Musika

Disko kritika: ‘Irkaia’ (Irkaia)

Irkaia azala

Udako solstizioak ondorioak izan ditu. Urteko egunik luzeenak talde bat eraman eta beste bat ekarri du. Ekon gipuzkoarrek itzulera laburra bete, eta uztailean eskaini zuten azken kontzertua. Hilabete lehenago, Lizarrako Irkaia banda lehen aldiz igo zen taula gainera. Itzali baino lehen piztu da sua, eta hori mantentzea nafarren esku dago. Ez dira ordezko izateko sortu, baina hutsunea betetzeko moduan daude.
Esku batekin zenba daitezke metala, rocka, elektronika eta euskara uztartu dituzten taldeak. Erreferenteen ildotik sortu zuten Irkaia banda duela bi urte. Beraiek aitortu dutenez, lasai asko esan daiteke Buitraker nafarrak eta Ekon estimatzen dituztela. Nabari da bi horien eragina Lizarrako boskotearen lehen diskoan. Baina ez dira atzera begira gelditu.
Babiloniar kulturaren azpimunduari egiten dio erreferentzia taldearen izenak. Azpimundu baten antzekoa izan ohi da entsegu lokala. Ordu asko sartu ditu bertan boskoteak. Entseguekin, abestiak sortzen eta buruhausteekin. Ordea, Lizarrakoek lortu dute kantuak grabatzea eta emaitza txukuna plazaratzea. Hain zuzen ere, izandako korapiloa modu harrigarrian askatu dute.
Bederatzi abesti ditu, guztira, diskoak, eta bakoitzak ezaugarri zerrenda amaigabea du. Indarra dute oinarri abestiek, eta bereziki sintetizadoreen garrantzia nabarmendu behar da. “Minutu parera” kantuak pizten du sua. Erritmoa ere jartzen du segidan datozenei lekua egiteko. “Kolpe zuzenak” eztanda baten gisakoa da bateriaren indarrarekin, eta “Gezurraren ikasle arina” lasaiago hasten bada ere, ez da berdin bukatzen. “Azalean” ez da bi minutura iristen, baina nahikoa da sare sozialekiko menpekotasuna azaltzeko.Ahots urratu eta melodikoaren arteko jolasak oreka ematen die kantuei. Xabi eta Iker abeslariak ederki moldatzen dira mezuak jaurtitzeko. Akatu taldeaz gogoratzea ezinbestekoa da, eta, haiek egin bezala, Irkaiak ere ez dio mugarik jarri bere proposamenari. Esaterako, dubstep-ari lekua egin diote “Ahaztuak” eta “Piztu” kantuetan. Bereziki bigarrenak aipamen berezia merezi du, laneko borobilena delako.

Hasiberrien zirrara transmititzen du Irkaia taldeak. Lehen diskoa zuzenekoetara maila berean eramateko gai badira taldekideak, komenigarria litzateke nafarrei lekua egitea agertokietan.

(Berria egunkarian, 2017ko urriaren 8an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:AkatuBuitrakerEkonIrkaiaLizarra