Musika

badok

2016.10.18

badok

Bide Ertzean eta Labrit, 18 urte geroago

Duela egun gutxi, hilaren 15ean, bete dira 18 urte Bide Ertzean taldeak lehen kontzertua eman zuenetik. Joni eta Imanol Ubeda anaiek, Karlos Aranzegik, Fran Iturbek eta Labrit Zabalak osatu zuten taldea Gasteizko Florida kultur etxeko emanaldi hartan. Bost kantuz osaturiko maxi-CDa kaleratu berria zuen boskoteak. Hastapen haien inguruko oroitzapenak gogora ekarri ditu Joni Ubedak bere blogean.

bide ertzean 1998

Bide Ertzean taldea, 1998ko urriaren 15ean eman zuen lehen kontzertuan. (Baxi Ubeda)

Labrit Zabalak Zure minari diskoaren ondoren utzi zuen taldea, bakarkako ibilbideari ekiteko. Bi disko argitaratu zituen mendearen hasieran, Paradisua eta Nori egin so!, eta ondoren musikaren eremu publikotik desagertu zen. Bide Ertzeanek ibilbide oparoa osatu du geroztik: estudioko zortzi disko, zuzeneko bat, poesiari lotutako hainbat ikuskizun… Taldearen diskografiari beste ale bat gehituko zaio datozen asteetan, Zutaz kantatzeko disko-liburua kaleratuko baitu azaroan Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak. Zuzeneko grabazioak, diskoetatik kanpo geratutako abestiak, bertsio alternatiboak, remixak eta kantu berriak bilduko ditu diskoak; liburuan berriz, taldearen ibilbidea jaso du Jon Eskisabel kazetariak.

Argazkia: Ibai Arrieta

Bide Ertzean 2016: Karlos Aranzegi, Imanol Ubeda, Joserra Senperena eta Joni Ubeda. (Ibai Arrieta)

Disko-liburua aurkezteko hiru kontzertu emango ditu Bide Ertzeanek, lauko formatuan: abenduaren 6an, Durangoko Plateruenan; abenduaren 15ean, Bilboko Kafe Antzokian; eta abenduaren 18an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bolada luze batean taldea zuzenean ikusteko azken aukerak izango dira, emanaldi horien ostean etenaldi bat egingo duela iragarri baitu.

Bide Ertzeanen behin-behineko agurrarekin bat egin du Labrit Zabalaren itzulerak. Usurbilgo kantariak bere hirugarren diskoa aurkeztuko du aste honetan, Zortzi. Hamabost urte igaro dira Labritek azken lana plazaratu zuenetik, eta denbora ez da alferrik pasa. Nacho Ferrer musika elektronikoko ekoizlearekin lan egin du Labritek disko berrian, eta guztiz eraberritu du bere estetika musikala. Baga Biga diskoetxearen arabera, “programazioz betetako disko alai eta dantzagarria egin du, ahots zirraragarriarekin nahastuta”. Entzuleak “elektronikaren argudioak, chill out soinuaren baretasuna, ahotsen melodien erakargarritasuna eta armonien plazera” aurkituko ditu bertan. Aurrerapen bezala, diskoa irekitzen duen “Horrela bai” abestia entzun daiteke dagoeneko. Zuzenekoetan bikote formatuan plazaratuko da Labrit, Julen Apezetxea perkusio joleak lagunduta.

ETIKETAK:Baga BigaBide ErtzeanFran IturbeGaztelupeko HotsakImanol UbedaJon EskisabelJoni UbedaKarlos AranzegiLabrit