Musika

badok

2020.01.23

badok

Disko berria “denon artean” sortu nahi du Xabi Strubellek

Xabi Strubell musikaria (Dut, Zura) disko berria sortzen hasi da, baina oso modu berezian egin du. Esperientzia berri bat ezagutu nahi du, eta “disko ireki” gisa planteatu du lana, alegia, diskoaren sortze prozesuan parte hartzeko gonbidapena egin dio jendeari. Diskoa “denon artean” egitea da asmoa.

Xabi Strubellek 17 urterekin grabatu zuen lehen diskoa, Duten lehenengoa. Geroztik “12-13 disko egin ditut eta orain arte oso kontent ibili naiz musikagintzan, baina nahiko nuke zerbait berria proposatzea”, azaldu du Youtube-n jarritako bideo baten bidez. Hortaz, jendeak proposatutako melodiak, hitzak, esaldi solteak edo bestelako ekarpenak abestietan “integratzen” joango da, eta sare sozialetan egunero edo bizpahiru egunez behin diskoaren sortze prozesuaren berri emango du.

“Etxean egindako diskoa” izango dela aurreratu du Strubellek, izenburua ere badu dagoeneko, Egunon Euskal Herria, eta zenbait musikarik ere hartuko dute parte. Musikalki, Strubellek orain arte jorratutako ildoetatik aldenduko da lan berria, hip hop, reggae, breakbeat edota dub estiloak lantzeko asmoa baitu. “Aurreiritzirik gabeko diskoa izango da”, esan du.

Diskoko lehen akordeak ere partekatu ditu Strubellek sarean.

Azken diskoa 2015ean argitaratu zuen Strubellek, Zura taldearen Egunkari ezkutua.

ETIKETAK:DutXabi StrubellZura