Musika

Disko kritika: “Iluntasuna besarkatu nuen betiko” (Numen)

Gaua, ilargia, iragana eta iluntasuna. Basoaren erraietatik itzuli da Arrasateko Numen taldea. Hamabi urteko isiltasun hotzari bukaera eman diote Iluntasuna besarkatu nuen betiko laugarren diskoarekin (Les Acteurs de l’Ombre Productions). Urrun geratu da aurreko lana, eta gutxi izan dira emandako kontzertuak. Seikotea egonkortzeko izan dituzten zailtasunek behar baino gehiago atzeratu dute prozesu naturala. Sustraien arteko bidetik, ordea, aurrera atera dira.

Numen azala 2019
Euskarazko black metalaren aitzindariak dira Ominous, Aiumeen Basoa, Adhur eta Ilbeltz taldeekin batera. Askok ez dute euren ibilbidea ezagutuko, baina ez da kezkatzeko modukoa. Itzalean jaiotako bost banda horietatik hiruk jarraitzen dute, iluntasunak ezartzen duen erritmoarekin. Guztiek, ordea, ekarpen esanguratsua egin diote Euskal Herriko musikagintzari. Numenek argitaratu du lan gehien, 1997tik gaur egun arte.

Muturreko doinu beltza eta tokiko folka uztartzeko joerarekin bat egin zuten gipuzkoarrek. Horri gehitu behar zaio hitzen tematika: euskal mitologia eta paganismoa. Arbaso zaharrei begira, joandako eresien bila aritu dira, eta disko berrian ere euren izaera mantendu dute. Inguma, Gaueko, Herio eta Mikelot pertsonaia mitologikoei erreferentzia egiten diete abestietan, baina diskoaren izenburuak aurreratzen duen gisara, iluntasuna da lan osoaren estalkia. Are gehiago, “Iluntasuna soilik” da aurreneko kantua.

Arrasatekoen lehen bideoklip profesionalerako hautatu dute bigarrena, eta diskoko luzeena: “Lautada izoztuetan”. Sortu duten ederrenetarikoa da bere makurtasunean. Bidaia eta bilaketa existentzial baten kontaketa da, bideoan irudi ikusgarriekin islatu dutena. Musikalki ere folk melodia gordin paregabea du, galdutako itxaropenaren eresi hura gogora ekartzen duena. Gainerako abestiek maila oldarkorrari eusten diote. Esaterako, “Pairamena” eta beste melodia folk latz bat duen “Behin hilko naiz”.

Diskoaren bigarren erdian ageri da izenburua. “Nire arnasean biziko da gaua” abestian aipatzen da, gipuzkoarren hiztegi berezituarekin. Gainera, hirugarren minututik aurrera agertzen da iraganean horren presente izan zuten esentzia atmosferikoa. “Itzaletan solasean” lasai hasten bada ere, aurki topatzen du ohiko bide makurra, eta gordintasun berekoa da “Iraganeko errautsak”, barre algara eta guzti. Lanari oso bestelako bukaera emateko dago “Itzaltzuko bardoari” folk eresi akustikoa. Haize sorginduen intziriak lehen lan laburrean egin bezala, Benito Lertxundiri egin diote gorazarre. Ahotsak zera dio: Ā«Joandako eresien bila jarraituko diaguĀ». Izan bedi horrela.

ETIKETAK:Benito LertxundiBlack MetalaDisko KritikakDiskoakNumen