Musika

Jon Urzelai

2019.01.08

Jon Urzelai

Disko kritika: ‘Eta edertasunaren…’ (Lisabö)

lp lisabo ok

Eta egun batetik bestera, Lisabö-ren disko berri batekin esnatu ginen. Azken biraren amaieran batu zitzaien Joseba Ponceren bigarren baxurik gabe baina Aida Torres eta Maite Arroitajauregiren babesa berreskuratuta itzuli da Euskal Herriko talderik errespetatuenetako bat, inork gutxik esperoko lukeen unean.

Ezusteko argitarapenaz harago, ez dut uste inor gehiegi harritu dutenik Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen izenburuko lan honek biltzen dituen zazpi abestiek. Talde irundarraren izaera zurruntasunean zein hauskortasunean oinarritu izan da orain arte eta hala izaten jarraitzen du oraindik ere, kantuak eta bildumak batzuetan finagoak eta besteetan gordinagoak izanagatik. Animalia lotsatuen putzua, esaterako, inoiz konposatu duten diskorik bortitzena izan zen, garai bertsuan mundua txunditzen ari ziren Swans berpiztuek ekoizten zutenaren bertsio domestikatu moduko bat. Oraingoan ez da aldaketa nabarmenik izan eta, inongo formularik jarraitzekotan, disko hartakoari men egin diotela esan genezake. Halere, bortxak ezinbesteko osagai izaten jarraitzen duen arren, pasarte leunagoak eta arnas pixka bat hartzeko uneak ere eskaini dizkigute Lisabökoek, nahiz eta ez dagoen berrargitaratu berri dituzten Ezlekuak edo Egun bat nonahi jada urrunetan topa genitzakeen abesti guztiz lasairik ere. Intentsitate handiko lana da honakoa, ezin bestela, baina ez horregatik helduezina. Zerbait nabarmentzekotan, oreka da gailentzen dena, argilunekin eta intentsitate gora-beherekin maisuki jokatzen duen diskoa baita honakoa. “Hegaldiaren etenaldian” iruditzen zait, agian, horren adierazlerik ederrena.

Testuek, ezinbestean, aipamen berezia merezi dute beste behin ere. Diskoaren eta abestien izenburu luzeei erreparatzea nahikoa baita Martxel Mariskalen estiloa identifikatzeko. Oraingoan, esanahi bila dabiltzan irudien beste bilduma bat eskaini digu, poesia liburu bat ere izan zitekeena. Egilearengan ohikoak diren garai posmodernoetako argazkiek jada Lisabören proposamenaren ezinbesteko alderdia osatzen dute, zarataren eta oihuen bidez soilik errezitzatu litezkeela sinestarazteko gai baitira. Zainak lokatzetan bustiarazten dizkigu Mariskalek zerbait sentitzera iritsi gaitezen, ondoren simulakrorik ez dela gogorarazi eta jainkoari ordu eske nor dabilen galdegiteko jarraian. Lisabören iruditegiaren beste lagin bat gehiago dira azken batean, garaiotako dizdira eta neke patologikoen deskribapen mingarria.

Agian honakoa ez da Lisabören diskarik onena izango, baina zer axolako du bada horrek. Instituzio txiki baina sendo bat bilakatu da dagoeneko, etengabeko fluxuaren aurrean tinko mantentzen den harri puska trinko baten antzerakoa. Elementu berriak txertatu dituzte beraien musikan, zenbait kantakera kasu, baina horiek beraien izaera berretsi besterik ez dute egiten. Izugarrizko maila izaten jarraitzen dute, baita fenomeno anomalo bat izaten ere. Kontzesiorik egin gabe halako miresmena sortzen duen talde batek badu zerbait, horren dudarik ez da. Totem bati begiratzen zaion moduan egingo diegu so zuzenekoei berriz ere ekiten diotenean baina, ahozabalik trantze kolektiboan sartzeko ordua heldu bitartean, abesti bilduma aparta dugu honakoa bakarka ere geure gosea asetzeko.

ETIKETAK:Aida TorresBidehutsDisko KritikakDiskoakJoseba PonceLisaböMaite ArroitajauregiMartxel Mariskal