrituta itzuli dira Willis Drummondeko mutilak, hasiberri batzuen ilusio eta freskura berreskuratuta, gogotsu eta indarrez, baina hainbat lan esanguratsu bizkarrean izanaren esperientzia eta heldutasunaz. Lehen entzunalditik izugarrizko energia transmititzen duten horietakoa, bolumena ezin ozenago jartzera bultzatzen duten horietakoa; baina, hori bai, distortsioak atsegin ez dituenak presta ditzala tapoiak!

NAZIOARTEKOAK
Nick Cave & The Bad Sees: Skeleton Tree (La Frette Studios)
Doluak ezinbestean markatutako lana, semearen heriotzaren mamua bueltaka dabil disko osoan zehar. Nork esango zukeen, bada, Nick Caverentzat aurrera egiteko beharrezkoa izan dena beste guztiontzat beharrezkoa den maisulana izan zitekeela? Doinu ilunak, barren-barrenetik ateratako hitzak, eta aurrera egin nahia, guztiak elkartzen dira, anabasa izugarri eder bat osatuz.

Radiohead: A Moon Shaped Pool (XL Recordings / Popstock!)
Mundu osoko fenomenoa da Radiohead, eta, euren ibilbide luzean hainbat aro pasatu ostean, badirudi bakoitzetik onena hartu dutela aurtengo udaberrian argitaratutako diskoa osatzeko. Azkenaldiko muturreko esperimentazioa bere neurrian ageri zaigu, lehengo rock doinu melodikoagoen presentzia areagotuz, bien arteko konbinazio perfektuaren emaitza lortzeko.

JULEN AZPITARTE
Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK
Arrotzak: Arrotzak (autoekoizpena)
Zortzi kantuko kasete hau aurtengo sorpresa handienetarikoa izan da. Donostia aldeko laukoteak punk-rock ilun eta malenkoniatsua jotzen du, garratza eta era berean melodikoa, Wipers klasikoek edo No Hope For The Kids daniar garaikideen antzera; tarteka, Snuff britainiarren oihartzunak ere iristen zaizkit. Euskal Herrian erreferentzia horietatik edaten duen punk talde bakanetakoa dela esatera ausartzen naiz. Ez da gutxi.

Anari: Epilogo bat (Bidehuts)
Zure aurrekari penalak (2015) lanaren epilogo hau iraupen motzeko diskoa da; halere, bestelako Anari bat erakusten du: instrumentala, popzalea, arreglista… hitzen ohiko pisuak bere hartan jarraitzen duen arren. Hala, “Autodefinitua” eta “Piromania” doinuek, batez ere azken horrek, agerian uzten dute Anariren baitan Anari asko daudela, eta horrek pozten nau, biziki. Finean, lan laburrak bere aurrekari luzea txikitu du.

Elortegi Anayak: Elortegi!! (Gaua Records)
Bakioko Killminister ohiek ingelesa abandonatu dute, garage-rocka baztertu, eta euskararen eta poparen aldeko apustu berria egin, Aitor Abio ekoizlearen laguntzaz. Emaitza pozgarria da, ezuste atsegina: pop akustikoa, rock-and-roll sustraiak, folk zertzeladak eta bizkaieraz abestutako hitz arinak baina sakonak. Bi hitzetan azaltzeko, Jotakie edo Delirium Tremensen bertsio gaurkotua dirudi. Maila handiko power-(folk)-popa.

NAZIOARTEKOAK
Psychic Ills: Journey Out (Sacred Bones)
Disko bikoitz hau entzutean, Spacemen 3 taldearen A Perfect of Prescrition datorkit burura; alegia, AEBetako herri musikaren elementuekin jositako psikodelia errepikakorra. Kasu honetan, baina, ez da ageri britainiarren iluntasun toxikoa; bai, ordea, Ipar-Amerikako hegoaldeko eguzki, zelai, zingira eta harriak: blues, gospel, jazz, country… True Detective telesailaren hirugarren denboraldi bat janzteko lan aproposa da.

Nick Waterhouse: Never Twice (Innovative Leisure Records)
Sare sozialetako rhythm and blues eta soul zaleen foroetan ez du aparteko arrakastarik izan kaliforniarraren hirugarren lanak, agian, orain arte plazaratutako lanik pluralena delako; alegia, haren ohiko parametro trinkoetatik gehien urruntzen dena. Eta, agian, horregatik da ?nire ustez? haren lanik onena, aniztasun horretan sortu baitira inoiz idatzi dituen kantu onenak. Hori bai, bere proposamenean hain ohikoak ez dituen erritmoen laguntzaz: mambo, swing, popcorn, jazz…

ETIKETAK:AmoranteAnariArrotzakBelakoBelarmiñakBerriaDisko KritikakDiskoakElortegi AnayakJoseba B. LenoirLiherWillis Drummond