Musika

Urko Ansa

2020.12.11

Urko Ansa

Bizarro (Durango, 2020.12.05)

Garai arraroak bizitzen ari gara. Egoera aldrebes honetan, dena den, euskal kulturak hamaika saihesbide topatu ditu lurpetik irteteko. Birus alu hau menderatu arte egoerak larria izaten jarraituko du, ordea. Egiten den guztiak balioko al du, sikiera, bizirik gaudela frogatzeko? Durangoko Azokako Ahotsenea gunea herrietara zabaldu da, eta Durangokoa Plateruena kafe antzokira pasatu. Alde horretatik irabazi egin dugu, emanaldiak lehen mailako areto honetan gozatu ahal izan ditugulako. Plateruenaren itxieraren aurreko azken kontzertuetakoak dira, bestalde, eta horrek berriz ere morala jeisten digu. Jarrera positiboa eduki nahi dut hala ere, jakin baitakit lehenago ere inork espero ez zuenean etorri zela euskal pizkundea. Gainera, gizarte osoari eragiten dion pandemia izaki, etorriko da buelta ere. Bizirautea, berriz ere, irabaztea izango da.

IMG_2904

Momentu askotan bi abeslari ditu Bizarro taldeak. (Urko Ansa)

Alta, aurten diskoa atera duten artistek ez daukate inola ere errenditzeko asmorik. Esango nuke, gainera, amorrazio biziz jauzi egiten dutela taula gainera. Oñatiko Bizarro boskotearen oholtza-goseak hala adierazten du. “Giltzapeko oihuak” burrunbada apartekoa izan zen, kontzertua gogor hasteko aproposa, Deshumanizazioa EPko edozein kanta izan litekeen bezala. Taldearen bultzada eta indarra agerian gelditu zen hasieratik. Aitor Regueiro abeslariaren ahala Aixibar Urteaga gitarristaren ahotsarekin nola konbinatzen den ikustean, ezohiko talde baten aurrean gaudela konturatuko gara. Aixibar Potemkin taldeko abeslaria izan zen, eta Bizarron rol hori Aitorrek betetzen duen arren, Aixibarren parte hartzea oso aipagarria da. Koruak egitean, batetik, eta kantatzean, bestetik. Esan daiteke momentu askotan taldeak bi abeslari edukitzen dituela. Horri Iban Idigoras eta Iñigo Palacioren koruak gehituz gero, zuzenean aparteko boterea agertzen duen talde baten aurrean gaude. Lehen kantu honi buruz, errepika oso berezia daukan pieza da, bateriaren erritmo zentral oso markatua eta tratamendu iluneko ahotsek osatutzen dutena. Hori gutxi balitz, Gela Berezia taldeko abeslaria izan zen Ander Astigarraga igo zen kantatzera, eta ikusgarritasuna eta ukitu metaleroa eman zion berez indartsua den pieza honi.

70eko hamarkadako hard eta heavyaren boterea eta 90eko grungearen iluntasun eta melodiak dakarzkigute gogora, eta guztiaren gainetik, soinu zapaltzailea

Gitarraren loditasunak harritu gintuen “Bizi beharra” kantuan. Errepika, Aitor eta Aixibarren ahots jarioaz bustia baina berriz ere Iñigo eta Ibanen koruek lagundutakoa, indar berezi baten adierazlea suertatu zen. Plateruenaren soinuak inpresio handia egin zigun: hori bai kalitatea! Argi eta garbi entzuten ziren instrumentu guztiak zein ahotsen ñabardurak. Kanturik motzenaren botereak (“Inoiz ez galdu”) taldearen nortasuna den erritmo trabatua eta estudioan oihartzun berezi bat daukaten ahotsak azaleratzen ditu. Talde lan oso txukuna egiten dute nola ahots kontuetan hala instrumentuen koordinazioan. Emaitza begi bistakoa da. “Horma zuriak” segidan, eta berriro ere deabruzko erritmo haiek: gitarra soinu potolo eta mardula (Tomasso Galati eta Iñigo Palaciosen eskutik), eta era berean oso oinarrizko soinua lortu nahi duen boskote dedikatu eta eskarmentuduna. 70eko hamarkadako hard eta heavyaren boterea eta 90eko grungearen iluntasun eta melodiak dakarzkigute gogora, eta guztiaren gainetik, soinu zapaltzailea.

IMG_2831

‘Deshumanizazioa’ disko laburreko kantuak aurkeztu zituen Bizarrok Plateruenan. (Urko Ansa)

Kantu berri bat aurkezteko aukera ere izan zuten: “Heriotzaren sehaska”. Kalitatezko pieza, bateriaren break interesgarriak eta konplexutasun oso erakargarria erakutsi zituen. Gainera, taldearen ohiko dramatismoa eta oldarkortasuna bidelagun dauzkan pieza da. Aitor Regueiroren bakarkako kantuetako bat ere jo zuten: “Irudi lausoak”, hain zuzen ere. Youtuben ikusita daukagun bertsioa asko aldatu zuten noski, Bizarroren zilindrotik pasatu eta berebiziko astuntasuna eman baitzioten. Aitorrek, gainera, gitarra hartu zuen berea den kantu hau interpretatzeko. Eta orain bai, azken agurra taldearen onenetakoa den“Ihesi”-rekin eman ziguten. Alde batetik, heavy-rock erritmo astun eta ohiko gitarra soinu gizenduna dauzka, eta bestetik Screaming Treesen estiloko ahots tonuak eta errepika polita. Azkenik, bi ahotsetan (Aitor eta Aixibar) kantatutako melodia eder hori dela eta, eta batez ere bukatzeko daukan modu epiko horrengatik (estudioko lanean outro instrumental motz bat daukan arren) momenturik zirraragarriena izan zen segur aski.

Akabo da: zazpi kanta eta ordu erdi bat. Ez dezagun ahaztu Plateruenan gauden arren hau Ahotsenea dela eta ordutegia mugatua dagoela. Dena den, eta agian horregatik, emanaldi hauek oso bereziak izan dira, eta oñatiarrak zirt edo zart, birrintzera irten ziren. Iban Idigoras (bera ere Potemkinen aritutakoa) atabal jolearen boterea eta ikusgarritasuna eta Aitor eta Aixibarren oldarkortasuna, Iñigo eta Tomasso gitarra joleek eskaintzen duten lasaitasun eta zehaztasunak osatzen du. Teknika, kalitatea eta indarra badaukate; melodia eta gustu ona ere bai. Ez ditugu Gaztea Sarietan ikusiko, baina aitaren batean edozein eszenatoki txikitu dezakete. Banzai!

ETIKETAK:AhotseneaBIzarroDurangoko AzokaPlateruenaPotemkin