Musika

Bigarrenez loratu da anphora

«Hauxe da nire aurreneko disko pirata». Ironiaz laburbildu du Hautsi da anphora (Zuzenean) lana Ruper Ordorikak. Duela 40 urte pasa kaleratu zuen izen bereko diskoa musikariak, baina, Loraldia jaialdiaren eskariz, orduko kantuak berreskuratu eta kontzertu sorta bat antolatu zuten Bernardo Atxaga idazleak eta biek, joan den urtean. Emanaldiek arrakasta izan zutela ikusita, iazko biraren zuzeneko grabazioa kaleratu du orain Pamiela argitaletxeak, eta atzo goizean aurkeztu zuten, Bira kulturgunean. Hala eman zioten hasiera, bidenabar, aurtengo Loraldia jaialdiari.

Hautsi da anphora (Zuzenean), Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga

Ruper Ordorika eta Bernardo Atxaga, atzo goizean, Bilboko kaleetan, Hautsi da anphora zuzenean lana aurkezten. (MARISOL RAMIREZ / FOKU)

Berez, Ordorikak 1980an plazaratu zuen bere estreinako diskoa: Hautsi da anphora. Eta kantuak osatzeko, Atxagaren Etiopia liburuko testuak hartu zituen oinarri gisa, 1978an argitaratuak. 43 urte igaro dira ordutik, eta musikaria ohartu da abestiak «biziberritu» egin direla: «Nahi eta nahi ez, gaurko ikuspuntutik egin dugu diskoa». Funtsean, baina, berdina dela uste du Atxagak: «Diskoak orain dela 43 urte zizt egin bazuen, orain ere zizt egingo du».

Loraldia jaialdiaren eskariz bildu ziren berriro ere bi sortzaileak diskoa gogoratzeko. «Imanol Agirrek [Loraldia jaialdiko zuzendari artistikoak] hainbat aldiz proposatu zidan diskoa berregiteko ideia, baina, egia esan, oso urruti ikusten nuen, halako batean baietz esan nion arte», oroitu du Ordorikak. Baldintza bakarra jarri zion orduan: «Emanaldi batzuk antolatzeko eskatu nien, diskoari merezi zuen oihartzuna emateko». Guztira, sei emanaldiko bira antolatu zuten: Senperen (Lapurdi), Iruñean, Bilbon, Eibarren (Gipuzkoa), Gasteizen eta Errenterian (Gipuzkoa). Eta, hain zuzen, sei ikuskizun horietako hainbat une tartekatu dituzte diskoan. «Bernardorekin berriro aritzea izan da niretzat emanaldi horietako gauzarik handiena, baita Potteko gainerako kideak taula gainean gurekin ikustea ere», gaineratu du.

Hamar kantuko bilduma bat da emaitza. «Jatorrizko Hautsi da anphora diskoan bezalaxe», zehaztu du musikariak: «Eta kantuak ere hurrenkera berean daude». Horiekin batera, Atxagaren sei irakurraldi ere badaude. Bixente Martinez, Arkaitz Miner, Hasier Oleaga eta Lutxo Neira musikariak izan dituzte alboan, baina baita gonbidatu bereziak ere: tartean, Iñigo Goldarazena, Joseba Irazoki eta Josu Zabala. Diskoaren azalean Juan Carlos Egillor ilustratzailearen tipografia ageri da, Bilboren marrazki batek lagunduta.

Bilbo eta Aresti

Bilbo izan da hein handi batean diskoaren aurkezpeneko gai nagusia. Han ezagutu zuten elkar bi sortzaileek, eta hiri horretan bertan sortu zen Pott Banda literatur taldea, 1970eko hamarkadako azken txanpan, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde eta Jon Juaristirekin batera. Garai hartako giroak azaltzen du Hautsi da anphora diskoa, Atxagaren arabera: «Hiriaren eraginez, kolpetik ulertu nuen nire ordura arteko bizimodua bukatu zela; hau da, lehengo hari horretatik ezin zela ezer funtsezkorik atera. Hortaz, ezin zen gorde anphora: puskatu, eta hutsetik abiatu beharra zegoen».

Bide beretik, Gabriel Aresti ere izan dute gogoan bi sortzaileek. «Izan ere, zer da Bilbo? Bilbo da Gabriel Aresti», bota du Atxagak. Harekin izandako hartu-emana eta hari jasotako oinordetza nabarmendu nahi izan ditu idazleak: «Erreferente izan zen. Harengandik jaso genuen euskara, oso euskara ezberdina erabiltzen zuen, klaroa». Eta, neurri batean, hark irekitako bideari jarraituz heldu zen Etiopia liburua ere: «Bilbo da nire poesiaren eta Ruperren diskoaren oinarria. Matematikaz ari bagina, Hautsi da anphora berdin Bilbo da. Eraiki nahi genuen lengoaia berri bat sortzeko aukera eman zigun Bizkaiko hiriburuak». Aurkezpenean, gogoan izan dituzte Pott Bandako kideek Arriaga antzokian egiten zituzten bilkurak, baita JK tabernako gin-tonicak ere, besteak beste.

ETIKETAK:Bernardo AtxagaRuper Ordorika