Musika

Andoni Imaz

2022.02.04

Andoni Imaz

Broken Brothers Brass Band, are kolektiboago

2021a ekialdearena da leloa zabaldu zuten iaz Twitterren, eta, mezua berresteko-edo, Iruñerriko musikaren olatuak urteko azken eguna ere blaitu zuen: abenduaren 31n, Ibil Bedi taldeak bere Orain bat gara kantaren bertsio bat argitaratu zuen, Broken Brothers Brass Band taldearekin egina, eta, hain zuzen, egun horretan bertan kaleratu zuten haiek Katebegia diskoa. «Nahiko bat-bateko kontua izan zen, erdi txantxetan egin genuen, baina bestela egin izan bagenu, ez dut uste oihartzun handiagoa izango zuenik; aldrebes, agian», azaldu du Ion Celestino taldeko kideak.

Broken

Broken Brothers Brass Band taldea, artxiboko argazki batean.

Izan ere, 2020ko udan grabatu zuten diskoa, Barañaingo Lanabe estudioan (Nafarroa), eta gordeta eduki dute bolada batez, noiz aterako. Uste zuten aurtengo udan kontzertu gehiago egiteko aukera izango zutela iazkoaren aldean. «Bagenuen zain egoteko sentsazio hori, baina Broken horrelakoa da, bultzaka aritzen gara».

«Berandu ta halare aurretik», abestu dute “Kodea” kantan, eta diskoaren azalera ere eraman dute lelo hori; «geure buruari adarra jotzeko». Badu mamia, ordea: «Beti ari gara asko hitz egiten, aurreraka pentsatzen, baina denbora patxadaz hartzen dugu. Berandu gauza batzuetarako, baina beste batzuetarako aurre samarrean, hala iruditzen zait».

Kaleko taldea da Broken Brothers Brass Band, jazza hurbiltasunetik eta kolektibotik abiatuz ulertzen duena. Horregatik, kalea berreskuratzeko gogoa sumatzen dute garaiotan. «Horrelako egoera batean, gauzak egiteko ezintasunak agortzera eraman zaitzake, baina berpiztera ere bai. Gure kasuan, horrela izan da».

Horren erakusgarri da, esaterako, “Katebegia” kanta instrumentala, eztanda baten parekoa. «Igual publiko zabalarentzat ez, baina guretzat esanahi sakona du kanta horrek. Sample multzo bat izango balitz bezala egina da kasik: horko melodia bakoitza da beste talde baten kantu batetik hartua; gehienak New Orleanseko taldeenak, baina baita Iruñerrikoenak ere». Horregatik Katebegiak; musikaren segida batean kokatu dute euren burua.

Talde zabala dira, eta ohi baino lagun gehiagorekin sortu dute diskoa. Taldekide hauek parte hartu dute: Julen Arbizu, Celestino eta Mario Diaz de Rada tronpetistek; Javier Jaukikoa, Adrian Martinez, Miguel Moises eta Eneko Urrestarazu tronboi jotzaileek; Alfonso Areta eta Juanpe Medrano sousafoi jotzaileek; eta Xabi Astrain, Dani Lizarraga eta Jon Uribetxeberria perkusionistek. Kanta askotan, Broken Sisters abesbatza aritu da kantuan: Lorena Aisa, Nerea Erbiti, Amaia Espinosa, Claudia Rodriguez, Idoia Tapia eta Maite Txurruka. Diskoan kolaboratu dute, gainera, Tatiana Javaloyesek, Chicorotok, Joseba Tapiak, Kiliki Frexkok, Flako Fonkik, Ben Yartek eta Muhammad Banu Qasik.

«Kolektibotasun horrek garrantzi handia hartzen du, ez bakarrik, bistan denez, inoiz baino jende gehiagok parte hartu duelako, baita sorkuntza bera oso kolektiboa izan delako ere. Inoiz baino taldekide autore gehiago daude», azaldu du Celestinok.

Ahotsak ohi baino presentzia handiagoa du diskoan. «Abesbatza moduan etorri zirenez bozak sartzera, haiek grabatu dituzte beste disko batzuetan guk geuk sartuko genituen zatiak, eta horrek bizkarrezur bat ematen dio diskoari».

Estudio berean grabatu zituzten azken bi diskoak ere, Ildoa landuz (2016) eta Txertaketa (2018). Celestinoren ustez, trilogia bat itxi dute. «Aurretik garatutako ideia asko mamitu ditugu, besteetan baino modu helduagoan. Uste dut beste txukuntasun batera ailegatu garela soinu eta ekoizpen aldetik. Nahiko ekoizpen zehatza da horrelako talde handi bat izateko». Gainera, «kantaren egitura» gehiago landu dute: «Jazzetik eta beste era batzuetatik gutxiago du, eta kantatik gehiago».

Arestitik Chill Mafiara

Aurreko diskoa “Agur, jaunak” abestiaren bertsio instrumental batekin abiatu zuten, eta beste batekin bukatu. Oraingoan, “Agur jaunik” erabili dute zabaltzeko, a cappella. Gabriel Arestirenak dira hitzak, eta Oskorrik izen bereko kantu batean erabili zituen. «Erdi txantxetan esan genuen hurrengo diskoak ere horrekin hasi behar zuela, diskoa bera katebegiaren ideiarekin lotzeko».

Aresti eta Oskorri izan litezke, gainera, katebegi horren zati bat. «Nik horrela sentitzen dut», Celestinok. «Arestik eta Oskorrik ez zuten zegoena bere hartan hartu; tradizioa dei dezakegun zerbaiti heldu zioten, haien bide propioa egiteko. Egiturak eta egiteko moduak oso ongi ezagututa egin zuten haiena. Oso ideia interesgarria iruditzen zait, eta gu ere antzeko zerbait egiten saiatzen gara, gu garen unean eta tokian».

Katearen beste aldeko begi bat izan liteke Chill Mafia. «San Simon eta San Juda/ joan zen uda/ eta negua heldu da» errepika «Don Simon eta Ron Brugal/ joan zen gaua/ ta mañaneoa heldu da» bihurtu dute “Joan zen gaua” kantan. «Harreman estua dugu. Gainera, graziosoa ere bada: 2020ko abuztuan grabatu genuen, Chill Mafia ezagunagoa egin baino sei hilabete lehenago. Orain atera denez, perspektiba aldatzen da, baina naturala zen guretzat: kantu bat egin nahi genuen elkarrekin, eta grabatzera etorri ziren».

Taldeak berak editatu du diskoa, prozesu osoa «are modu kolektiboagoan» egiteko asmoz. Oraingoz, Interneten dago osorik entzungai. Edizio fisiko bat aterako dute, biniloan: «Gure musika maite duten batzuk biniloen zaleak dira; beraz, edizio txiki bat egingo dugu, kasik geure buruarentzat». Udaberrian hasiko dira Katebegia kalera ateratzen.

ETIKETAK:Broken Brothers Brass BandChill MafiaJoseba TapiaOskorri